Archive for the ‘Ikastaroak’ Category


Judoko hastapeneko ikastaroa ematen hasiko dira gaur, herrian. 13 urtetik gorakoentzat da. Uztailean zehar izango da ikastaro berezia, hilaren 19ra arte. Dantzalekuan jardungo dira, astelehenetan eta asteazkenetan 18:30etik 19:30era. Bukatu berri den lanurtean hasi zen judo eskaintza, estreinakoz. Ekainaren 26an bukatu zen. Hurrengo ikasturtean ere (2013-14) judo ikastaroak jarraituko du. Bai udako ikastaroan, bai urtean zeharrekoan izena emateko, Judo Legazpi taldekoekin jarri behar da harremanetan.


Aurreko ostiralean, ekainak 21, bukatu zen euskara ikasteko herrian antolatutako azken urteotako bigarren ikastaroa, udalak sustatutakoa. Ikasturte osokoa izan da aurten, lehen aldiz, urrian hasita. Aurreko kurtsoan, 2012. urtearen hasieratik ekainera izan zen, lau hilabete.

Sei ikasle aritu dira euskaran sakontzen, Nerea Iztueta irakaslearekin. Asteazkenetan eta ostiraletan ordu eta erdiko saioak egin dituzte.


Etxean autokonposta egiteko ikastaroak emango ditu Sasieta Mankomunitateak aste honetan Gabirian. Asteartean (ekainak 18) eta ostegunean (ekainak 20) 19:00etan da, Etxeberri kultur etxean. Ontziak jasotzeko modua ere orduan izango dute herritarrek.

Udalak eta Sasietak etxe guztietan konposta egin dezaten lortzea nahi dute. Izena emateko epe bat ireki zuten maiatzean, eta orduan 60 bat etxe apuntatu ziren. Izena eman ez zutenei zuzenean telefonoz hots egin die udalak, asmoa azalduz eta zer egin behar duten esplikatuz. “Gehien-gehienek baiezkoa eman dute, jarrera ona agertu dute”, esan du Jokin Murua zinegotziak.Ikastaroan, konposta nola egin behar den azaldu, eta ontziak nola muntatu eta nola funtzionatzen duten azalduko dute. Sasietako teknikari batek emango du.

Herrian hondakinen funtzionamendu berria abiaraziko dute aurki udalak eta Sasietak. Berez, kurtsoa emandakoan hasteko moduan izango da jendea. Konposta etxean egingo dute, eta gainerako hondakinak uzteko hiru (edo lau) gune egongo dira udalerrian barrena: kaskoan (eskonbrera edo hondakindegi zaharrean, gau egun dagoen leku berean); Zuazolan eta Itzaitegi-Astiazaran bitartean. Laugarren bat Aztirian jarriko lukete, oraindik zehatz ez baldin badakite ere. Bestetik, Alegia, Orbeldi eta Santa Luzia ibarreko gabiriarrek Santa Luzia-Anduaga auzora joan beharko dute hondakinak botatzera, Ezkio-Itsaso Udalak han egokituko duen gunera.

Edukiontzi guztiak egongo dira gune horietan, birzikla ezin litezkeen hondakinena barne. Giltzarekin jarri ala ez, oraindik erabakitzeko daukate. Aurrerantzean, udalerri bakoitzak sortzen duen hondakin kopuruaren arabera ordaindu beharko du bilketa eta tratamendu zerbitzua.


Balentzategi herri eskolan gurasoei eta irakasleei zuzenduta egitekoa ziren sare sozialen inguruko ikastaroa (bihar zen egitekoa, 17:30etik 19:00etara, eskolan) atzeratu egin da. Irakasleak ezin duela, eta hurrengo astelehenean (maiatzak 20, 17:30ean, eskolan) emango dute kurtsoko bi jardunaldietatik lehenengoa.Bigarren klasea hasieran maiatzaren 20an ziren egitekoak, baina hori ere atzeratu egin beharko dute, noiz arte zehaztu ez badute ere.

Hiru helburu ditu Interneteko sare sozialei buruzko ikastaroak: “gurasoei eta irakasleei gai honen inguruan erabiltzen den hiztegia eta kontzeptuak ulertzen laguntzea, modu praktikoan”, “abantailak eta desabantailak aztertzea, modu egokiak eta desegokiak zeintzuk diren jakiteko”, eta “seme-alabekin edo ikasleekin gaia nola landu aztertzea”. Beasaingo La Salle ikastetxeko Lehen Hezkuntzako koordinatzaile eta irakasle Mikel Garciak emango du.


KZgunea Interneten erabilpen eta hedapen sare publikoak ikastaro sorta zabala jarri du, Gabirian egin daitezkeenak. Prestakuntza ikastaroak dira, gai ugariri buruzkoak. Udalak maiatzaren hasieran bidalitako bandoarekin batera igorri zuen programazioa. Interesatuek datorren asteazkena (maiatzak 15) baino lehen apuntatu behar dute, orria bete eta udaletxera eramanda. Doan dira.

Bandoa. Informatika ikastaro eskaintza (PDF, 2-3 orrialdeak)


Erbie elkarteak antolatutako fruta-arbolak kimatzeko ikastaroaren bigarren zatia, saio praktikoa, gaur eta bihar ziren egitekoak, Josu Osa adituarekin. Baina larunbatetik elurra ari duenez, atzeratu beharrean suertatu dira. Martxoaren 12an eta 13an egingo dute, partaideak bi multzotan bereizita. 16:00etan hasiko da.

Hiru egunotan elurra mardul egin du. Sagastiak ere estali dituenez, inausketan aritzea ezinezkoa da. Bestetik, ikastaroa egin behar duten sagastirako bidea luizi batek eraman zuen otsailaren 14an. Edersal fabrikarako bidea, eta beheraxeago dagoen Idarraga alderakoa suntsitu zituen.

Komenturako eta Idarraga baserrietarako bideak, luiziak hondatuta. Pasabidea atondu dute atzera./AMM

Komenturako eta Idarraga baserrietarako bideak, luiziak hondatuta. Pasabidea atondu dute atzera./AMM


Sagarrondoak eta fruta-arbolak inausteko eta txertatzeko ikastaroak otsailaren 25ean eta 26an, datorren astelehen-astearteetan izango du jarraipena. Talde jendetsua —azalpen teorikoen ikastaroan 50 lagunetik gora bildu ziren— bitan banatu, eta bi egun hartuko dituzte inausketaren irakaspenak zuhaitzetan bertan egiten ikasteko. Josu Osa aditua ari da ikastaroa ematen, Erbie elkarteak antolatuta eta Goimen agentziak lagunduta. Gabino Muruaren sagasti batean egingo dituzte praktikak, eguraldiak laguntzeko baldin badu behintzat.