XV. mendea


1433-9-14. Lope de Aguirre gabiriarrak auzia eduki zuen Segurako kontzejuarekin, Mutiloan zeukan Agirre izeneko etxearen kausaz. Lope de Aguirrek zioen etxea Segurako auzotasunaren menpe zegoela eta ez Mutiloakoan. Horregatik Segurak auzokidetza hitzarmena eman zion.

 

1434-6-23. Ika-mika izan zen Ormaiztegin. Gipuzkoako alkate nagusi Pero Sarmientok Ormaiztegiko, Segurako auzotasuneko, Gabiriako eta Itsasoko sei etxe erretzeko agindu zuen (Garcia de Lecetarena, Rodrigo de Çamorarena, Lapatza, Olaverria, Jauregi eta Gabirondo etxeak). Behin baino gehiagotan eta zortzi urtez etxe haietan sartzen utzi eta babesa eman zietelako Pedro Çaarra, García Huria eta Chachu Uribarri gaizkile edo akotatuei (“acotados”). Pero Lopez de Ayala Gipuzkoako Probintziako merinoa agindua gauzatzera joan zenean, Hermandadeko alkateek uko egin zioten laguntzeari, eta eragozpenak ere jarri zizkioten, Lapatza etxeari su emandakoan itzaldu egin baitzuten. Ziotenez Pedro Sarmiento alkate nagusia beraiei zegokien jurisdikzioan sartu zen.

 “Zestoa mendetan zehar” txostenean hauxe jartzen du (beste iturri bat da): “Urte hartan [1434] Gipuzkoako alkate nagusi Pedro Sarmiento zen, eta Ermandadeak gaiztagintzat zituen bi pertsona zortzi urtez babestu izana salatu zieten Ormaiztegi, Gabiria eta Itsasoko bost biztanleri. Bost haien etxeak erretzea zen epaia, eta Segura, Tolosa eta Arrasateko ermandade-alkateek (Segurako eta Ordiziako Kontzejuetako ordezkari batzuekin) gauzatu zuten epaia. Joan Martinez Urduñakoa merioak ere parte hartu zuen, alkate nagusiaren ordezkari gisa. Hiru etxe arazorik gabe erre zituzten, baina beste biak, ermandade-alkateek erabakita, ez zituzten erre, nahiz eta merioak erretzea nahi. Ermandade-alkateek ziotenez, etxe baten apelazioa aztertu egin nahi zuten, eta beste etxean adin txikiko umezurtzak bizi ziren. Garai hartan Ahaide Nagusiek ere hartzen zituzten gaizkileak babespean, gero morroi izan zitezen. Gipuzkoan ganboatar Ahaide Nagusien buru Martin Ruiz Ganboakoa zen, Elgoibarko Olasoko jauna. Elgoibar, Eibar, Soraluze eta Errezilgo elizetako patronatuak bereak zituen, 1434. urtean (eta 1444 eta 1445ean) Gaztelako Joan II.a erregeak emanda”.

 

1461-3-12. Errege Katolikoek eta Enrike IV.a Gaztelako erregeak baimena eman zuten Areriako alkatetzan bildu ziren herriei aginpidea eta Donostiako forua emateko, autogobernua bideratuz. Alkate-makila ere eman zieten. Herri edo kontzeju bakoitzak hartuko eta erabakiko zuen txandaka alkatetza bere gain; alkatetzaren gastu arruntak ordaintzeko betebeharra ere bazuten, eta zigilu propioa izatekoa. Data bereko beste pribilegio-gutun batean, Enrike IV.ak onartzen du orduan Areriako alkate zen Martin Lopez de Lazcano (Lazkano etxeko eta Areriako alkatetzako jauna) hiltzen zenean kargua Hortuño de Anuncibayri emateko. Bigarren horrek uko egin zuen, eta eskumena Alkatetzako bizilagunei eta herritarrei eman zitzaien. Honako kolazio edo unibertsitateak bildu ziren hasierako hastapen honetan Areriako alkatetza nagusian: Gabiria, Lazkao, Olaberria, Arriaran, Ezkio (zati bat) eta Itsaso.

 1462-5-24. Ezkio, Itsaso eta Gabiriaren partetik batetik, eta Lazkao eta San Juan de Zeba-ren (Olaberria) partetik bestetik arazoak sortu ziren, Enrike erregeak Itsaso, Ezkio eta Gabiriako kontzejuei eman zien pribilejio bat tarteko. Areriako Alkatetza (audientzia, auditorioa eta sedea) non jarri erabakitzeari, eta kontzeju bakoitzari pribilejio hori jasotzeagatik zenbat ordaintzea dagokion erabakitzeari buruzko pribilegioa zen. Areriako alkatetzaren barruan zeuden unibertsitateen artean botere banaketak eta eskaerek arazoak sortu zituzten. Martin Fernandez de Paternina (Aguraingoa) eta Juan Perez de Vicuña (Salvatierra de Iraurgikoa) lege-batxillerrak izendatu zituzten auzian epailetarako.

