EFEMERIDEAK


ABENDUA

  • 1941-12-2 Gabirian eratutako Fundación del Canónigo Cristóbal Aguirre erakundearentzat Pertsona juridikoen ondasunen gaineko zerga ezerezten zuen akordioa argitaratu zuen BOEk. Andre Maria parroki elizako apaiz Lucio Martinez Jauregik sustatu zuen txostena, fundazioaren patrio-lehendakari gisan. Cristóbal Aguirre Santiagoko eliza-katedraleko kanonigoa izan zen, eta 1661eko uztailaren 22an testamenduan adierazitakoari jarraituta eratu zuten fundazioa, “kristau dotrina irakasteko misioen bidez, Gabiriako dontzeila txiro eta bertutetsuei”.
  • 1967-12-4. Pasiotarren komentuan bizi ziren azken bost fraileak (Anacleto Larrañaga, Arsenio Belar, Bernabe Larrarte, Lorenzo Iza eta Sebastian Mendiguren) Urretxuko egoitzara joan ziren, komentua behin betiko utziz. Hurrengo urteetan meza ematen jarraitu zuten, hala ere. Ikastetxearen historian 1.663 mutil inguruk ikasi zuten Pasiotarren komentuan (1911-1943 tartean 654 ikasle, ordutik itxi arte 1.000 pasatxo).
  • 1978-12-6. Espainiako Konstituzioa onesteko erreferenduma. Emaitzak: bai 7 (%1,82); ez 68 (%17,75); zurian 5; abstentzioa 303 (%79,11). Abstentzioa+ezezkoak: %96,86. Hautesle errolda: 383.
  • 1791-12-7. Jose Joaquin de Urquiola gabiriarrak agrimensore (topografo, lur azalera kalkulatzeko teknikaria) azterketa egin ziezaioten eskatu zuen Madrilen, eta zegokion titulua eman ziezaiotela.
  • 1921-12-08. Zumarragako zenbait herritarrek Gabiriarekiko muga ixteko eskatu zuten, animaliak larratzeko.
  • 1823-12-9. Jose Joaquin Aztiriak Gabiriako Andre Mari elizan benefiziatu kargua hartu zuen.
  • 1584-12-10: María Zandategik botere eskumena Domingo Zandategi eta Domingo Irizarri eman zien, Lope Ochoa de Agirreren kontra zeukan auzi batekin jarraitzeko, Gabiriako elizan Agirretarren eslerleku batek han egoten jarraitu behar ote zuen zegoen auzitan.
  • 1980-12-12. Udalbatzak herriaren izena –b-rekin idaztea erabaki zuen, Gaviria-ren ordez jatorrizko Gabiria-ra itzuliz.
  • 1994-12-13. Eusko Jaurlaritzak Troiko meategiak ustiatzeko kontzesioa baliogabetu zuen. 
  • 1871-12-15. Elizako sakristia eta tenpluaren hegoaldeko fatxada konpontzeko lanak sinatu ziren Madrilen: sakristia erortzeko zorian omen zegoen, eta hegoaldeko horman pitzadura handiak zeuden. Bide batez, elizaren inguruan pasealeku bat egitea planteatzen zuen Joaquin de Garinen proiektuak; 120 urte itxaron behar izan zuen asmo hark egia bihurtzeko.
  • 1986-12-17. Meategien zuzendaritzak Exminesaren instalazioak martxan jartzeko baimena eman zuen. 26 langilerekin hasi zen lanean
  • 1788-12-18. Suaroa sortzeko lehenengo bilera egin zuten Gabirian, baserriak eta etxeak suteen aurka aseguratzeko sistema herrikoia. “Sociedad de Seguros contra incendios de caseríos San Lorenzo” izena eman zioten. Oñatibi-txiki baserriko Juan Ignacio de Odriozola izan zen lehen presidentea, orduko alkate eta epailea. 1870ean 37 baserri zeuden Suaroan; 1920an 56; 1949an 55.
  • 1858-12-19. Arraseta harrobiko harria ateratzeko hitzarmena egin zuen Pedro Cabarrep frantsesak Zumaran eta Goikoetxea harginekin (Murgilgo Gurutzebakar izeneko harrobian ere haiek ateratzen zuten). 600 metro kubo mugarrietarako neurri jakinekoak, eta beste 600 metro kubo harlandu estolderietarako luzean metro bat eta lodian 18-20 zentimetrokoak. Lanak urtebetean amaitu behar zituzten. Mugarriengatik metro kuboa 90 erreal eta harlanduengatik 13 erreal kobratuko zuten. Gabiriako Etxabe hariztitik barrena harri karreoa pasatzen uzteagatik Joakin Maria Mugertzari 480 erreal ordaindu zioten.
  • 1861-12-19. Usardi izeneko harrobia ekoizpenean jarri zuten, Norteko Trenbidearen eraikuntzarako. Gabiriako Manuel Iriarte eta bere lagunak, eta Ormaiztegin bizi ziren Federico Chirmeux eta Luis Maute ariko ziren hargintzan. Harrobitik garraioa egiteko bideak irekitzeko hauek utzi zituzten sailak: Prudentzio Andueza legazpiarrak 50 postura (13 errealean bakoitza), Jose Domingo Plazaola legazpiarrak 10 (32na errealean bakoitza), eta Domingo Guridi oñatiarrak 100 postura (32na errealean).
  • 1863-12-20. Norteko Trenbidearen obretan Benito Morlan frantsesa (tailerreko burua) hil zen, istripuz. Araundia tunelean (Tunelaundi) lanean ari zela polborak kiskalita hil zen.
  • 1931-12-22. Gabirian Euzko Alderdi Jeltzalea eratu zuten. Francisco Zufiaurre (28 urte) zen lehendakari, eta Pedro Murua (23 urte) idazkari. Beste 17 afiliatu ere sartu ziren alderdian, 23 urteko batez bestekoarekin. Hamabost hilabete geroago 42 kide ziren.
  • 1862-12-26. Norteko Trenbidearen proiektuan aldaketa egin zuten: Altube baserri inguruko betelanaren planoak onartu ziren, trenbidearen zeharkako perfilak zehatz-mehatz emanez EGC enpresa eraikitzaile berriari. 1862. urte hartan trenbidearen ibilbidea aldatzeko plano ugari gauzatu ziren, lurraren izaeragatik eta baserriak eraistea saihesteko.
  • 1877-12-27. Valentin Larrea Iturbe jaio zen, musikaria izango zena.
  • 1665-12-29. Santa Cruz de Argisanoko elkargoan zeuden Gabiriak, Ezkiok eta Zumarragak laguntasun agiria (escritura de concordia) sinatu zuten, gerra garaietan tertzioen ofizialak izendatzeko eta zerbitzu militarrak zehazteko ituna eginez.
  • 1706-abendua. Elizako obrak azkarrago eta merkeago egiteko, Udalak gabiriarrek lagunduko zutela erabaki zuen: harria garraiatu, egurra moztu, karea eraman… beharko zuten, auzolanean. Herritar guztiek eman zuten baietza.
  • 1990-abendua. Guardia Zibilaren kontra atentatu saiakera egin zuen ETAk Ormaiztegitik Gabiriarako bidean. Meategirako leherkariak garraiatzen ari zen patruilaren pasaeran bi butano-bonbona eta leherkaria jarri zituzten, baina ez zuen eztanda egin.

