XVIII. mendea


1700, Aztiriko Bentaren lehenengo aipamen idatzia. Hauxe dio: “Juan de Legorburu hipotecó, por especial hipoteca, la su casa de Legorburu la maior, la casa de Lizardi de arriba y la su venta nueva de Aztirias, con todos sus pertenecidos”. Beraz, XVII. mendearen amaiera aldera eraiki zela ematen du. Aurretik inguru hori Loidi izenez ezagutzen zen, Aztiriko loidia, istinga lekua zelako seguruenik. (UGARTE, Jose Luis – AZPIAZU, Aitor…, Lehengo Aztiri, 2011).

 

1701. Felipe de Telleria eta Maria Concepción de Olalquiaga gabiriarrek, Irizar Lopetegi etxea eta dagozkionak Irizar Barrena etxearekin eta dagozkionekin trukatzeko eskatu zuten. Jose de Colmenares y Andillon eta Maria de Aramburu (Iruñean bizi zirenak) ziren jabeak.

 

1701. Bartolome de Igarzabal gabiriarrak bere iloba Martin de Igarzabali dohaintzan eman zion Igarzabal etxea, oraindik bizi zenean (donación intervivos). Lazkaoko Udal Artxibo Historikoan bada eskritura bat, honako laburpena duena: “Escritura otorgada por Martín Echezarreta devolviendo a Martín Igarzabal la casa “Igarzabal”, sita en Gabiria ”. Signatura: 1543-24. Data: 1701-1701”.

 

1704-1714. Lucia de Aguirre gabiriarrak (Ezkion bizi zen) auzia sartu zuen Segurako Kontzezioko Komentuaren kontra. Aitaren eta amaren aldetiko herentzia eskatzen zuen. Amaren partetiko lotura zalantzan zegoen. Lucia de Aguirrek bere ama zenaren (Francisca de Aramburu, moja) izenean eskatu zuen herentzia.

 

1706-maiatza. Azpeitian bildutako Batzar Nagusiek Gabiriako San Esteban ermitaren inguruan abuztuaren 3an (San Esteban eguna) egiten zen festan tabernak jartzea eta txistua eramatea debekatu zuten. Ormaiztegiko, Mutiloako eta Gabiriako jende asko biltzen zen erromeriara, eta istilu handiak gertatzen ziren. Debekuaren ondoren pixkanaka galtzen joan zen festa.

 

1706-11-20. Iruñeko elizbarrutiko agintariek Gabiriako eliza berritzeko baimena eman zuten, Juan Antonio de San Juan ikuskatzaileak oniritzia eman ondoren.

 

1706-abendua. Elizako obrak azkarrago eta merkeago egiteko gabiriarrek lagunduko zutela erabaki zuen Udalak: harria garraiatu, egurra moztu, karea eraman… egin beharko zuten, auzolanean. Herritar guztiek eman zuten baietza.

 

1707-4-25. Elizako eraberritze lanak egiteko hirugarren enkantean Martin de Garro hargin maisu zegamarrak hartu zuen obra bere gain, 20.774 errealetan (teilatua eta kapera nagusiko gurutze-ganga alturan jaitsi, pilastroiak eraiki buruan, kanpo alde osoan erlaitz zaharra kendu eta berritu, saeterak itxi, alboko atea berregin, aldareak eta harmailak berdindu,… lau urtetan).

 

1707-5-9. Gabiriako parrokiako patronoek eliza bukatzea eta sakonki berritzea hitzartu zuten, eta behar ziren berrikuntzak egiten hastea. Lorenzo de Arrese eta Francisco de Chinchurreta eskribauek sinatu zuten konpromiso agiria egun horretan.

 

1708-2-8. Elizako obran zurgin lanak Joseph de Amiama zurgin maisu segurarrak hartu zituen, 300 dukat kuartotan.

