Archive for the ‘Administrazioa’ Category


Deikaztelu eta Itsaso arteko 400.000 volteko zirkuitu bikoitzeko argindar linearen proiektua bertan behera uzteko eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, atzo, Espainiako Gobernuari. “Makroproiektu” horrek “gabezia eta hutsune nabarmenak” dituela ohartarazi du Foru Aldundiak: “Sustatzaileek ez dute haren beharra justifikatu; ingurumen azterketa ez da behar bezala egin, nahiz eta ingurumenean eta babestutako eremuetan eta espezien artean izugarrizko eragina izango lukeen; herritarren artean kontrako jarrera garbia eragin du, eta araudia bera ere ez luke beteko”. Beraz, baimenik ez emateko eta bertan behera uzteko eskatu du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Baimena emanez gero, araudia ez litzatekeela beteko gogorarazi dio, gainera, Espainiako Gobernuari. Red Electrica Española enpresak sustatu nahi duen egitasmoa ez dago energia elektrikoaren gaur egungo garraio sarearen estatu plangintzan. 2014-2022 eperako beste plangintza bat prestatzen ari dira, baina indarrean dagoenean ez dago txertatuta linea berri hori. Bestetik, gaur egun linea berririk egiteko baimen gehiago ezin dela eman gogorarazi du Diputazioak, 13/2012 Errege Lege Dekretuak aipatuz. Energia elektrikoa garraiatzeko sarearen plangintza berririk onartu arte, ezingo da Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren garraio-instalazioetarako administrazio baimen gehiagorik eman. “Beraz, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso eta Castejon-Muruarte arteko lineen proiektua gaur egungo plangintzan ez dagoenez, eta ezin denez baimen gehiagorik eman, plangintza berririk sortu ezean, administrazio eskudunek bertan behera utzi beharko lukete proiektua. Bestela, ez litzateke araudia beteko”, adierazi du Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat helegite aurkeztu dizkio tentsio altuko linea proiektuaz egindako ingurumen txostenari. Nagusia, esandakoa. Horrez gain, proiektuari buruz aurkeztu den informazioa ez dela aski iritzi dio, “ezarri nahi diren instalazio horien benetako premia objektiboa justifikatzeko. Oinarrizko eta funtsezko gabezia horrek behartu beharko luke benetan eta seriotasunez hausnartzera proiektua aurrera eramatea komeni den ala ez. Are gehiago, Foru Aldundiak azaldu duenez, energia elektrikoaren eskari gordina nabarmen gutxitu da Estatu mailan azken sei urteetan, eta aurrerantzean ere joera bera izatea espero da. Horregatik, eskariaren jaitsierari buruzko datuek adierazten dute ez dagoela elektrizitatea sortzeko eta garraiatzeko instalazio berririk egin beharrik, eta jasangarritasunaren ikuspegitik egin beharko litzatekeena energia aurreztea eta eraginkortasuna bultzatzea dela”.

Ildo horretatik, proiektuan ez dago daturik linearen beharra justifikatuko luketen energia planta berriez, ezta Estatuko gaur egungo lineen balizko saturazioaz ere. Ingurumen eragina ere ez da behar bezala baloratu, Aldundiak dioenez. “Ez dezagun ahaztu, esaterako, tentsio altuko lineak Natura 2000 Sarean babestutako hainbat eremutan izango lukeela eragin zuzena, eta hainbat espezierentzat —hegaztiak, batik bat— kaltegarria izan daitekeela”. Proiektuak herritarren artean kezka eta aurkako jarrera eragin duela ere gogorarazi du Aldundiak.

Garoña-Itsaso linearen Ardantza gaineko dorrea. Linea honetatik garraiatuko lukete, azken kilometroetan, 400.000 volteko korrontea, Aranburu eta Katarain baserrien bitartean lotuta./AMM

Garoña-Itsaso linearen Ardantza gaineko dorrea. Linea honetatik garraiatuko lukete, azken kilometroetan, 400.000 volteko korrontea, Aranburu eta Katarain baserrien bitartean lotuta./AMM


Gaindegiak gaur atera ditu Euskal Herriko 685 udal edo herriko etxeek zenbateko zorra duten. Gabiriako Udala 256. postuan dago, biztanleko zenbat euro zor aintzat hartzen duen zerrendan. Gabiriar bakoitzeko (488 biztanleko errolda) 561 euro zor zituen udalak 2012ko abenduaren 31n. Euskal Herri osoan, bataz beste biztanleko 399 eurokoa da zorra.

