Archive for the ‘Lehiaketak’ Category


Sasierraketalari lehiaketa herrikoiak esku huskako Sasipilotarik baino partaide gehiago izango ditu, aurtengo udan. Erraketan 20 lagunek eman dute izena, eta antolakuntzak 10 bikote osatu ditu. Sasipilotarin, berriz, hamar lagun apuntatu dira, eta bost bikote osatu dituzte. Datorren astean hasiko dira partidak jokatzen, Alkain-Buru pilotalekuan. Finalak, bi arloetan, abuztuaren 13ko ‘Ezer ez eta festa’ egunean izango dira, arratsaldean.

Erraketako lehiaketan, hasieran bikoteak mistoak izango zirela aurreratu zuten antolatzaileek. Bost neska bakarrik apuntatu dira, ordea, eta beste bikoak mutilek osatuak izango dira. Hamar bikoteak bi multzotan bereizi dituzte, bosna bakoitzean; ligaxka eran jokatuko dute, denek denen aurka. Partidak 35 tantora izango dira, sakea 4tik 4ra; pasa 7an, baina ez da faltatzat hartuko.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

I. Sasierraketalari txapelketako jokalariak, 2011n. Txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Multzo bakoitzeko sailkapeneko lehenengo bi bikoteek euren artean finalaurrekoak jokatuko dituzte; eta horietako irabazleek (A eta B multzoetako onenak, azken batean) finala abuztuaren 13an izango dute. Ligaxkako partida guztiak abuzturako jokatuta egon beharko dira. Ligaxkako aurreneko partidak jokatutakoan, antolakuntzak zehaztuko ditu hurrengo neurketak nork noren aurka egingo dituzten.

VI. Sasipilotari lehiaketan, berriz, hamar lagun bakarrik apuntatu dira, eta bost bikote osatu ditu antolakuntzak. Lehenbizi, bi bikotek aurrekanporaketa bat jokatuko dute euren artean, eta irabazleak jarraituko du aurrera. Geratzen diren lau bikoteek finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta horko irabazleek finala. Iaz Jon Ander Larrañaga-Eñaut Asurabarrena bikoteak irabazi zuen pilota txapelketa, eta, horregatik, aurten ere biek elkarrekin jokatuko dute. Hain justu, aurrekanporaketa jokatzea egokitu zaie.


Baztarrikak Gipuzkoako ardi ustiategi onenaren saria jaso du, Zallan (Bizkaia). Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abere ustiategi onenen sariak ostiralean banatu zituzten Zallako Frutagintza Estazioan, Abeltzaintzako Ustiategien XIII. Lehiaketan. Herrialde bakoitzeko lau sari zeuden: Esnetarako Behien arlokoa, Haragitarako Behien arlokoa, Ardien arlokoa eta orokorrean ustiategi onenarena.


Herriko pilota txapelketa herrikoiaren deialdia egin dute antolatzaileek. Sasipilotari lehiaketaren VI. edizioa jokatuko da, uztailean eta abuztuan. Finala, ohi bezala, abuztuaren 13an jokatuko da, Andre Mari jai nagusien atarian, lehenengo ekialdi bezala.
Izena emateko epea ireki dute. Datorren astelehenean, uztailak 1, bukatuko da. Ostatuan eta Aztiri erretegian utzi dituzte orriak, eta horietan idatzi behar da norberaren izena. Bikoteak antolatzaileek osatuko dituzte, gero.
Sasipilotari esku huskako arloarekin batera, aurten Sasierraketalari frontenis txapelketa ere izango da, aldi berean. Aurreko urteetan ez bezala, erraketakoa mistoa izango da aurten, ez neskena soilik. Neska-mutil bikoteek jokatuko dute.
Bikoteak egiteko zozketa izena emateko epea bukatu bezain laster egingo dituztela esan dute antolatzaileek. “Jokatu beharreko partidak noiz jokatuko diren ere antolakuntzak ezarriko du aurten, eta egun horiek estuki bete beharko dira”, azaldu dute.
Izena emateko erritmoa motel samar doala, eta jendeari animatzeko eskatu diote.


