Archive for the ‘Ekitaldiak’ Category


Aspaldiko tradizioa da urtean behin Gipuzkoako zaindariaren babeslekura bisita egitearena. Arantzazuko erromesaldia, erlijio ekintza hori, bizirik da oraindik. Irailaren 29an egin zuten aurtengoa. Autobusean joan ziren, eta elizkizuna entzun ondoren, Hospederian bazkaldu zuten. 24 lagun izan ziren.

Arantzazura joan ziren gabiriarrak, irailaren 29an./Mari Jose Alustiza

Arantzazura joan ziren gabiriarrak, irailaren 29an./Mari Jose Alustiza

Bestetik, autobusean joatearena baino are zaharragoa den oinezko erromesaldia ere burutu dute. Urriaren 5ean, aurreko larunbatean, hamar lagunek egin zuten Gabiriatik Arantzazurako bidea, Aztiriatik eta Aizkorriko mendizerratik barrena.

Advertisements

Aztiriko Santa Marina jaietako bigarren kirol proba entzutetsua bihar goizean izango da, igandearekin. Aztiriko IX. Mendi Lasterketa jokatuko da, 11:00etan hasita. Ohiko ibilbidea izango dute korrikalariek, 11,5 kilometro luzekoa. Aztiri-Bat elkartearen aurretik abiatu, Lizardi Behekoraino jaitsi, handik gora Etxeaundi eta Etxetxoetara irten, eta Gaintzabalen barrenetik Legorburura, Zabaletara eta Makatzagara jaitsi, eta atzera gorantz Biurrain biak igaro, eta atzera Santa Marinako kaskora. Bi itzuli egin beharko dizkiote zirkuitu horri.
Probaren denbora-markak iaz ondu zituzten, bai gizonezkoetan (Ruben Lantz legazpiarrak), bai emakumezkoetan (Ainhoa Sanz urretxuarrak). Lehendabiziko hiru sailkatuentzat izango dira sariak, bi arloetan. Bailarako (Goierri garaia) aurrenekoentzat ere garaikurrak jarri ditu Goierri Garaia Atletismo Elkarte antolatzaileak.

Urtea Edizioa Gizonetan irabazlea Denbora Emakumeetan irabazlea Denbora
2005 1.a* Zuhaitz Ezpeleta 35:21 Elena Huarte 50:19
2006 2.a Mikel Nabarro 49:26 Lurdes Intxausti 1:10:12
2007 3.a Juanjo Igartzabal 47:22 Romy Mey 58:16
2008 4.a Juanjo Igartzabal 47:36 Lurdes Intxausti 1:05:50
2009 5.a Ruben Lantz 47:12 Pilar Arriola 1:07:54
2010 6.a Juanjo Igartzabal 46:41 Rakel Aperribai
2011 7.a Ruben Lantz 46:04 Nerea Amilibia 56:40
2012 8.a Ruben Lantz 44:55 Ainhoa Sanz 53:48

*2005eko lehen edizioan ibilbidea 9,5 kilometrokoa izan zen; beste guztietan, 11,5 kilometrokoa.


Sasierraketalari lehiaketa herrikoiak esku huskako Sasipilotarik baino partaide gehiago izango ditu, aurtengo udan. Erraketan 20 lagunek eman dute izena, eta antolakuntzak 10 bikote osatu ditu. Sasipilotarin, berriz, hamar lagun apuntatu dira, eta bost bikote osatu dituzte. Datorren astean hasiko dira partidak jokatzen, Alkain-Buru pilotalekuan. Finalak, bi arloetan, abuztuaren 13ko ‘Ezer ez eta festa’ egunean izango dira, arratsaldean.

Erraketako lehiaketan, hasieran bikoteak mistoak izango zirela aurreratu zuten antolatzaileek. Bost neska bakarrik apuntatu dira, ordea, eta beste bikoak mutilek osatuak izango dira. Hamar bikoteak bi multzotan bereizi dituzte, bosna bakoitzean; ligaxka eran jokatuko dute, denek denen aurka. Partidak 35 tantora izango dira, sakea 4tik 4ra; pasa 7an, baina ez da faltatzat hartuko.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

I. Sasierraketalari txapelketako jokalariak, 2011n. Txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Multzo bakoitzeko sailkapeneko lehenengo bi bikoteek euren artean finalaurrekoak jokatuko dituzte; eta horietako irabazleek (A eta B multzoetako onenak, azken batean) finala abuztuaren 13an izango dute. Ligaxkako partida guztiak abuzturako jokatuta egon beharko dira. Ligaxkako aurreneko partidak jokatutakoan, antolakuntzak zehaztuko ditu hurrengo neurketak nork noren aurka egingo dituzten.

VI. Sasipilotari lehiaketan, berriz, hamar lagun bakarrik apuntatu dira, eta bost bikote osatu ditu antolakuntzak. Lehenbizi, bi bikotek aurrekanporaketa bat jokatuko dute euren artean, eta irabazleak jarraituko du aurrera. Geratzen diren lau bikoteek finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta horko irabazleek finala. Iaz Jon Ander Larrañaga-Eñaut Asurabarrena bikoteak irabazi zuen pilota txapelketa, eta, horregatik, aurten ere biek elkarrekin jokatuko dute. Hain justu, aurrekanporaketa jokatzea egokitu zaie.


Aztiriko Igoera txirrindularitza proba jokatu egingo da aurten ere. Uztailaren 20an izango da 23. Igoera, 16:00etan hasita. 2011n berreskuratu zuten lasterketa historikoa, Telleriarteko txirrindulari elkarteak antolatua. Bederatzi urtean antolatu gabe egon zen.

