Archive for the ‘Aurkezpena’ Category


Bailarako sei herriren artean (tartea Gabiria) gauzatzen ari diren Bertatik bertara proiektua Baztarrika gaztandegian aurkeztuko dute, asteazkenean, 12:00etan. San Isidro eguna dela baliatuz, baserritarren eguna, baserriarekin eta bertan egiten den lanarekin zerikusia duen egitasmo hori gizarteratzen hasiko dira. Lankidetzan eta auzolanean sustatutako proiektua da. Inguruko baserritar, nekazari eta ekoizleen arteko elkar ezagutza indartzea du helburu. Landa ingurunean sortzen diren produktuak, ekoizpenetik hasi eta eroslearen mahaira iritsi arte ukitzen dituen talde eta arlo guztiak elkartzea da xedea.


Alkainburu frontoia bete zuten, larunbatean, judo topaketan parte hartu zuten haurrek. Antolatzaileek —judo taldeko gurasoak— hasieran 130 borrokalari etortzea espero bazuten, azkenean 110 bildu ziren. Gabiriako taldeko borrokalarien estreinaldia izan zen, eta inguruko herri batzuetako taldeak gonbidatu zituzten. 10:00ak inguruan hasi zen topaketa, agurrarekin eta beroketa ariketekin. Ondoren, lauko taldetxoak osatu eta borrokekin hasi ziren. Multzoetatik sailkatzen ziren neurrian, dominak banatu zituzten.

Bukatutakoan, Guraso Elkartekoek prestatutako tortillak jan zituzten. Topaketa 12:00ak inguruan bukatu zen. “Balorazioa ona izan da, eta antolatzaile guztiak oso gustura azaldu dira, batez ere Legazpiko Judo Taldea, Gabiriako gurasoek eta udalak egin duten ahalegina ikusita”, azaldu dute taldetik.

Legazpiko Judo elkartearen balorazioa, Gabiriako topaketarena.


Gabirian, Mutiloan eta Zerainen goi tentsioko lineei buruzko herri galdeketa edo kontsulta egingo da, ekainaren 16an. Aurreko ostiralean herri batzarrean aurkeztutako ideia gaur goizean jakinarazi dute hiru herrietako eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkariek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Denera hiru herrietako 19 lagun —horietatik bost gabiriarrak— agertu dira gaur prentsaurrekoan, bost eserita eta atzean zutik beste hamalau. “Pauso bat aurrera emateko garaia” dela azaldu dute, Red Eléctrica de España SAk Itsaso eta Deikaztelu artean 400.000 volteko goi tentsioko linearen tramitazioarekin aurrera jarraitzea erabaki ondoren (apirilaren 8an REEko bi ordezkarik Gabiriako udaletxean aurkeztu zuten asmoa).

Gabiriako, Mutiloako eta Zeraingo bizilagunak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozemailea, gaur, Donostiako KM Kulturunean./Asier Zaldua–Hitza

Gabiriako, Mutiloako eta Zeraingo bizilagunak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozemailea, gaur, Donostiako KM Kulturunean./Asier Zaldua–Hitza

2011ko abuztuan iritsi zen, lehen aldiz, REEren Itsaso-Deikaztelu linearen proiektuaren informazioa udaletxera. Lehenago, urte bereko martxoan, Gueñestik Itsasora ezaugarri berbereko beste linea bat egiteko asmoa plazaratu zuen. Orduz geroztik, Bizkaiko hiru herrik biltzarra osatu zuten, egitasmoaren aurka; eta Nafarroako eta Gipuzkoako 216 udal eta kontzejutan mozioa onartu dute, aurkakotasuna adierazteko. 2012ko abenduaren 16an, iaz, Altsasuko Aldarrikapenaren bidez, hainbat arlotako 500 pertsona agertu ziren proiektuaren aurka.

“Erreleboa hartzeko garaia dela uste dugu, baita herriaren ahotsa entzunaraztekoa ere, jokoan gure osasuna, gure ingurumena, gure paisaia edota gure garapena bakarrik ez daudelako, hurrengo belaunaldiei utziko diegun etorkizuna ere bai”, esan du Asier Agirre gabiriarrak gaur goizean. Proiektu hori ez dela beharrezkoa gaineratu dute, “ez bada enpresa sustatzailearen eta multinazionalen etekinak, dagoeneko oparoak, ugaritzeko”.

Galdeketan parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak, “zuzenean herritarren iritzia ezagutu dezagun eta erakundeei eskatzeko kontuan har dezaten galdeketaren emaitza”. Proiektuak eragindako beste herriei ere bilera irekiak egiteko deia egin diete, herri galdeketak egiteko aukera azter dezaten. “Eremuan prestigioa duten eta erreferente diren pertsonez osatutako jarraipen batzordea” eratuko da, prozesuaren “gardentasuna eta garbitasuna” erakusteko. Autopista Elektrikorik Ez plataformako Alberto Friasek hiru herrietako bizilagunek hartutako erabakia txalotu du: “Polita da. Gonbidapena egingo diegu beste herriei, herri batzarren bidez gauza bera egiteko”.

Goi tentsioko lineei buruz blog honetan ateratako albisteen bilduma, HEMEN.

