Posts Tagged ‘goi tentsioko linea’


Goierriko Goi Tentsioko Linearik Ez plataformak azpiegitura horren aurkako festa-egun bat antolatu du. Apirilaren 27an izango da, larunbatarekin, Seguran. Gabiriarrek han parte hartuko dute. Eguerdian informazio gunea jarriko dute, plazan. 13:00etan triki-poteoa egingo dute, eta 14:00etan bazkaria. Bazkaltzera joateko txartelak aurrez erosi beharra dago, apirilaren 23rako, asteartea. Gabirian Ostatuan eros litezke. Helduenak 15 euro balio du (menuan paella, haragi gisatua eta postrea dago), eta haurrenak 8 euro (makarroiak, solomoa eta postrea).

Bestetik, azpiegitura hori eraikitzearen aurka 400 minutuko protesta egingo da, bihar larunbata, Iruñean. Gabiriako bizilagunei hara joateko eskatu zien Gabiriako Udalak, bando bidez, martxoaren 27an. Egitaraua 11:30ean hasiko da, Gaztelu plazan, eta 18:00etan bukatu. Ekimen ugari egingo dira bien bitartean: informazio banaketa, hitzaldiak, dantzak, musika, paella erraldoia bazkaritarako… Joateko asmoa duenak Gorka Maiz zinegotziari deitu behar dio (687 104 362). Gutxieneko jende kopuru batek izena ematen badu autobusa antolatuko da. “Garrantzitsua da ahalik eta jende gehien bertaratzea”, azaldu zuen udalak bandoan.


REE Red Eléctrica de España enpresak eta Gabiriako Udaleko arduradunek bilera egingo dute astelehenean, apirilak 8, Gabiriako udaletxean. Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuaren inguruan azalpenak emateko eskatu zuen enpresak batzar hori, “lineak eragingo dien udalerrietan”. Udaletxean, 09:00etan hasiko da. Gabiriako Udalak bando bidez elkarretaratzea deitu du, astelehenean 08:45erako, Ostatu aurrean. Herritarrei joateko eskatu die, proiektuari errefusa adierazteko.


Itxura guztien arabera, Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuak egiteko, REE enpresak argi berdea jasoko du Espainiako Gobernuarengandik. Hala aurreratu du udalak, azkena banatu duen bandoan. “Egoeraren larritasuna ikusirik eta martxoaren erdi alderako proiektua aurkeztuko dutela jakinik”, dio idatziak. Linearen aurkako Goierriko plataformak bilera batera deitu ditu herritarrak, udalak jakinarazi duenez. Egitasmoa gelditzeko zer egin litekeen erabaki nahi dute. Bilera otsailaren 7an da, osteguna, Segurako kultur etxean, 18:30ean.

Linea horrek 400.000 volteko indarra garraituko luke Nafarroako herri horretatik Ezkio-Itsasoko zentralera, handik Frantziara bideratzeko. Duela gutxi, ezaugarri berdineko beste linea bat egiteko baimena eman du Espainiak, Gueñes-Itsaso. Llinea hori ere Gabiriatik pasatuko da.


Iragan larunbatean burutu zen Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuaren aurkako manifestazioa, Ordiziatik Beasainera. Guztira 300 bat manifestari joan ziren, Goi tentsioko linearik ez goiburudun pankartaren atzetik, REE Red Electrica de España enpresaren proiektuari errefusa adierazteko. Horietatik 35 bat gabiriarrak, tartean lau eguneko haurtxoa, gurasoekin.

Beasaingo plazan irakurri zuten agirian bost aldarrikapen nagusi zabaldu zituzten. Proiektua geldiaraztea “garrantzitsua” da, “osasunean, jarduera sozio-ekonomikoan, turismoan eta babestutako ondarean izan dezakeen eraginagatik”. Proiektuak “inolako justifikaziorik” ez duela gaineratu dute

Espainiako Gobernuak udan erabakiko zuela uste zen, proiektuari argi berdea eman ala ez. Atzeratu egin da, ordea, jakinarazpena, eta Goi Tentsioaren Aurkako Goierriko plataformakoek esan dute ez dakitela inongo berririk.

Hala eta guztiz, lineak eragina izango lukeen lurretan teknikariak dagoeneko azterlanak egiten hasiak direla jakinarazi dute. “Topografoak badabiltza neurketak egiten, batean eta bestean. Inolako baimenik eskatu gabe, horrek sortzen duen guztiarekin: aurreiritziak, zalantzak, kezkak eta galderak”.

Manifestazioaren argazkiak eta bideoa:

This slideshow requires JavaScript.


Datorren larunbatean, urriak 6, manifestazioa egingo dute Ordiziatik Beasainera, Autopista elektrikorik ez lelopean, REE enpresak eraiki nahi duen Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko linearen proiektuaren aurka. Goierriko hainbat eragilek, pertsonaiak eta elkartek astelehenean egin zuten deia. Iñaki Murua gabiriarrak irakurri zuen testua hedabideen aurrean.