 

1710-1712. Francisco Mugica ormaiztegiar herritarrak kereila jarri zuen Pedro Ignacio Izaguirre gabiriar herritarraren kontra, irainak egin zizkiolako (“por injuriarle”).

 

1712. Elizan bobeda edo ganga berriak eraikitzen hasi ziren, Miguel de Salazar maisuaren ardurapean, Zaldibiatik ekarritako harriarekin. 1743an bukatu zituzten lanak. Korua ere garai hartakoa da, Ormaiztegiko Miguel Salazarrek egina.

 

1714. Gabiriako elizan “misa cantada” bat egin zen (BARRIOLA, Xabier; 2010, Makilari aldizkarian).

 

1731. Francisco de Oñatibia eta Domingo de Escorza gabiriarren kontra auzibide kriminala ireki zuten, Legazpiko zenbait herritarri tratu txarrak emateagatik.

 

1732. Nicolas de Vicuñari Alegia auzoko Floreaga etxean (Zubimusu etxeko bi etxebizitzetako bat zen Floreaga) zeukan taberna kentzeko agindu zioten Gipuzkoako Batzar Nagusiek, bizilagun gutxiko guneetan beste zenbait herritan taberna egoteko debekatu zuten bezala. Ostatuak, bentak eta tabernak herribilduetatik aparte jartzea debekatuta zegoen.

 

1732. Lorenzo de Oñativia gabiriarraren kontra ofiziozko autoa egin zen Legazpiko justiziaren aurrean, Juan de Guerrari egin zizkion zauriengatik.

 

1733. Domingo Urbistondo gabiriarraren eta Tomas Goitia legazpiar errotariaren kontra ofizioz auzia ireki zuen Legazpiko udalak, Ordenantzek debekatzen zituzten tresnekin errekan arrantza egiteagatik.

 

1736. Gabiriako eta Zumarragako kontzejuek hitzartu ondoren, soldadu baten zozketa egin zuten, Probintziak erregearen zerbitzurako jarri zuen aurreneko “lava”-rako.

 

1738. Parroki-elizaren eta herriaren jabetzakoak ziren gaztainadietako fruituen almoneda egin zuten.

 

1740. Gabiriaren eta Legazpiren arteko mugan mugarriak sartu ziren.

 

1740. Gabiriako eta Ordiziako udalek elkarren artean auzia izan zuten, Gabiriako bide bat udalerriz kanpoko pertsonek erabil ote zezaketen ala ez erabakitzeko.

 

1740. Elizako bobeda edo ganga berriak egiten bukatu zuten, Miguel de Salazar ormaiztegiarraren gidaritzapean (kanpandorrea ere berak diseinatu zuen). Beste zenbait agiritan 1743an bukatu zutela aipatzen da.

 

1741. Asusaran izeneko gaztainadiko fruituak almoneda publikoan edo bestelakoan saltzeko baimena eman zien Gabiriako Kontzejuak Juan Lorenzo de Campos y Arrese alkateari eta Juan Bautista de Oñatibia eta Jose de Aztiria erregidoreei. Ateratako diruarekin elizan Errosarioko Amarentzat kolateral berria egitea zen helburua.

 

1741-4-13. Santa Cruz de Arguisanoko batasunaren hitzarmena berritu zuten Gabiriak, Zumarragak eta Ezkiok bigarren aldiz, beste 24 urterako.

 

1742-1-6. Francisco Ignacio de Aspiazu arkitekto-maisu gipuzkoarra kontratatu zuten Gabiriako elizan Errosarioko Amabirjinaren laterala egiteko. (1766an erabat aldatu zuen Tomas de Jaureguik).

 

1742. Juan Lorenzo de Campos y Arrese zen Gabiriako alkate.

 

1743. Jose Sagastizabal gabiriarrak kereila kriminala jarri zien Juan Bautista eta Ignacio Aguirrezabal anaiei, sinadura faltsifikatu eta bere izenean 32 errealeko zor bat Francisco Arrizabalagari (Legazpiko eskribaua) kobratzeagatik.

