Archive for the ‘Pertsonaiak’ Category


Ostiralero ateratzen den Goiberri astekariak gabiriar bat elkarrizketatu du, eta gaurko zenbakian argitaratu. Korta jatetxeko sukaldari Lontxo Ormazabalek bere zaletasunei eta beste hainbat gauzari buruzko galderei erantzun die, Kate motzean atalean.

Lontxok 21 urte darama lanean Kortan. Jatetxeak, gainera, aurten bete ditu 25 urte zerbitzua ematen hasi zenetik. 1988ko otsailaren 6an zabaldu zuen Korta jatetxea Jesus Mari Soraluze Zelaiak, Zuazola Azpikoa jaiotetxean. Jose Maria Iturbe apaizak bedeinkatu zuen. Egundoko elurtea ari omen zuen egun hartan. San Lorentzo ermita 1996ko abuztuaren 10ean inauguratu zuten. Lontxo sukaldaria 1992an hasi zen han lanean, lehenengo astebukaeretan soilik, gero jarraian.

Lontxo Ormazabal, 'Goiberri'-ko gaurko zenbakian.

Lontxo Ormazabal, ‘Goiberri’-ko gaurko zenbakian.

Advertisements

Oholtzan hainbatetan lagun izan duten Etxeberritxo pandero jotzaileari omena egin dio Esne Beltza taldeak. Eurek ondoena dakiten modura: abestuz eta musika joz. ‘Malko bakoitzeko’ kantua sortu dute, akustikoan, aurreko ostegunean hil zen Inaxio Bastida ‘Etxeberritxo’ omentzeko eta “betiko gogoan” izateko. Ekainek eman digu honen berri; eskerrik asko!

Honela dio letrak:

Bihotza doinuan

ta behatza panderoan

soinu artean bizi ta

soinurik egin gabe joan.

Gauaren babesean

ilargi gorri hortan dago

hegoak astinduz

geroz ta askeago

eta ni orain

negarrez nago

ta malko bakoitzeko

maite zaitut gehiago.


Inaxio Bastida Uranga ‘Etxeberritxo’ pandero jotzaile ospetsua gaur hil da. 70 urte zituen, eta bihotzekoak jota zendu da. Azpeitiko Etxeberritxo baserrian jaioa, Gabiriako herriarekin lotura handia zuen. Bai familiaren aldetik, bai azken urteetan denboraldi luzeak egin zituelako Gabirian bizi izaten, lanagatik.

Pandero jotzaile bezala ere saio alaiak egin zituen herrian. Abuztuaren 10ean, adibidez, San Lorentzo festako erromeria girotzen zuen, afal ondoren. Aukerarik txikiena baliatzen zuen panderoa jo eta festa jartzeko; poza eta alaitasuna zen harentzat panderoa, eta horixe transmititzen zuen.

Etxeberritxo eta Jesus Mujika./Musika Txokoa

Etxeberritxo eta Jesus Mujika./Txoko Musikala

Zazpi-bat urterekin hasi zen panderoa jotzen. Azpeiti aldeko trikitilari askorekin jo izan zuen. Joakin Errasti ‘Epelarre’ azkoitiarrarekin, adibidez, 1970eko hamarkadan asko ibili zen. 1979ko Euskal Herriko Trikiti Txapelketan finalaurrekora iritsi ziren. 1986ko martxoan Azkoitian omenaldia egin zieten biei. Ondoren, Astiazaran anaiekin ere aritu izan zen, baita Abaltzisketako Jesus Mujika trikitilariarekin ere.

Azken bi urteotan euskal musikaren punta-puntako Esne Beltza taldearekin aritu zen, agertoki handietan. Bilbon 2012ko Aste Nagusian, esate baterako, 7.000 lagunen aurrean erakutsi zuen panderoa jotzeko abildadea. Eskola zaharreko trikitilariei lekua egin zien taldeak ‘Esne zopak’ diskoan, eta Etxeberritxo izan zen belaunaldi haren ordezkari, zuzeneko hainbat emanaldi Xabi Solanoren taldearekin eginez. Bideo hau, Bilbokoa:

Beste bideo bat, Durangon 2011ko abenduan, Esne Beltzako Xabi Solanorekin:

Eskuez gain gorputz atalak eta burua iaio erabiltzen zituen panderoa astintzeko. Lan istripuengatik hainbat hatz moztu behar izan zizkioten arren, panderoa jotzeko zaletasuna eta gaitasuna ez zituen inoiz galdu.