AZAROA

  •  1906-11-2. Lizarazu baserria erre zen.
  • 1631-11-4. Gabiriako eskribau eta Ormaiztegiko bizilagun zen Martin de Arrese izendatu zuen Union del Río del Señor San Esteban batasunak (Gabiria, Ormaiztegi, Mutiloa, Gudugarreta eta Astigarreta biltzen zituen), azaroaren 14an Hondarribian hasiko ziren Batzar Nagusietara joateko. Ormaiztegin egin zuten bost herrietako agintariek botere izendapena egiteko biltzarra.
  • 1933-11-5. Euskal Estatutua erabakitzeko erreferenduma egin zen. 465 hautesle zeuden deituta; 416k alde bozkatu zuten, kontra inork ez.
  • 1864-11-9. Urkiztegi baserria husteko agindua eman zitzaien maizterrei, trenbidearen eraikuntzak kaltetuta utzi ondoren. Agindua herriko alkateak betearazi zuen, medikuak lagunduta. Eztabaida argitzeko alkateak parte hartzea eskatu zuten, baina arazoa SGCME enpresarekin konpontzeko esan zien hark jabeari eta maizterrei.
  • 1978-11-12. Osinalde elkarteak herriko jubilatuak omendu zituen, 70 urtetik gorakoak.
  • 1924-11-14. Madrilgo La Voz egunkariak honako albistea argitaratu zuen. “Detención del autor de un crimen. San Sebastián 13 (11 n.). Han sido detenidos en Villafranca los jóvenes Antonio Rodríguez y Eugenio Rey, ambos naturales de Orense. Parece que Antonio mató el verano pasado en el pueblo de Gabiria a un recién casado en el mismo día de la boda. (Febus.)”.
  • 1936-11-15. Joaquin Iruin abertzalea aguazil kargutik kendu zuen udalak.
  • 1859-11-17. Norteko Trenbideko obran kontratista ziren Pradines anaiek Arraseta harrobitik harria garraiatzeko bide berria Etxubi sailean irekitzeko hitzarmena sinatu zuten Gabiriako itzainekin. Tasatze lanak Fidel A. Gerak ordiziarrak egin zituen, eta 480 erreal emango zitzaion Etxubiren jabeari.
  • 1933-11-19. Diputatuen Gorteetarako hauteskundeak egin ziren. Emaitzak Gabirian: Leizaolak (abertzalea) 237 boto; Monzón (abertzalea) 236; Irujo (abertzalea) 233; Irazusta (abertzalea) 232; Picabea (independentea) 230; Usabiaga (erradikala) 34; Urraca (erradikala) 28; Maeztu (Renovación Española) 28; Paguaga (tradizionalista) 28; Telleria (tradizionalista) 28; De la Torre (federala) 17; Bizcarrondo (Acción Republicana) 17; Gomendio 17; De Francisco (sozialista) 2; Echevarria (sozialista) 2; Alvarez (sozialista) 2; Angulo (sozialista) 2.
  • 1706-11-20. Iruñeko Elizbarrutiko agintariek Gabiriako eliza berritzeko baimena eman zuten, Juan Antonio de San Juan ikuskatzaileak oniritzia eman ondoren.
  • 1661-11-22. Hiribildu pribilegioa eman zion Gabiriari Espainiako errege Felipe IV.ak, jurisdikzio zibil eta kriminal independentearekin. Areriako Alkatetza Nagusitik bereizi zen, hiri beregain bihurtzeko udala osatuz. Alkatea, bi erregidore eta sindiko prokuradoreak osatu zuten udala.
  • 1985-11-22. Euskadiko Meatze Barrutiko zuzendaritzak mineralak tratatzeko gunea eraikitzeko baimena eman zion Exminesari.
  • 1798-11-24. Juan Ignacio Gaztañaga alkate izendatu zuten.
  • 1858-11-24. Urkiztegi baserriko sailak espropiatu zizkioten Bergaran bizi zen Joakin Irizar Moyari, trenbidea egiteko proiektuagatik. Gorabehera garrantzitsuak eragingo zituen erabaki hark.
  • 1934-azaroa. Juan Miguel Murua Lasa jarri zen alkate. 1936ko otsailera arte egon zen.
  • 1996-azaroa. Errezil sagarraren eguna ospatzen hasi zen, Erbie elkarteak antolatuta. Errezil sagar lehiaketa egin zen.

