Archive for the ‘Historia’ Category


Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak berriki idatzi duen eskuliburu baten berri eman du, gaur. Aizpuruk eta Felix Luengok —EHUko Historia irakasleak biak— ondu dute titulu berria: La Segunda República y la Guerra Civil. Esku-liburua da, 1930eko gertakari  horiei buruz. Alianza Editorial argitaletxeak atera du, ‘El libro universitario’ saileko Manuales-170 zenbakiarekin. 240 orrialdeko liburua da.

.

Mikel Aizpururen 'La segunda Republica y la Guerra Civil' eskuliburuaren azala.

Mikel Aizpururen ‘La segunda Republica y la Guerra Civil’ eskuliburuaren azala.


Herenegun omenaldia egin zioten Ormaiztegin ikurrinari. Hango udaletxeko balkoian ere Espainiako bandera jarri behar izan dute, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzak hartara behartuta, gure herrian bezalaxe (azaroan jarri zuten). Erabakiari aurkakotasuna adierazteko, eta bertako bandera ikurrina dela erakusteko, udaletxe aurrean, plazan, masta handi batean ikurrina zabal bat jaso zuten ormaiztegiarrek. Bi emakume adineko gonbidatu zituzten horretarako, horietako bat jaiotzez gabiriarra den Joxepa Galparsoro Legorburu. Bestea, Ormaiztegiko Telleri Zar baserriko (Karterone) Kontxa Intsausti zen. Beñat Hach Embarekek aurkeztu zuen omenaldia, Rosa Urkia alkatearekin batera.

Ormaiztegiko omenaldia. Joxepa Galparsoro, Kontxa Intsaustiri besotik helduta./Asier Zaldua—HItza

Ormaiztegiko omenaldia. Joxepa Galparsoro, Kontxa Intsaustiri besotik helduta./Asier Zaldua—HItza

Joxepa Galparsoro Altolagirre Azpikoa baserrian jaio zen, Gabirian, 1921ean. Aita etxe hartakoa zuen, eta ama Azkartza baserrikoa. Hamar urte zituelaOrmaiztegira aldatu zen familia osoa —alaba bakarra izan zen—. Mendizabal Azpikoa baserria erosi zuten, eta hara joan ziren bizi izatera. Hantxe bizi da orain ere.

Ikurrina ohore handiz jaso zuten bi emakumeek. Gerra garaia ezagututakoak dira. Joxeparen senarra, Pako Baztarrika, gudari ibili zen 1936ko gerran. Kontxa Intsaustik (Ormaiztegi, 1919), oraindik esperientzia gordinagoa izan zuen gerran. Familia osoa Ormaiztegik kanpora joan beharrean izan zen. Herriko familia bakarra izan zen Intsaustitarrena herria uzten. Kontxa bera Frantzian egon zen exiliatuta, eta gainontzeko familiakide guztiak kartzelan, anaia bat heriotzera kondenatuta ere bai. Gerrako bizipenak Ahotsak proiektuko bideo batean kontatuak ditu Kontxak.

 


Osinalde sariketaren palmaresa, urtez urte.

Abizenean klikatuta, Bertsozale Elkartearen datu basera irispidea, bakoitzaren biografia, bertso-lanak eta bertsolari-ibilbidea ikusteko.