 

1744. Justiziak ofiziozko auzibidea ireki zuen Pedro de Legorbururen (Gabirian jaioa, Oiartzunen bizi zena) eta Antonio de Salaberriaren kontra, Jaizkibelen izandako suteagatik.

 

1745. Gabiriako herriaren jabetzakoak ziren mendien eta basoen zati handi bat auzotarren artean banatu zen, goseteak eragindako beharrak arintzen laguntzeko. Udal jabetzako gaztainen etekinak Juan Lorenzo de Campos diruzain gabiriarraren alde utzi ziren.

 

1747. Kanpandorrea amaitu gabe eta oso egoera arriskutsuan egoteagatik berria egitea erabaki zuten.

 

1748. Elizako dorrea eraiki zuten, Miguel de Salazar maisuak diseinatutakoa. Kanpandorreko burdinak eta gurutzea Mutiloako Juan Irimok egin zituen. Lehengo zaharraren mugatik gora eraikitzen hasi ziren.

 

1749. Elizako kanpandorrearen zimentuak oso gaizki zeudelako dorre zaharra erabat desegin zuten. Gaur egungo kokalekuan jarri zuten dorrea, dorre zaharraren hondakinak erabiliz. Diego de Aizpeurrutia, Tomas de Azarola eta Domingo de Azcue hargin maisu gabiriarrek egin zituzten lanak.

 

1750. Juan Antonio de Goya zen Gabiriako parrokoa. Carlos de Mendizabali “común” baten hamarrena saldu zion.  

1752-1754. Juan Francisco de Aizpuru gabiriarrak (eskribaua eta Areriako numerala) auzia sartu zion Juan Ignacio Aizpuru itsasoarrari (eskribaua eta Areriako numerala baita ere). Akusatzaileari errentak enbargatu zizkioten, eta haiek itzultzeko eskatzen zuen, Lopez de Eztalaren maiorazkoa berak zeukala azalduz.

 

1753-8-11. Kanpandorre berriaren lanak amaitutzat eman ziren, elizako nagusi eta peritoek aztertu eta ontzat eman ondoren.

 

1757.  Ignacio de Goya gabiriarrak pleito zibila sartu zion Magdalena de Arrazolari, 31 dukat eta 7 erreal eta erdirengatik.

 

1758. Iturmendiko (Nafarroa) eliza eraikitzeko Diego de Aizpeurrutia hargin maisu gabiriarra kontratatu zuten, Martin de Carrera beasaindar harginarekin eta Andres de Goicoechea ataundarrarekin batera.

 

1760. Elizako kanpandorrearen ekialdean pitzadura nabarmenak atera ziren. Martin de Carrera maisu beasaindarrak erortzeko arriskurik ez zuela ebatzi zuen, eta pitzadura entokatu zuten, baita ekialde, iparralde eta hegoaldeko arkuetan burdinezko hiru ziri sartu ere.

 

1760-1775. Camino Real de Coches deituriko errepidea eraikitzen hasi ziren 1760an, Arlabandik Irunera, Gipuzkoako Diputazioaren ekimenez. Aurretik beste bide bat bazen Oria eta Urola ibaien bailarak elkartzen zituena. Erdi Arotik zegoen kaminoa aprobetxatu zuten Arlaban-Irun errepidea egiteko, lehenagoko trazatua berrituz. Ibilbide hau zuen Gipuzkoako errepide nagusi zen bideak: Arlaban-Leintz Gatzaga, Eskoriatza-Aretxabaleta-Arrasate-Bergara-Antzuola-Urretxu-Zumarraga-Ormaiztegi-Igartza-Tolosa-Andoain-Hernani-Astigarraga-Oiartzun-Irungo Bentak. Peajeak zituen zenbait tokitan: Leintz Gatzagan, Aretxabaletan, Bergaran, Eitzagan, Ordizian, Urnietan eta Oiartzunen.

