Archive for the ‘Hitzaldiak’ Category


Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Larrialdien eta Meteorologia Zuzendaritzak bilera informatiboa egingo du, gaur osteguna, Gabiriako eta Ormaiztegiko bizilagunei zuzenduta (Ormaiztegiko kultur etxean, 18:30ean). Arrisku kimikoa duten enpresen inguruetan bizi diren bizilagunentzat babesa “indartu” nahi du jaurlaritzak. Kasu honetan, Troia meategietako hondakin urtegia da Gabirian arrisku kimikoa eta isuri kutsagarriak eragin ditzakeen elementua, Exminesa enpresak eraikitakoa Gesaleko sakonean.

Berriki Kanpoko Larrialdi Plana onartu eta homologatu dute Troiko hondakindegian. Arrisku kimikoa duten enpresa horietan, istripu kasuetan bizilagunek hartu beharreko segurtasun neurriak eta zer jokabide izan behar duten informazioa ematea da kanpainaren helburua. EAEko 11 enpresaren eremuei eragingo die: Bizkaian 9, Araban 1 eta Gipuzkoan 1, Troikoa. Informazio kanpainan, lehenbizi denera 38.000 gutun bidaliko dizkie jaurlaritzak bizilagunei, eta ondoren bilerak antolatuko dira herrietan. Gabiriako eta Ormaiztegiko bizilagunena gaur egingo da, kanpainaren azken egunean.


Asteburu miragarria izan da herritar askorentzat. Eskola-etxearen mendeurrenaren aitzakiarekin, haur garaietara itzultzeko modua eman dute egitarauan zeuden ekitaldiek. Lehengo jolasen errepasoa ostiralean, solasaldi jendetsua eta animatua larunbatean, ekitaldia igandean, eta asteburu osoan argazki zein materialen erakusketa estimatua.
Pupitre zaharrak, liburu erabiliak, koaderno gastatuak, argazki horituak… Oroitzapenen kutxa irekitzeko giltza, guztiak ere. Aste osoan egongo da, larunbatera arte, erakusketa ikusteko aukera, 16:00etatik 18:00etara.
Hona hemen asteburuaren errepasotxo bat, argazkitan.

This slideshow requires JavaScript.


Domund egunaren bueltan, Gabiriako Andre Mari Jasokundearen elizako batzordeak misioetara bidaltzeko laguntza biltzeko deia egin die herritarrei, eta ekarpenak jasotzeko bi bide ipini ditu. Batetik, ohiko modua, elizan diru laguntza ematea. Bestetik, Kristina Etxezarreta mojaren bitartez bideratuko dute gabiriarren laguntza, Kamerunera. Etxezarretak Kamerunen lan egiten du, misiolari. Bi ikastetxe dituzte.

Etxezarretak urriaren 15ean egin zuen hitzaldia, Etxeberri kutur etxean. Katekesi taldeak antolatu zuen ekitaldia, “hemengo haurrek munduko beste egoera batzuen berri jakin dezaten”. Moja azpeitiarrak argazkiekin hornitu zuen hitzaldia, haur kamerundarren bizimodua, beharrak eta egoera azaltzeko.

Hitzaldiak “arrakasta handia” izan zuen, “ume, guraso nahiz beste herritar batzuen parte-hartzearekin”, Eliza Batzordeko kideek jakinarazi dutenez.

Gabiriarrak, Kamerungo haurren argazkiak ikusten, Kristina Etxezarretak egin zuen hitzaldian.


Iñaki Murua bertsolari eta Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakari gabiriarrak hitzaldia egingo du, astelehenean, Lazkaon. Maizpide euskaltegiak antolatutako kultura jardueran, urriaren 17an, “bertsoa zer da?” gaia oinarri hartuta azalpenak emango ditu. Euskaltegiko zinema-aretoan izango da hitzaldia, 21:00etan hasita.


Kristina Etxezarreta azpeitiarrak —senitartekoak ditu Gabirian— hitzaldia egingo du larunbatean, urriak 15, Gabiriako Etxeberri kultur etxean. Lekaime lanetan Kamerunen ari da gaur egun, eta hango gizartearen nahiz herritarren egoera eta bizipenak kontatu ditu. Hitzaldia larunbatean 17:00etan hasiko da.

Hango argazkien bidez hornituko du Etxezarretak kontakizuna. Kamerunen bi eskola zabaldu dituzte, eta bera da zuzendaria. Afrikako haurrekin lan egiten duenez, haiek nola bizi diren azaldu du.

Hitzaldiaren ondoren, larunbatean 19:00etan, umeen meza egingo da, Andre Mari elizan.


Hiribururaino iritsi zen atzo Gabiriaren aipamena. Edo irudia. Donostian egin zuten sagarrari buruzko jardunaldi batean hartutako irudia da behekoa, Gotzon Aranburu kazetariak bidali diguna. Iñaki Larrañagak, Diputazioko Garapen Pomologikoko teknikariak, hitzaldia egin zuen, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-museoak antolatu duen X. Sagardo Astearen barruan. San Telmo museoan izan zen jardunaldia, eta iruditan, ikus daitekeenez, Gabiriako errezil sagarrak ere izan zituzten hizpide.

 

Iñaki Larrañaga hitzaldia egiten, atzo, San Telmo museoan, Donostian. Pantailan, Gabiriako errezil sagarrak. Arg.: Gotzon Aranburu


Lazkaoko Maizpide euskaltegiak astero antolatzen ditu kultur ekitaldiak, bertako ikasleentzat eta egoiliarrentzat pentsatuak baina herritar guztiei irekiak. Aste honetako saiorako gabiriar bat gonbidatu dute, Leire Murua. Azken urte honetan Dominikar Errepublikan egin duen egonaldiaz eta hango esperientziaz hitzaldia egingo du, bihar, asteazkena, 21:00etan, Maizpiden.

Gabiria Kultura egitarauaren barruan ere egin zuen gai berari buruz hitzaldia, maiatzaren 12an.