Aurreko ostiralean herriko bertsolaritzak beste mugarri bat jarri zuen, oraingo honetan Aizpurutxoko sakonean. Urretxu eta Azkoitia harteko auzo hartan, III. Bertso Saria izan zen, Itziar jatetxean, afal ondoren. Mikel Asurabarrenak, Aratz Igartzabalek eta Aitzol Iturbe antzuolar lagunak osatutako taldeak irabazi zuen lehiaketa. Mugarria jarri baino hobeto, berritu; 2011n Maialen Akizuk irabazi baitzuen lehen edizioko saria, orduan bakarka.

Saio osoan erregularrenak Gabiriako hirukotea izan zela ebatzi zuten epaileek (lehian ziren hiru herrietako ordezkari banak osatua). Bigarren Azkoitiko taldeak egin zuen (Eneritz Artetxe —iazko garailea, eta aurten bertsoaldirik onenaren egilea—, Silvia Etxaniz eta Ugaitz Beristain), eta hirugarren Zumarraga-Urretxukoak (azken orduan taldea aldatu zuten, eta Mikel Iturriotz —gaueko bertsolari onena—, Beñat Torres eta Antton Fernandez).

Aurten, sariketaren hiru urteko bizialdian lehenengo aldiz, herri arteko desafio gisara egin dute lehiaketa, taldeka.

Aizpurutxoko III. Bertso Sariko bederatzi kideak./Gorka Azkarate

Aizpurutxoko III. Bertso Sariko bederatzi kideak./Gorka Azkarate


Aratz Igartzabal, Mikel Asurabarrena eta Aitzol Iturbe izango dira, ostiralean, Gabiriako taldearen izenean Aizpurutxoko III. Bertso Sarian kantari ariko diren bertsolariak. Iturbe antzuolarra da, eta gabiriarrekin laguntasuna du. Bertsotan ondo egiten du, gainera. Urretxu-Zumarragako Martxoan Bertsoa lehiaketa herrikoian parte hartu du aurten, Gabirisprint3 taldean Iban Maizekin eta Eñaut Asurabarrenarekin. Sailkapen orokorrean laugarren geratu ziren, finaletik kanpora geratu zen lehenengoa, alegia.

Zumarraga-Urretxuk beterano taldea eramango du Aizpurutxora. Gorka Azkarate, Gorka Ojanguren eta Asier Sasieta ariko dira. Azkoitiarrek, berriz, Eneritz Artetxe (iazko txapelduna), Silvia Etxaniz eta Ugaitz Beristain. Afaria 20:30ean hasiko da, Itziar jatetxean. Ondoren da saioa. Aurten taldekakoa izango da, herrien arteko desafio gudua.

Aizpurutxoko iazko bertso sariketan Eneritz Artetxe izan zen txapeldun. Jokin Sudupe gabiriar-azkoitiarrak ere kantatu zuen. Gai jartzen Maialen Akizu jardun zen./Gorka Azkarate

Aizpurutxoko iazko bertso sariketan Eneritz Artetxe izan zen txapeldun. Jokin Sudupe gabiriar-azkoitiarrak ere kantatu zuen. Gai jartzen Maialen Akizu jardun zen./Gorka Azkarate


Aizpurutxon (Urretxu eta Azkoitia bitarteko auzoan), auzoko hirugarren bertso sariketa jokatuko da, ostiralean. Herri arteko bertso desafio gisa planteatu dute aurten, hiru talderen artean. Tartean, gabiriarrak izango dira. Azkoitiko taldea, Gabiriakoa eta Zumarraga-Urretxuko ariko dira kantuan. Bertso afaria izango da, Itziar jatetxean, 20:30ean hasita. Izena emateko: Itziar jatetxea (943 85 26 30) eta Gorka (652 77 80 36).

Sariketa horren lehendabiziko edizioa, 2011n, Maialen Akizuk irabazi zuen.

Aizpurutxoko III. Saria bertso lehiaketaren kartela.

Aizpurutxoko III. Saria bertso lehiaketaren kartela.

 


Elkar argitaletxeak antolatutako 5. Ilustrazio eta Ipuin lehiaketan Leire Akizu Bidegainek lehen saria jaso du, maila gorenean (C maila, 15-16 urte). Ipuinen atalean parte hartu du Leirek, Nire mundua izeneko idatzia aurkeztuta. Denera 781 lan jaso ditu Elkarrek, adin maila desberdinetan. Ekainaren lehenean banatu zituzten sariak, Elkarren Donostiako denda batean.

