Archive for the ‘Gizartea’ Category


Aspaldiko tradizioa da urtean behin Gipuzkoako zaindariaren babeslekura bisita egitearena. Arantzazuko erromesaldia, erlijio ekintza hori, bizirik da oraindik. Irailaren 29an egin zuten aurtengoa. Autobusean joan ziren, eta elizkizuna entzun ondoren, Hospederian bazkaldu zuten. 24 lagun izan ziren.

Arantzazura joan ziren gabiriarrak, irailaren 29an./Mari Jose Alustiza

Arantzazura joan ziren gabiriarrak, irailaren 29an./Mari Jose Alustiza

Bestetik, autobusean joatearena baino are zaharragoa den oinezko erromesaldia ere burutu dute. Urriaren 5ean, aurreko larunbatean, hamar lagunek egin zuten Gabiriatik Arantzazurako bidea, Aztiriatik eta Aizkorriko mendizerratik barrena.

Advertisements

Herriko bi auzo nagusietako jaiak batera egokitu dira, aurten, egutegian. Aztirikoak ostegunean hasiko baldin badira (Santa Marina zaindariaren egunarekin), udalerriaren beste puntan, Alegian, ostiralean ekingo diete Madalena jaiei. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute alegiarrek: ostiralean, larunbatean eta astelehenean (Madalena eguna) izango dira festa-osagaiak.

EGITARAUA

Uztailak 19, ostirala.

  • 19:30. Sagardo festa: sagardo dastaketa eta pintxoak.
  • 21:00. Dantzaki taldearen dantza erakustaldia: salsa, pasodoblea, tangoa…
  • Gauean. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia.

Uztailak 20, larunbata.

  • 16:30. Mus txapelketa.
  • 21:00. Herri afaria. Izen-ematea ohiko tokietan (28 euro).
  • Gauean. Gari eta Larrañaga trikitilariekin dantzaldia.

Uztailak 22, astelehena, Madalena eguna

  • 12:00. Meza.
  • Bukaeran. Ezkio-Itsasoko abesbatzaren emanaldi laburra.
  • Ondoren. Goruntz dantza taldearen saioa.
  • Gero. Hamaiketakoa.
  • 16:30. Umeentzat puzgarriak.
Alegiako festak 2013 kartela

Alegiako festak 2013 kartela


Aztiriko Santa Marina jaiak zaindariaren egunarekin hasiko dira aurten, ostegunean (uztailak 18), eta hurrengo astebukaerarekin bat eginda jarraituko dute. Lau eguneko egitaraua antolatu du Aztiri-Bat elkarteak. Azken urteotako ohiko egitura izango dute festek: meza eta hamaiketakoa Santa Marina egunean; auzo afaria ostiralean; futbol partida eta juniorren txirrindularitza proba larunbatean; eta mendi lasterketa igandean.

Larunbatean, beste alde batetik, iaz erabateko arrakasta izan zuen musika kontzertuak egingo dituzte. Herriko Guri5 taldeak eta Legazpiko Lortu taldeak joko dute. Txerri harrapaketa ere egingo dute, goizaldean. Txosna jarriko dute plazan, iaz bezala.

Aztiriko jaietan, iaz, Etxeaundi baserriko Juanita Iñurrategi (91 urte) omendu zuten./AMM

Aztiriko jaietan, iaz, Etxeaundi baserriko Juanita Iñurritegi (91 urte) omendu zuten./AMM

EGITARAUA

Uztailak 18, osteguna

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren. Hamaiketakoa auzotarrentzat, Aztiri-Bat elkartean. Miren Deba eta Ander Ibarguren trikitilariak.

Uztailak 19, ostirala

  • 19:00. Kanpai joaldia eta suziri jaurtiketa, jaien hasiera iragartzeko.
  • 19:00. Bola eta toka lehiaketak, auzotarrentzat.
  • 19:30. Triki poteoa.
  • 21:00. Auzo afaria, Benta Lehor jatetxean.
  • 23:00. Olarte Anaiak trikitilariekin erromeria.

