Archive for the ‘Erakusketak’ Category


Donostiako San Telmo museoak antzinako gaztagintzako tresna zaharrekin gazta egin du. Non eta Gabiriako Baztarrika gaztandegian. Herenegun aurkeztu zuten egitasmoa, eta hortik atera den fruitua: Gaztagintza argazki erakusketa.

Ondare etnografikoa balioan jarri nahian, museoan gordeta zeuden gaztagintzako tresna zaharrak eta gaur egungo teknikak parez pare erakusten ditu erakusketak. La tradición pervive izeneko erakusketa iraunkorretik hartu ditu hainbat tresna Museoak, eta Baztarrikara eraman zituen, gazta garai batean bezala egin zezaten. Amelia Jauregi artzainak esan du gazta egiteko modu zaharra eta gaur egungoa ez direla aldatu; aldatu direnak tresnak direla, gizarteak horretara bultzatu dituelako, kalitate kontrolengatik eta.

Herenegun aurkeztu zuten erakusketa, San Telmon. Han ziren Baztarrikako Amelia eta Asier Osinalde, Xabier Amoros museoko teknikaria, Ricardo Iriarte eta Susana Soto. Argazkilari batek iruditan jaso du gazta egiteko prozesua. Erakusketan 25 bat jarriko dituzte. Txurkak (gazta ebakitzeko oholak), kaikuak, prentsatzeko makinak, iragazkiak, burruntziak… ere ikus daitezke.

Advertisements

Asteburu miragarria izan da herritar askorentzat. Eskola-etxearen mendeurrenaren aitzakiarekin, haur garaietara itzultzeko modua eman dute egitarauan zeuden ekitaldiek. Lehengo jolasen errepasoa ostiralean, solasaldi jendetsua eta animatua larunbatean, ekitaldia igandean, eta asteburu osoan argazki zein materialen erakusketa estimatua.
Pupitre zaharrak, liburu erabiliak, koaderno gastatuak, argazki horituak… Oroitzapenen kutxa irekitzeko giltza, guztiak ere. Aste osoan egongo da, larunbatera arte, erakusketa ikusteko aukera, 16:00etatik 18:00etara.
Hona hemen asteburuaren errepasotxo bat, argazkitan.

This slideshow requires JavaScript.


Aurreko asteburuan irekita egon ondoren, beste astebete luzatu dute eskola-etxearen mendeurrenaren harira antolatutako argazki eta material erakusketa. Aste honetan guztian ere zabalduko dute, jendearen eskariz. Arratsaldeetan 16:00etatik 18:00etara ikus daiteke, larunbatera (abenduak 22) arte. Ondoren, Eguberri egunean (abenduak 25) eta Urteberrian (urtarrilak 1) ere irekiko dute, meza ondoren.


Hiru eguneko egitaraua prestatu du herriko talde batek Balentzategi eskola dagoen eraikinaren ehun urteak gogoratzeko. Azaroaren 24an bete zuen mendea Oroitz-Ona izena duen eskola-etxeak. Ospakizunak abenduaren 14an, 15ean eta 16an izango dira, ostiraletik igandera. Hitzaldi, ikus-entzunezko, antzerki, solasaldi eta oroimen ekitaldiez gain, bi egunetan —larunbat-igandeetan— erakusketa egongo da, Dantzalekuan; eskola-materialak, liburuak, tresnak eta argazkiak jarriko dituzte, lehenagokoak nahiz gaur egungoak. Antolatzaileek herritarrei eskatu diete argazki zaharrak uzteko.

Egitaraua:

Abenduak 14, ostirala

  • 14:15-16:00. Ate irekiak eskolan. ‘Lehengo eta oraingo jolasak’ solasaldia eta jolasaldia, eskolako haurrekin batera.
  • 19:00. ‘Eskola bizia, herri bizia’ DVDaren emanaldia, kultur etxean. Lanaren ekoizle Iñaki Alkalde bertan izango da, solasaldirako.

Abenduak 15, larunbata

  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Ate irekiak eskolan. Antzinako eta oraingo materialen zein argazkien erakusketa, Dantzalekuan.
  • 17:00. Kafe tertulia, Erbie elkartean: ‘Eskola, lehen eta orain’.

Abenduak 16, igandea

  • 11:00-14:00 eta 17:00-20:00. Ate irekiak eskolan. Antzinako eta oraingo materialen zein argazkien erakusketa, Dantzalekuan.
  • 13:00. Mendeurreneko oroimen ekitaldia.
  • 18:00. Ikasleen eta ikasle ohien ikuskizuna, antzokian.

 

Erakusketa Eguberri egunean ere zabalduko dute, abenduaren 25ean, 13:00etatik 14:00etara.