 

1760. Jose Urkiola gabiriarrak auzibidea hasi zuen Jose Zumalakarregi mutiloarraren (Landarregi baserrikoa) kontra, kolpatu egin zuela eta.

 

1760. Domingo de Azcuek kereila kriminala sartu zien Antonio eta Joseph de Urquiolari, denak gabiriarrak, tratu txarrak eman zizkiotelako.

 

1760-1761. Gabiriak ofizioz auzibidea ireki zuen Jose Urkiola gabiriarren eta Juan Ignacio Gastaminzaren kontra, Benito Guridiri eta Domingo Igarzabali eraso egin eta ahuntzak eta behorrak kentzeagatik. Bigarren hauek alkatearen aginduz jaso zituzten animaliak udal lurretan.

 

1760-1762. Gabiriak ofizioz auzibidea izan zuen Pedro Igarzabal gabiriarraren kontra, Matias Ezpeleta legazpiarrari behi bat lapurtzeagatik.

 

1761. Anditegi errotako aldaparoan emakume bat itota hil zen, istripuz. Herriak ofizioz autoa egin zuen.

 

1761. Domingo Alzola gabiriarra istripuz hil zen, eta Gabiriak ofizioz autoa egin zuen.

 

1761. Gabiriak ofizioz autoa ireki zuen Fermin Aguirrezabalen aurka, “autoritateari harriak botatzeagatik”.

 

1761. Jose Joaquín Ariscorreta merkatari gabiriarrak (Mexiko hiriburuan bizi zen), Guadalupeko amabirjinaren margo bat eman zion Segurako Santa Isabel moja-komentuari.

 

1761-1765. Etxezarreta baserriaren salmenta baliogabetu ala ez erabakitzeko auzia izan zen Valladolideko Chancillerian. Lorenzo Ladron de Echazarretaren herentziakoa zen, fideikomisoan utzia. Francisco Javier de Arza zegamarrak sartu zion auzia Manuel Joaquin de Lasa y Aristizabal ordiziarrari.

 

1762. Diego de Agirrebengoak 28 dukat eta erdi eskatu zizkion Lorenzo de Irizarri, Irizar baserriaren errentagatik.

 

1762. Joseph de Aguirrek dirua eskatu zion Diego de Garin gabiriarrari, behi bat eta bere kumeagatik.

 

1763. Bidaurreta errotan presa eraiki zuen Juan Antonio Gurrutxaga arotz gabiriarrak.

 

1764. Ignacio de Guridi legazpiarrak ordaintzeko eskatu zion Joseph de Jauregui gabiriarrari, Legazpiko Vicuñaenea auzoko etxe txiki batengatik.

 

1765. Gabiriako elizan zilar, ornamentu eta bitxien zenbaketa egin zen. Kanpandorrean bi kanpai handi eta txiki bat zeudela aipatzen da, eta erloju bat bazegoela ere bai.

 

1766-4-1. Elizako aldare edo erretaula berria egiteko hitzarmena sinatu zuten Tomas eta Antonio Miguel Jauregi aita-seme urretxuarrek Pedro Osinalde notarioaren aurrean. Erretaula nagusia eta bi albokoak, irudi guztiak barne, egitea zen asmoa, sei urtetan. Aurrekoaren (1686an berritua) sagrarioa eta tabernakuloa erabili zituzten, eta berria estilo txurrigereskoan burutu zuten. Tomas aita obra amaitzerako hil zen; Antonio Miguel semeari, adinez heldutasunik ez zuelako, Joan Elias Intxaurrandiaga osaba alkizarrak lagundu zion Gabiriako erretaulak burutzen. 1769an sinatu zuten osaba-ilobek kontratu berria. 1774an bukatu zituzten erretaulak,  eta 1775ean eman zien oniritzia Francisco Iberok. Errosarioko Amabirjinaren alboko altarea erabat aldatu zuen Tomas de Jaureguik, 1742an Francisco Ignacio de Azpiazuk egin zuena. 