Lehenengo postuan Tafallaldeko Oloritz herria (Nafarroa) dago, biztanleko 5.022 euroko zorrarekin (179 biztanle ditu); aurkako erpinean, Euskal Herriko 166 udalek ez dute batere zorrik.

Gabiriako Udalak 274.000 euroko zor gordina dauka. Azken ekitaldietan gutxitzen ari da, ordea. 2011tik 2012ra (Gaindegiaren azterketak epe horretako joera ematen du) %9 egin du behera udalaren zorrak. 2008tik 2012ra bitarteko epean, berriz, %7,7 murriztu du.

Euskal Herriko udal guztien zorra (Gaindegiaren txostena, PDFan)

Gaindegiak, udalak biztanleria kopuruaren arabera sailkatu ditu, bost sailetan. Gabiria lehen multzoan dago, 1.000 lagun baino gutxiago dituzten herrien artean. Multzo horretan, 167. herria da biztanleko zor kopuruaren arabera. 1.001-5.000 biztanle arteko 60 herrik zor handiagoa dute pertsonako Gabiriako; 5.0001-25.000 bitarteko 23 udalerrik ere bai; 25.001-50.000 sailean lauk dute buruko zor handiagoa, eta 50.001etik gorakoetan bik.

Udalaren zorrari eta zorpetze mailari buruzko informazio gehiago, azaroko sarrera honetan.


Zabor bilketari buruzko bilera antolatu du udalak, biharko (ostirala). Herritarrentzat zuzendutako batzar informatiboa da. Etxeberri kultur etxean da, 18:30ean hasita. Zaborra biltzeko dauden sistemak aztertu eta horien berri emango dute Sasieta Mankomunitateko teknikariek. Gaiak duen “garrantzia” kontuan hartuta, udalak herritarrei  bilerara joateko eskatu die, bando bidez.


Gipuzkoako Foru Ogasunak 2012ko ekitaldiko errenta aitorpena egin eta aurkezteko epea ireki du, gaurtik ekainaren 25era arte. Ogasunaren bulegoetan egin liteke (mekanizatua), edo ogasunak berak bidalitako autolikidazio proposamena onartuta (batzuei soilik bidaltzen die), edo Internet bidez. Hizkuntza ere aukeratu liteke. Gabirian, oraindik, gehiengoak gaztelaniaz aurkezten du aitorpena.

Iaz, 2011ko errenta aitorpenaren kanpainan, Gabirian 81 aitorpen egin ziren euskaraz, guztizkoaren %30,68. 2010eko aitorpena (2011. urtean aurkeztekoa) 55ek egin zuten euskaraz (%20,75). 2012an, Goierri behean laugarren herria izan zen Gabiria, aitorpena euskaraz egin zutenen portzentaje altuenetan. Ataun (%40,78 euskaraz), Gaintza (%38,46) eta Zerainen (%30,82) soilik izan ziren euskaraz gehiago egin zutenak. 2011n 10. herria izan zen. Goierri behean (18 udalerri), 2012an %17,80 aitorpen egin ziren euskaraz, eta 2011n %15,30.


Astea elkarretaratze batekin hasi da, gaur. REE Red Eléctrica de España enpresako ordezkariek eta Gabiriako Udalekoek bilera egin behar zutela eta, 40 bat lagun plazan elkartu dira, 08:45ean. Bilera bederatzietan hasi da, eta pare bat ordu iraun du. Enpresako bi ordezkarik Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko linearen (400.000 voltio) azalpenak eman dizkiete. Espainiako Gobernuak egitasmoari azkenean argi berdea ematen badio, linea horrek herria zeharkatuko du.

REEren planoen arabera, linearen trazatua Mutiloa aldetik sartuko da, Troiko meategien hondakin urtegiaren atzealdetik, Gesaleko sakonean. Argindegi eta Bekoetxe ondotik igaroko litzateke, Aranburu baserrirantz. Aurreraxeago, gaur egun dagoen goi tentsioko linea batekin bat egingo luke, eta haren bidetik jarraituko luke, Katarainen ondotik. Linea hori Ardantza gainetik pasatzen dena da, eta horrek lotuko luke Itsasoko azpiestazio elektrikoarekin.

'Linearik ez' pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, eta han egon dira bilera bukatu artean./Asier Zaldua–Hitza

‘Linearik ez’ pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, eta han egon dira bilera bukatu artean./Asier Zaldua–Hitza

Elkarretaratzea

REEko ordezkariak udaletxean sartzen, eta herritarrak bilduta./Asier Zaldua–Hitza


Berez abenduaren 20an egitekoa bazuten ere, Eusko Jaurlaritzak gaur arratsaldean aurkeztuko du Troiko meategietako hondakin-urtegiari buruzko larrialdi plana. Arrisku kimikoa duten enpresen eta guneen eremuetan egin du larrialdi plana jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak. Istripuren bat gertatuko balitz, bizilagunek zer jokabide izan behar duten aurrez zehaztuta edukitzea da helburua.

