Archive for the ‘Hedabideak’ Category


Dhuba musika taldearen azkeneko emanaldia telebistan izan da. Goierri Telebistako Ikusi irratia saioan elkarrizketatu zituen Mikel Alvarez kaztetariak taldeko hiru kideak, Nerea Iztueta gabiriarra, Ane Arrieta segurarra eta Irati Badiola zegamarra.


Ostiralero ateratzen den Goiberri astekariak gabiriar bat elkarrizketatu du, eta gaurko zenbakian argitaratu. Korta jatetxeko sukaldari Lontxo Ormazabalek bere zaletasunei eta beste hainbat gauzari buruzko galderei erantzun die, Kate motzean atalean.

Lontxok 21 urte darama lanean Kortan. Jatetxeak, gainera, aurten bete ditu 25 urte zerbitzua ematen hasi zenetik. 1988ko otsailaren 6an zabaldu zuen Korta jatetxea Jesus Mari Soraluze Zelaiak, Zuazola Azpikoa jaiotetxean. Jose Maria Iturbe apaizak bedeinkatu zuen. Egundoko elurtea ari omen zuen egun hartan. San Lorentzo ermita 1996ko abuztuaren 10ean inauguratu zuten. Lontxo sukaldaria 1992an hasi zen han lanean, lehenengo astebukaeretan soilik, gero jarraian.

Lontxo Ormazabal, 'Goiberri'-ko gaurko zenbakian.

Lontxo Ormazabal, ‘Goiberri’-ko gaurko zenbakian.


Benetan gertatu ez diren albisteak, baina egiatik asko dutenak aldi berean, kontatzen ditu Izparringia agerkariak. Satira, ironia eta gehiegikeria erabilita, gizartean arruntzat ditugun kontu txoroak, azalekoak eta ezgauzak ‘albiste’ kategoriara igotzen ditu. Martxoaren 24an, adibidez, gabiriarrak jarri zituen balizko notiziaren subjektutzat.

“Elikagai sin, o,o, free eta dietetikorik gabe biziraun duen gabiriar batek komunitate zientifikoa aho bete hortz utzi du” da titulua. Gregorio Goikoetxea Balerdi, “67 urteko gabiriarra”, pertsonaia fiktizioa asmatu, eta Beasaingo anbulatoriora joanda jarri du Izparringiak: “Osasun azterketa bat burutzera joan zen bertara nahiz eta emazteak derrigortu behar izan zuen hogeita bost urte medikura joan gabe zeramatzala eta. ‘Burugor jartzen denean, ez dago Maritxuri ezetzik esango dionik…’ adierazi zuen kazetarien aurrean”. Euskal matriarkatua ere presente.

Eta jarraitzen du: “Ez omen zuen sekula elikagai dietetikorik probatu, are gutxiago azukre, koipe edo alkoholez libre zegoenik. “Azukrea kendu?” galdetu zuen harriturik. “Madalenak azukrerik gabe?! Zuek ez zaudete burutik sano!”.

aitona

Gregorio, burutik egin beharrean medikuekin. Hala ere… ikusi al duzue edade horretako gizon gabiriarrik ezkontzako eraztunarekin?/Izparringia

Kontua larriagotzen ari da, medikuen iritziz. “Donostiako Poliklinikara anbulantzia medikalizatu batean garraiatu zuten N-1 errepidean barrena bidetik zer gertatzen zen ulertu ezin zuen bitartean. ‘Mijoa? Kinoa? Tofua?? Kontuz esaten dekenarekin eh! Kazkarreko bat emango diat eta!’

“Gabirira itzultzeko Maritxuren R5an sartu aurretik Poliklinika aurrean pilatzen ziren ehundaka kazetarien azken galderei erantzun zien. “Ea postrerik jan behar dugun? Noski, Maritxuk egindako letxe-fritak! Eta gero… Jainkoak agintzen duen bezala, kafea, kopa eta purua! Ez dakit badakizuen baina… kaxkarretik junda zarete gero…”.

Famak fama, gezur handirik ez du esaten delako gabiriarrak.

Irakurgai osoa, hemen.