1766-4-10: Argisanoko Santa Krutz batasuna utzi zuen Gabiriak, elkargoan sartu nahi ez izateagatik, eta Gipuzkoako Batzarretara bere ordezkaria bidali zuen, independenteki. Batasunean Zumarragak eta Ezkiok jarraitu zuten, 1790ean eten zuten arte. Baina 1806an bi herri horiek berriz elkartu ziren elkargoan

 1766. Juan Jose de Heriva (Riva beste agiri batean) donostiarrak Gabiriako udal eskribau izateko eskaera egin zuen, azterketan onar zezaten eskatuz. 1767an jada eskribau zen, eta “Erresumen notario” titulua (“notario de Reinos”) eman zioten.

 

1766. Gabiriako udalak Legazpikoari laguntza eskaini zion, Legazpin sortzen ziren iskanbiletarako (“tumultos”).

 

1767. Eztanda Barrena eta Eztanda Goena gaztainadiak almoneda publikora atera zituzten, Ignacio Goyari eta Felipe Urquiolari egokituz.

 

1767-9-23. Data honetarako errepide bat (=Camino Real=Erret Bidea=errepidea) egina edo egiten ariko ziren. Hona zer dioen Altzibar-Jauregi etxeko artxiboko aipuak: “Testimonio de la adjudicación a D. Manuel Francisco Alcíbar de sesenta posturas de terreno concejil castañal en Gabiria, en el término llamado Aguirresasi, en pago y permuta del terreno que se le quitó para la ejecución del nuevo camino Real de coches“. Ikusten denez, lurrak kendu zizkioten jabe horri, eta gero beste toki batean ordezkoak eman.

 

1767. Herriaren jabetzakoak ziren arbola gehiegi moztu eta ikatz bihurtzeagatik autoak hasi zituen Pedro Lucas Salsamendi diruzainak Joaquin Gaztañagaren eta bere kideen kontra.

 

1767. Juan Ignacio de Goya gabiriarrak eta Antonio de Lizarazu legazpiarrak auzia eduki zuten, batek besteari erosi zion arrarengatik (“macho”).

 

1768. Joaquin de Osinalde gabiriarrak bi auzi eduki zituen; demanda bat Juan de Mujica arriarandarrari sartu zion, eta bestea Juan de Iza itsasoarrari.

 

1769. Mateo Alzola hiriburuko erregidorea izan zen (Makilari 3. zkia, 1993ko abendua, 37. orr). 1762an Gabiriako Parroki-elizako maiordomo izan zen.

1769. Elizako sakristian zenbait lan egin zituzten: gangak jaistea, gainean obalo bat irekitzea, teilatua kendu eta berria jartzea eta eliza zuritzea. Tomas de Abalos igeltsero maisuak egin zituen lanak, 2.835 errealetan. Juan Antonio de Gurruchagak arotz lanak eta Bartolome de Mendizabalek errementari lanak ere egin zituzten.

 

1770. Gabirian jaberik gabe azaldu zen zaldi baten almoneda egin zuten; Ignacio Igarzabalek hartu zuen, 66 belloi erreal ordainduta.

 

1772. Gabiriako udalak gutuna bidali zion Legazpikoari, beste herri batzuek Aizkorrin zeuzkaten mendietara ganadua eraman eta sortutako kalteengatik.

 

1773. Gabiriak ofizioz auzibidean jarri zuen Maria Antonia Arespacochaga elorriotarra, “bizitza alferra eta probetxu gabekoa zuelako, eta lapurretak egiteagatik” (por llevar vida vaga y ociosa y haber realizado hurtos).

 

1773. Elizako erretaula nagusiaren atzeko bi leihoetako beirateak jarri zituzten.

 

1773. Jose Joaquín Ariscorreta merkatari gabiriarra (Mexiko hiriburuan bizi zen) Real Sociedad Bascongada de Amigos del País elkargoko (RSBAP) kide egin zen.