Agerraldian izan zen jende multzoaren artean gabiriarrak baziren. Ibon Elgarresta alkatea, edota Joseba Murua, Eli Elgarresta eta Gorka Maiz zinegotziak, esaterako. Herriko euskara, musika, bertsolaritza, kultura eta gizarteko beste ordezkari batzuk ere joan ziren.

Manifestazioa larunbatean 12:00etan irtengo da, Ordiziako Plaza Nagusitik. Beasainen bukatuko da.

Manifestua eta atxikimendu sinadurak


REE Red Electrica de España enpresak Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso lotuko lituzkeen goi tentsioko argindar linea eraikitzeko asmoarekin aurrera jarraitzen du. Enpresak plangintza berria aurkeztu beharra zeukan ekainaren 30erako, Espainiako Gobernuak hala eskatuta. Eta, egitasmo berrian ere Deikaztelu-Itsaso ageri da, aurrekoan bezala. Autopista Elektrikorik Ez plataformak gaitzetsi egin du, gaur, linea proiektuaren berrespena.

Berria-k dioenez, Espainiako Gobernuaren esku dago orain plangintza hori onartzea edo ez, proiektuaren aurkako taldeko Alberto Friasen hitzak bilduta. Espainiak oniritzia ematen badio proiektuari, goi tentsioko lineak ingurumenean eragingo lukeen kalteari buruzko txostena aurkeztu beharko luke Red Electrica de Españak, eta ondorioz, linea horrek egingo lukeen bidea zehaztu. Deikaztelu-Itsaso bitartean trazatu-aukera bat baino gehiago darabiltza REEk. Horietako bi aukerak, Gabiria erdiz erdi zeharkatuko lukete, Mutiloa aldetik Ezkio-Itsasora bidean: edo herrigunearen behealdetik, edo goialdetik.

Ikus Autopista Elektrikorik Ez platafomaren txostena (mapa, linea-aukera desberdinekin, azkeneko orrialdean dator): Informazio buletina (PDFan, Gabiriako Udalaren webgunetik hartua).

“Lau-bost hilabeteko epea beharko dutela aurreikusten dugu. Ez dugu baztertzen, hala ere, txostena udan aurkezteko aukera, mundu guztia oporretan dagoela profitatuz. Iaz ere horixe egin zuten aurreko proiektuarekin”, esan du Friasek, Berria egunkarian.


Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuaren aurka kontzentrazioa egingo dute, bihar, Goierri mailan. Tartean gabiriarrei ere hara joateko deia egin die Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Segurako plazan bihar, ekainak 23, 12:30ean izango da elkarretaratzea.

Egun eta ordu berean, Nafarroako eta Gipuzkoako bost plazatan egingo dituzte bilkurak, aldi batean.

Gauean, San Joan bezperako suak egingo direla baliatuz, beste protesta ekimen bat egiteko deia ere egin dute. “Goi tentsio linearen proiektua” kartulina batean idatzi, eta hura sutara botatzea litzateke deia. Gabirian ere egiteko deia badago.

Azkenik, ekainaren 29an, ostirala, Mutiloan beste elkarretaratze bat izango da. San Pedro festetan, sagardo dastaketa ospetsua hasi aurretik, Gurruntzain frontoiaren aurrean elkartuko dira autopista elektrikoaren kontrakoak, 19:45ean.

Mutiloan agerraldia, maiatzaren 27an, Ezkiotik eta Zegamatik egin ziren mendi martxen bukaeran. Hainbat gabiriarrek parte hartu zuten. Arg.: A. Elortza


Azken aldian zeresana eta kontrako jarrera andana eragin duen Itsaso-Deikaztelu goi tentsioko argindar linearen proiektuaren aurka agertu dira, gaur, hainbat kirolari. Iruñean egin dute agerraldia. Tartean ziren Itxako taldeko jokalari batzuk, eta Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Oinatz Bengoetxea eta Aitor Zubieta pilotariak.

Proiektu horrek, gauzatzen bada, Gabiriari ere eragin diezaioke. Oraingoz bi linea-proposamen daude, eta horietako batek herria zeharkatuko luke, Itsasoko zentral elektrikora (Ezkio-Itsaso eta Gabiria) lotzeko. Gabiriako Udala aho batez egitasmoaren aurka dago. Ingurumen aldetik ere kalte nabarmena izango litzateke: herriguneko Gariño muinoan harizti bat desagerraraziko luke, adibidez.

Maiatzaren 27an, bestetik, Autopista elektrikorik ez lelopean mendi martxa egin zuten 80 bat lagunek Santa Luziatik Mutiloara, bidean Ezkio-Itsaso, Gabiria eta Ormaiztegi zeharkatuta. Mutiloan Zegaman hasitako martxak ere bat egin zuen, eta denera 200 bat lagunek salatu zuten proiektua.

Goi tentsioko argindar linearen aurka bilkura, maiatzaren 27an, Gabiriako plazan. Udaletxeko balkoian ‘Autopista elektrikorik ez’ oihala zintzilikatuta dauka udalak. Arg.: A. Elortza


REE Red Electrica de Españak Gueñestik (Bizkaia) Ezkio-Itsasoko argindar zentralera egin nahi duen goi tentsioko linearen proiektua onartu aurreko faseetan, egitasmoari jarritako alegazioak aztertzen ari dira orain. Gaurko prentsan agertu denez, proiektuaren informazio publikoa egin dute, eta udalerriek nahiz elkarteek jarritako alegazioak aztertzen ari da orain REE.