Informazio bilera Gabiriako eta Ormaiztegiko bizilagunentzat izango da, bi udalerriei eragingo liekeelako nagusiki balizko ezbeharrak. Ormaiztegiko kultur etxean da saioa, gaur 18:30ean.


Udalak gaur argitaratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2013. urterako ordenantza fiskal berria. Udalak kobratzen dituen zergak (trakzio mekanikodun ibilgailuena) eta tasak (zerbitzu publikoena eta jarduera administratiboena) zenbatekoak izango diren zehazten ditu txostenak.

‘Gabiri Agiri’ buletinean bezala abenduaren 28ko herri batzarrean udal arduradunek azaldu dituzte zergen igoerak. Ibilgailuen gaineko zerga, orokorrean, KPIri dagokion %3,5 igoko dira. 12-14 zaldi fiskaleko ibilgailuen kasuan, KPI + 1,5 izango da igoera, %5 inguru. Inguruko  udalerrietako zerga araudiekin parekatu du udalak aurten herriko ordenantza fiskala, iaz igoerarik gabe utzi ondoren.

Tasen arloan, zaborrarena ez dute igoko, Sasietak Gabiriari buruz egin duen hondakin bilketa eta tratamendu plana jasotzeko zain daudelako. Zerbitzu horrek aldaketa nabarmenak izango ditu. 2014tik aurrera, adibidez, Sasietak pisura kobratuko dio udalerriari bilketa zerbitzua. Hori zehaztu artean, tasa ez igotzea erabaki du. Hala ere, zerbitzu hori “erabat defizitarioa” dela azaldu zuten udalkideek herri batzarrean, eta 2013rako %5 haziko dio mankomunitateak kobrantza herriari.

Bestetik, hirigintza edo obra agiriak tramitatzeagatik tasa kobratzen hasiko da udala. Antolamenduko Arau Orokorretako aldaketa puntualak, edo plan partzialak nahiz plan bereziak egitea eskatzen duten obren kasuan 2.500 euroko tasa pagatu beharko da. Birpartzelazio proiektuak udalak egin ditzan, 1.500 euro; eta urbanizazio proiektuak, zehaztapen azterketak, nahiz exekuzio unitateen mugaketak 1.000 euro. Horiek onuradunak ordaindu beharko ditu aurrerantzean, obra egiten duenak. Orain arte udalak hartu ditu bere gain kostu horiek.

GAO 2013-1-9 zerga ordenantza

 


Udalak gabon astean banatu zuen etxerik etxe Gabiri Agiri udal informazio buletina, 2012ko abenduko datarekin. Bigarren zenbakia da, ekainean kaleratutako estreinakoaren ondotik. Lau orrialdetan, urtearen bigarren erdian landutako, erabakitako eta garatutako gaiak xehetu ditu udalak. Bost batzordeen eginkizunak zein izan diren laburtuta datoz, arlo bakoitzeko gai nagusiak azaltzeko.

Gabiri Agiri 2 buletina

Azala


Bigarren aldiz, herri batzarrean esplikatuko ditu udalak herriari eta administrazioari dagozkion hainbat gai. Herri batzarra bihar da, ostirala, 19:00etan Etxeberri kultur etxean. Aurtengo urtean burututako ekimenen eta lanen berri emango dute udal ordezkariek, eta 2013rako dauden asmoak ere jakinaraziko dituzte. Bestetik, herritarren partetik ekarpenak esateko tokia ere izatea nahi dute.


Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Larrialdien eta Meteorologia Zuzendaritzak bilera informatiboa egingo du, gaur osteguna, Gabiriako eta Ormaiztegiko bizilagunei zuzenduta (Ormaiztegiko kultur etxean, 18:30ean). Arrisku kimikoa duten enpresen inguruetan bizi diren bizilagunentzat babesa “indartu” nahi du jaurlaritzak. Kasu honetan, Troia meategietako hondakin urtegia da Gabirian arrisku kimikoa eta isuri kutsagarriak eragin ditzakeen elementua, Exminesa enpresak eraikitakoa Gesaleko sakonean.

