Posts Tagged ‘proiektuak’


Autopista Elektrikorik Ez plataformak prentsaurrekoa egin zuen, larunbat eguerdian, Donostian. Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuaren prozedura administratiboa aurrera doala gaitzetsi, eta jarrera hori Espainiako Gobernuaren partetik “inposizioa” dela salatu du. Nafarroako eta Gipuzkoako 173 alkatek maiatzaren 15ean Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan aurkeztutako eskariari ez diola kasurik egin salatu du. Proiektuaren tramitazioa gerarazteko, eta erakusketa publikoan ez jartzeko eskatu zuten alkateek, harik eta 2014-2022 plangintza elektrikoa onartzen ez den bitartean, behintzat. REE Red Electrica de España SA enpresak —proiektuaren egilea eta sustatzailea— maiatzaren 31n argitaratu zuen proiektuaren erakusketa publikoa eta baimen eskaera Gipuzkoako eta Nafarroako aldizkari ofizialetan. Proiektua udaletara ere iritsi da.

Agerraldian izan ziren Ibon Elkarresta Gabiriako alkatea eta  Iñaki Ugalde Mutiloakoa ere. Udalburuek proiektuaren aurka dauden 216 udal eta kontzejuen izenean esan dutenez, kaltetuak izango diren ia herri guztietako erakunde lokalen ordezkariekiko errespetu falta da tramitazioarekin segitzea. Neurri horretako proiektu erraldoi bat horrenbesteko azkartasunarekin tramitatu nahi izatea harrigarritzat jo dute, eta gogorarazi dute REEk berak aitortua duela inolako urgentziarik ez daukala linea horrek. “Herrien etorkizuneko garapena baldintzatuko du lineak. Gainera, bere beharraren justifikaziorik ez dago ez hornikuntza aldetik, ez energia eskaera aldetik”.

Plataformaren bozeramaile Alberto Friasek gaineratu du autopista elektriko horrek 127 kilometro luze izango dituela, Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso (Ezkio-Itsaso, Goierri) artean. Berez Gabirian amaituko da linea, Katarain baserriaren inguruan, hor Gasteiz-Itsaso lineari batuko bailitzaioke. Zabalean 50 metroko pasabidea soilduko lukete, azpian. 248 dorre eraikiko dituzte, 85 metroko altuera ere hartuko dutenak. “Natura 2000 Sarean babestuta dauden eremuei zuzenean eragingo die lineak, Urbasa-Andia edo Oria Garaia Zaintza Bereziko Zonaldeei adibidez, Galzorian dauden espezieen Euskal Katalogoko 57 espezieri ere bai, eta hiru mila zuhaitz (623 haritz, 613 pago eta 268 arte) moztea ekarriko luke berehalako ondoriotzat.

Prentsaurrekoa Donostiako Atotxa dorrearen oinean egin dute, hain justu. Hiriko etxebizitza garaiena da, 70 metro altukoa. Alderaketa egin dute, eraiki nahi dituzten dorreen altuera 85 metrokoa dela nabarmenduz.

Agerraldia Donostian. Linearen matxoiek Atotxa dorreak (70 metro ditu) baino 15 metro gehiagoko altuera izango lukete.

Agerraldia Donostian. Linearen matxoiek Atotxa dorreak (70 metro ditu) baino 15 metro gehiagoko altuera izango lukete.

Bestetik, Friasek esan du jakinazpen publian jarritako proiektuak ez duela betetzen Europako Batasunaren Prekauzio Printzipioa, eremu elektromagnetikoek osasunean izan dezaketen kalteen ingurukoa. Proiektuaren memorian dioenez, 28 herri lineatik 1.000 metrora baino gutxiagora geratuko lirateke, bost herrigune 500 metro baino gutxiagora, eta 17 etxebizitza 300 metro baino gutxiagora”. Eragina izango duten eskualdeek etorkizunean ez dutela garapen proiekturik garatzerik izango gaineratu du, eta gaur egun indarrean dagoen araudia de facto indargabetzea.