1986ko omenaldiaz gain, 2011ko ekainaren 12an beste omenaldi bat jaso zuen Etxeberritxok, hori ere Azkoitian, Martirieta erromeria-lekuan. Iñaki Garmendia ‘Laja’ trikitilari eta Cruz Mari Alberdi ‘Poxpi’ perkusio-jotzaile azkoitiarrekin batera omendu zuten. Aurrez, 2010ean, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, Azpeitiko 36 trikitilari omendu zituen, Sanjosetako jaialdian; tartean zen Etxeberritxo.

Etxeberritxoren aldeko hileta elizkizuna bihar, ostirala, 19:00etan izango da, Azpeitiko Soreasuko San Sebastian elizan.

Albistearen lotura gehiago:

  • Uztarria (Azpeitiko albiste ataria).
  • Berria egunkaria.
  • Argia astekarian elkarrizketa (1986-3-16), Epelarreri eta Etxeberritxori.

Gaur hil da Aranburu baserriko Antonio Igartzabal Otegi, 93 urterekin. 1936ko gerran ibilia, bizirik zen herriko azken gudaria zen.

Zumarragako Ospitalean eman du azken hatsa, gaur eguartean. Pneumonia batek erasanda, Urteberri egunean ingresatu zuten; bere bizitzan lehen aldia omen zuen erresidentzian geratu behar izan zuena. Gaur, senda-agiria jaso eta etxera itzultzeko prestatzen ari zela, ondoeza egin eta hil da.

Antonio Igartzabal, Aranburu jaiotetxeko atarian, 2011ko uztailean. AMM

Antonio Igartzabal, Aranburu jaiotetxeko atarian, 2011ko uztailean. AMM

Bizileku zuen Aranburu baserrian bertan jaio zen, 1919an. Etxea bost urte lehenago eraiki zuten, lehenagoko Aranburu zaharra utzi beharrean suertatu baitziren familiakoak, luiziak mugituta.

Gerra barrutik ezagutu zuen azkeneko gabiriarra zen, gudari ibili ziren 84 herrikideen artetik. 1936ko gerrak mutiko zela harrapatu zuen, 16 urteko. Gabiria hartu zuten erreketeen tropen erditik pasatu zen, irailaren 17 hartan. Herrira joan zen, eta handik ihes egin zuen, Ardantzatik aurrera besteekin batera. Herrian zegoen telefono bakarra bererarekin hartuta. Burkide izandako bi bukatu berri den urtean hil ziren, Urrutiko Santi Agorreta eta Altzibarko Joxe Atin. 2011ko abenduan, berriz, Etxeberri Bengoko Luis Lasa.

Orduko bizipenak Antonioren ahotik zuzen-zuzenean entzuteko aukera izan zen 2012ko maiatzean, gerrari buruz egin zen solasaldian.  Gernikako bonbardaketa, adibidez, bere begiz ikusi zuen. Gerrako lehenbiziko urtebetean gudari ibili zen, Kalamuan. Sukalde lanetara bidaltzen zuten, gaztea zelako. Handik morroi joan zen, Gernika ondoko baserri batera. Hango jabeak bonbaketetan hil ziren. Santoñako errendizioaren ondotik etxera itzuli zen, baina sei hilabete baino lehenago soldadutzara deitu zuten, orduan frankisten tropetara.

(2011ko uztailean Antonio egindako elkarrizketa, hemen).

Egunotan, ia mende beteko beste historia bat ere itzali da. Abenduaren 30ean hil zen Atagoitiko Pako Zufiria Goiburu, 96 urterekin. Gabiriar adintsuena bera zen.