Uztailak 20, larunbata

  • 11:00. Helduen eta gazteen arteko futbol partida, Gaintzabal zelaian.
  • 13:00. Txikiteoa.
  • 16:00. Aztiriko Txirrindulari Proba, juniorrentzat. Ibilbidea eta ordutegia, HEMEN.
  • 18:00. Patata-tortilla lehiaketa. Ondoren, pintxoak, ardoa eta sagardoa.
  • 19:00. Bola eta toka lehiaketak.
  • 23:00. Guri5! eta Lortu taldeen kontzertua.
  • 05:00. Txerri harrapaketa.
  • Ondoren. Txokolate-jana.

Uztailak 21, igandea

  • 09:00. Goiz eresia Gabiriako txistulariekin.
  • 10:45. Gabiriako Udalbatzari ongietorria.
  • 11:00. Aztiriko IX. Mendi Lasterketaren hasiera. 
  • 11:00. Meza. 
  • Ondoren. Aztiriar adinekoenari omenaldia. 
  • 12:30. Goruntz dantza taldearen saioa. 
  • 13:00. Mendi lasterketako sari banaketa. 
  • 13:00. Katain eta Euzkitza trikitilariak. 
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia. Ostola harri jasotzen, Xabier Zaldua eta Iñaki Azurmendi aizkoran. 
  • 19:00. Bola txapelketa. 
  • Ondoren. Trikitilariak. 

kartela


Luis Migel Murua gabiriarrak haren seme Iñigoren alde egindako Tantaz tanta lagundu Iñigo kanpainarekin familiak jaso duen laguntza eskertu du. Atzo goizean Urretxuko Aizpuruenea kultur etxean emandako prentsaurrekoan adierazpen hunkituak eta esker onekoak egin zituen, eta gaur hainbat egunkarik jaso dituzte. Urretxun, Zumarragan eta Gabirian garatu da elkartasun kanpaina. Hiru herriei eta horietako herritarrei eskerrak eman dizkie Luis Migelek.

Iñigo mutikoa, 14 urtekoa, Galizian dago otsailetik, tratamendu bat jarraitzen, jaio aurretik burmuineko isuri batek utzi zizkion kalte neurologikoak arintzen laguntzeko. Tratamenduak eta bidaiek familiari sortzen dizkioten gastuetan laguntzeko abiarazi zuten Zumarraga-Urretxun elkartasun kanpaina. “Urretxuko eta Zumarragako udalek asko lagundu digute, eta nire herriari, Gabiriari, ere eskerrak eman nahi dizkiot. Baita gabiriarrek antolatutako bertso-afarian parte hartu zuten bertsolariei ere”, esan zuen Luis Migelek kazetarien aurrean, Goierriko Hitza-k gaur argitaratu duenez.

Zumarraga-Urretxu Ikastolari, Gorka Hermosari, Urretxuko eta Zumarragako artistei eta Goierri Kirol Elkarteari ere eman dizkie eskerrak. “Nire semearen ikaskideei eman nahi dizkiet eskerrak batez ere, ikuskizun zoragarriak eskaini baitzituzten. Musika eskolakoena ere ederra izan zela esan didate. Egun hartan ez nuen joaterik izan, ez bainuen indarrik. Beraiei ere eskerrak eman nahi dizkiet”. Kalean ere jende askoren laguntza jaso duela esan du, eta hori ere eskertu du Muruak: “Bereziki aipagarria da kalean ikusita besterik ezagutzen ez nauen gizon baten kasua. Semearengatik galdetu eta 100 euro eman zizkidan. Aho bete hortz utzi ninduen eta ez nuen eskerrak ematen asmatu”. Iñigok “geldialdi txiki bat” izan duela aipatu du Muruak, baina “poliki-poliki aurrera” egiten ari dela. “Autoestimurako ona den guztia ongi etorria izango da”.


Andre Mari eta San Roke jai nagusiak gorpuzteko eginahalean ari dira Festa Batzordeko kideak. Egitaraua ontzeko lehenengo bilera maiatzaren 22an egin zuten, eta han hainbat gai atera ziren mahai gainera. Aldaketa batzuk izango direla dirudi.

Festa egunak abuztuaren 13tik 17ra izango dira, biak barne. 13an, ‘Ezer ez eta festa’ izenarekin ezagutzen dena, Makila Jaitsierarekin hasiko da, arratsalde partean. Sasipilotari eta Sasierraketalari txapelketen finalak jokatuko dira ondoren, eta kuadrillen arteko afaria egingo da gauean. Skandalue elektro-txaranga azpeitiarrak girotuko du lehen parranda, iaz bezalaxe.