 URRIA

  • 1935-10-6, igandea. Kaskora ura eramateko obrak inauguratu zituzten. Agintarien oturuntza, txistulariak eta abesbatza izan ziren. 
  • 1936-10-4. Bi baserri errekisatu zituzten altxatuek, eta Gipuzkoako Gerrako Junta Karlistaren alde diru-bilketa hasi zuten. 
  • 1991-10-6tik 9ra , igandea-asteazkena). Ertzaintzak ETAren arma biltegi bat aurkitu zuen, Kamiño Zarretik gertu.
  • 1858-10-7. Pedro eta Isidro Vidal kontratista anaiek Gabiriako Murgilgo Gurutzebakar harrobitik Norteko trenbideko obrarako harria garraiatzeko hitzarmena egin zuten itzain hauekin: Joakin Irazusta, Frantzisko Mendia, Jose F. Zumalakarregi, Jose A. Txintxurreta, Antonio Lizarazu, Frantzisko Bergaretxe eta Manuel Elgarresta (denak gabiriarrak). Jose Joakin Otaño itzain ormaiztegiarra ere taldean zen. Hango harria Kortzutik Lezeta bitarteko hormak eraikitzeko erabiliko zuten. Zumaran eta Goikoetxea harginek aterako zuten harria, metro kuboa 5 errealean.
  • 1897-10-7, osteguna. Espainiako armadak maniobra militarrak egin zituen, Gabiriatik pasatuz.
  • 1936-10-11. Medikuaren eta idazkariaren etxeei errentak kentzea erabaki zuen udalak, aurreko udalbatzak jarritako araua indargabetuz.
  • 1935-10-15. La Construcción Moderna aldizkarian, Gabiriako kaskora ura ekartzeko obren aipamena argitaratu zuten. Testualki: “(…) y en Gabiria (Guipúzcoa), [se ha inaugurado] el abastecimiento de aguas, cuyas obras han sido costeadas por el bienhechor de la villa D. José María Osinalde”. 
  • 1813-10-12. Zenbait herritako ordezkariak Urretxun elkartu ziren, gudarosteko ofizialei eman beharreko janari-anoak eta hornigaiak zehazteko. Buruzagi politikoak esan zuen ez emateko janik ez hornigairik. Honako herri hauek bidali zuten ordezkaria Urretxuko biltzarrera: Urretxu, Zumarraga, Segura, Zerain, Mutiloa, Legazpi, Antzuola, Zegama, Gabiria, Ormaiztegi, Astigarreta, Itsaso eta Ezkiok. 
  • 1863-10-22. Norteko Trenbideko obrak etenda zeuden irailaren 23ko istripuagatik, baina Pradines anaia kontratistek ez zuten onartu. Migel Izagirreren notaritzan beren obra-etxolei eta tunel ondoko tresnei eragindako kalteengatik protesta egin zuten bi anaiek, Zumarragako alkateak lagunduta. 
  • 1979-10-25. Gernikako Estatutuari buruzko erreferenduma egin zen. Hautesle errolda: 377. Botoak: 294 (%77,98). Bai 281 (%95,57); ez 6 (%2,04); zurian 6 (%2,04); baliogabe 1 (%0,34); abstentzioa 83 (%22,02). 
  • 1650-10-30. Gabiriako Kontzejuak eskutitza igorri zion Bergarako Hiribilduari, Areriako alkatetza nagusian Juan Ladron de Aguirre izendatu zutela berri emanez, ustez ahaide nagusia zela eta ondorioz probintziako arautegiaren kontrakoa, Bergarak erabaki zezan Batzar Nagusietarako. 
  • 1913-10-31. Julian Alustiza Aztiri jaio zen, Etxetxo baserrian, Aztirian. Fraide frantziskotarra eta idazlea. 
  • 1992-urria. Papera biltzen hasi zen Remar erakundea Gabirian, birziklatzeko, Sasieta Mankomunitatearen enkarguz. Goierriko bailaran 74 tona paper bildu zituzten.