 

1774. Elizako aldare berria egiten bukatu zuen Miguel de Jauregui urretxuarrak, 1766an Thomas aitarekin batera hasia zuena.

 1774. Maria Antonia de Telleria legazpiarrak kereila jarri zion Joseph de Mendiarazi, Legorburuko maizterra, baserritik gertuko sail baten errenta ez ordaintzeagatik.

 

1775. Herriko jai nagusia, Andre Mariren ingurukoa, San Roke egunera luzatzea (abuztuaren 16) erabaki zuten, santu haren mirari bat eskertzeko, behi izurrite orokor eta hedatu batetik Gabiriako ganadua salbatzeagatik. Ordura arte Andre Mari eguna (abuztuak 15) eta Korpus Kristi eguna ospatzen ziren soilik festa egun bezala, dantzari eta musikariekin.

 

1776. Gabiriako udalak Legazpikoari gutuna bidali zion, Legazpiko kale nagusirako behar zuten harria harrobitik ateratzeari buruz.

 

1776-1791. Domingo Ignacio Zuriarrainek auzia (“demanda”) jarri zuen Juan Echeberriabarrena (Olaberrikoa), eta Domingo Igarzaval eta Diego Garin gabiriarren kontra, 50 dukateko zorra ez zielako ordaindu, eta bere aitaginarreba Ignacio Ostolaza zenarekin egin zuten zorragatik.

 

1777. Elizaren harria garbitu eta zirrikituak itxi zizkioten. Kanpoko hormak saneatu eta sendotu zituzten.

 

1778. Elizako kanpandorreko bi arku egurrez itxi zituzten, haizea eta hezetasuna sartzen zelako. Juan de Jaureguik egin zuen lan hori.

 

1779. Gabiriako udalak, Joaquín de Arresek eta Benito de Osinaldek eduki zuten pleito kriminala laguntasunezko akordioarekin bukatu zen. Lizar baten jabetza eta mozketa (“trasmocho”) zen auzia.

 

1781-5-19. Jose Zubillaga petrikillo gabiriarri medikuntzan aritzeko lizentzia eman zion Gabiriako alkateak (Joaquin de Campos zen alkate), Zumarragako Miguel de Echeberria eskribauak ziurtatu zuena.

 

1781. Gabiriako bikarioak baimena eman zuen Etxatxo etxeko alaba bat Legazpin bataiatua izan zedin.

 

1781. Jose Joaquín Ariscorreta merkatari gabiriarrak (Mexiko hiriburuan bizi zen) 400 peso eman zizkion Ordiziako Santa Maria elizari.

 

1781, Ignacio Oscortaren (Lazkaoko Aranguren etxeko maizterra) ondasunak exekutatzeko autoa atera zuten, Gabiriako herritar Gregorio Goitiari behi bat, bigai bat eta karro batengatik zizkion zorrengatik.

 

1785. Eliz-atariaren zati bat erori zen, ate nagusiaren parean.

 

1786-6-22. Jose Zubillaga gabiriarra espetxeratzeko agindua eman zuen Legazpiko alkate Miguel Guridi Zalduak. “Baserritar soila izan, irakurtzen ere jakin ez, eta edozein motatako gaixotasunak zituzten gaixoei medikamentuak emateagatik, mal de madre edo urdailekoa gaixotasuna zutela esanez”. Espetxean sartu zuten. Sendatu zituen zenbait gaixok deklaratu zuten lekuko gisa, eta Gabirian medikuntzan aritzeko lizentzia bazuela argitu zuen Zubillagak (1781ekoa). Legazpiko alkateak, presoaren txirotasuna kontuan hartuz, 8 erreal, kartzelako gastuak eta kuotak besterik ez zizkion jarri zigor gisa, eta zeregina uzteko mehatxua.

