Archive for the ‘Lasterketak’ Category


Aztiriko Santa Marina jaietako bigarren kirol proba entzutetsua bihar goizean izango da, igandearekin. Aztiriko IX. Mendi Lasterketa jokatuko da, 11:00etan hasita. Ohiko ibilbidea izango dute korrikalariek, 11,5 kilometro luzekoa. Aztiri-Bat elkartearen aurretik abiatu, Lizardi Behekoraino jaitsi, handik gora Etxeaundi eta Etxetxoetara irten, eta Gaintzabalen barrenetik Legorburura, Zabaletara eta Makatzagara jaitsi, eta atzera gorantz Biurrain biak igaro, eta atzera Santa Marinako kaskora. Bi itzuli egin beharko dizkiote zirkuitu horri.
Probaren denbora-markak iaz ondu zituzten, bai gizonezkoetan (Ruben Lantz legazpiarrak), bai emakumezkoetan (Ainhoa Sanz urretxuarrak). Lehendabiziko hiru sailkatuentzat izango dira sariak, bi arloetan. Bailarako (Goierri garaia) aurrenekoentzat ere garaikurrak jarri ditu Goierri Garaia Atletismo Elkarte antolatzaileak.

Urtea Edizioa Gizonetan irabazlea Denbora Emakumeetan irabazlea Denbora
2005 1.a* Zuhaitz Ezpeleta 35:21 Elena Huarte 50:19
2006 2.a Mikel Nabarro 49:26 Lurdes Intxausti 1:10:12
2007 3.a Juanjo Igartzabal 47:22 Romy Mey 58:16
2008 4.a Juanjo Igartzabal 47:36 Lurdes Intxausti 1:05:50
2009 5.a Ruben Lantz 47:12 Pilar Arriola 1:07:54
2010 6.a Juanjo Igartzabal 46:41 Rakel Aperribai
2011 7.a Ruben Lantz 46:04 Nerea Amilibia 56:40
2012 8.a Ruben Lantz 44:55 Ainhoa Sanz 53:48

*2005eko lehen edizioan ibilbidea 9,5 kilometrokoa izan zen; beste guztietan, 11,5 kilometrokoa.

Advertisements

Aztiriko Igoera txirrindularitza proba jokatu egingo da aurten ere. Uztailaren 20an izango da 23. Igoera, 16:00etan hasita. 2011n berreskuratu zuten lasterketa historikoa, Telleriarteko txirrindulari elkarteak antolatua. Bederatzi urtean antolatu gabe egon zen.

Junior mailako txirrindularientzat izango da Aztiriko saria. Iaz baino ibilbide samurtxeagoa prestatu dute antolatzaileek, 70,8 kilometro luzekoa. Aztiriatik abiatu, Motxorroraino neutralizatuta joan, eta Urretxuraino bi joan-etorri egingo dituzte, berotzeko. Aztiriara igoko dira jarraian, eguneko lehen zailtasuna; Zerain-Segura-Idiazabaldik buelta eginda, Ormaiztegitik gora Gabiriako herrigunera joango dira gero. Altzibarrera jaitsi, eta Ormaiztegitik barrena Atagoiti igoko dute. Motxorrotik gora, berehala, Aztiria, helmugaratzeko.

Herriko hiru mendateak gainditu beharko dituzte ziklistek: Aztiria (bi aldiz, Motxorro aldetik bietan), Gabiria (Ormaiztegitik) eta Atagoiti (Ormaiztegitik). Helmugara 17:46an iritsiko direla aurreikusten da, 40 km/h-ko abiadura bataz bestekoarekin.

Aztirian uztailaren 18tik 21erako asteburu luzean ospatuko dituzte Santa Marina jaiak. Txirrindulari lasterketa festetako osagai bat izango da.

Aztiriko Igoera 2013-7-20 ibilbidea


Legazpiko hiruna bizikletari eta zaldizkok larunbat eguerdian egin zuten desafioa txirrindulariek irabazi dute. Helmugara iristen lehena zaldizko bat izan zen arren, aurretik adostuta zuten bezala, azkena iristen ere beste zaldun bat izan zenez, haiek galdu zuten.

Larunbat eguerdian izan zen desafioa, Telleriarteko txirrindulari elkarteak eta Ormazarreta zalditegiak antolatuta. Ibilbidea kilometro bat moztu zuten, eguraldi euritsuagatik. Zuazolatik irten beharrean, Mandiola baserriaren paretik abiatu ziren. Lau kilometroko bidea egin zuten, Atagoiti gaineraino. “Ehunka” lagun joan ziren proba bitxia ikustera. Atagoitik taberna bat ere muntatu zuten antolatzaileek, edariarekin eta pintxoekin.

Sei lehiakideak, proba hasi aurretik./Ane Arrieta–Hitza

Sei lehiakideak, proba hasi aurretik./Ane Arrieta–Hitza

Ibilbidea osatzen lehenbizikoa Mariano Fernandez zaldizkoa izan zen. Haren atzetik hiru txirrindulariak iritsi ziren —Imanol Ugarte, Unai Perea eta Ander Ibarguren—. Baina, nor lehenengo iritsi baino garrantzitsuago zen nor ez iritsi azkeneko, eta horrek ebatzi zuen aputuaren orratza ziklisten aldera. Marian Lasa eta Rafa Lasa zaldizkoak sartu ziren azkena.