IRABAZLEEN ZERRENDA

  1. 1971, Patxi Iraola (Zaldibia).
  2. 1973, Luis Otamendi (Aia).
  3. 1974, Xabier Zeberio (Itsasondo).
  4. 1975, Joxe Izagirre Attola (Azkoitia).
  5. 1976, Mikel Mendizabal (Itsasondo).
  6. 1977, Juan Inazio Begiristain (Ataun).
  7. 1978, Jose Luis Mugartza Elgetzu (Mallabia).
  8. 1979, Xabier Arrizabalaga Ziarda (Elgoibar).
  9. 1980, Millan Telleria (Albiztur).
  10. 1981, Xalbador Laka (Ondarroa).
  11. 1982, Jon Sarasua (Aretxabaleta).
  12. 1983, Xabier Perez Euzkitze (Azpeitia).
  13. 1984, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II.a (Errezil).
  14. 1985, Pablo Joxe Aristorena (Hernani).
  15. 1986, Joxe Mari Izeta (Usurbil).
  16. 1987, Xabier Narbarte (Lazkao).
  17. 1988, Joxe Ramon Elortza (Ormaiztegi).
  18. 1989, Joxe Munduate (Ataun).
  19. 1990, Bernardo Azpillaga (Errezil).
  20. 1991, Igor Elortza (Durango).
  21. 1992, Maialen Lujanbio (Hernani).
  22. 1993, Aitor Sarriegi (Beasain).
  23. 1994, Pablo Suberbiola (Lasarte).
  24. 1995, Bixente Gorostidi (Amezketa).
  25. *1996, 25. urteurreneko saioa (lehiaketarik ez).
  26. 1997, Jexux Mari Irazu (Larraul).
  27. 1998, Nahikari Gabilondo (Zarautz).
  28. 1999, Arkaitz Goikoetxea (Oiartzun).
  29. 2000, Nerea Elustondo (Legazpi).
  30. 2001, Ainhoa Agirreazaldegi (Bergara).
  31. 2002, Iker Zubeldia (Zegama).
  32. 2003, Iñaki Apalategi (Beasain).
  33. 2004, Oihana Bartra (Bilbo).
  34. 2005, Aritz Aranburu (Zarautz).
  35. 2006, Iban Urdangarin (Ataun).
  36. 2007, Aitzol Barandiaran (Ataun).
  37. 2008, Uxue Alberdi (Elgoibar).
  38. 2009, Maddalen Artzallus (Hendaia).
  39. 2010, Mikel Artola (Alegia).
  40. 2011, Ane Labaka (Lasarte).
  41. 2012, Amaia Iturriotz (Urretxu).

*1972an ez zen antolatu, eta 1996an mende laurdena ospatzeko saioa egin zen (ez lehiaketa), ordura arteko partaide batzuekin.


Udaberriaren esnaerarekin edo etorrerarekin lotuta daude Santa Ageda bezpera eta inauteriak, adituen iritziz. Zenbaitek dioenez, biak festa beraren aldaerak dira: lurra joz natura esnarazi; negua bukatu dela ospatzeko mozorrotu, eraldatu, barren hutsu; eta deia etxez etxe zabaldu, eskean. Santa Ageda bezperako ohiturak eutsi badio ere herrian, inauterietako errondak ez. Duela iaz 60 urte ibili zen inauteri eskean azkeneko mutil taldea.

Segundo Aranburu aguazila (Urteaga, Mutiloa, 1934) da usadio hura ezagutu eta gauzatu zuen bat. “Karnabaletan etxez etxe ibiltzen ginen, kuadrilla. Dantza egiten genuen, soinua jo batek eta besteek dantza, sueltoan. Etxe atarira joan, pieza bat edo bi jo, eta martxa beste batera”, dio Segundok.

“Bastante urtean” ibili zirela gogoan du. “1955, 56, 57…  horietan ibiliko ginen. Nik orduan 20-21 urte nituen. Gu izan ginen azkenekoak. Harrezkero ez zen inor ibili. Gabonetakoak ere gurekin gastatu ziren; orduan nazimentuarekin ibiltzen zen etxerik etxe, eta guz geroztik besterik inor ibili zenik ez dut uste. Karnbaletako ohitura gurekin bukatu zen”.

(gehiago…)


Balentzategi herri eskolaren blogean dokumentu grafiko oso interesgarria jarri dute. Eskola-etxearen mendeurrenaren harira, abenduaren 14an ekimen polita egin zuten, eliz atarian: garai bateko jolasei buruz aritu ziren garai bateko haurrak, zertan eta nola jolasten zuten oraingoei berri emateko. Bideoan jaso, eta hementxe daude ikusteko moduan. Txapatan, tortoloxak, makiltxoekin, aulki jokoa… Batzuk ezagunak, besteak entzunak, beste batzuk aditzerarik ere gabeak… Denak ikasteko —eta jolasteko— modukoak.

