Archive for the ‘Kultura’ Category


Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak berriki idatzi duen eskuliburu baten berri eman du, gaur. Aizpuruk eta Felix Luengok —EHUko Historia irakasleak biak— ondu dute titulu berria: La Segunda República y la Guerra Civil. Esku-liburua da, 1930eko gertakari  horiei buruz. Alianza Editorial argitaletxeak atera du, ‘El libro universitario’ saileko Manuales-170 zenbakiarekin. 240 orrialdeko liburua da.

.

Mikel Aizpururen 'La segunda Republica y la Guerra Civil' eskuliburuaren azala.

Mikel Aizpururen ‘La segunda Republica y la Guerra Civil’ eskuliburuaren azala.


Iñigo Murua 14 urteko mutikoaren arazo neurologikoak tratatzen laguntzeko, gabiriarrek erantzun dotorea eman dute. Aurreko ostiralean bertso afaria egin zen, Osinalde elkartean. Soziedadea bete egin zen. 95 lagun joan ziren afaltzera. Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ziren bertsotan. Saio “oso ona” borobildu zuten. Murua mutikoaren sendikoek eta afariaren antolatzaileek zera esan dute: “Dena oso ondo irten zen; afaria, saio oso ona eta eta diru dezente atera zen. Oso gustura gelditu ginen”.
bertso1

bertso2


Dhuba musika taldearen azkeneko emanaldia telebistan izan da. Goierri Telebistako Ikusi irratia saioan elkarrizketatu zituen Mikel Alvarez kaztetariak taldeko hiru kideak, Nerea Iztueta gabiriarra, Ane Arrieta segurarra eta Irati Badiola zegamarra.


San Joan bezperako suak ukitu ikusgarria eta bitxia hartu zuen, igande gauean. Iluntxintan piztu zuten urteroko sua, baina inoiz ez bezalako bisita jaso zuten herritarrek: basajaunak edo jentilak agertu ziren, ardi larruz estaliak eta adarrez hornituak. Haien dantza eta errituek jantzi zuten suaren magia, txalapartaren ttakunera eta musikaren erritmora. Akelarrea, Gurutze-Bakarreko zelaian.

Hona Blanca Lopezek ateratako argazki batzuk:

This slideshow requires JavaScript.

San Joan suaren argazki gehiago, Gabiria Aurrera udal taldearen blogean.


Aurreko ostiralean herriko bertsolaritzak beste mugarri bat jarri zuen, oraingo honetan Aizpurutxoko sakonean. Urretxu eta Azkoitia harteko auzo hartan, III. Bertso Saria izan zen, Itziar jatetxean, afal ondoren. Mikel Asurabarrenak, Aratz Igartzabalek eta Aitzol Iturbe antzuolar lagunak osatutako taldeak irabazi zuen lehiaketa. Mugarria jarri baino hobeto, berritu; 2011n Maialen Akizuk irabazi baitzuen lehen edizioko saria, orduan bakarka.

Saio osoan erregularrenak Gabiriako hirukotea izan zela ebatzi zuten epaileek (lehian ziren hiru herrietako ordezkari banak osatua). Bigarren Azkoitiko taldeak egin zuen (Eneritz Artetxe —iazko garailea, eta aurten bertsoaldirik onenaren egilea—, Silvia Etxaniz eta Ugaitz Beristain), eta hirugarren Zumarraga-Urretxukoak (azken orduan taldea aldatu zuten, eta Mikel Iturriotz —gaueko bertsolari onena—, Beñat Torres eta Antton Fernandez).

Aurten, sariketaren hiru urteko bizialdian lehenengo aldiz, herri arteko desafio gisara egin dute lehiaketa, taldeka.

Aizpurutxoko III. Bertso Sariko bederatzi kideak./Gorka Azkarate

Aizpurutxoko III. Bertso Sariko bederatzi kideak./Gorka Azkarate


Donostiako San Telmo museoak antzinako gaztagintzako tresna zaharrekin gazta egin du. Non eta Gabiriako Baztarrika gaztandegian. Herenegun aurkeztu zuten egitasmoa, eta hortik atera den fruitua: Gaztagintza argazki erakusketa.

Ondare etnografikoa balioan jarri nahian, museoan gordeta zeuden gaztagintzako tresna zaharrak eta gaur egungo teknikak parez pare erakusten ditu erakusketak. La tradición pervive izeneko erakusketa iraunkorretik hartu ditu hainbat tresna Museoak, eta Baztarrikara eraman zituen, gazta garai batean bezala egin zezaten. Amelia Jauregi artzainak esan du gazta egiteko modu zaharra eta gaur egungoa ez direla aldatu; aldatu direnak tresnak direla, gizarteak horretara bultzatu dituelako, kalitate kontrolengatik eta.

Herenegun aurkeztu zuten erakusketa, San Telmon. Han ziren Baztarrikako Amelia eta Asier Osinalde, Xabier Amoros museoko teknikaria, Ricardo Iriarte eta Susana Soto. Argazkilari batek iruditan jaso du gazta egiteko prozesua. Erakusketan 25 bat jarriko dituzte. Txurkak (gazta ebakitzeko oholak), kaikuak, prentsatzeko makinak, iragazkiak, burruntziak… ere ikus daitezke.


Iñigo Murua gabiriar jatorriko mutiko urretxuarraren alde bertso afaria egingo da herrian. Osinalde elkartean da, ekainaren 21ean, ostiralarekin. 21:00etan hasiko da afaria, eta prezioa 20 euro da. Izena emateko telefono zenbaki honetara hots egin behar da: 688 63 55 32 (Jokin). Bertsotan Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ariko dira.

Tantaz tanta, lagundu Iñigo kanpainaren barruko ekitaldia da, Iñigori laguntzeko. Jaio aurretik burmuineko infartoa eduki zuen, eta ondorio neurologikoak utzi zizkion. Otsailetik Santiagon (Galizia) dago, hango erietxe batean tratamendua jarraitzen. Familiari diruz laguntzeko abiarazi dute elkartasun kanpaina Urretxu-Zumarragako eragileek. Ekainaren 16an kontzertu benefikoa egingo da (20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan); ekainaren 26an eta 27an ikastolako DBHko haurrek ikuskizun benefikoak egingo dituzte (19:00etan, Zelai Ariztin), Urretxuko 3×3 saskibaloi txapelketako izen-emate dirua familiarentzat izango da; Urretxuko eta Zumarragako udalei laguntza eskatu diete… Eta herrian ere aletxoa ipiniko dute, bertso-afariarekin.

Bertso afaria