Abuztuaren 14ko egituran gauza batzuk kendu, eta beste batzuk orduz aldatuko dituzte. Egun honen “aurreko urteetako arrakasta eskasa” ikusita, Festa Batzordean “eraldatzea” pentsatu dute. Hala, arratsaldean, seiak aldera, haurren arteko futbol partidak jokatuko dira. Orain arte gauean egin izan den bertso jaialdia arratsera aurreratuko dute, “19:00ak edo 19:30a ingurura”. Bertso saioa plazan izango litzateke, aire librean, eta ez antzokian. Ondoren patata-tortilla lehiaketa kendu, eta haren ordez pintxo poteoa egitea proposatu dute, taberna, elkarte eta txosnaren artean. Gauean “ikuskizun bat” jarri nahi da, aurrekontuaren arabera; eta musika: Northern Praid talde beasaindarra (punk musika) eta herriko Guri5 erromeria girotzeko ondoren.

Abuztuaren 15a, Andre Mari, betiko egiturarekin eta osagaiekin etorriko da. Gaueko musika taldea ez dago zehaztuta, “baina erromeria izango da, ziur”. Bi talderen artean ari dira pentsatzen. Batek 15 gauean joko luke, eta besteak 16 gauean. Andre Mari arratsaldean Modesto musikaria ere izango da, haurrentzat dantzaldia girotzen.

Abuztuaren 16ak, San Roke eguna, ez du aldaketa nabarmenik izango, ezta ere. Arratsaldean, ume jolasekin batera, Escalextric handi bat muntatzeko asmoa dago, baita 17 goizean ere. Gauean rock musika kontzertua izango da, hiru talderekin: Mack Onak (Lekeitioko taldea, folk irlandarra lantzen du), Skakeitan (Donostiakoa, ska musika) eta erromeria luzatzeko berbena taldea.

San Roke Txiki egunean, azkenik, eguerdiko txikiteo-kalejira giroa berpiztu nahi da. Bola, toka eta tiragoma lehiaketekin batera, herriko trikitilariekin poteoa izango da.

Zazpi aste geratzen dira festetarako.


Iñigo Murua 14 urteko mutikoaren arazo neurologikoak tratatzen laguntzeko, gabiriarrek erantzun dotorea eman dute. Aurreko ostiralean bertso afaria egin zen, Osinalde elkartean. Soziedadea bete egin zen. 95 lagun joan ziren afaltzera. Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ziren bertsotan. Saio “oso ona” borobildu zuten. Murua mutikoaren sendikoek eta afariaren antolatzaileek zera esan dute: “Dena oso ondo irten zen; afaria, saio oso ona eta eta diru dezente atera zen. Oso gustura gelditu ginen”.
bertso1

bertso2


Balentzategi herri eskolan ostegunean, ekainak 20, bukatu zuten 2012-13 ikasturtea. Goizean gelak txukundu eta azken materialak jaso zituzten, talde bakoitzak bere tutorearekin. 10:00etatik 11:00etara, adin guztietako ikasleek, hiru taldetan banatuta, jolas kooperatiboak egin zituzten. 11:00etan atsedena eta azken urtebetetze ospakizunak, eta jarraian Haur Hezkuntzakoak alde batetik eta Lehen Hezkuntzakoak bestetik, jolas bat eta futbol partida. 12:00etan, ikasturtean zehar egindako ekintzekin ostatutako muntaia eta eskola txikietarako egindako grabaketa ikusi zuten, denek elkarrekin. Bukatzeko, betiko ohiturari jarraituz, ikasle eta irakasle guztiek Ostatuan bazkaldu zuten. Bertan egin zuten 6. mailakoek agurra bertsotan, eta jarraian beste ikasleek eta irakasleek beraiei. Azkenik, 6. mailako bakoitzari oroigarri bana eman zieten, herriko eskola utzi dutelako.

Atzodanik herriko udaleku irekietan dabiltza haurrak. 31 umek eman dute izena. Hiru begiralerekin ariko dira jolasak eta jarduerak egiten, uztailaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:30era.