Archive for the ‘Udala’ Category


Gabiriako Udalak 2013-2016 urteen arterako ekonomia eta finantza plana landu behar izan du, Espainiako Gobernuak berriki indarrean jarritako lege batek hala eskatuta. Inbertsioen atalean udalek gaur egun ezin dute aurreko ekitaldiko kopurua baino %1 baino gehiago bideratu, aurrekontuetan. Portzentaje hori gainditzen bada, Espainiako Gobernuak gainbegiratu beharra dauka udalaren ekonomia egoera. Horretarako,  hiru urteko plan ekonomiko-finantzarioa eskatzen diete udalei, alkateak azaldu duenez, gastua ordain dezakeela eta udalak solbentzia baduela frogatzeko.

2012ko udal aurrekontuetan inbertsioetarako ez zen diru sailik izendatu, 0 euro ziren. Aurten, berriz, kale argiteria sistema aldatzeko proiektua abiarazi du udalak, 81.184,51 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Hala, legeak aurreikusitakoa baino inbertsio-gastu hazkunde handiagoa duenez, hiru urteko plana aurkeztu du udalak.

Udalbatzak ekainaren 17ko osoko bilkuran onartu zuen 2013-2016 epeko plan ekonomiko-finantzarioa. Espainiako Gobernuak ere oniritzia eman diola esan du alkateak, eta, beraz, aurtengorako aurreikusitako inbertsioa egin ahalko dela.

2013-2016 plan ekonomikoaren jendaurreko erakusketaren iragarkia GAO 2013-7-4


Gabiriako Udalak udalerriko argiteria publikoa aldatzeko lehiaketa atera du. Sistema hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko helburua izan behar du aldaketak. Hartarako, lehendik plazako farola batzuetan jarrita dauden “inteligentziazko sistema integrala” erabili beharko da herriko gainontzeko kale-argietan ere.

Energia aurrezteko sistema duen farola bat, Gabiriako plazan. Led motako lanpara eta hurreratze-sentsoreak ditu./AMM

Energia aurrezteko sistema duen farola bat, Gabiriako plazan. Led motako lanpara eta hurreratze-sentsoreak ditu./AMM

Hornitzeko eta instalatzeko deialdia gabiria.net webgune ofizialean egin zuen, ekainaren 20an, iragarkia eta baldintza pleguak argitaratuta. Lehiaketaren oinarrizko aurrekontua 67.094,64 euro gehi BEZa (14.089,87 euro) da, denera 81.184,51 euro. Eskaintza egiten dutenek kopuru hori beherantz hobetu ahalko dute.

Herriko plazan argiteria “adimenduna” probatzen 2010eko azaroan hasi zen Luix Iluminacion Inteligente enpresa. Euskal Herriko lehenengo esperimentua izan zen, teknologia hori kale-argietan aplikatu zuena. Ondoren, 2011ko azaroan aurkeztu zuten sistema.


Gaindegiak gaur atera ditu Euskal Herriko 685 udal edo herriko etxeek zenbateko zorra duten. Gabiriako Udala 256. postuan dago, biztanleko zenbat euro zor aintzat hartzen duen zerrendan. Gabiriar bakoitzeko (488 biztanleko errolda) 561 euro zor zituen udalak 2012ko abenduaren 31n. Euskal Herri osoan, bataz beste biztanleko 399 eurokoa da zorra.

Lehenengo postuan Tafallaldeko Oloritz herria (Nafarroa) dago, biztanleko 5.022 euroko zorrarekin (179 biztanle ditu); aurkako erpinean, Euskal Herriko 166 udalek ez dute batere zorrik.

Gabiriako Udalak 274.000 euroko zor gordina dauka. Azken ekitaldietan gutxitzen ari da, ordea. 2011tik 2012ra (Gaindegiaren azterketak epe horretako joera ematen du) %9 egin du behera udalaren zorrak. 2008tik 2012ra bitarteko epean, berriz, %7,7 murriztu du.