Junior mailako txirrindularientzat izango da Aztiriko saria. Iaz baino ibilbide samurtxeagoa prestatu dute antolatzaileek, 70,8 kilometro luzekoa. Aztiriatik abiatu, Motxorroraino neutralizatuta joan, eta Urretxuraino bi joan-etorri egingo dituzte, berotzeko. Aztiriara igoko dira jarraian, eguneko lehen zailtasuna; Zerain-Segura-Idiazabaldik buelta eginda, Ormaiztegitik gora Gabiriako herrigunera joango dira gero. Altzibarrera jaitsi, eta Ormaiztegitik barrena Atagoiti igoko dute. Motxorrotik gora, berehala, Aztiria, helmugaratzeko.

Herriko hiru mendateak gainditu beharko dituzte ziklistek: Aztiria (bi aldiz, Motxorro aldetik bietan), Gabiria (Ormaiztegitik) eta Atagoiti (Ormaiztegitik). Helmugara 17:46an iritsiko direla aurreikusten da, 40 km/h-ko abiadura bataz bestekoarekin.

Aztirian uztailaren 18tik 21erako asteburu luzean ospatuko dituzte Santa Marina jaiak. Txirrindulari lasterketa festetako osagai bat izango da.

Aztiriko Igoera 2013-7-20 ibilbidea


Judoko hastapeneko ikastaroa ematen hasiko dira gaur, herrian. 13 urtetik gorakoentzat da. Uztailean zehar izango da ikastaro berezia, hilaren 19ra arte. Dantzalekuan jardungo dira, astelehenetan eta asteazkenetan 18:30etik 19:30era. Bukatu berri den lanurtean hasi zen judo eskaintza, estreinakoz. Ekainaren 26an bukatu zen. Hurrengo ikasturtean ere (2013-14) judo ikastaroak jarraituko du. Bai udako ikastaroan, bai urtean zeharrekoan izena emateko, Judo Legazpi taldekoekin jarri behar da harremanetan.


Baztarrikak Gipuzkoako ardi ustiategi onenaren saria jaso du, Zallan (Bizkaia). Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abere ustiategi onenen sariak ostiralean banatu zituzten Zallako Frutagintza Estazioan, Abeltzaintzako Ustiategien XIII. Lehiaketan. Herrialde bakoitzeko lau sari zeuden: Esnetarako Behien arlokoa, Haragitarako Behien arlokoa, Ardien arlokoa eta orokorrean ustiategi onenarena.


Andre Mari eta San Roke jai nagusiak gorpuzteko eginahalean ari dira Festa Batzordeko kideak. Egitaraua ontzeko lehenengo bilera maiatzaren 22an egin zuten, eta han hainbat gai atera ziren mahai gainera. Aldaketa batzuk izango direla dirudi.

Festa egunak abuztuaren 13tik 17ra izango dira, biak barne. 13an, ‘Ezer ez eta festa’ izenarekin ezagutzen dena, Makila Jaitsierarekin hasiko da, arratsalde partean. Sasipilotari eta Sasierraketalari txapelketen finalak jokatuko dira ondoren, eta kuadrillen arteko afaria egingo da gauean. Skandalue elektro-txaranga azpeitiarrak girotuko du lehen parranda, iaz bezalaxe.

Abuztuaren 14ko egituran gauza batzuk kendu, eta beste batzuk orduz aldatuko dituzte. Egun honen “aurreko urteetako arrakasta eskasa” ikusita, Festa Batzordean “eraldatzea” pentsatu dute. Hala, arratsaldean, seiak aldera, haurren arteko futbol partidak jokatuko dira. Orain arte gauean egin izan den bertso jaialdia arratsera aurreratuko dute, “19:00ak edo 19:30a ingurura”. Bertso saioa plazan izango litzateke, aire librean, eta ez antzokian. Ondoren patata-tortilla lehiaketa kendu, eta haren ordez pintxo poteoa egitea proposatu dute, taberna, elkarte eta txosnaren artean. Gauean “ikuskizun bat” jarri nahi da, aurrekontuaren arabera; eta musika: Northern Praid talde beasaindarra (punk musika) eta herriko Guri5 erromeria girotzeko ondoren.

Abuztuaren 15a, Andre Mari, betiko egiturarekin eta osagaiekin etorriko da. Gaueko musika taldea ez dago zehaztuta, “baina erromeria izango da, ziur”. Bi talderen artean ari dira pentsatzen. Batek 15 gauean joko luke, eta besteak 16 gauean. Andre Mari arratsaldean Modesto musikaria ere izango da, haurrentzat dantzaldia girotzen.

Abuztuaren 16ak, San Roke eguna, ez du aldaketa nabarmenik izango, ezta ere. Arratsaldean, ume jolasekin batera, Escalextric handi bat muntatzeko asmoa dago, baita 17 goizean ere. Gauean rock musika kontzertua izango da, hiru talderekin: Mack Onak (Lekeitioko taldea, folk irlandarra lantzen du), Skakeitan (Donostiakoa, ska musika) eta erromeria luzatzeko berbena taldea.

San Roke Txiki egunean, azkenik, eguerdiko txikiteo-kalejira giroa berpiztu nahi da. Bola, toka eta tiragoma lehiaketekin batera, herriko trikitilariekin poteoa izango da.

Zazpi aste geratzen dira festetarako.