Euskal Telebistako Gure Atsuak programan (ETB1en, gaur 21:30ean) Pello Bidegain harakin gabiriarra agertuko da. Maikrux (Anjel Alkain) eta Maikarmen (Iñake Irastortza) martxoaren 20an izan ziren, Lazkaon, eta eszena batzuk bere harategian grabatu zituzten. Maizpideko Heldu euskarara programan kurtsoa egiten ari ziren ikasle jubilatuekin batera ibili ziren herrian barrena, eta tartean zen euskaltegiko irakasle Marian Bidegain ere.


Herriko aldizkaria, Makilari, azken aurreko fasean dago: maketazioan. Argitaratu aurretik, maketa nola geratuko den ikusteko bilera egingo da. Hasiera batean gaurko zegoen jarrita batzarra, baina atzeratu egin dute Kultura arduradunek. Asteartean, martxoak 5, 19:00etan egingo da, Etxeberri kultur etxean.


Udaberrian argia ikusiko duen ‘Makilari’ herri aldizkariaren 24. zenbakia prestatzeko hirugarren bilera gaur, asteazkena, egingo du lan-taldeak. Etxeberri kultur etxean, 19:00etan da batzarra. Azaroko lehen bileran pentsatutako eta hitzartutako artikuluak entregatzeko eguna da. Bukatu eta gaurko bileran entregatu behar dira. Zuzendu, maketatu, gainbegiratu eta inprimatzea dira geratuko diren egitekoak. Eskola-etxearen mendeurrenak pisu nabarmena izango du ‘Makilari’-ren hurrengo zenbakian, hainbat artikulurekin.


Bidean dator Makilari herri aldizkariaren aurtengo zenbakia. 24. zenbakia osatuko duten artikuluak biltzen ari dira jada Kultura Batzordekoak. Aste pare bat gehiago luzatu dute epea, lanak jasotzeko. Hurrengo bilera, artikulu guztiak esku artean eduki beharko direna, otsailaren 6an da, asteazkena, 19:00etan Etxeberri kultur etxean.


Udalak gabon astean banatu zuen etxerik etxe Gabiri Agiri udal informazio buletina, 2012ko abenduko datarekin. Bigarren zenbakia da, ekainean kaleratutako estreinakoaren ondotik. Lau orrialdetan, urtearen bigarren erdian landutako, erabakitako eta garatutako gaiak xehetu ditu udalak. Bost batzordeen eginkizunak zein izan diren laburtuta datoz, arlo bakoitzeko gai nagusiak azaltzeko.

Gabiri Agiri 2 buletina

Azala


Aurtengo udaberrian argitaratuko den ‘Makilari’ herri aldizkariaren zenbakia ateratzeko gaur, asteartea, izango da bigarren bilera. 19:00etan, kultur etxean elkartuko dira parte hartu nahi dutenak. Duela pare bat hilabete finkatutako artikuluak eginda eraman behar dira.


ETB1en gaur gauean emango dute Iñaki Muruarekin grabatutako ‘Bisitaria’ programa. 22:15ean hasiko da. Xabier Euzkitzek urriaren 31n egin zion bisita Muruari, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakari, bertsolari eta irakasleari. Etxean, plazan, Arretxemendi jaiotetxean, Ordiziako asteazkenetako ferian edota herriguneko ikuspegiak erakusten azalduko da Murua.

Gaurko programaren iragarkia.

Bisitariaren argazki bilduma, Facebooken.


Balentzategi herri eskolak Interneten daukan webguneak (www.gabiria.eskolatxikiak.org) itxura berritua du, duela egun gutxiz geroztik. Goiburuko irudia aldatu diote, eta abenduan beteko den ehungarren urteurrenaren erreferentzia egiten du orain.

Bestetik, blogean eskolako komunitatearen albisteak eta oharrak zabaltzen jarraitzen dute. Azken sarrerak, irailaren 29an Leintz Gatzagara (Gipuzkoa) egin zuten txangoari buruzkoa —argazki bilduma eta guzti– eta judo ikastaroari buruzkoa dira.


Gipuzkoako Hitza astekariak orrialde beteko elkarrizketa egin dio, gaurko zenbakian, Jesus Mari Deba odolkigile aztiriarrari. Legorburu baserrian jaioan, harakintzaren eta odolkigintzaren lehena eta oraina errepasatu ditu Debak, hestebeteen eta txerrikien sasoia hasi den garaian.