IRAILA 

  • 1858-9-1. Norteko Trenbidea eraikitzeko xehetasunak erabaki ziren Parisen, Ordiziatik Nafarroako mugarako zatiari zegozkionak. Gabiriako tunelak hauek izatea erabaki zuten (Zumarraga-Ormaiztegi norabideari jarraituz): Altube edo Eizmendi tunela (570. km-an, 542 metro luze); Olazabal (571. km-an, 144 metro luze), Araundia (572. km-an, 234 metro), Arrazabal (573. km-an, 417 metro). Egileak hauek izango ziren: Olazábal Vidal anaiek egin zuten; Araundia eta Arrazabal Vidal anaiek eta J. Dumasek.
  • 1883-9-1. Bidaurretako jatorrizko errota-baserri zaharra eraisteko lanak hasi ziren. Toki hartan ur-biltegi handi bat eraiki zuten, ur sulfurosoa pilatzeko, urtez urte beharrak handitzen ari baitziren. Biltegiaren gainean eraikuntza erraldoia altxatu zuten, gela gehiagorekin eta balneoterapia zerbitzu moderno eta konpletoekin.
  • 1934-9-1. Alkatea kargugabetu ondoren, zinegotzi guztiek (batek izan ezik, “gaixorik zegoelako”) dimisioa eman zuten, Donostiako Udalak dimititzeko egin zuen deiari jarraituz. Erabaki horren ondorioz etorri ziren epaiketen gastuak hurrengo udalak (Gobernadore Zibilak aukeratua) hartu zituen bere gain.
  • 1927-9-5. Nicolas Telleria ehiztaria hil zen, 19:30 aldera, Iturgorri inguruan. Ehizeko kideak hegazti bati tiroa bota zionean laguna harrapatu zuen parean.
  • 1983-9-5. Gabiria hondamendi eremu izendatu zuten errege dekretu legez, Gipuzkoako beste 81 herri bezala. Egun gutxi lehenago izan ziren uholdeek sortutako kalteen jasaleei laguntzeko.
  • 1936-9-6. Gabiriako udalbatzak Errepublika garaiko azkeneko ohiko bilkura egin zuen. Frankisten zutabeak gerturatzen ari ziren heinean, Defentsa Batzordea sortu zuten Gabirian. Herriko gazte gehienak sartu ziren, baita gero frankisten aldean borrokatu zirenak ere. Eskopetak, fusilak eta esku-bonbak hartuta (Euzko Gudarostetik jasoak) egiten zituzten goardiak herriko puntu desberdinetan. Bai frankisten mugimenduak, bai milizianoen sarrerak kontrolatzen zituzten, Zumarragatik iritsitako errepublikar talde batek Gabiriako apaiza eraman nahi izan baitzuen.
  • 1858-9-7. Norteko Trenbidearen ibilbidea eraikitzeko obra-kontratuak emanak zeuden jada. Otzaurte-Igartza (Zegama-Beasain) zatia hirutan banatu zuten; Gabiria Igartza-Zumarraga zatiari zegokion (besteak Zumarraga-Oazurtza eta Oazurtza-Otzaurte ziren). Urte horretan hasi ziren hiru zatietan obretan.
  • 1929-9-8. Herrira ura ekartzearen beharra aurkeztu zuen Francisco Urteaga alkateak udalbatzarrean.
  • 1905-9-10. Hauteskunde orokorrak: Sanchezek (Liga Foral) 171 boto atera zituen.
  • 1976-9-10. Gabiriako Udalbatzak “errepresio ofizialaren basakeria” salatzeko mozioa onartu zuen, Gipuzkoako beste 17 udalerrik bezala. Aurreko egunetan izandako poliziaren ekinbide odoltsuak eta bortitzak “herriari egindako probokazio” zirela zioen testuak.
  • 1433-9-14. Lope de Aguirre gabiriarrak auzia eduki zuen Segurako Kontzejuarekin, Mutiloan zeukan Agirre izeneko etxearen kausaz. Lope de Aguirrek zioen etxea Segurako auzotasunaren menpe zegoela eta ez Mutiloarenean. Horregatik Segurak auzokidetza hitzarmena eman zion.
  • 1964-9-14. Pasiotarren komentua itxi zuten, eta han zeuden ikasleak Eubara (Bizkaia) joan ziren.
  • 1936-9-17. Gerra Zibilean Francoren aldekoak Gabiriara sartu ziren. Egun honetan herriko 112 bizilagun, gazteak eta abertzaleak gehienak, herritik aparteko baserri batean elkartu ziren, Legazpira joateko. Egituratu ondoren herrira itzuli ziren, frente egitera. Hainbat tiroketa izan zituzten arerioarekin. Erreketeak herrira sartu ondoren Fernando Larrea alkatea, Basilio Mendiola alkateordea eta Juan Migel Murua alkate ohia atxilotu  zituzten, eta beren etxeak miatu; hurrengo egunean utzi zituzten aske. Herritarrenganako zuzeneko indarkeria fisikorik ez zen gertatu, baina bai indarkeria psikikoa, mehatxu pertsonalak edota gutxiespenak publikoki.
  • 1936-9-20. Beasaingo Komandantzia Militarrak Gabiriako Udala desegiteko agindua eman zuen, eta udalbatza berria eratu zuen. Francisco Lasa Oñatibia jarri zuten alkate.
  • 1848-9-22. Francisco Balenzategik Gabiriako Andre Mari elizan benefiziatu kargua hartu zuen.
  • 1767-9-23. Data honetarako errepide bat egina zegoen herrian. Altzibar-Jauregi etxeko artxiboko aipu batek dioenez: “Testimonio de la adjudicación a D. Manuel Francisco Alcíbar de sesenta posturas de terreno concejil castañal en Gabiria, en el término llamado Aguirresasi, en pago y permuta del terreno que se le quitó para la ejecución del nuevo camino Real de coches“.
  • 1863-9-23. Norteko Trenbidearen obretan istripu latza gertatu zen Gabirian, Urrutiko tunela egiten ari zirela. Lau langile hil ziren: Pedro Salespierre frantsesa, Juan Ornes arabarra, Juan M. Usabiaga itsasoarra, eta Manuel Soles. Hiru Gabirian lurperatu zituzten, bestea Itsason. Gehiago ere zauritu ziren; haietako bat, Santiago Bufo piamontearra, ezkondua, hiru egun geroago hil zen, irailaren 26an. Gabiriako eta Zegamako obrak bat-batean gerarazi zituzten.
  • 1936-9-27. Altxamenduak ezarritako udalak baserritarren arteko Sindicato Agrícola Alkartasuna itxiarazi eta errekisatu zuen, lehengaien salmenta debekatuz. Hilerriko giltzak apaizari itzultzea agindu zuen.
  • 1984-9-28. Santi Izuzkitza (Orbea) txirrindulariak Sevillako Probintziari XVIII. Itzuliko bigarren etapa irabazi zuen (Sevilla-Dos Hermanas, 152 km), eta sailkapen nagusian 4. postutik lidertzara pasatu zen. Helmugara Pascual Trigueros taldekidearekin batera iritsi zen. Irten aurretik minutu bateko isilunea gorde zuten Francisco Rivera Paquirri toreatzaile hil berriaren omenez. Lehen ihesaldi baten ondoren, Utrerara iritsi aurretik harrapatu zituen tropelak, eta Los Palacioserako bidean salto egin zuten berriz Izuzkitzak, Triguerosek, Miguel Angel Martinezek eta Pliegok. Orbeako bi taldekideek egin zuten azkenean aurrera.
  • 1984-9-29. Santi Izuzkizak Sevillako Itzuliko hirugarren etapa, nagusia, irabazi zuen (Carmona-Carmona, 158 km). Lidertza sendotu zuen.
  • 1984-9-30. Santi Izuzkitzak irabazi zuen Sevillako XVIII. Itzulia, lau etapakoa (2.a eta 3.a irabazi zituen) eta 524 kilometrokoa denera. Sailkapen nagusian 1. Santi Izuzkitza (Orbea); 2. Miguel Pacual (Orbea); 3. Martinez Perez (Austral). Taldeka Orbeak irabazi zuen.

