Archive for the ‘Ikus-entzunezkoak’ Category


Deikaztelu eta Itsaso arteko 400 kV-eko goi tentsioko argindar linearen kalteak agerian uzteko, eta Nafarroako eta Gipuzkoako herrietan nahiz kontzejuetan REE Red Electrica de España SAren proiektu horrek duen aurkakotasuna adierazteko, 400.000 volt dokumentala egin du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Berriki bukatu dute, eta Interneten dago ikusgai. Gattiken ekoiztetxeak ondu du 24 minutuko ikus-entzunezkoa.

Bestetik, herrian herri batzarra egin zen maiatzaren 24an. Talde bat eratu zen, ekainaren 16an egingo den herri galdeketa prestatzeko.

Goi tentsioko lineen aurkako herriko taldea, maiatzaren 24an.

Goi tentsioko lineen aurkako herriko taldea, maiatzaren 24an.

Goi tentsioko lineen inguruko informazioa, orain arte argitaratutakoa.

Asteburu honetan mendi martxa eta kanpaldia egingo dituzte, Deikaztelu-Itsaso argindar línea igaroko litzatekeen parajeetatik. Gabiriako plazan hasiko da ibilaldia, larunbat eguerdian (ekainak 8). Handik Barbari gaineraino joan, eta larunbat gaua han igaroko dute, kanpaldian. Igandean, Etxegarate gainean amaituko da mendi ibilaldia.


Herriko gazte talde batek aurtengo neguan grabatu duen Benemeritoak filma emango dute, gaur 22:00etan, Etxeberri kultur etxean. Udaberri Kulturala egitarauaren barruko ekitaldia da. Gattiken ekoiztetxeak egin zuen pelikula, herriko gazteak aktore dituena. Euskal Herriak independentzia lortu ondoren, guardia zibil batzuk bertsolaritzaren bidetik saiatuko dira gizartean txertatzen. Beasaingo Bertsomovieda film lehiaketara aurkeztu zuten lana. Abenduaren 31n antzerkia egin zuten, istorio berean oinarrituta.

'Benemeritoak' filmaren irudi bat./Gattiken

‘Benemeritoak’ filmaren irudi bat./Gattiken

Pelikula emateaz gain, gaizki ateratako eszenen bideoa ere botako dute.

Udaberri Kulturalak bihar jarraituko du. Balentzategi herri eskolako ikasleek ikuskizuna egingo dute, 17:00etan, eliza ondoko antzokian. Antzerkia, dantza eta bertsoa uztartuta osatu dute urteroko emanaldia.


Herriko ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan. Bide batez, etnografiazko atal garrantzitsu bat sakonagotik ezagutzeko modua: errotena. Udaberri Kulturala egitarauaren barruan, errotarekin lotutako hiru ekitaldi antolatu ditu Kultura Batzordeak. Lehena, bihar (ostirala), 22:00etan Etxeberri kultur etxean. Urretxuko Lekaio elkarteak irailean estreinatu zuen dokumentala emango dute, Garia, lurra, ogia. Baina baita beste bat ere: Igeribarreko bigarren errota berritzeko prozesu osoa, 2012an garatua, grabatu zuten Lekaiokoek, eta harekin egindako dokumentala ere estreinatuko dute.

Alea, kolpeka, errotarrira erortzen, ehotzeko./Lekaio

Alea, kolpeka, errotarrira erortzen, ehotzeko./Lekaio

Grabaketan, garia ereitetik labean ogia erretzerainoko prozesu guztia jaso zuten Lekaiokoek. Tartean, errota lanak ere Igeribar errotan grabatu zituzten. Hain zuzen, errotako nagusi Jose Kruz Baztarrika bideo emanaldian izango da, azalpenak ematen.

Pantailan ikusitakoa errealitatean sumatzeko aukera larunbatean da. 16:30ean, bisita gidatua egingo da Igeribarrera. Jose Kruzek hango bi errotak erakutsiko dizkie bisitariei, martxan jarrita. Iaz arte errotarri bakarra zeukan funtzionamenduan Igeribarrek, baina “40 urtean baino gehiagoan geldirik” egondako beste harri bat konpondu zuen, dokumentala grabatzeko.

Igeribarreko bi errotak./Lekaio

Igeribarreko bi errotak./Lekaio

Angel Izagirre, Gabiriako azken errotariaren pisaketa sistema berezia ere ikasi ahalko da.

Ikusi eta ikasitakoa sabeleratzeko izango da hirugarren saioa. Larunbatean, 19:00etan, talo jana izango da Osinalde elkartean.