Leire Akizu, saria jasota./Elkar

Leire Akizu, saria jasota./Elkar

Elkarren webgunean ipuina irakurtzeko aukera dago.


Aratz Igartzabal Bidegain eta Maialen Akizu Bidegain lehengusuek Gipuzkoako Eskolarteko 33. Bertsolari Txapelketaren finalean parte hartuko dute, gaur, ostirala. Tolosako Leidor antzokian da saioa, 16:00etan hasita. Aratzek Arrasaten kantatu zuen kanporaketa fasean (maiatzaren 17an), eta Maialenek Zarautzen (maiatzaren 10ean). Biak helduen mailan (15-18 urte bitartekaok) ari dira parte hartzen. Maialen Lujanbio bertsolari txapeldunak aurkeztuko du saioa.


Osinalde elkarteko 35. mus txapelketa Pello Akizuk eta Bittor Rodrigok irabazi dute, finalean Asier Osinalde-Joseba Elgarresta gaindituta. Larunbat gauean jokatu zen lehiaketa. Hirugarren Iñaki Etxezarreta-Iker Etxezarreta, eta laugarren Iñaki Oiarbide-Iñaki Maiz izan dira. Zozketako saskiak Josetxo Sagarna-Arantxa Bidegain bikoteari egokitu zitzaizkion. Hamabi bikotek parte hartu dute.

Akizu eta Rodrigo irabazleak, elkarteko Jexux Gorrotxategirekin./Iker Etxezarreta

Akizu eta Rodrigo irabazleak, elkarteko Jexux Gorrotxategirekin./Iker Etxezarreta

Lehen lau postuetako bikoteak eta saskia tokatu zaienak./Iker Etxezarreta

Lehen lau postuetako bikoteak eta saskia tokatu zaienak./Iker Etxezarreta

 


Alkainburu frontoia bete zuten, larunbatean, judo topaketan parte hartu zuten haurrek. Antolatzaileek —judo taldeko gurasoak— hasieran 130 borrokalari etortzea espero bazuten, azkenean 110 bildu ziren. Gabiriako taldeko borrokalarien estreinaldia izan zen, eta inguruko herri batzuetako taldeak gonbidatu zituzten. 10:00ak inguruan hasi zen topaketa, agurrarekin eta beroketa ariketekin. Ondoren, lauko taldetxoak osatu eta borrokekin hasi ziren. Multzoetatik sailkatzen ziren neurrian, dominak banatu zituzten.

Bukatutakoan, Guraso Elkartekoek prestatutako tortillak jan zituzten. Topaketa 12:00ak inguruan bukatu zen. “Balorazioa ona izan da, eta antolatzaile guztiak oso gustura azaldu dira, batez ere Legazpiko Judo Taldea, Gabiriako gurasoek eta udalak egin duten ahalegina ikusita”, azaldu dute taldetik.

Legazpiko Judo elkartearen balorazioa, Gabiriako topaketarena.


Baztarrika gaztandegiak sari bat jaso zuen, herenegun, Idiazabalen. Gazta Eguna ospatu zen, 17. aldiz, eta gazta lehiaketan laugarren postua eskuratu zuten gabiriarrek. Bozketa herrikoiarekin izendatu zituzten sariak. Lehena Idiazabalgo Goiburu izan zen, bigarrena Albi, hirugarrena Antsonea, laugarrena Baztarrika eta bosgarrena Beizama.

Idiazabalgo festan gazta lehiaketan saritutakoak, agintariekin. Zutik, eskuinetik bigarrena, Baztarrikako Asier Osinalde./Asier Zaldua

Idiazabalgo festan gazta lehiaketan saritutakoak, agintariekin. Zutik, eskuinetik bigarrena, Baztarrikako Asier Osinalde./Asier Zaldua


Beste bola txapelketa bat jokatuko da, igandean, Gabirian. Kasu honetan Gipuzkoako Kopa lehiaketarako baliagarria izango da. Hirugarren jardunaldia Alkain-Buru bolatokian jokatuko da. Goizez eta arratsaldez egongo da izena emateko aukera.


Legazpiarrek apustu bitxia egingo dute bihar, larunbata. Kamiño Zaharrean, Zuazola baserritik (Korta) Atagoitira bitartean, lasterketa berezia egingo dute, 12:00etan hasita. Hiru zaldizkok hiru txirrindulariri aurre egingo diete. Korta jatetxean hasi dute lasterketa, eta Atagoitin bukatu (5 km). Zaldietan Mariano Fernandez, Marian Lasa eta Rafa Lasa joango dira; txirringetan Imanol Ugarte, Ander Ibarguren eta Unai Perea. Ideia Telleriarteko Txirrindulari Elkartean sortu zen, martxoan.