  

ABUZTUA

  • 1934-8-3. Gaceta de Madrid egunkari ofizialak argitaratu zuen, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Gabiriako Udalari 19.366,42 pezetako diru laguntza ematea onartu duela, Eztanda iturburutik herrigunera ura ekartzeko lanen kostuaren erdia, obra bukaerako agiria onartzen denetik aurrera bost urtetan ordaintzekoa. Obren betebeharrei buruzko 13 baldintza ere zehaztu ziren, bigarren artikulu batean. 
  • 1862-8-6. Norteko Trenbidearen eraikuntzan trazatu aldaketak proposatu eta onartu ziren. Altube eta Olazabal baserrien artean ordura arteko ibilbide proposamena aldatu zuten. Altube baserria suntsipenetik salbatuko zen, atzetik pasatuko baitzen trazatu berria; eta Azkartza baserriaren aurretik pasatu beharrean atzetik igaroko zen. Zubi eta tunelen luzerak handituko ziren: Eizmendi edo Altubekoak 530 eta Olazabalgoak 140 m izatera pasatuko ziren. Urkiztegi eta Olalkiaga baserrien artean ere aldatu zen trazatua: Urrutia baserria Alegia aldetik zeharkatu ordez Gabiria aldetik igaroko zuen trenbideak, Araindia tunelak 236 m eta Arrazabalek 416 m hartuz. 
  • 1933-8-6. Euzko Nekazarien Bazkuna (ENB) nekazari sindikatu abertzalearen sorreran parte hartu zuen Gabiriak, lehen unetik bertatik sartu ziren 27 herrietako bat izan zen. Gabirian astebete geroago eratu zuten herri mailako antolamendua.
  • 1976-8-8. Herriko Ostatua Nikolas Alustizak eta Maria Jesus Garciak hartu zuten.
  • 1934-8-12. Kontzertu Ekonomikoa defendituko zuen batzorde berezirako kideak aukeratu zituen Gabiriako Udalbatzak, nahiz eta idazkariak jakinaren gainean utzi zien legez kanpokoa zela egiten ari zirena. Alkatea kargutik kenduko zuen Gipuzkoako gobernadore zibilak geroxeago, Euskal Estatutuaren harira etorriko zen erantzunean.
  • 1933-8-13. Euzko Nekazarien Bazkuna Gabirian eratu zuten formalki. 40 bazkiderekin hasi zen, jabe txikiak eta maizterrak. Zuzendaritza batzordea hauek osatu zuten: Jose Gabiria (lehendakaria), Jose Ramon Lopez (lehendakariordea), Juan Jose Peñagarikano (diruzaina), eta Gabino Murua (idazkaria, eta sindikatuaren herrialdeko idazkaria, hein berean). ENBk Sindikato etxean biltegi kooperatiboa kudeatzen zuen, pentsuak eta elikagaiak prezio gutxituan saltzeko.
  • 1934-8-14, igandea. Festak hasteko txanbolinak igande goizean hasi ziren plaza inguruan jotzen. Meza nagusiaren ondoren Irurako soinujolea aritu zen, baita arratsaldean ere.
  • 1974-8-14. Sebastian Lizaso bertsolari azpeitiarrak bere lehenengo saioa Gabirian egin zuen jende aurrean, 16 urterekin, festetako jaialdian. 
  • 1962-8-15. Gabiriako mutilek osatutako dantza taldeak lehen saioa egin zuen, urte hartan bertan prestatzen hasita.
  • 1864-8-15. Lehendabiziko trena igaro zen ofizialki Gabiriatik. Espainiako erregina Isabel II.aren senar Francisco de Asis erregea bertan zihoan, Donostian egin baitzituzten inaugurazioko ekitaldiak, Madrildik bidaia trenez eginda. Ormaiztegiko burdinezko tren-zubia ere egun horretan inauguratu zuten. Trenaren lehen bidaia fenomeno sozial entzutetsu bihurtu zen, eta herri guztietan egon zen jendea zain, noiz pasatuko. Ordutegia ere aurrez jakinarazi zuten: Olaztin 08:20an, Zumarragan 09:45ean, Beasainen 10:20an, Tolosan 11:05ean, Donostian 11:40an, Irunen 15:25ean eta Hendaian 15:32an. Erret sekitoan zihoazen errege, aristokrata, politikari eta kazetarien artean Gustavo Adolfo Bécquer idazlea ere bazen. Madrildik Donostiara 17 ordu pasatu zituen trenak. Ofizialki trenbidea egun horretan inauguratu bazuten ere, trenbidea ez zegoen bukatuta. Obrek eta kexek beste bost-bat urtean jarraitu zuten.