Beasaingo Arrano kultur elkarteak bigarren urtez antolatu duen Bertsomovieda lehiaketan gabiriarrek ez dute batere saririk jasoko, aurten. Internet bidezko bozketa herrikoian lehen postua lortzeko zorian geratu ziren, eta epaimahaikoak izendatutako saririk ez dute izango. Gaur jakinarazi dute zein bideok irabazi duten: lehenengo ‘9 hilabete’, aipamen berezia ‘Bakardadean ezkutaturik’, bertsorik onenak dituen filma ‘9 hilabete’-k, eta gazteen saria ‘Bizitzaren ikuspegiak’.

Iaz sari nagusiaren erdia eskuratu zuen herriko gazteen ‘Bertso Road Movie’-k, aurten irabazle izan direnekin erdibana.


Euskal Telebistako Gure Atsuak programan (ETB1en, gaur 21:30ean) Pello Bidegain harakin gabiriarra agertuko da. Maikrux (Anjel Alkain) eta Maikarmen (Iñake Irastortza) martxoaren 20an izan ziren, Lazkaon, eta eszena batzuk bere harategian grabatu zituzten. Maizpideko Heldu euskarara programan kurtsoa egiten ari ziren ikasle jubilatuekin batera ibili ziren herrian barrena, eta tartean zen euskaltegiko irakasle Marian Bidegain ere.


Herriko gazteek eta Gattiken ekoiztetxeak prestatu duten film laburrak ezin izan du iazko saria errepikatu, aurten. Beasaingo Bertsomovieda lehiaketan, atzo bukatu zen Internet bidez botoa emateko epea, astebeteren ondoren. Gabiriarren lana bigarren geratu da, bozkatuenen zerrendan. Boto gehien Oñatiko Badator munizipala ikus-entzunezkoak jaso ditu, 950 inguru. Benemeritoak 900en azpitik geratu dira. Ostiralera arte zerrendan buru zeuden gabiriarrak, baina asteburuan irauli dute oñatiar internautek emaitza. Saria, 15 lagunentzat sagardotegian otordua da.

Oraindik, ordea, sari nagusia izendatzea geratzen da. Hori antolatzaileek egingo dute, epaimahaiko baten bidez. Hautagai nagusia Benemeritoak da, iaz bezala sari nagusia eramateko. Lehengo urtean, erdibanatu egin behar izan zuten sari hori. Aurten, bi sari eramateko arriskurik ez dutenez dagoeneko, ea.

Youtube-n dago film laburra. Dagoeneko 2.800 lagunek baino gehiagok ikusi dute.


Herriko gazte talde batek eta Urretxu-Zumarragako Gattiken ekoiztetxekoek aurten ere film labur ikusgarri bat egin dute. Beasaingo Bertsomovieda bertso-bideo lehiaketarako prestatu dute Benemeritoak. Iazko azaroan Zarautzen estreinatu zuten antzezlanaren moldaera da, 24:34 minutuko iraupeneko ikus-entzunezkoa. Antzerki hori bera Urtezahar egunean antzokian egin zuten.

Bertsomoviedan gaur, astelehena, zabaldu dute Interneteko erabiltzaileentzat botoak emateko aukera. Sari herrikoia boto gehien jasotzen duen lanak eskuratuko du. Iaz gabiriarrek epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuten, Bertso Road Movie lanarekin, eta Urpekoak filmarekin erdibana. Bozketa herrikoian egurra eman zuten gabiriarrek, eta saria beraientzat izan zen, sagardotegian otordu bat.

Hemen bozkatu Benemeritoak filma, bideoaren azpiko hatzean klikatuta. Igandera arte (martxoak 24) dago horretarako epea.


Udalaren Kultura eta Euskara Batzordeak antolatutako pelikula-emanaldien egitarauan bigarren saioa gaur izango da, negu garai honetan. Gaur, osteguna, ‘Olentzero eta oparien ordua’ animaziozko filma ikusi ahalko da. Haurrentzat zuzendutakoa da. Emanaldia 17:30ean da, kultur etxeko ikus-entzunezko aretoan.

Abendua-apirila bitarteko pelikula emanaldiak abenduaren 14an hasi zen, Eskola Txikiei buruzko dokumentalarekin. Gaurkoaren ondoren, hurrena urtarrilaren 18an izango da (22:00etan, helduentzat): ‘Gartxot’.


Udalaren Kultura Batzordeak izendatu ditu abendutik apirilera arteko filmak. Neguko sasoia ostiralean, abenduak 14, hasiko da. Hilean bi pelikula eskainiko dira, bat haurrentzat eta bestea helduentzat. Emanaldi guztiak Etxeberri kultur etxeko proiekzio aretoan dira.

Lehen saioa berezia izango da. Balentzategi herri eskolaren mendeurrena ospatzeko asteburua denez, Eskola bizia, herri bizia dokumentala emango dute. Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeak aurten bete ditu 25 urte, eta udaberrian estreinatu zuten. Lanaren ekoizle Iñaki Alkalde kultur etxean bertan izango da, ikus-entzunezkoaren ondoren azalpenak emateko.