Hamar irabazle emakumezkoak baditu jada Osinalde sariketak. Larunbatean, 42. Osinalde Sarian, azken urteetako joera gailendu zen: kantatzen gehienak mutilak (lau), baina garailea neska bat: Nerea Ibartzabal markinarra. Bizkaira bosgarren garaikurra joan da,  hala.

Ibartzabalek jaso zuen entzuleen saria ere, epaileenaz gain. Sari nagusia, Itsasoko Pott zeramika tailerrak egindako irudia, Osinalde elkarteko batzordeko kide Eli Olariagak eman zion Nereari.

Nerea Ibartzabal, irabazlea./Eneritz Gorrotxategi –Osinalde elkartea

Nerea Ibartzabal, irabazlea./Eneritz Gorrotxategi –Osinalde elkartea

Bertsolari bati bi sari ez emateko ohitura dagoenez, bigarrena ere izendatu dute aurten: Imanol Uria algortarra. Herriko hiru jatetxek (Ostatua, Aztiri erretegia eta Korta) ipintzen duen garaikurra Juanlu Eskudero ostalariak eman zion.

Sariketako hirugarren sari tradizionala, bertsorik onenaren egilearena, Iñaki Alemane iruritarrak jaso zuen, hamarreko txikian ofiziotan hirugarren bertsoagatik. Altzibar lorazaintza enpresak eskainia, Edorta Atinek eman zion ikurra.

Sariak jaso zituzten bertsolariak: Aleman, Ibartzabal eta Uria. /Eneritz Gorrotxategi–Osinalde elkartea

Sariak jaso zituzten bertsolariak: Aleman, Ibartzabal eta Uria. /Eneritz Gorrotxategi–Osinalde elkartea

Beste hiru kantukideak Josu Oiartzabal azpeitiarra, Nekane Zinkunegi errezildarra eta Peio Ormazabal arrigorriagarra ziren. Baztarrika gaztandegiko gazta bana oparitu zieten sei bertsolariei. Eñaut Asurabarrenak aurkeztu zuen.

Sei bertsolariak eta gai-jartzailea./Eneritz Gorrotxategi–Osinalde Elkartea

Sei bertsolariak eta gai-jartzailea./Eneritz Gorrotxategi–Osinalde Elkartea

Elkartea bete egin zen, beste behin. Afaltzen 115 lagun ziren, eta jende gehiago sartu zen gero saioa entzuteko. Errifako zenbaki saridunak atera zituzten, hauek:

  • Gabiriako Ostatuan bi lagunentzat afaria: 1054 zenbakia.
  • Korta jatetxean bi lagunentzat afaria: 538 zenbakia.
  • Aztiri Erretegian bi lagunentzat afaria: 317 zenbakia.

Lehenbiziko txartelaren eroslea soziedadean bertan zegoen. Beste bi sarien jabeek hilabeteko epea daukate jakinarazteko. Errifaz gain, porra ere egin zuten, sariak nork jasoko zituen aurrez esanda. Eli Olariagak asmatu zuen ‘kiniela’.

Elkartea, larunbat gauean./Eneritz Gorrotxategi–Osinalde Elkartea

Elkartea, larunbat gauean./Eneritz Gorrotxategi–Osinalde Elkartea


Beasaingo Arrano kultur elkarteak bigarren urtez antolatu duen Bertsomovieda lehiaketan gabiriarrek ez dute batere saririk jasoko, aurten. Internet bidezko bozketa herrikoian lehen postua lortzeko zorian geratu ziren, eta epaimahaikoak izendatutako saririk ez dute izango. Gaur jakinarazi dute zein bideok irabazi duten: lehenengo ‘9 hilabete’, aipamen berezia ‘Bakardadean ezkutaturik’, bertsorik onenak dituen filma ‘9 hilabete’-k, eta gazteen saria ‘Bizitzaren ikuspegiak’.

Iaz sari nagusiaren erdia eskuratu zuen herriko gazteen ‘Bertso Road Movie’-k, aurten irabazle izan direnekin erdibana.