  • 1975-8-15. Sokatira taldeak bere lehenengo garaipena lortu zuen, Gabiriako festetan. Ondoren, lauzpabost urtean emaitza oparoak lortu zituen.
  • 1669-8-16. Altzibar etxea berritzeko hitzarmena sinatu zuten Martin Altzibar Jauregi Aranak eta Juan Azkuek, erruina egoeran zegoelako.
  • 1858-8-17. Arraseta harrobia ustiatzeko lehen hitzarmena sinatu zuten Velez Elorriaga jabeak eta Juan Dessand kontratistak (Jon Grave-ren bitartez), Migel Antonio Otaegiren notaritzan. Lau urtean guztira 5.500 erreal ordainduko zion, hiruhilabeteka. Hitzarmen hark luzapen ugari izango zituen gerora. Norteko Trenbidea eraikitzeko obretarako harria ateratzeko ustiatu zuten Arraseta, eta inguruko herrietan harrobi asko bazeuden ere, hura izan zen oparoena. Trenbideko obretarako harria bost hargin hauek landuko zuten: Eibarko Manuel Arostegik eta Pedro eta Domingo Zumaran anaiek batetik, eta Manuel eta Andres Goikoetxea anaia mutrikuarrek bestetik. Harria garraiatzen ibili ziren itzainak gabiriarrak edo ingurukoak ziren.
  • 1387-8-18. Batasun eta senidetasun agiria sinatu zuten Ordizian honako herriek: Tolosa, Segura, Villarreal, Azpeitia, Vergara, Hernani, Eibar, Villafranca eta Areriako eta Aiztondako alkatetzek.
  • 1861-8-26. Norteko Trenbideko Pradines anaia kontratistek hitzarmena sinatu zuten Arraseta harrobiko jabe segurarrarekin (bigarren bat urte bereko urriaren 28an ere bai). Beste lau urterako hitzarmena berritu zuten, eta harrobiaren eremua handitu, 46,52 eta 233,30 area gehiago. Jabeari 20.000 erreal eta maizterrari 200 erreal emango zizkioten. Arraseta baserria Irazola baserriaren ondoan zegoen. Irailaren 29an eta urriaren 9an Arrasetatik Olazabarren tunelera harria garraiatzeko bi hitzarmen sinatu zituen Julio Capgrais-ek bi itzain legazpiarrekin (Prudentzio Urzelai eta Jose Migel Guridi) eta urretxuar batekin (Diego Zangitu). 500 m3 harlandu 120 errealean metroa, eta 500 m3 manposteriko landu gabeko harria 4 errealean metroa zen tratua lehen bi itzainekin; urretxuarrarekin 25 errealean metroa.
  • 1931-8-30. Gabiriako Udaleko idazkaria Madrilera bidali zuen Udalak, Estatutuaren proiektuaren entrega ekitaldian parte hartzeko.
  • 1985-8-30. Gabiriako Udalak Exminesa enpresari luzatu eta egokitu egin zion mea-ustiapenen eta instalazioen baimena.
  • 1933-abuztua. Batzokia hazi eta apaintzeko lanak egin zituzten. Bi ikurrina berri egiteko harpidea egin zuten; ikurrina bat Euzko Gaztedikoentzat eta bestea Emakume Abertzale Batzakoentzat egin nahi zituzten, eta diru bilketa hasi zuten.
  • 1934-abuztua. Fernando Larrea alkate zuen udala desegin zuen gobernadore zibilak, Estatutuaren aldeko kanpainan parte hartu zuelako. Behin-behineko udalbatza eratu zuten lehenago zinegotzi izandakoekin. Juan Migel Murua jarri zen alkate. 1936ko otsailaren 23an berrezarri zituzten indargabetutako udalak, hauteskunde orokorrak errepublikarrek irabazi ondoren. 
  • 1952-abuztua. Martin Urkiola Lasa jarri zen alkate, 1956ko uztailera arte.