Hauxe da pelikula emanaldien egutegia eta karteldegia:

  • Abenduak 14, ostirala. ‘Eskola bizia, herri bizia’. 19:00etan.
  • Abenduak 27, osteguna. ‘Olentzero eta oparien ordua’. 17:30ean, haurrentzat.
  • Urtarrilak 18, ostirala. ‘Gartxot’. 22:00etan, helduentzat.
  • Urtarrilak 26, larunbata. ‘Horton’. 17:00etan, 4-7 urte artekoentzat.
  • Otsailak 15, ostirala. ‘Asfaltoa’. 22:00etan, 12 urtetik gorakoentzat.
  • Otsailak 23, larunbata. ‘Iratxoen erregea’. 17:00etan, 9-12 urte artekoentzat.
  • Martxoak 16, larunbata. ‘Igelak eta zapoak’. 17:00etan, 6-9 urte artekoentzat.
  • Apirilak 12, ostirala. ‘Izarren argia’. 22:00etan, 13 urtetik gorakoentzat.
  • Apirilak 27, larunbata. ‘Vicky bikingoa’. 17:00etan, publiko guztiarentzat.

 


Goierriko Goi tentsioko linearik ez plataformak larunbatean aurkeztu zuen, Mutiloan, Deikaztelu eta Itsaso artean REE Red Electrica de España enpresak eraiki nahi duen tentsio altuko argindar linearen aurkako dokumentala. 19 minutu eta erdian, 2011ko abuztuan proiektuaren berri udaletik jaso zutenetik Nafarroan, Gipuzkoan eta Goierrin izan diren erreakzioak bildu dituzte ikus-entzunezkoan, baita goi tentsioaren kalteen berri ere, ingurumenean, jarduera sozio-ekonomikoan edo osasunean.


ETB1en gaur gauean emango dute Iñaki Muruarekin grabatutako ‘Bisitaria’ programa. 22:15ean hasiko da. Xabier Euzkitzek urriaren 31n egin zion bisita Muruari, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakari, bertsolari eta irakasleari. Etxean, plazan, Arretxemendi jaiotetxean, Ordiziako asteazkenetako ferian edota herriguneko ikuspegiak erakusten azalduko da Murua.

Gaurko programaren iragarkia.

Bisitariaren argazki bilduma, Facebooken.


Udalaren Kultura Batzordeak antolatuta, ‘Bidaia intimoak’ film dokumentalaren emanaldia izango da Gabirian ostiralean, abenduak 9. Etxeberri kultur etxeko ikus-entzunezkoen aretoan da saioa, 22:00etan. Jon Maia bertsolariak 2009an zuzendua da lana, eta euskara berriz ikasi zuten lau euskal herritarren testigantzak bildu zituen. Urte hartako Korrika 16 ekimenaren baitan ekoitzi zuen Orio Produkzioak ekoizetxeak, eta orain Argia Emanaldiak eskaintzaren bitartez iritsiko da herrira.

Bidaia Intimoak kartela

Lau euskaldunberrien artean Gabiriako jatorria duen Jesus Mari Soraluzeren istorioa ikus liteke Bidaia intimoak pelikulan. Aita Zuzula Behekoa baserrikoa, Ermuan (Bizkaia) jaio zen Soraluze, eta haurretan Gasteizera joan ziren bizitzera. Txikitan barneratutako euskara lausotu zitzaion, inguru erdaldunean disolbatu arte. Euskarari berriz heldu zion, ordea, eta euskaltegietan jardunda ikasi zuen atzera.

Dokumentaleko testigantzen emaileak eta Jon Maia zuzendaria. Ezkerretik bigarrena da Jesus Mari Soraluze gabiriar jatorriko ermuar-gasteiztarra. Arg.: Santurtziko Bai Esan Euskara Elkartea.

‘Berria’ egunkarian 2009ko apirilaren 2an egindako elkarrizketan gogoratu zituen Soraluzek euskararekiko gora-beherak. Familiarekin etxean euskaraz egiten zuen, txikitan: “Bai, egiten genuen. Baina gaztelania gehiago, nik behintzat. Nire gurasoak Goierrikoak ziren, baina erdara nagusi zen toki guztietan. Gurasoak saiatzen ziren euskaraz egiten, baina nire lagun guztiak eta nire ingurua erdaldunak ziren”, dio Soraluzek ‘Berria’-rekin egindako elkarrizketan.