Ikusmin handia piztu zuen Kamiño Zaharreko desafioak. Antolatzaileek aurreratu dutenez datorren urtean “zerbait potoloagoa” prestatuko dute.


Legazpiarrek apustu bitxia egingo dute bihar, larunbata. Kamiño Zaharrean, Zuazola baserritik (Korta) Atagoitira bitartean, lasterketa berezia egingo dute, 12:00etan hasita. Hiru zaldizkok hiru txirrindulariri aurre egingo diete. Korta jatetxean hasi dute lasterketa, eta Atagoitin bukatu (5 km). Zaldietan Mariano Fernandez, Marian Lasa eta Rafa Lasa joango dira; txirringetan Imanol Ugarte, Ander Ibarguren eta Unai Perea. Ideia Telleriarteko Txirrindulari Elkartean sortu zen, martxoan.


Txirrindularitzaren epikotasun topikoak egikaritu ziren, ostiralean, Euskal Herriko Itzulian. Apirilaren 5a, eta elurra malo-malo Gabirian. Txirrindularien lehenbiziko pasaeran hasi zuen. Ordurako gehienek gainditua zuten 3. mailako mendatea. Bustia, hotza, elurra, eta horiek gutxi balira, luzea eta gogorra. Halakoxea izan zen errepideko azken etapa, Eibar-Beasain (166 km). Richie Portek (Sky) irabazi zuen Beasainen, Samuel Sanchez (Euskaltel) bigarren. “Eroentzat eguna izan da”, zioen irabazleak.

Gabiriatik bi aldiz igaro ziren. Aurreneko aldian, 99. kilometroan. Movistarreko Jose Herrada (3 puntu) eta Rui Costa (2) pasatu ziren lehen biak, Cofidiseko Daniel Navarro hirugarren (puntu 1). Bigarren igaroaldian, 134. kilometroan, ihes eginda zihoan Omar Fraile (Caja Rural) pasatu zen lehenbizikoa Gabiriako pankartapean (Gurutzbakarretik beheraxeago kokatua); atzetik, Vasil Kiryienkak (Sky) eta Juan Manuel Garatek (Blanco) hartu zituzten beste puntuak.

Ikusten jendetza pilatu zen Gabiriako aldapetan, batik bat azkeneko igoeran. Altzibar aldetik igo zuten. Bidegurutzeak ixten, berriz, herritar ugarik lagundu zuten, udalerri osoan.

This slideshow requires JavaScript.


Euskal Herriko Itzuliak beste behin bisita ondrosoa egingo du, gaur-biharretan, herrira eta ingurura. Itzuliaren azken bi etapak bertatik bertara ikusteko modua izango da. Gaur, ostirala, Eibar-Beasain 5. etapa jokatuko da, 166 km-koa. Gabiria bi aldiz gaindituko dute UCI World Tour mailako txirrindulariek. Lehenengo, 15:27an (42 km/h-ko bataz bestekoa aintzat hartuta), lasterketaren 99. kilometroan. Bigarren aldia, 16:16an, 133. kilometroan. Bietan Alegia aldetik igoko dira. Hirugarren kategoriako mendatea katalogatu dute Gabiria.

Etapa bihurria, gogorra baina ikusgarria izango da gaur. Goierrin Mandubiatik sartuko dira, 14:30ean. Aurrez Azkarate (3.ekoa), Urraki (1.a) eta Santa Ageda (3.) igoak izango dituzte. Behin Garindik eta Arriarandik jaitsita, Ormaiztegi-Lierni-Mutiloa-Zerain-Segura-Olaberria (Arangurenetik gora, BP gasolindegi ondoan eskuinera)-Lazkao-Beasain zirkuitua osatuko dute. Hori bera bi alditan gehiagotan, horietan Gabiria ere sartuta. Eta hirugarren itzulian, Barbari ere bai, Zeraindik igota.

Euskal Herriko Itzuliaren 5. etaparen profila, gaurkoa./Berria

Euskal Herriko Itzuliaren 5. etaparen profila, gaurkoa./Berria

Eibar-Beasain etaparen ibilbidea eta ordutegia


Korrikaren 18. ekitaldia gaur hasiko da, eta herria bera zapalduko ez badu ere, ingurutik pasatuko da, jada lehen egunean. Ormaiztegitik Liernira joango da euskararen aldeko lasterketa entzutetsua, Eman euskara elkarri oihukatuz. Ormaiztegin 23:49an du ordua, eta Mutiloan 00:07an.

Korrikaren pasaera girotzeko, egunean zehar nabarituko da jai usaina herrian. Goizean Korrika Txikia egingo dute, eskola-umeek. Arratsaldean, 19:00etan pintxo-potea egingo da Ostatuan, eta 21:00etan afaria dago Osinalde elkartean. Joan nahi dutenek Gorkari edo Jokini jakinarazi behar diote. Afaltzetik, lagun artean joango dira herritarrak Ormaiztegira.