Archive for the ‘Dantza’ Category


Iñigo Murua gabiriar jatorriko mutikoaren alde eta Markel Lopez urretxuarraren alde kontzertu benefikoa egin zen, atzo, Zumarragako Zelai Ariztin. Gorka Hermosa soinu-jotzaileak antolatu du, eta harekin batera Urretxuko nahiz Zumarragako artistak aritu ziren: dantzak, musika joz edo kantatuz,… Gotzon Aranburu kazetariak bideoa editatu du ikuskizunarekin.


Herriko musikariak eta dantzariak auzo herrian izango dira, ekitaldi bana egiten, asteburu honetan. Ezkion San Migel jaiak ospatzen ari dira. Gaur, 22:00etan, Guri5! taldeko gaztetxoek erromeria joko dute Ezkion. Igandean, 12:15ean, Goruntz dantza taldeak saioa egingo du.

Guri5! taldekoak kantatzen, azaroan Osinalde elkartean egin zen Artista Gauan./AMM

Guri5! taldekoak kantatzen, azaroan Osinalde elkartean egin zen Artista Gauan./AMM


Goruntz dantza taldeak urteko hirugarren Dantzari Txiki eguna igandean izango du, Beasainen. Aurtzaka taldeak antolatuta, beste zazpi dantzari multzorekin batera ibiliko dira gabiriarrak. Zaldibian hasi zuten denboraldia, apirilaren 21ean Gabirian bertan ospatu zuten, eta igandean Beasainen dute. Gero, momentuz hitzartutakoetan, Zumarragako Dantzari Txiki eguna soilik dute, oraingoz, maiatzaren 12an.

Goruntzeko dantzariak, 2006ko urrian, Lazkaoko Dantzari Txiki egunean./AMM

Goruntzeko dantzariak, 2006ko urrian, Lazkaoko Dantzari Txiki egunean./AMM

Beasainen, Goruntzez gain, honako taldeak gonbidatu dituzte: Iztueta (Zaldibia), Lurra (Urretxu), Oin Arin (Lazkao), Ereintza (Errenteria), Haurtzaro (Oiartzun), Gazte Barri (Dima, Bizkaia) eta Aurtzaka (Beasain). Egitaraua 10:45ean hasiko da,  Dolareako parkean elkartzeko (eguraldi onarekin), edo Murumendi ikastetxeko aterpean (euria bada); 11:30ean kalejiran irtengo dira, herriguneko kaleetara; 13:45ean dantza saio bateratua egingo dute, Loinazko San Martin plazan. Bazkaldu eta gero, arratsaldean Modestorekin erromeria dago, Gernika pasealekuko pilotalekuan.


Igandean ospatu zen Gabirian Dantzari Txiki eguna, Goruntz taldeak antolatuta. Lau urte ziren herrian halako topaketarik egin ez zena, azkena 2009an izan baitzen. 2011n zen antolatu, urte hartan Goruntzen 40. urteurreneko saio eta festa berezia egin zirelako, uztailean.

Goizean kalejira batekin hasi zen eguna, kale berrietan barrena. Hori bai, aurreneko aldiz egin zen. Plazan bildu, eta sei dantza talde gonbidatuek bakoitzak bere dantza bana, eta bukatzeko denek batera beste bakan batzuk egin zituzten.

Bazkaria herriko bi elkarteetan eman zieten dantzariei. Ehuna lagun banatu ziren Osinalde eta Erbie elkarteetara. Erakusleek Ostatuan bazkaldu zuten. Arratsaldean, Modestorekin dantzaldia izan zen. Haurrek eta gaztetxoek aukera baliatu zuten. Hona arratsaldeko argazki batzuk:

This slideshow requires JavaScript.

Eta hau Goierri Telebistak grabatutako erreportajea:


Goruntz dantza taldeak urtero antolatzen duen Dantzari Txiki eguna igandean izango da, apirilaren 21ean. Aurten Gabirian tokatzen da, urte batean Ormaiztegin eta bestean Gabirian egiten baita. Bi berritasun nabarmen izango ditu dantzarien festak. Denera sei talde izango dira, tartean herrikoa.

Batetik, aurreneko aldiz, kalejira egingo dute dantza talde gonbidatuek, herrigunean barrena. Bestetik, haurrak, erakusleak eta musikariak bertan bazkaltzen gelditzeko gonbidatuta daude, Osinalde eta Erbie elkarteetan bazkariak emango baitizkiete.

Egitaraua igandean 11:30ean hasiko da. Plazan harrera egingo diete Goruntzekoek gainontzeko taldeetakoei. 12:00etan kalejira hasiko da. Kaskoko kaleetan ibiliko dira, tarteka geldialdiak egin eta dantza batzuk erakusteko. Atzera plazara bilduta, saio bateratua egingo dute, guztiek. Agurra, Arrantzale dantza (Kaxkarot), Txankarrankoa, Txulalai, Ikurrin dantza, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dituzte.

14:00etan da bazkaria, kaskoko bi elkarteetan. 16:30ean, Modestorekin erromeria izango da, plazan.

Denera 200 haur eta 50 irakasle edo musikari elkartuko dira Gabiriako Dantzari Txiki egunean. Honako taldeak dira partaide: Axari (Idiazabal), Aurtzaka (Beasain), Amets Bide (Ordizia), Irrintzi (Zumarraga), Mollarri (Zarautz) eta Goruntz.

Dantzari Txiki eguna, 2009ko apirilaren 20an./Aitor Goia

Dantzari Txiki eguna, 2009ko apirilaren 20an./Aitor Goia


Inauteri festa ospatzeko euskal folklorean eta tradizioan oinarritutako pertsonaiak landu dituzte, aurten, Balentzategi herri eskolako neska-mutikoek. Otsailaren 8an, ostiralarekin, eliz atarian aurkeztu zituzten Euskal Herriaren luze-zabaleko inaute izakiak, eta haiekin lotutako dantzak. Mielotxin, Lesakako Zakuzahar, Zuberoako zamaltzainak, Nafarroa Behereko bolantak… Galdaragile hungariarrak ere han izan ziren. Herri eskolaren blogean bideoak jarri dituzte, inaute arratsalde euritsua nola alaitu zuten erakusteko.

Haurrak mozorrotuta, otsailaren 8an./Balentzategi herri eskola

Haurrak mozorrotuta, otsailaren 8an./Balentzategi herri eskola


Gipuzkoako kostaldeko beste herri batera bisita egin du Goruntz dantza taldeak. Mutrikun, atzo, 30. Euskal Jaian parte hartu zuten dantzari gabiriar, ormaiztegiar, ezkiotar eta itsasoarrek. Gure Ametsa talde antolatzaileak gonbidatuta, lehenbiziko aldiz izan da Mutrikun. Hangoekin harremana, ordea, lehenagotik dute. Goruntzek aurten antolatu duen Dantzari Txiki Egunera –Ormaiztegin izan zen, apirilaren lehenean– Ezkide talde mutrikuarra etorri zen.

Goruntzekin eta han bertako taldeekin batera, Ermuko, Zarauzko eta Urnietako taldeak ere partaide izan ziren, atzo. Lau talde gonbidatu ohi dituzte. Autobuskada dantzari, txistulari, trikitilari eta erakusle joan ziren Gabiriatik, 65 lagun. Goiz eta arratsalde aritu ziren dantzan.

Mutrikun lehen aldia izan badute ere, kostaldera joateko bidea lehenagotik irekia dauka Goruntzek. Irailean Zarauzko euskal jaietan parte hartzen dute azken urteotan.