Atzo jakin da REEk Bizkaia eta Kantabria lotzeko eraiki nahi zuen 17,6 kilometro luzeko goi tentsioko beste linea baten proiektua bertan behera utzi duela. Informazio berean esaten denez, Gueñes/Ezkio-Itsaso linea egiteko izapideek, ordea, aurrera jarraitzen dute.

Eusko Legebiltzarrak linea horren ordez beste aukera batzuk aztertzeko eskaera egina dauka. EAJk duela zenbait hilabete eskatutakoari PSE-EE eta PP batu zaizkio. Gaur egun dauden argindar lineak erabiltzea hobesten dute, behar izanez gero horien potentzia igoz, Berria-n gaur datorren albistearen arabera.


Bizkaiko hiru herritako udalek biltzarra antolatu dute etziko, REE enpresak Gueñestik (Bizkaia) Ezkio-Itsasoko zentralera egin nahi duen goi tentsioko linearen aurka. Berriz, Garai eta Mallabiko hautetsiek egin diete batzarrerako deia, prentsaurrekoan, linea igaroko den 24 herrietako udalkideei. Berrizen izango da batzarra, larunbean. Herri  horien artean dago Gabiria.

Biltzarrean goi tentsioko lineen aurkako agiriarekin ahal beste hautetsik bat egitea lortu nahi dute ekimenaren bultzatzaileek.

Goi tentsioko linea bat, Ardantza gainetik igarotzen dena. Barcinan (Burgos) bukatzen da linea hau, Garoñako zentral nuklearretik oso gertu. Arg.: Aimar Maiz

Gueñes-Itsaso goi tentsioko lineak 72 kilometro luze izango ditu. Eraikitzen 2012ko neguan hasi eta 2013an bukatu nahi dute. Ingurumenaren aldeko Lurra elkarteak esan du 400.000 volteko lineak osasunean, ingurumenean, paisaian eta ekonomian eragingo duela. AHTaren energia beharrei aurre egiteko luzatu nahi dute linea berria.

Honako herriak zeharkatuko lituzke lineak: Gueñes, Alonsotegi, Arrankudiaga, Ugao, Zeberio, Galdakao, Bedia, Igorre, Lemoa, Zornotza, Iurreta, Garai, Berriz, Mallabi, Zaldibar, Elgeta, Bergra, Antzuola, Legazpi, Zumarraga, Gabiria, Ezkio-Itsaso.


Aste honetan prentsan atera da REE Red Electrica Española enpresak 72 kilometro luzeko argindar linea jarri nahi duela Gueñestik (Bizkai mendebaldean) Ezkio-Itsasora. AHT Abiadura Handiko Trenak beharko duen energiari erantzuteko Itsasoko zentralari gaitasuna handituko zaio azpiegitura horrekin. 400.000 watt eramateko ahalmena izango du aurreikusi duten linea berriak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean otsailaren 24an argitaratu zuten obra hori egiteko administrazio-baimena eta ingurumen inpaktuaren azterketa egiteko eskaria.

Bada, Gabiria ere ‘ukituko’ du goi tentsioko linea horrek. Lehendik badago Gatikatik (Bizkaiko kostaldea) Itsasora beste linea bat, eta Gipuzkoako lurretan albotik egin nahi dute berria. Gipuzkoara Elgetatik barrena sartuko da hariteria, gero Bergara, Zumarraga eta Legazpi zeharkatzeko. Handik Itsasoko zentralera Gabiriako lurretatik barrena igaroko da. 2015erako zerbitzuan egotea nahi du REEk.

Goi tentsioko linea baten zutabea, Kurutzbakarretik beherago, Gabirian. Arg.: Aimar Maiz

Burdinezko xafladun zutabe egituretan zintzilikatuko dituzte goi tentsioko hariak. Linea bat gehiago, beraz, Gabirian. Lehenago ere ez dago faltarik. Beheko mapa horretan ikus daitekeenez (Iturria: REE), Gabiriako udalerria goi tentsioko lau lineak (marra gorriz) zeharkatzen dute gaur egun, eta bosgarrena izango da laster (marra gorri etena). Itsasoko zentrala (espazioz zati bat Gabirian dago) korapilo garrantzitsua da Gipuzkoan, eta ez dago beste eremurik hainbeste linea biltzen dituenik. Hego Euskal Herrian ere gutxi, Gueñes izan ezik.

Argindar sarearen mapa

AHTren eraginez Gabirian izango den azpiegitura bakarra ez da argindar linearena bakarrik izango. Nahiz eta trenbidea udalerritik ez igaro –oso gertutik bai–, Ezkio-Itsason hasi eta Antzuolan atera den tuneleko hondakinekin Santa Lutzi ibarrean bete-lanak egiteko lur desjabetzeak hasita ditu Jaurlaritzak.