Aztiriko Santa Marina jaietako bigarren kirol proba entzutetsua bihar goizean izango da, igandearekin. Aztiriko IX. Mendi Lasterketa jokatuko da, 11:00etan hasita. Ohiko ibilbidea izango dute korrikalariek, 11,5 kilometro luzekoa. Aztiri-Bat elkartearen aurretik abiatu, Lizardi Behekoraino jaitsi, handik gora Etxeaundi eta Etxetxoetara irten, eta Gaintzabalen barrenetik Legorburura, Zabaletara eta Makatzagara jaitsi, eta atzera gorantz Biurrain biak igaro, eta atzera Santa Marinako kaskora. Bi itzuli egin beharko dizkiote zirkuitu horri.
Probaren denbora-markak iaz ondu zituzten, bai gizonezkoetan (Ruben Lantz legazpiarrak), bai emakumezkoetan (Ainhoa Sanz urretxuarrak). Lehendabiziko hiru sailkatuentzat izango dira sariak, bi arloetan. Bailarako (Goierri garaia) aurrenekoentzat ere garaikurrak jarri ditu Goierri Garaia Atletismo Elkarte antolatzaileak.
Urtea | Edizioa | Gizonetan irabazlea | Denbora | Emakumeetan irabazlea | Denbora |
2005 | 1.a* | Zuhaitz Ezpeleta | 35:21 | Elena Huarte | 50:19 |
2006 | 2.a | Mikel Nabarro | 49:26 | Lurdes Intxausti | 1:10:12 |
2007 | 3.a | Juanjo Igartzabal | 47:22 | Romy Mey | 58:16 |
2008 | 4.a | Juanjo Igartzabal | 47:36 | Lurdes Intxausti | 1:05:50 |
2009 | 5.a | Ruben Lantz | 47:12 | Pilar Arriola | 1:07:54 |
2010 | 6.a | Juanjo Igartzabal | 46:41 | Rakel Aperribai | |
2011 | 7.a | Ruben Lantz | 46:04 | Nerea Amilibia | 56:40 |
2012 | 8.a | Ruben Lantz | 44:55 | Ainhoa Sanz | 53:48 |
*2005eko lehen edizioan ibilbidea 9,5 kilometrokoa izan zen; beste guztietan, 11,5 kilometrokoa.