Oroitz-Ona eskola-etxea, Eustakio Balentzategiren diruz egina eta 1912an irekia./AMM

Oroitz-Ona eskola-etxea, Eustakio Balentzategiren diruz egina eta 1912an irekia./AMM


Ormaiztegiko San Andres jaietan argazki zaharren erakusketa jarriko du Ander Iurritak. Heliodoro Etxeberriarekin batera, argazki eta postal zaharren erakusketa antolatu du aurten ere. Ormaiztegiko argazki zaharrez gain, inguruko herrietakoak ere erakutsiko dituzte: Ordizia, Segura, Ezkio-Itsaso, Mutiloa, Beizama, Beasain, Astigarreta, Idiazabal… “Baina, batez ere Gabiriakoak dira bildu dituzten gehienak”, zioen Goierriko Hitzako elkarrizketaren sarrerak, atzo. Erakusketa ostiraletik igandera (azaroak 30 – abenduak 2) egongo da irekita, Ormaiztegiko udaletxe pareko lokalean, bidez beste aldean, 12:30etik 14:15era eta 17:30etik 20:00etara.

Ander Iurrita, ikusleei azalpenak ematen Ormaiztegiko erakusketan, 2007an./AMM


Goruntz dantza taldean ibilitako eta dabiltzan dantzariek gaur, larunbata, egingo dute 40. urteurreneko jaialdiko saioa prestatzeko hirugarren eta azken entsegua. 16:00etan, Gabiriako plazan da. Aurreko bi larunbatetan bezala, gaur zortziko egitaraua finkatzeko eta doitzeko izango da gaurko lan-saioa. Dantzen zerrenda errespetatuz, egitura berarekin egingo dute dantza ehunka gabiriarrek eta inguruko herrietakoek.

Ordu pare bateko saioa aurreikusi dute antolatzaileek. Uztailaren 9an, 11:30ean hasiko da urtemuga ospatzeko erakustaldia.

Bestetik, kamisetak (15 euroan) eta lepoko zapiak (2 euroan) erosteko modua ere izango da gaurko entseguaren garaian. Baita bazkarirako txartelak ere (15 euroan). Horrez gain, dantza taldeko argazkien erakusketa zabalik egongo da, Etxeberri kultur etxean.


Astebetera hurbildu da egutegia Goruntzen 40. urteurreneko festa ospatzeko. Eta, girotze aldera, taldearen historia argazkitan jasotzen duen erakusketa zabalduko da bihar, ostirala, Etxeberri kultur etxean.Aurrez herritarrei eskatutako argazkiak jaso, digitalizatu eta  aste honetan zehar muntaketa lanak egin ondoren, papereko erretratuak erakusgai eta ikusteko prest daude.

Goruntzen historia argazkitan jasoa, Etxeberri kultur etxeko areto nagusian. Erakusketa muntatzen. Arg.: AMM

 

1971n sortu zuten dantza taldea, eta lehenbiziko irteerak  egin zituztenetik aurrerako argazkiak daude bilduman. 1972koak dira zaharrenak, aurtengoak berrienak. Herriaren historian ekitaldi aipagarri izan ziren askotako testigantzak daude: 1974an Jose Ormazabali omenaldia egin zitzaionekoa eta hark esku idatzitako eskaintza, Goruntzen 25., 30. eta 35. urteurrenetako saioak eta taldeak, lehenengo irteera Idiazabalera, festak, Iparraldeko eta Kataluniako taldeekin trukeak…

Gabirian Larrain-datza lehenbiziko aldiz egin zeneko unea, 1996ko apirilean, dantza taldearen 25. urteurreneko festan. Arg.: Goruntz Dantza Taldea

Dantzariak taldean bildu eta eratu aurretik ere bazen Gabirian ohitura, eta 1960ko hamarkadako dantzarien argazki banaka batzuk ere badira, Korpus eguneko prozesioa lagunduz ageri direna.

Papereko argazkiez gain, kultur etxeko areto nagusiko proiektore-kanoian digitalean daudenak ere botako dira. Baita gabiriar batek 1988an grabatutako bideo interesgarri bat ere:  Gabirian lehenbiziko aldiz Dantzari Txiki eguna ospatu zeneko irudiak.

Bestetik, dantza taldeak historian zehar erabili izan dituen jantzi mota desberdinen mostrak ere jarriko dira, baita dantzetarako erabili ohi diren materialak ere: makilak, ezpatak, arkuak, saskiak…

Erakusketan jarritako argazki gehienak gabiriarrek utzitakoak dira, eta behin kendutakoan jabeei itzuliko zaizkie. Hala ere, dantza taldearen historiaren dokumentu grafikoak artxibatuta uzteko xedearekin, guztiak eskaneatu eta digitalizatu egin dira. Ehunka argazkiko bilduma duen CDa dantza taldearen esku geratuko da.

Bihar ireki, eta uztailaren 9ko ospakizun egun nagusira bitarte, gutxienez, ikusgai egongo da erakusketa.