Jesus Mari Debak ezin konta ahala sari irabazi ditu odolkiekin eta buzkantzekin./AMM

“Aztiriko baserri batean jaio nintzen; han urtero-urtero txerri parea hiltzen genuen. Txerria urtarrilean hiltzen genuen baserrietan. San Martin inguruan ardia hiltzen genuen, eta haren odolarekin buzkantza egiten genuen”, gogoratu du Debak.

Esamoldeak dioenaren aurka, herrian eta Goierrin txerria urtarrilean hiltzen zela nabarmendu du, eta ez San Martin (azaroak 11) inguruan. “Txerria hiltzeko, neguko hotza aprobetxatzen da oraindik ere. Urdaiazpikoa gazitzeko, adibidez, hotza ezinbestekoa da. Egia da, hala ere, San Martin eguna odolkiarekin erabat lotuta dagoela. Egun horretan odolkia jateko ohitura handia dago etxe askotan; sanmartinetan ospitaleetako eta komentuetako eskariak ere jasotzen ditugu gurean. Baina txerri hiltzea urtarrilean egiten da baserrietan”.

Harakin ofizioarekin estu lotutako sendia da Legorburukoa. Karnizero ugari atera dira, tartean Jesus Mari bera. Hamalau urterekin hasi zen langintza horretan lanean, Tolosan, Donostian eta beste hainbat herritan segitzeko. Geroago, bere harategia zabaldu zuen Ormaiztegin. Gaur egun Ezkio-Itsasoko Anduaga industrigunean pabiloi bat dauka, duela 18 urtetik, hestebeteetara dedikatua.

Legoburu baserria, Aztirian, atzean Aizkorri eta Aloñamendi. Artzaintzaren herriko santutegia da auzoa, ardientzat goi larre finekin./Aimar

 


ETB-1eko ‘Bisitaria’ programarako Iñaki Muruarekin irudiak grabatzen ibili zen Euzkitze, atzo, Ordiziako plazan, asteroko azoka baliatuz. Hala jaso du gaurko Goierriko Hitzan Lierni Elortzak, feriaren kronika egiterakoan. Ordiziako plazan, bien bitartean, Goierri Telebista plazan sukaldaritza programa bat grabatzen ari zen, udazkeneko urtaroari dagokiona, Ordiziako Martinez jatetxeko Xabier Martinez sukaldariarekin eta Andoni Egaña bertsolariarekin. Bertsolaritza modernoaren hiru izen handik —Murua, Egaña eta Euzkitze— ustekabean topo egin zuten hala.


‘Euskal Herria’ aldizkariak 9 orrialdeko erreportajea eman die Gipuzkoako pikotei edo urkabeei, 60. zenbakian (2012ko urria-azaroa). Tartean, jakina, Alegiako Armagindegi baserri ondoko pikota aipatzen da, orrialde batean, argazki eta guzti. Testuan esaten denez, baserriko gaur egungo bizilagunek zaharragoei jasota, Armagindegin ukuilua dagoen tokian kartzela zegoen antzina. Bestetik, etxaurrean uztai bat ere badago, teilatupean, presoak zintzilikatu eta hiltzeko erabiltzen omen zutena. Armagindegi etxe-izenak ere arreta eman dio artikulugileari, ‘armada+degi’-tik letorkeela iradokiz; armekin zerikusia duela, alegia.

‘Euskal Herria’ aldizkariaren 60. zenbakiaren azala, 2012ko urri-azarokoa.


Baztarrika baserriko Amelia Jauregik lan ugari eta etenik gabea egin du baserriko emakumearen egoera hobetzen, haien bizimodua plazaratzen, eta gabeziak asetzeko saiatzen. Hortik, eta nekazaritzan nahiz artzaintzan burututako lanagatik, jaso du duela gutxi Artzai Gazta elkartearen Urrezko Kaikua saria, urteko aitortza gorena. Larunbatean elkarrizketa egin diote Noticias de Gipuzkoa egunkarian, Eli Elgarresta alabarekin batera. Artzain ofizioa, gazta egite hasierak eta elkarteen lana errepasatu dituzte.