Archive for the ‘Kontzertuak’ Category


Iñigo Murua gabiriar jatorriko mutikoaren alde eta Markel Lopez urretxuarraren alde kontzertu benefikoa egin zen, atzo, Zumarragako Zelai Ariztin. Gorka Hermosa soinu-jotzaileak antolatu du, eta harekin batera Urretxuko nahiz Zumarragako artistak aritu ziren: dantzak, musika joz edo kantatuz,… Gotzon Aranburu kazetariak bideoa editatu du ikuskizunarekin.


Gabiriako Haur Abesbatzak bere historia laburreko bigarren emanaldia larunbatean egingo du, ekainak 15. Xomorroak izeneko ikuskizuna egingo dute. Saioa 18:00etan hasiko da, eliza ondoko antzokian. Abesbatza iazko azaroan sortu zuten, eta apirilaren 28an izan zuten estreinaldia jende aurrean, antzoki berean.

Kartela


Urretxun eta Zumarragan maiatzaren 22tik abian da Tantaz tanta, lagundu Iñigo izeneko elkartasun kanpaina. Gabiriar jatorriko Iñigo Murua 14 urteko mutikoari laguntzeko da. Jaio aurretik buruko infartoa eduki zuen, eta ondorio neurologikoak utzi zizkion. Otsailaz geroztik Santiagoko (Galizia) erietxe batean terapia jasotzen ari da, eragin positiboarekin. Tratamendua garestia da, ordea; hilean 3.000 euro, mutikoaren aita Luis Migel Muruak esan duenez. Iñigo Galizian dago otsailetik, amarekin. Kostu handi horiek arintze aldera, Zumarraga-Urretxu Ikastolak, Goierri saskibaloi taldeak eta Secundino Esnaolak antolatu zuten kanpaina. Kontu korronte bat ere zabaldu dute, diru ekarpenak egiteko, Kutxabanken (2095 50 7450 9112857823).

Horrez gain, igande honetan kontzertu benefikoa egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 20:00etan hasita. Gorka Hermosa akordeoi jotzaile urretxuarra agertu da prest. Hartara, bere lehen kontzertua egin zueneko 25. urteurrena Iñigoren eta Markel Lopez mutikoaren (epidermolisi bullosa azaleko gaitza du) aldeko emanaldi benefikoarekin ospatuko du, aldi berean. Bi herri horietako musikari, aktore eta artista gehiagoren laguntza izango du Hermosak igandeko kontzertuan. Bestetik, artistek, marrazkilariek eta margolariek beren artelanak eman dituzte, saldu eta ateratako dirua tratamenduak ordaintzeko erabiltzeko. Atzo aurketu zuten saio bi familietakoek eta Hermosak, alkateekin batera.

Urretxuko 3×3 saskibaloi torneoan izen-emateekin jasotzen den dirua Iñigoren familiari emango diote. Bestetik, ekainaren 26an eta 27an ikastolako DBHko 1. eta 2. mailetakoek ikuskizun benefikoa egingo dute, 19:30ean, Zelai Arizti aretoan. Urretxuko eta Zumarragako udalei ere eskatu diete laguntza eragileek.

Iñigoren egoeraren eta kanpainaren berri maiatzaren 22an eman zuten aitak eta laguntzaileek, prentsaurrekoan.


Herriko musikariak eta dantzariak auzo herrian izango dira, ekitaldi bana egiten, asteburu honetan. Ezkion San Migel jaiak ospatzen ari dira. Gaur, 22:00etan, Guri5! taldeko gaztetxoek erromeria joko dute Ezkion. Igandean, 12:15ean, Goruntz dantza taldeak saioa egingo du.

Guri5! taldekoak kantatzen, azaroan Osinalde elkartean egin zen Artista Gauan./AMM

Guri5! taldekoak kantatzen, azaroan Osinalde elkartean egin zen Artista Gauan./AMM


Gabiriako Haur Abesbatzak igandean, apirilak 28, egin zuen estreinaldia. Udaberri Kulturaleko egitarauan, eliza ondoko antzokian kantatu zuten jende aurrean lehendabiziko aldiz. Euskal errepertorioko abestiak ez ezik, afrikarrak, mexikarrak, israeldarrak eta afrikarrak ere eskaini zituzten koruko abeslariek, koreografiez eta dantza-erritmoz lagunduta. Estreinaldiko kontzertuan, Txindata musika eskolako ikasleekin batera osatua, entzulez bete zen antzokia, gehienak haurrek gurasoak eta aitona-amonak.

Haur abesbatza, kantuan, igandean./Amaia Larrañaga

Haur abesbatza, kantuan, igandean./Amaia Larrañaga

Azaroan sortu zuten haur abesbatza, hamabi lagunekin. Hamabi kantari horiekin segitzen du, zazpi neskato eta bost mutiko. Miren Gurutze Plazaola oñatiarra dute zuzendari, eta ostiralero bi orduko entseguak egiten dituzte. Ekainerako musikal bat prestatzen ari dira.

Informazio gehiago, Balentzategi herri eskolaren blogean.

Txindata musika eskolakoen emanaldiko irudi batzuk:

Txindatakoak./Amaia Larrañaga

Txindatakoak./Amaia Larrañaga

Txindatakoak./Amaia Larrañaga

Txindatakoak./Amaia Larrañaga

Txindatakoak./Amaia Larrañaga

Txindatakoak./Amaia Larrañaga

 


Herriko haur musikariek eta kantariek saio bateratua egingo dute, igandean, apirilak 28. Udaberri Kulturala egitarauaren barruko zazpigarren ekitaldian, Txindata musika eskolako ikasleek eta herriko haur abesbatzak kontzertua egingo  dute. Igandean, eliza ondoko antzokian, 17:00etan hasiko da (nahiz eta programan 18:00etan jartzen duen, ordubete aurreratu dute).

Haur koruak lehenbiziko emanaldia egin du jende aurrean. Azaroan sortu zuten, sei urtetik 12ra bitarteko hamabi partaiderekin. Miren Gurutze Plazaola oñatiarra dute zuzendari, zuzentzen dituen hainbat koruren artean (Noticias de Gipuzkoan Plazaolari elkarrizketa, martxoaren 23an).


Dhuna talde goierritarrak ostiralean herrian eman zuen kontzertuaren pasarte bat da hau. Goierri Telebistak grabatu zuen. Nerea Iztueta gabiriarra, Ane Arrieta segurarra eta Irati Badiola zegamarra, kantuan. Harrera ona izan zuen entzuleen partetik. Ordubete pasatxoko saioa osatu zuten hiru goierritarrek, jendearen gozamenerako.

Dhunako kideak ere pozik geratu dira, bai ostiraleko Gabiriako kontzertuarekin, bai biharamunean Idiazabalen egin zutenarekin. Honakoa idatzi zuten Facebooken, igandean: “Asteburu bikaina izan da! Eskerrik asko bai gabiriarrei bai izaldarrei guztiagatik! Primerako harrera egin diguzue, eta gozatu egin dugu bi kontzertuetan! milesker gonbidatzeagatik, eta eskerrik asko gerturatutako guztioi!”.