 1462-5-26. Areriako alkatetza barruko herrien arteko ika-mikak konpontzeko epai arbitrala atera zuten Martin Fernandez de Paternina eta Juan Perez de Vicuña zuzenbide-batxillerrek, sei herriek aukeratuak. Carta Partida izena hartu zuen, sei udalbatzek sinatutako konpromiso-akordio bihurtuz. Egun berean Areriako alkatetza nagusiko udal ordenantzak idatzi ziren, gobernuaren ildoak eta kontzeju bakoitzari zegozkion gaiak arautzen zituena.  Urtero, ezarritako hurrenkeraren arabera, irailaren 29an izendatuko zituzten alkate nagusia eta bi alkate arruntak. Lazkaok eta Olaberriak partidu bat osatzen zuten (beren alkatea sei urtetik bostean izenda zezaketen), Gabiriak, Itsasok, Ezkiok eta Arriaranek beste partidu bat, eta Zumarragak hirugarrena (Arerian sartzeko ahaleginetan zebilen).

 

1470-3-21. Zumarraga Areriako alkatetza nagusiko kide izatera sartu zen, 200 florin ordaintzera behartuta. Carta Partidan ezarritako herrien arteko botere-banaketa berritu behar izan zuten. 42 urterako aldia jarri zuten. Gabiria-Itsaso-Ezkio blokeak aldi horretan 18 txanda izango zituen (Gabiriak 10, Itsasok 6 eta Ezkiok 2); Lazkao-Olaberriak 9 txanda (Lazkaok 7 eta Olaberriak 2); Zumarragak 9 txanda; Arriaranek 6 txanda. Herriek 1473-1514 aldirako zehaztu zituzten alkatetzarako txandak. Gero 1515-1556, 1557-1598 eta 1599-1640 aldietarako ere zehaztu eta beteko zituzten, herrien arteko arazo larriak sortu ziren arte. Egoki eta fin betetzen zituzten hurrenkerak eta txandak, Carta Partidak agindutako konpromisoei jarraituz.

 

1470-4-5. Segurako hiribilduaren eta bere jurisdikzioaren pean zeuden unibertsitateen eta kolazioen (Idiazabal, Zegama, Zerain, Mutiloa, Ezkioga, Ormaiztegi, Gabiria, Astigarreta eta Gudugarreta) artean auzia izan zen. Segurak eskatu zien beste herriei berarekin batera gastu hauek ordaintzen parte hartzeko: Segurako itxiturak, harresiak, dorreak, ateak, lubakiak eta kartzelak konpontzeko gastuetan; alkatearen soldata, fidelena, eskribau fidelarena, erregidoreena, herriko pregoilariarena, prokuratzaileen diru-saria eta kostuak, morroiena, kontzejuko mezulariena, negozio, probintziako batzar nagusi, berezi eta partikularretara bidalitako ordezkariena; Seguran gauero zaintza egiten zuten  lau zaintzaileen eta ofizialena, ekaitz handiak egiten dituen gauetako zaintzaren kostua. Horietan denetan ordaintzeko betebeharra dutela agintzen die Segurak. Haren menpeko unibertsitateek esan zuten  inoiz ez dituztela ordaindu, eta ez dituztela ordainduko aurrerantzean ere. Salvatierra de Yraurguiko (Azpeitia) Juan Perez de Vicuña batxillerra jarri zuten epaile-arbitro. Sententzia: ordaindu beharra zeukatela herriek, urrezko 1.000 doblako isunaren mehatxupean (zenbat eta nola ordaindu hiru egun geroago ­­–1470-4-8an- zehaztu zuen). Auzi honetan bertan beste agiri batean sei “kolazio” aipatzen dira: Idiazabalgo San Miguel, Zegamako San Martin, Gabiriako Santa Maria, Ormaiztegiko San Andres, Arriarango San Pedro eta Ezkiogako San Migel; eta eguna ere hilabete geroago (1470-5-5).

 

1470-4-8. Seguraren eta beste zortzi kolazioren (tartean Gabiria) arteko auziaren epaia atera zuten Azpeitian, gastuak eta ekarpen arruntak batzar-hiriari (Segurari) nola egin behar zizkioten zehaztuz.

 

1471-3-21. Zumarragako Kontzejuak Areriako alkatetzarekin bat egiten zuela sinatu zuten bi aldeek, Gabiriako Alegian (“Alegria de Gaviria”). “Union, compañía de vecindad y unidad” izenpetu zituzen, Errege Katolikoen oniritziarekin.

 

1476. Areriako alkatetza nagusiak makila (aginpidea) izateko eskubidea zuela berretsi zuen Enrike IV.a erregeak.

 

1479. Gabiriari egokitu zitzaion, ezarritako hurrenkeraren arabera, Areriako alkatetza nagusiko alkatea izendatzea.

 

1481. Gabiriari egokitu zitzaion, ezarritako hurrenkeraren arabera, Areriako alkatetza nagusiko alkatea izendatzea.

 

1486. Gabiriari egokitu zitzaion, ezarritako hurrenkeraren arabera, Areriako alkatetza nagusiko alkatea izendatzea.

 

1488. Gabiriari egokitu zitzaion, ezarritako hurrenkeraren arabera, Areriako alkatetza nagusiko alkatea izendatzea.

 

1493. Gabiriari egokitu zitzaion, ezarritako hurrenkeraren arabera, Areriako alkatetza nagusiko alkatea izendatzea.

 

1495-7-24. Valladolideko  Chancilleriak epai exekutatzailea atera zuen diru zor bat ordainarazteko. Juan de Sagastiberriak (Calahorrakoa) Ochoa de Urrutia gabiriarra salatu zuen, zorrengatik. Elizaren epaimahai batean hasi ziren auzia ebazten, baina salatuak indarrezko errekurtsoa sartu ondoren Chancilleriara iritsi zen kontua.

XV. mendea. Andre Mariaren elizako atzealdean horman tailatuta dagoen amabirjinaren irudia XV. mendekoa da.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s