UZTAILA

  • 1990-7-2. Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak Gesala errekastoa desbideratzeko eta hondakinen biltegia eraikitzeko baimena eman zuen, Troiko meategien ustiapenerako. 
  • 1516-7-3. Lope Ochoa de Aguirreren (Agirre etxeko jauna) batetik, eta beste aldetik Gabiriako hiribilduaren eta hango eskribau Lorenzo Ladron de Echezarretaren arteko auzi baten sententzia atera zuten. 
  • 1804-7-7. Pedro Pablo de Albisua organo egileari 5.000 erreal ordaindu zitzaizkion. Urte berean beste 2.000 erreal ordaindu zizkioten. Organoaren hauspoak babesteko koruan arotz lanak egin zituen.
  • 1863-7-10. Urkiztegi baserriko Frantzisko Mendia eta Lukas Amiano maizterrek baserriaren ondoan eraiki zieten trenbideak sortutako kalteak in situ aztertzeko eskatu zuten. 1864ko azaroaren 9an baserria husteko agindu zieten, etxearen egoera txarra (“ruinoso”) zelako. Denborarekin utzi egin behar izan zuten jatorrizko Urkiztegi baserria, eta berria eraiki zuten goraxeago (gaur egun dagoena).
  • 1907-7-16. Pasiotarrek bainuetxe izandako eraikin-gunea erosi zuten, Bilboko Deustutik etorrita. Amerikara bidaltzeko misiolariak prestatzeko nobiziatu etxea jartzea zen asmoa. 
  • 1936-7-18, larunbata. Gerra lehertu zen. Gabiriatik gudari 81 lagun joan ziren, horietatik 48 lagun Amaiur bataloian. 
  • 1936-7-18, larunbata. Julian Alustizak, sei egun lehenago Arantzazun apaiztu ondoren, Meza Berria eman zuen Aztiriko elizan, Santa Marina jaietan.
  • 1791-7-19: Agustin Alzola peritoak Gabirondo errotarako bidea hobetu eta berritzeko kalkulua egin zuen. 
  • 1936-7-19, igandea. Gabiriako udalbatzako kideek ohiko batzarra egin zuten udaletxean, igandeetan egin ohi zuten bezala, goizeko 11:00etan. Aktetan ez da agertzen bezperan Marokon izan zen altxamendu militarraren aipamenik, eta badirudi ez zegoela inolako albisterik oraindik. Egun honetako udalbatzarrean zinegotziek San Roke jaietako egitarauari buruz hitz egin zuten, eta garbiketako emakumeari gainsari bat ematea adostu zen. 
  • 1827-7-21. Alegiako eskolaren eraikuntza gastuak aurkeztu zituen Juan Gregorio Etxezarretak (Frantzisko Javier Arzelusen ondarearen kudeatzailea, gabiriarra). Guztira 17.422 erreal ziren, gehiena (15.000 erreal) Lazkaoko Prudentzio Zufiria etxegilearen gastua. 
  • 1495-7-24. Valladolideko  Chancilleriak epai exekutatzailea atera zuen diru zor bat ordainarazteko. Juan de Sagastiberriak (Calahorrakoa) Ochoa de Urrutia gabiriarra salatu zuen zorragatik. Elizaren epaimahai batean hasi ziren auzia ebazten, baina salatuak helegitea sartu ondoren Chancilleriara iritsi zen kontua. 
  • 1960-7-25. Luis Goiak Ordiziako Klasikoa irabazi zuen, txirrindularitzan. Bost egunetan hiru karrera irabazi zituen Goiak: Ordiziakoa 25ean, 31n Billabonakoa eta abuztuaren 1ean Elizondokoa. 
  • 1993-7-25. Bolatoki berria inauguratu zuten, frontoiaren atzean eraiki berria. Xabier Murua alkateak moztu zuen zinta. 
  • 1994-7-26. Murgil mendiko herri-sailetan baso ustiapenerako kontratua sinatu zuen Udalak egurzale batekin, 5.240.000 pezetan. 1.179 pinu zeuden, 632,46 metro kubo eta 151,5 esterio osatzen zutenak. Subastarako gutxieneko tasazioa 5.090.748 pezetan kokatu zuen Udalak. Basoaren garbiketa beste basozale bati esleitu zitzaion, 600.000 pezetan. Ondoren artea eta haritza aldatu zen sail horretan. 
  • 1887-7-27, asteazkena. Madrilgo Diario Oficial de Avisos egunkariak honako albistea argitaratu zuen: “En Gabiría. El día de la Patrona del Balneario, hubo fiesta costeada por los bañistas, cantándose en la misa de un modo admirable el Ave-María de Gounod, por la bella diva prima donna señorita Oliva, la cual obtuvo un señalado triunfo. La colonia madrileña rogó a la señorita Oliva, que estuviese en Madrid durante la próxima temporada de ópera, con objeto de oírla en el teatro Real á lo que contestó la simpática cantante, que estaba escriturada para cantar en el teatro de Lisboa”. 
  • 1933-7-27. Gabiriako Udalbatzak Francisco Urteaga aukeratu zuen Euskal Estatutuaren bozketan parte hartzeko Asanblada Nagusiko gabiriar ordezkari gisa. Gasteizen izan zen bozketa abuztuaren 6an.  
  • 1988-7-29. Errege dekretu legez hondamendi eremu izendatu zuen Gabiriako Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak, uztailean izan ziren uholdeek eragindako kalteengatik. 
  • 1599-7-30 –1602-12-19. Andres eta Pedro Iribarren anaiek kereila jarri zuten Lorenzo Ladron de Echezarreta gabiriar herritarraren kontra, haien kontra irainak bota zituelako euren kaparetasuna zalantzan jarriz. 
  • 1974-7-31. Ostatua itxi egin zuten, ordura arte zerbitzua ematen zuen Iruin sendiak utzi ondoren. Bi urtez itxita egon zen Ostatua, 1976ko abuztuaren 8ra arte. Bitarte horretan obrak egin zituzten: komunak, mostradorea… 
  • 1862-uztaila. Istripua gertatu zen Norteko Trenbidea eraikitzeko obretan, Gabirian. Bernad Brin Bester kapataza eta Jose Larrañaga langileak hil ziren, eta Listo Soler eta Juan Grand zauritu ziren. Paristik Ernest Gouin & Cie. enpresako (1863an hartu zuen Ormaiztegi-Zegama arteko obren ardura) buruak herriko alkateari bidalitako gutun batean egiaztatzen du, uztailaren 26an, Brin Besterren heriotza. 
  • 1928-uztaila. Gabiriako sendagile Roman Unanuek Udalari ura herrira ekartzearen beharraz eskaera egin zion.
  • 1956-uztaila. Pablo Irizar Irastorza jarri zen alkate. 1960ra arte egon zen. 
  • 1991-uztaila. Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoak hondakin urak baltsan isurtzeko baimena eman zuen, Troiko meategietan. 158 langile zituen enpresak.