 


Gaur hil da Aranburu baserriko Antonio Igartzabal Otegi, 93 urterekin. 1936ko gerran ibilia, bizirik zen herriko azken gudaria zen.

Zumarragako Ospitalean eman du azken hatsa, gaur eguartean. Pneumonia batek erasanda, Urteberri egunean ingresatu zuten; bere bizitzan lehen aldia omen zuen erresidentzian geratu behar izan zuena. Gaur, senda-agiria jaso eta etxera itzultzeko prestatzen ari zela, ondoeza egin eta hil da.

Antonio Igartzabal, Aranburu jaiotetxeko atarian, 2011ko uztailean. AMM

Antonio Igartzabal, Aranburu jaiotetxeko atarian, 2011ko uztailean. AMM

Bizileku zuen Aranburu baserrian bertan jaio zen, 1919an. Etxea bost urte lehenago eraiki zuten, lehenagoko Aranburu zaharra utzi beharrean suertatu baitziren familiakoak, luiziak mugituta.

Gerra barrutik ezagutu zuen azkeneko gabiriarra zen, gudari ibili ziren 84 herrikideen artetik. 1936ko gerrak mutiko zela harrapatu zuen, 16 urteko. Gabiria hartu zuten erreketeen tropen erditik pasatu zen, irailaren 17 hartan. Herrira joan zen, eta handik ihes egin zuen, Ardantzatik aurrera besteekin batera. Herrian zegoen telefono bakarra bererarekin hartuta. Burkide izandako bi bukatu berri den urtean hil ziren, Urrutiko Santi Agorreta eta Altzibarko Joxe Atin. 2011ko abenduan, berriz, Etxeberri Bengoko Luis Lasa.

Orduko bizipenak Antonioren ahotik zuzen-zuzenean entzuteko aukera izan zen 2012ko maiatzean, gerrari buruz egin zen solasaldian.  Gernikako bonbardaketa, adibidez, bere begiz ikusi zuen. Gerrako lehenbiziko urtebetean gudari ibili zen, Kalamuan. Sukalde lanetara bidaltzen zuten, gaztea zelako. Handik morroi joan zen, Gernika ondoko baserri batera. Hango jabeak bonbaketetan hil ziren. Santoñako errendizioaren ondotik etxera itzuli zen, baina sei hilabete baino lehenago soldadutzara deitu zuten, orduan frankisten tropetara.

(2011ko uztailean Antonio egindako elkarrizketa, hemen).

Egunotan, ia mende beteko beste historia bat ere itzali da. Abenduaren 30ean hil zen Atagoitiko Pako Zufiria Goiburu, 96 urterekin. Gabiriar adintsuena bera zen.

Antonio Igartzabalen aldeko hileta elizkizuna bihar, urtarrilak 5, larunbata, egingo da, Gabiriako Andre Mari Jasokundearen elizan, 17:00etan.

Agur eta ohore, Antonio!


Asteburu miragarria izan da herritar askorentzat. Eskola-etxearen mendeurrenaren aitzakiarekin, haur garaietara itzultzeko modua eman dute egitarauan zeuden ekitaldiek. Lehengo jolasen errepasoa ostiralean, solasaldi jendetsua eta animatua larunbatean, ekitaldia igandean, eta asteburu osoan argazki zein materialen erakusketa estimatua.
Pupitre zaharrak, liburu erabiliak, koaderno gastatuak, argazki horituak… Oroitzapenen kutxa irekitzeko giltza, guztiak ere. Aste osoan egongo da, larunbatera arte, erakusketa ikusteko aukera, 16:00etatik 18:00etara.
Hona hemen asteburuaren errepasotxo bat, argazkitan.

This slideshow requires JavaScript.