Berriki Kanpoko Larrialdi Plana onartu eta homologatu dute Troiko hondakindegian. Arrisku kimikoa duten enpresa horietan, istripu kasuetan bizilagunek hartu beharreko segurtasun neurriak eta zer jokabide izan behar duten informazioa ematea da kanpainaren helburua. EAEko 11 enpresaren eremuei eragingo die: Bizkaian 9, Araban 1 eta Gipuzkoan 1, Troikoa. Informazio kanpainan, lehenbizi denera 38.000 gutun bidaliko dizkie jaurlaritzak bizilagunei, eta ondoren bilerak antolatuko dira herrietan. Gabiriako eta Ormaiztegiko bizilagunena gaur egingo da, kanpainaren azken egunean.


Gabiriako Udalean XX. mendearen hasieran idazkari izandako Meliton Larrearen ondorengoek dohaintza bat egin diote udalari. Aurreko ostegunean, azaroak 29, Berazadi Larrea familiak Balentzategi herri eskolaren eraikuntza garaiko dokumentazioa eman zion udalari, artxibo historikoan jasotzeko. Hiru dokumentu nagusi dira: Eustakio Balentzategik eskola egiteko emandako aginduak jarraituz osatutako aurreproiektua, 1911n egindakoa; 1912 egindako lanen xehetasunak eta 1924an egindako hobetze lanen plana.

Berazadi Larrea senideak, alkatearekin.

Berazadi Larrea senideak, alkatearekin.

Dohaintza egin duten familiartekoen birraitona zen Meliton Larrea. Larrea irakasle zen arren, urte askoan herriko idazkari izan zen, eta hark jaso zituen “zehaztasun osoz” lanen pauso guztiak, eta Eustakio Balantzategiren aginduak jarraitzen zituen lan egokiak egin zitzaten.
Dokumentazioa emateko, Berazadi Larrea familiako hiru senide eta beraien ezkontideak bertaratu ziren udaletxera. Ibon Elgarresta alkateak eta Balentzategi herri eskolako zuzendari Ane Miren Aizpuruk hartu zituzten.
“Altxor handia eskolarako eta herrirako, denen bistan izango dena hurrengo ospakizunetan”, adierazi du Balentzategi herri eskolako gaur egungo zuzendari Aizpuruk.

Emaileak, alkatearekin eta zuzendariarekin.

Emaileak, alkatearekin eta zuzendariarekin.


Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki herrialdeko udalei bilera batean jakinarazi dienez, 2012ko UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik aurrekontuan agindutakoa baino gutxiago jasoko dute. Itxiera aurreikuspenaren arabera, Gabiriak 18.561 euro gutxiago jasoko du aldundiaren diru-ekarpen funts horretatik.

Aurrekontua 325.045 eurokoa da, eta aurten lau ordainketatan diru hori jasoko du udalak aldundiarengandik. Aldiz, aurreikusi du 306.484 euro tokatuko zaizkiola, behin 2013ko otsailean likidazioa egiten denean. Zerga bilketa uste baino apalagoa izango delako, besteak beste, eta beste behin.

Bestetik, 2013ko UFFFren zenbatekoen aurrekontuak ere aurkeztu dizkie. Gabiriak 322.800 euro jasoko lituzke datorren urtean, aurtengo itxiera aurreikuspena baino 16.317 euro gehiago (%5,32ko hazkuntza) eta aurtengo aurrekontua baino 2.245 euro gutxiago (%0,69ko murrizketa).


Gipuzkoako Foru Aldundiak behin betiko onartu du Beko Errota baserriaren ingururako plan berezia. Planaren edukiagaur argitaratu du GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Hala,21.212 metro koadroko eremu bat antolatzeko bidea ematen du planak, gaur egun dagoen aterpetxe jarduera handitzeko. Lehendik dauden eraikinak finkatzea, eta beste zortzi bungalow jartzea eta beharrezko zerbitzu-azpiegiturak ezartzea proposatzen da.


Aste honetan Espainiako bandera jarri du udalak udaletxeko balkoian. Espainiako Gobernuaren aginduz, 39/1981 legea betearazten hasi dira. Udaletxe guztietan jarri beharko da bandera hori. Herrian, Espainiakoa balkoiaren ezkerreko ertzean jarri dute, lurrean metro pasatxoko makilan tinkatuta. Haren ondoan, ikurrina ere bai.

Argazkia atzo iluntzean ateratakoa da:

Espainiako bandera Gabiriako udaletxeko balkoian, atzo./Goierriko Hitza


Udalaren Garapen eta Komunikazio Batzordeak bilera egingo du gaur, aurrez ezarritako egutegiaren arabera. 19:00etan hasiko dira. Bestetik, datorren astelehenean, azaroak 19, Euskara eta Kultura Batzordearen txanda izango da. Ordu berean da horren bilera ere.