Euskal Herriko udal guztien zorra (Gaindegiaren txostena, PDFan)

Gaindegiak, udalak biztanleria kopuruaren arabera sailkatu ditu, bost sailetan. Gabiria lehen multzoan dago, 1.000 lagun baino gutxiago dituzten herrien artean. Multzo horretan, 167. herria da biztanleko zor kopuruaren arabera. 1.001-5.000 biztanle arteko 60 herrik zor handiagoa dute pertsonako Gabiriako; 5.0001-25.000 bitarteko 23 udalerrik ere bai; 25.001-50.000 sailean lauk dute buruko zor handiagoa, eta 50.001etik gorakoetan bik.

Udalaren zorrari eta zorpetze mailari buruzko informazio gehiago, azaroko sarrera honetan.


Hondakinak biltzeko eredu berria aurki jarriko da indarrean Gabirian. Maiatzean zehar hainbat urrats egin nahi dituzte udalak eta Sasietak. Horietako arlo bat, apirilaren 19ko bileran jakinarazi zutenez, etxean sortzen den gai organikoa norberak etxeak kudeatzea izango da, autokonpostajearen bidez. Horretarako behar den edukiontzia (lorategian jartzen da, jan hondarrak hara botatzeko, konpost bihur daitezen), udaletxean eskatu behar dute dagoeneko ez daukaten edo eskatu ez duten herritarrek. Epea datorren asteazkenean, maiatzak 15, bukatuko da. Udaletxera deitu behar da (943 88 07 34).

Konposta egiteko ontziak, etxean gai organikoa tratatzeko. Etxe multzoek hala eskatuz gero, auzoan jar liteke ontzi komunitarioa./Noaua

Konposta egiteko ontziak, etxean gai organikoa tratatzeko. Etxe multzoek hala eskatuz gero, auzoan jar liteke ontzi komunitarioa./Noaua


Zabor bilketari buruzko bilera antolatu du udalak, biharko (ostirala). Herritarrentzat zuzendutako batzar informatiboa da. Etxeberri kultur etxean da, 18:30ean hasita. Zaborra biltzeko dauden sistemak aztertu eta horien berri emango dute Sasieta Mankomunitateko teknikariek. Gaiak duen “garrantzia” kontuan hartuta, udalak herritarrei  bilerara joateko eskatu die, bando bidez.


Astea elkarretaratze batekin hasi da, gaur. REE Red Eléctrica de España enpresako ordezkariek eta Gabiriako Udalekoek bilera egin behar zutela eta, 40 bat lagun plazan elkartu dira, 08:45ean. Bilera bederatzietan hasi da, eta pare bat ordu iraun du. Enpresako bi ordezkarik Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko linearen (400.000 voltio) azalpenak eman dizkiete. Espainiako Gobernuak egitasmoari azkenean argi berdea ematen badio, linea horrek herria zeharkatuko du.

REEren planoen arabera, linearen trazatua Mutiloa aldetik sartuko da, Troiko meategien hondakin urtegiaren atzealdetik, Gesaleko sakonean. Argindegi eta Bekoetxe ondotik igaroko litzateke, Aranburu baserrirantz. Aurreraxeago, gaur egun dagoen goi tentsioko linea batekin bat egingo luke, eta haren bidetik jarraituko luke, Katarainen ondotik. Linea hori Ardantza gainetik pasatzen dena da, eta horrek lotuko luke Itsasoko azpiestazio elektrikoarekin.

'Linearik ez' pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, eta han egon dira bilera bukatu artean./Asier Zaldua–Hitza

‘Linearik ez’ pankartaren atzean elkartu dira hainbat herritar, eta han egon dira bilera bukatu artean./Asier Zaldua–Hitza

Elkarretaratzea

REEko ordezkariak udaletxean sartzen, eta herritarrak bilduta./Asier Zaldua–Hitza


REE Red Eléctrica de España enpresak eta Gabiriako Udaleko arduradunek bilera egingo dute astelehenean, apirilak 8, Gabiriako udaletxean. Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuaren inguruan azalpenak emateko eskatu zuen enpresak batzar hori, “lineak eragingo dien udalerrietan”. Udaletxean, 09:00etan hasiko da. Gabiriako Udalak bando bidez elkarretaratzea deitu du, astelehenean 08:45erako, Ostatu aurrean. Herritarrei joateko eskatu die, proiektuari errefusa adierazteko.