 

1786. Legazpiko alkateak Gabiriakoari abisu eman zion, Legazpiko lurretatik atera zitzatela ahuntzak eta behorrak.

 

1786. Joseph Joaquín de Urquiola zen Gabiriako alkate eta epaile. Urte horretan auzibidea hasi zuen ofizioz Martin de Emparanza ormaiztegiarraren kontra, bola jokoan esanik ez egiteagatik eta kartzelatik ihes egin izanagatik.

 

1787. Gabiriako errolda 1.006 biztanlekoa zen. 0-16 urte artekoak %38,3 ziren (385 lagun); 50 urtetik gorakoak %18,7 (188 lagun).  (dokumentatuta dagoen lehenengo zentsoa urte honetakoa da, Floridablancaren Errolda bezala ezagutua. Hala ere, ikus c.1660 urteko sarrera).

 

1788-12-18. Suaroa sortzeko lehenengo bilera egin zuten Gabirian, baserriak eta etxeak suteen aurka “aseguratzeko” sistema herrikoia. Sociedad de Seguros contra incendios de caseríos San Lorenzo izena eman zioten suaroari. Oñatibi-Txiki baserriko Juan Ignacio de Odriozola izan zen lehen presidentea, orduko alkate eta epailea. 1870ean 37 baserri zeuden Suaroan; 1920an 56; 1949an 55.

 

1789. Gipuzkoako probintzia administratiboki banatu zuten. Partiduak, alkatetza nagusiak eta batasunak zehaztu ziren. Horiez gain, banandutako hiribilduak zein ziren zehaztu zen; azken horietako bat zen Gabiria.

 

1790. Francisco de Gorosabel gabiriarra eta Jose de Andueza legazpiarra errudun jo zituen Justiziak, Ignacio de Oria kolpatu eta zauria eragin ziotelako.

 

1791-7-19: Agustín Alzola peritoak Gabirondo errotarako bidea hobetu eta berritzeko kalkulua egin zuen.

 

1791-12-7. Jose Joaquin de Urquiola gabiriarrak agrimensore (topografo, lur azalera kalkulatzeko teknikaria) azterketa egin ziezaioten eskatu zuen Madrilen, “real provisión” delako baten bidez, eta zegokion titulua eman ziezaiotela.

 

1793. Konbentzio Gerra (Espainiaren eta Frantziaren artean). Frantziarrek aurrera egin zutenean Gabiriako zilarra Arrasatera eraman zuten, eta geroago berreskuratu zen.

 

1793-1794. Antonio de Garin gabiriarrak auzia sartu zion Manuel de Eguren Aldayri, behi eta txahalekin truke batean izandako galerengatik, eta idi-pare batengatik (“junta de bueyes” dio) dirua eskatzen dio, haietako bat gaixotu egin zelako.

 1794. Frantziarren inbasioari aurre egiteko, Gabiriako elizak 7.262 erreal eta 17 marabedi eman zizkion Diputazioari. Ondasunak uzten zizkioten herriek, balio handikoak mantendu eta besteak salduta gerrarako dirua ateratzeko.

 

1794-1795. Arabako diputatu nagusiak auzia sartu zuen Gabiriako erregidore (alkate) Antonio de Garinen kontra, baita Villarrealgo Joaquin de Asurmendi eta beste herri bateko Francisco de Izaguirre alkateen kontra ere. Frantsesen kontra armak ez hartzeko eta errenditzeko esan zietelako beren herrikideei. Lankidetza eta beldurketa leporatu zizkien Arabako diputatu nagusiak.

 1798-11-24. Juan Ignacio Gaztañaga alkate izendatu zuten.

 

1798. Gabiriako Kontzejuak auzia sartu zuen Joaquin Antonio de Campos abokatu oñatiarraren kontra. Jose Joaquin de Arizcorretak Mexikotik dirua bidali zuen Gabiriako elizaren eraikuntzarako. Dohaintzatik emateko geratzen zen zatia ere emateko eskatu zuen Gabiriako Kontzejuak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s