Ekainaren 16an, hurrengo igandean, Nafarroako eta Gipuzkoako 34 udalerritan —tartean da Gabiria— burutuko diren herri kontsultetan parte hartzeko eskatu du plataformak. Erakundeei, berriz, Diputazioarengandik eta gobernu atuonomikoengandik hasita, aterako diren emaitzak aintzat hartzeko eta boto-kutxetako herritarren gehiengoaren nahia errespetatzeko esan die. Herri galdeketaren xehetasunak ostegunean emango dituzte plataformakoek.


Deikaztelu (Nafarroa) eta Ezkio-Itsaso artean 400.000 volteko indarra garraiatuko lukeen zirkuitu bikoitzeko argindar linea eraikitzeko baimen administratiboa eskatu du REE Red Eléctrica de España enpresak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean gaur argitaratu dute iragarki ofiziala. Horren bidez, publikoki jakinarazi du Ingurumen Inpaktuaren Agiria onartzeko eskatu duela, baita exekuzio proiektua onartzeko eta baimen administratiboa emateko ere.

Iragarki berean proiektuaren xehetasun batzuk ere ematen ditu. 400 kV-eko indarra garaituko luke lineak, korronte alterno trifasikoan, 50 hertzeko frekuentzian. Sareak 420 kV-eko gehienezko tentsioa hartu ahalko du. Hariaren tenperatura gehienez 85º C-koa izango litzateke. Bi zirkuitu izango lirateke, eta fase bakoitzean hiru hari eroale. Lineak denera 100 kilometroko luzera izango du, proiektuaren arabera. 44.631.286 euroko aurrekontua du.

Azpiegituraren helburuen artean, REEk honakoak aipatzen ditu: “etorkizunean eraikiko den Deikazteluko azpiestazio elektrikoa (400 kV-ekoa) eta gaur egun badagoen Itsasoko azpiestazioa lotuko ditu proiektu honetako lineak, gaur egungo Itsaso-Gasteiz linea (400 kVekoa) luzatuz, Gabirian”. Nafarroan sortzea aurreikusten duten energia garraiatzeko “ezinbestekoa” izango da linea hori, REEren arabera, “baita orain dauden azpiegitura elektrikoen sarea indartzeko ere, segurtasuna, fidagarritasuna eta sistema elektrikoaren kalitatea nabarmen igoko baitu, bai erregio mailan, bai nazio mailan”.

Proiektua eta Ingurumen Inpaktuaren Azterketa behatzeko 30 eguneko epea jarri dute orain.

GAO 2013-5-31 Deikaztelu-Itsaso proiektuaren informazioa


Gabiria zeharka zezakeen Ezkio-Itsaso-Altsasu AHTren trenbidea (Euskal Y eta Nafarroako Korridorearen arteko lotura) ez dela eraikiko esan zuen, ostiralean, Nafarroako Gobernuaren Sustapen sailburu Luis Zarralukik. Nafarroako Parlamentuko batzorde batean jakinarazi du hori, zailtasun ekonomikoengatik, Espainiako Gobernuak beste bide bat hobetsi duela gaineratuz: Nafarroak lotura gaur egungo trenbidetik egingo du, Gasteizera, hirugarren bidea erantsita. Nafarroan, gainera, Korridorea Iruñea-Castejon zatira soilik mugatuko da; ez dute Sakana aldera luzatuko.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren asmoa, printzipioz, bi trenbideak Ezkio-Itsasoko geltokian batzea zen, Santa Luzia ibarrean. Espainiako Gobernuarekin hiru aldeko mahaia eratu zuten, lotunea aztertzeko. Hiru aukera zituzten lotura gauzatzeko, baina indar handiena Etxegarateko arrotik sartzea zen, Aizkorri-Aratz eta Enirio-Aralar parke naturalen tartetik, Santa Luziara trenbidea luzatzeko. Bidean Gabiriako lurrak hartuko zituzkeen.


Astea elkarretaratze batekin hasi da, gaur. REE Red Eléctrica de España enpresako ordezkariek eta Gabiriako Udalekoek bilera egin behar zutela eta, 40 bat lagun plazan elkartu dira, 08:45ean. Bilera bederatzietan hasi da, eta pare bat ordu iraun du. Enpresako bi ordezkarik Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko linearen (400.000 voltio) azalpenak eman dizkiete. Espainiako Gobernuak egitasmoari azkenean argi berdea ematen badio, linea horrek herria zeharkatuko du.