Kontsulta deiak hedabide digitaletan izan duen oihartzuna, gaur:

  • Berria.info: “Goi tentsioko linearen inguruko herri galdeketak egingo dituzte. Ekainaren 16an, Gipuzkoako Gabiria, Mutiloa eta Zerain herrietan izango dira bozketak, herri batzarren ekimenez”.
  • Goierri.hitza.info: “Goi tentsioko linearen aurka herri galdeketa egingo dute hiru herritan”
  • Naiz.info: “Gabiria, Mutiloa y Zerain celebran el 16 de junio una consulta popular sobre la línea de alta tensión”
  • Europa Press: “Gabiria, Mutiloa y Zerain celebran el 16 de junio una consulta popular sobre la línea de alta tensión Itsaso-Dicastillo”.
  • Diario Vasco: “Vecinos de Gabiria, Mutiloa y Zerain convocan una consulta popular contra una línea de alta tensión”. Eta bideoa.

Zabor bilketari buruzko bilera antolatu du udalak, biharko (ostirala). Herritarrentzat zuzendutako batzar informatiboa da. Etxeberri kultur etxean da, 18:30ean hasita. Zaborra biltzeko dauden sistemak aztertu eta horien berri emango dute Sasieta Mankomunitateko teknikariek. Gaiak duen “garrantzia” kontuan hartuta, udalak herritarrei  bilerara joateko eskatu die, bando bidez.


Goiturrek Goierri Gastronomika kluba sortu du, eta gaur aurkeztu dute Ordizian. Goierriko produktu turistiko-gastronomikoetara bideratutako ekimena da. Ehun bazkideren babesarekin sortu da: jatetxeak, hotelak, nekazaletxeak, zerbitzu turistikoen enpresak…

Tartean hainbat bazkide gabiriar daude. Ordizian goizean egin dute ekitaldia, eta kide bakoitzak dagokion akreditazioa jaso du. Herriari dagokionez, Korta jatetxeko, Baztarrika gaztandegiko eta Bekoerrota aterpetxeko ordezkariek parte hartu dute aurkezpenean. Gabiriar jatorria eta partaidetza duten Bengoetxe txakolindegia (Olaberria) eta Ondarre nekazaletxea eta gaztandegia (Segura) ere han izan dira.


Jarri dute eguna: uztailaren 23a, larunbata. Ordua, 21:00etan. Tokia, Gabiriako plazan. Apustu giroko herrian inspiratutako film laburra zapatu honetan zortzi estreinatuko dute. Gazte taldeak sustatutako pelikula lehenbiziko aldiz jendaurrean orduan ikusi ahalko da. Estreinaldia bera girotzeko iluntze-gau partea osagai gehiagorekin jantziko dute, tartean herri afaria eginda, plazan bertan.

Azaroaren 17an grabatu zituzten pelikula motzerako irudi gehienak, Ormaiztegin eta Gabirian. Apustua, erronka, diru-jokoa eta desafioa hitzetik hortzera darabilen herri bihurtu zuten orduan Gabiria. Gazteez gain, ordukoan herritar gehiagok egin zituzten figurante eta aktore lanak; guztira 60 bat lagunek. Elizan, Erbie elkartean, plazan, eliza aldamenean… jokatu zituzten pertsonaia nagusiek eta laguntzaileek eszenak.

Film laburrerako koroegrafia eta eszenografia aberatsa sortu zuten, iazko azaroan. Arg.: AMM

 

Grabaketa lanak ekainean bukatu dituzte. Alex Areizaga da zuzendari, eta hark muntatu du filma. Prest dauka uztailaren 23ko emanaldirako.

Egun horretan herri afaria izango da, lehenbizi, 21:00etan plazan. Afaltzera joan nahi dutenek aurrez izena eman behar dute. Orriak jarri dituzte herriko lau tokitan: Ostatuko atean (gaurtik uztailaren 21era itxita egongo da, oporrengatik), Erbie eta Osinalde elkarteetan, eta Korta jatetxean. Ostegunerako eman behar da izena. Orrietan idatzi ezin duenak, telefonoz hots egin dezake, 678 10 43 62ra (Gorka).

Afal ondoren iritsiko da estreinaldi mundiala. Ekitaldia hornitzeko herriko eta herritarren argazki emanaldi bat eta festetako bideoak ere jarriko dituzte.


Gabiriako Udalak, Ainhoa Aizpuru alkateak ordezkatuta, Itsasondon egin den autodeterminazioaren aldeko ekitaldian parte hartu du, gaur eguerdian. Nazioen Munduak antolatutako Itsasondo 1931-Goierri 2011. Autodeterminazioa gero eta argiago ekitaldian Goierri beheko 17 herrik parte hartu dute (15 udalerri alkateek ordezkatuak, beste bi zinegotziek; Ormaiztegikoek ezin izan dute joan). Tartean izan da Aizpuru alkatea.

Goierri beheko 17 herritako alkate-zinegotziak, Itsasondon.

1931ko apirilaren 18an Itsasondon lehen aldiz autodeterminazio kontzeptua ofizialki adierazi zuten, udala eratzeko batzarrean. Horren 80. urteurrena gogoratu, iazko Igartzako Manifestua berretsi (udalbatza guztiek onartu zuten, plenoetan), eta 1931ko Itsasondoko udalkideen ondorengoei oroigarria eman diete. Gero taldeko argazkia atera dute alkateek, eta baita ondorengoek ere. Aurretik agiria sinatu dute (1931ko aktaren kopia eta Igartzako Manifestuarena).

Itsasondoko Udalbatzak 1931ko apirilaren 18an egin zuen aldarrikapenaren akta, alkateek sinatuta.

Honako herriak zeuden ordezkatuta gaur Itsasondon: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gabiria, Gaintza, Idiazabal, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Mutiloa, Olaberria, Ordizia, Segura, Zaldibia, Zegama eta Zerain.

Ainhoa Aizpuru alkatea, agiria sinatu aurretxoan.