Ermuan jaio, eta 8-9 urterekin Gasteizera aldatu ziren. Soldadutzan sartu zitzaion euskara ikasteko “kontzientzia”. “Euskalduna euskara egin gabe, inkoherentzia hutsa da. Soldadutzatik etorrin nintzenean hasi nintzen ikasten, ilusioz beterik. Burmuinean euskara banuen. Prozesu polita izan zen”.

Azalpen guztiak, beraz, ostiralean ikusi eta entzun ahalko dira, protagonisten ahotik, ‘Bidaia intimoak’ ikus-entzunezkoan.


Bernedoko (Araba) Sarrea euskal udalekuetan parte hartu duten hainbat herritar aktore bihurtu dira udazken honetan. Emaitza lipduba da, musika-abesti baten harira etenik gabe historia bat bisualki kontatzen duen ikus-entzunezkoa, lagun ugarik osatuta. Bada, Gaztea irratiak antolatu duen Lipdub Lehiaketako finalista da gabiriarrak irteten diren lana.

Aurtengo udan udalekuak Bernedon igaro dituzten guztiei bidali zieten lipdubean parte hartzeko gonbidapena. Bost neska-mutiko izan ziren udalekuetan, baita bi gazte ere begirale. Grabazioa urriaren 23an egin zuten, Bernedoko kaleetan. Gonbitari eutsi, eta zazpi gabiriar bertaratu ziren Arabar Errioxa aldeko herrira, lau haur eta hiru heldu. Nahixanen ‘Bagare’ kantuaren erritmora osatu dute bideo-istorioa.

Egindako lanaren eskergarri, eta Gaztearen finalera iritsi izana ahal balitz sariren batekin borobiltzeko, herritar guztien laguntza eskatu dute. Izan ere, lehiaketaren finalean dauden 20 lanak bozketa herrikoi bidez ari dira baloratzen: zeinek boto gehien jaso, saria lortzeko hura nagusi. Beraz, animatu, eta eman botoa.

Bernedoko Sarrea Euskal Udalekuetako bideoaren azpian “Bozkatu” eman, eta gorriz jarriko da. Gero, norberaren datuak bete behar dira, beheko kontrazeinua idatzi, eta “Bidali” botoari eman. Ondo egin baldin bada, OK agertuko da. Ordenagailu bakoitzetik egunean behin eman daiteke botoa; beraz, egunero boto bat jasotzen dute.

Lipdubaren bideoa ikusteko, hemen. Finalista guztiak, berriz, hemen ikus daitezke.

Gaur 16:45ean 3.982 boto zituen gabiriarrak partaide dituen Bernedoko lipdubak. Herritarren partaidetzarekin, aise gaindituko ditu boto kopuruz aurretik dituen zortzi lanak.


Herriko mugak gainditu, eta inguruko herritarren begietara iritsiko da gaur gauean ‘Baietz!’ pelikula, gabiriar gazteen ekimenez iaz grabatzen hasi eta aurten, uztailaren 23an, estreinatu zuten filma. Urretxun izango da emanaldi bikoitza, gaur 20:00etan lehena, eta 22:00etan bigarren saioa, Labeaga aretoan.

Bertako pelikularekin batera beste zazpi lan emango dituzte, hango udalak eta Butak21 zineklubak antolatutako emankizun berezian.


Gabiria Kultura egitaraua azkeneko herenean sartuko da gaur, ekitaldi kopuruari dagokionez. Iragarrita zeuden zortzi ekitaldi burutu dira, eta beste lau geratzen dira. Horietan aurrena gaur, asteazkena, Etxeberri kultur etxean izango da, 19:00etan hasita. Flysch, haitzen hitza ikus-entzunezkoa emango dute, pantaila handian.

Zumaiako flyscha. Arg: guregipuzkoa.net –Algorri–Gipuzkoamendizmendi. CC BY-SA

Zumaiako itsas labar bitxiari buruzko dokumental ikusgarria da. Lurretik itsasora zarrakatuta sartzen den haitz eremua, ‘flysch’-a, du ardatz, formazio geologikoaren berezitasunak eta sorkuntza azaltzeko. Lurraren historia errepasatuko dute, flyscheko osagaiek eta aztarnek emandako xendatik barrena. Alberto J. Gorritibereak eta Asier Hilariok zuzendu zuten dokumentala, eta Tuntuxa etxeak ekoitzi zuen iaz. Iraupenez hiru bertsio daude, 71, 57 eta 38 minutukoak. Iaz Rondako jaialdian saritu zuten dokumentala.

Zumaiako itsas labarretik abiatu arren, dokumentala ez da han geratuko. Geologiaren bilakaera azaltzeko, munduan barrena bidaia erakutsiko dute. Andia mendizerrara (Nafarroa) joango dira. Baita urrutirago ere: Islandia (Vatnajökull eta Reykajanes penintsula), AEB (Yellowstone, Powell), edota Mexikora (Arroyo Mimbral).