Archive for the ‘Irteerak’ Category


Aspaldiko tradizioa da urtean behin Gipuzkoako zaindariaren babeslekura bisita egitearena. Arantzazuko erromesaldia, erlijio ekintza hori, bizirik da oraindik. Irailaren 29an egin zuten aurtengoa. Autobusean joan ziren, eta elizkizuna entzun ondoren, Hospederian bazkaldu zuten. 24 lagun izan ziren.

Arantzazura joan ziren gabiriarrak, irailaren 29an./Mari Jose Alustiza

Arantzazura joan ziren gabiriarrak, irailaren 29an./Mari Jose Alustiza

Bestetik, autobusean joatearena baino are zaharragoa den oinezko erromesaldia ere burutu dute. Urriaren 5ean, aurreko larunbatean, hamar lagunek egin zuten Gabiriatik Arantzazurako bidea, Aztiriatik eta Aizkorriko mendizerratik barrena.

Advertisements

Joan den larunbatean Igeribar errota zaharra bertatik bertara ikusteko aukera izan zen. Udaberri Kulturala egitarauaren barruan, arratsaldean 25 bat lagun joan ziren errotara. Joxe Kruz Baztarrika errotariak harrera egin, eta etxean dauzkaten bi errotak erakutsi zizkien: bat artoarena, eta bestea iaz konpondutako gariarena. Biak martxan jarri, eta artoa nahiz garia eho zituen. Ordubete inguru iraun zuen bisitak.

Ondoren, Osinalde elkartean, talo jana egin zen, eta jende “pila bat” joan zen. Ehun-bat talo egin, erre eta atera zituzten.

This slideshow requires JavaScript.


Herriko ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan. Bide batez, etnografiazko atal garrantzitsu bat sakonagotik ezagutzeko modua: errotena. Udaberri Kulturala egitarauaren barruan, errotarekin lotutako hiru ekitaldi antolatu ditu Kultura Batzordeak. Lehena, bihar (ostirala), 22:00etan Etxeberri kultur etxean. Urretxuko Lekaio elkarteak irailean estreinatu zuen dokumentala emango dute, Garia, lurra, ogia. Baina baita beste bat ere: Igeribarreko bigarren errota berritzeko prozesu osoa, 2012an garatua, grabatu zuten Lekaiokoek, eta harekin egindako dokumentala ere estreinatuko dute.

Alea, kolpeka, errotarrira erortzen, ehotzeko./Lekaio

Alea, kolpeka, errotarrira erortzen, ehotzeko./Lekaio

Grabaketan, garia ereitetik labean ogia erretzerainoko prozesu guztia jaso zuten Lekaiokoek. Tartean, errota lanak ere Igeribar errotan grabatu zituzten. Hain zuzen, errotako nagusi Jose Kruz Baztarrika bideo emanaldian izango da, azalpenak ematen.

Pantailan ikusitakoa errealitatean sumatzeko aukera larunbatean da. 16:30ean, bisita gidatua egingo da Igeribarrera. Jose Kruzek hango bi errotak erakutsiko dizkie bisitariei, martxan jarrita. Iaz arte errotarri bakarra zeukan funtzionamenduan Igeribarrek, baina “40 urtean baino gehiagoan geldirik” egondako beste harri bat konpondu zuen, dokumentala grabatzeko.

Igeribarreko bi errotak./Lekaio

Igeribarreko bi errotak./Lekaio

Angel Izagirre, Gabiriako azken errotariaren pisaketa sistema berezia ere ikasi ahalko da.

Ikusi eta ikasitakoa sabeleratzeko izango da hirugarren saioa. Larunbatean, 19:00etan, talo jana izango da Osinalde elkartean.


Osinalde elkarteak Arabar Errioxako ardo upategiak bisitatzeko irteera antolatu du, larunbaterako, urtarrilak 19. Vianara (Nafarroa) eta Guardiara (Araba) joango dira. Autobusean da joan-etorria. Izena emateko epa ixtear da.


Balentzategi herri eskolako neska-mutikoak perretxikutara joan dira, herrigunetik bertako basoetara. Larunbatean, 10:00etan abiatu ziren eskola ondoko aparkalekutik. Ibilalditxo motza egin, eta bi orduan perretxiku batzuk bildu zituzten, onddo beltzak eta nikaloak batez ere. Goiz pasa hamaiketakoa janez bukatu zuten.

Neska-mutikoak, goizean bildutako emaitza saskietan erakusten. /Balentzategi Herri Eskola

Arratsaldean gaztaina jana egin zuten, plazan. 17:00etan hasi ziren haurrak eta gurasoak inguratzen; bi danbolinetan erre zituzten gaztainak. “Eguraldia ere aproposa zegoen: euria eta hotza”, diote blogean. Gaztainak eta txistorra jan zituzten, lehenengo umeek eta gero gurasoek. Gero afari-merienda ere prestatu zuten guraso batzuek. “Euskaldun peto-petoak bezala, afari ederrarekin borobildu dugu egun zoragarri hau”, azaldu dute gurasoek eskolaren blogean.


Balentzategi herri eskolak Interneten daukan webguneak (www.gabiria.eskolatxikiak.org) itxura berritua du, duela egun gutxiz geroztik. Goiburuko irudia aldatu diote, eta abenduan beteko den ehungarren urteurrenaren erreferentzia egiten du orain.

Bestetik, blogean eskolako komunitatearen albisteak eta oharrak zabaltzen jarraitzen dute. Azken sarrerak, irailaren 29an Leintz Gatzagara (Gipuzkoa) egin zuten txangoari buruzkoa —argazki bilduma eta guzti– eta judo ikastaroari buruzkoa dira.


Herriaren buelta osoko mugarriak aurkitzen eta falta zirenak osatzen urtetako lana egin ondoren, haiek ezagutzeko txanda iritsi da. Bigarren irteera azaroaren 11rako, igandearekin, antolatu du udalak. Atagoiti baserritik Zumarragako mugara (Trapaletara) joango dira egun horretan, hala nahi duten herritarrak. Juntadizoa 09:00etan, Ostatu aurrean egingo dute, eta handik kotxeetan joango dira Atagoitira.

Mugak ezagutzeko lehenbiziko irteera Atagoititik Aztiriara egin zuten, uztailaren 7an. Orduan, gainera, Gabiria-Mutiloa-Legazpi arteko mugarria kokatu zuten, Aztiriko iturriaren ondoan.