Antonio Igartzabalen aldeko hileta elizkizuna bihar, urtarrilak 5, larunbata, egingo da, Gabiriako Andre Mari Jasokundearen elizan, 17:00etan.

Agur eta ohore, Antonio!


Lehenengo txapela irabazi zuenetik 33 urtera, Iñaki Murua bertsolaria txapeldun da berriz. 1979an Xenpelarren bezala, Usurbilgo II. Udarregi Sariketan txapeldun izendatu dute. 23 urterekin bat, 56rekin bestea. Larunbatean jokatu zen finala, sei bertsolariren artean, hiru beteranoak (Murua, Millan Telleria eta Xabier Zeberio), eta hiru gazte (Iban Urdangarin, Ander Lizarralde eta Unai Gaztelumendi). Bai batzuk, bai besteak, aurrekanporaketa bat gaindituta iritsi ziren finalera.

Murua, Udarregi txapela buruan, eta Olaso ondoan, larunbatean Usurbilen./Noaua

Bada, azkenean, guztien artean onentzat Murua izendatu zuen epaimahaikoak. “Hunkituta eta pozik, bertaratutakoen txalo artean” jaso zuen saria, Noaua aldizkariak dioenez. Udarregi sariketako bigarren txapela jantzi du Muruak; iaz, estreinakoa, Ane Labakak irabazi zuen.

Entzuleek beren botoz izendatutako saria Iban Urdangarin ataundarrari eman zioten.


ETB1en gaur gauean emango dute Iñaki Muruarekin grabatutako ‘Bisitaria’ programa. 22:15ean hasiko da. Xabier Euzkitzek urriaren 31n egin zion bisita Muruari, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakari, bertsolari eta irakasleari. Etxean, plazan, Arretxemendi jaiotetxean, Ordiziako asteazkenetako ferian edota herriguneko ikuspegiak erakusten azalduko da Murua.

Gaurko programaren iragarkia.

Bisitariaren argazki bilduma, Facebooken.


Gipuzkoako Hitza astekariak orrialde beteko elkarrizketa egin dio, gaurko zenbakian, Jesus Mari Deba odolkigile aztiriarrari. Legorburu baserrian jaioan, harakintzaren eta odolkigintzaren lehena eta oraina errepasatu ditu Debak, hestebeteen eta txerrikien sasoia hasi den garaian.

Jesus Mari Debak ezin konta ahala sari irabazi ditu odolkiekin eta buzkantzekin./AMM

“Aztiriko baserri batean jaio nintzen; han urtero-urtero txerri parea hiltzen genuen. Txerria urtarrilean hiltzen genuen baserrietan. San Martin inguruan ardia hiltzen genuen, eta haren odolarekin buzkantza egiten genuen”, gogoratu du Debak.

Esamoldeak dioenaren aurka, herrian eta Goierrin txerria urtarrilean hiltzen zela nabarmendu du, eta ez San Martin (azaroak 11) inguruan. “Txerria hiltzeko, neguko hotza aprobetxatzen da oraindik ere. Urdaiazpikoa gazitzeko, adibidez, hotza ezinbestekoa da. Egia da, hala ere, San Martin eguna odolkiarekin erabat lotuta dagoela. Egun horretan odolkia jateko ohitura handia dago etxe askotan; sanmartinetan ospitaleetako eta komentuetako eskariak ere jasotzen ditugu gurean. Baina txerri hiltzea urtarrilean egiten da baserrietan”.

Harakin ofizioarekin estu lotutako sendia da Legorburukoa. Karnizero ugari atera dira, tartean Jesus Mari bera. Hamalau urterekin hasi zen langintza horretan lanean, Tolosan, Donostian eta beste hainbat herritan segitzeko. Geroago, bere harategia zabaldu zuen Ormaiztegin. Gaur egun Ezkio-Itsasoko Anduaga industrigunean pabiloi bat dauka, duela 18 urtetik, hestebeteetara dedikatua.

Legoburu baserria, Aztirian, atzean Aizkorri eta Aloñamendi. Artzaintzaren herriko santutegia da auzoa, ardientzat goi larre finekin./Aimar