REEren planoen arabera, linearen trazatua Mutiloa aldetik sartuko da, Troiko meategien hondakin urtegiaren atzealdetik, Gesaleko sakonean. Argindegi eta Bekoetxe ondotik igaroko litzateke, Aranburu baserrirantz. Aurreraxeago, gaur egun dagoen goi tentsioko linea batekin bat egingo luke, eta haren bidetik jarraituko luke, Katarainen ondotik. Linea hori Ardantza gainetik pasatzen dena da, eta horrek lotuko luke Itsasoko azpiestazio elektrikoarekin.

'Linearik ez' pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, eta han egon dira bilera bukatu artean./Asier Zaldua–Hitza

‘Linearik ez’ pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, eta han egon dira bilera bukatu artean./Asier Zaldua–Hitza

Elkarretaratzea

REEko ordezkariak udaletxean sartzen, eta herritarrak bilduta./Asier Zaldua–Hitza


Itxura guztien arabera, Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuak egiteko, REE enpresak argi berdea jasoko du Espainiako Gobernuarengandik. Hala aurreratu du udalak, azkena banatu duen bandoan. “Egoeraren larritasuna ikusirik eta martxoaren erdi alderako proiektua aurkeztuko dutela jakinik”, dio idatziak. Linearen aurkako Goierriko plataformak bilera batera deitu ditu herritarrak, udalak jakinarazi duenez. Egitasmoa gelditzeko zer egin litekeen erabaki nahi dute. Bilera otsailaren 7an da, osteguna, Segurako kultur etxean, 18:30ean.

Linea horrek 400.000 volteko indarra garraituko luke Nafarroako herri horretatik Ezkio-Itsasoko zentralera, handik Frantziara bideratzeko. Duela gutxi, ezaugarri berdineko beste linea bat egiteko baimena eman du Espainiak, Gueñes-Itsaso. Llinea hori ere Gabiriatik pasatuko da.


Lehen gutxi baldin bazeuden, eta gehiago egiteko asmoak aurrera jarraitzen badu  ere oraindik (Gueñes-Itsaso lineak), goi tentsioko argindar linea bat gehiagok zeharka lezake etorkizunean Gabirian. REE Red Eléctrica de España enprseak Itsasotik Deikaztelura goi tentsioko argindar linea bat eraikitzeko plana aurkeztu du. Gipuzkoako eta Nafarroako 166 udalerritan kezka eragin du asmo horrek.

Nafarroako Estellerrian dago Deikaztelu, Lizarratik hegoaldera. Itsasoko argindar estaziotik haraino 120 kilometro luzeko linea eraikitzea aurreikusi du REEk. Noski, bidean erdiz erdi Gabiria zeharkatuko luke. 400.000 voltioko indarra garraiatuko luke. Esan dutenez, lehenago polemika sortu eta bertan behera geratu zen Castejon-Gasteiz goi tentsioko linearen ordezkoa litzateke proiektu hau.

(gehiago…)


REE Red Electrica de Españak Gueñestik (Bizkaia) Ezkio-Itsasoko argindar zentralera egin nahi duen goi tentsioko linearen proiektua onartu aurreko faseetan, egitasmoari jarritako alegazioak aztertzen ari dira orain. Gaurko prentsan agertu denez, proiektuaren informazio publikoa egin dute, eta udalerriek nahiz elkarteek jarritako alegazioak aztertzen ari da orain REE.

Atzo jakin da REEk Bizkaia eta Kantabria lotzeko eraiki nahi zuen 17,6 kilometro luzeko goi tentsioko beste linea baten proiektua bertan behera utzi duela. Informazio berean esaten denez, Gueñes/Ezkio-Itsaso linea egiteko izapideek, ordea, aurrera jarraitzen dute.

Eusko Legebiltzarrak linea horren ordez beste aukera batzuk aztertzeko eskaera egina dauka. EAJk duela zenbait hilabete eskatutakoari PSE-EE eta PP batu zaizkio. Gaur egun dauden argindar lineak erabiltzea hobesten dute, behar izanez gero horien potentzia igoz, Berria-n gaur datorren albistearen arabera.