EKAINA

  • 1572-6-1. Alkaingo Santa Maria elizan eserlekuen afera batengatik karta exekutatzailea egin zen. Ondoren auzia hasi zuen Lope Ochoa de Aguirrek (Gabiriako bizilaguna eta Agirre etxeko jauna) Areriako alkatetza nagusiko eskribau Lorenzo Ladron de Echezarretaren kontra batetik, eta Gabiriako Unibertsitatearen kontra bestetik. Elizako sakristira ate berria irekitzeko obrak aipatutakoaren eserlekua jartzeko eragozpena sortzen zuen.
  • 1832-6-1. Gabiriako udal errektore Juan Ignacio de Aztiria zen.
  • 1919-6-1. Espainiako Gorteetarako hauteskundeak: Senantek (integrista) 122 boto; Urretak (EAJ) 31 boto.
  • 1985-6-2: Batzokia inauguratu zuten, berritu ondoren. EAJko buruzagi Joseba Arregi eta Joseba Elosegi izan ziren hizlari, eta Azpillaga eta Lizaso bertsotan. Bazkaria egin zuten gero bazkideek.
  • 1658-6-5. Pedro de Murguiondo gabiriarrari ordainketa bat eginarazi zioten. Bernardo de Argarateri 24 beiloizko dukat mea-gurditan ordaintzeko obligazioa jarri zioten, Zubilagako burdinolarako, Argarate hango olagizona baitzen. Andres de Iturralde zen auziko eskribaua.
  • 1861-6-6. Norteko Trenbideko Olazabal tunelera materiala eramateko bidea egiteko Sagastizabal baserriko (Ezkio) bi sail errentan hartu zituzten Pradines anaiek, 1.600 errealean.
  • 1616-6-8. Areriako alkatetza nagusiaren batzarra deitu zuen Lorenzo Ladrón de Echazarreta alkate nagusiak. Hiribilduetatik atera eta Areriara sartu ziren etxe berriek eragin zuten ordena eta botere banaketa aldaketak ziren gaia. Zumarragak, Lazkaok eta Olaberriak ez zuten onartu Ladron de Echazarretak zehaztu zuen ordena, “etxeen errolda okerra” egitea leporatu zioten. Protestak egin arren, ekainaren 11n zehaztu zen hurrengo 42 urteetarako (1616-1657 aldirako) alkatetzen hurrenkera eta txandakera. Bilera hori nahiko korapilatsua izan zen, “muchas gentes y tumulto entre quienes se movió alteración sobre los asientos”. Bileran Ezkioren eta Gabiriaren artean zotz egin zen, hurrengo irailaren 29an (San Migel egunean izendatzen zituzten alkate nagusiak) alkatetza zein herrik hartuko zuen erabakiteko. Ezkiori egokitu zitzaion. Ekainaren 12an jarraitu zuen bilerak. Protesta egina zuten Zumarraga, Lazkao eta Olaberriako bina ordezkariak ez ziren azaldu, eta alkate nagusiak auzi-iheslaritzat jo zituen eta txandaketa berria zehaztu zuen. Gabiriak 10 surekin edo txandarekin geratu behar izan zuen (sistema zaharreko kopuru bera), nahiz eta sartu ziren etxe berriengatik 6 su gehiago zegozkion.
  • 1987-6-10. Xabier Murua Zumalakarregi izendatu zuten hauteskundeetan Gabiriako alkate. 20 urtez egongo zen alkatetzan, 2007 arte.
  • 1993-6-11. Troiko meategiak ustiatu ziren azkeneko eguna. 134 langile zituen Exminesa enpresak itxi zutenean. Ordainketa-etena deklaratu zuen egun horretan.
  • 1952-6-12. Eliza alboan antzokia edo saloia inauguratu zuten. Jose Maria Osinalderi omenaldia egin zioten, baita ere. Han egin zuten lehen antzezlana Iziartxo izan zen.
  • 1992-6-12. Marian Bidegain koegile zuen Juan Inazio Iztueta Etxeberria (1767-1845) lanak Gerriko Ikerlan Sariketan bigarren saria eskuratu zuen (lehen postua hutsik geratu zen). Bidegainekin batera, Pello Joxe Aranburuk, Antton Idiakezek eta Iñaki Rezolak osatu zuten ikerlana, eta Goiherriko Euskal Eskolak argitaratu zuen.
  • 1698-6-15. Elizako teilatuan egin behar ziren lanak burutzeko enkantea egin zen, eta Itsasoko Ignacio eta Martin Zelaeta arduratu ziren arotzeria lanaz.
  • 1977-6-15. Frankismo ondorengo lehenengo hauteskundeak. Emaitzak: 1. EAJ, 175 boto (%62,7); 2. EE, 70 boto (%25,0); 3. DCV, 16 boto (%5,7); 4. GU, 7 boto (%2,5); 5. DIV, 5 boto (%1,7); 6. ESB, 3 boto (%1,0); 7. PSOE, 2 boto (%0,7); 8. PSP, 1 (%0,3); ondoren, botorik jaso gabe, ordenan, PCE, FUT, FDI, ANV, AETG.Baliogabeak eta abstenituak: 74 (%21,0).
  • 1981-6-15. Herri Administrazioetarako Sailburuordetzaren ebazpenez, herriaren izen ofiziala Gaviria izatetik Gabiria izatera pasatu zen. EHAO Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean uztailaren 20an argitaratu zen erabakia.
  • 1919-6-16. Madrilgo El Sol egunkariak, El Pueblo Vasco-ren aipamena eginez, honako informazio hau argitaratu zuen, Espainiako senaturako hauteskudeei buruz. “…Se ignora lo que ocurrió en la entrevista; pero es lo cierto que anoche mismo, al pasar por la plaza de Guipúzcoa, fue detenido por un policía el juez municipal de Gabiría, Sr. Goya, que es el que llevaba la dirección de los trabajos electorales, y encarcelado hasta esta mañana, cuando el peligro había desaparecido. De esta manera es como ha podido triunfar la candidatura de los señores conde de Lariz, Ampuero y Galdiz. Sobre lo ocurrido se han hecho sabrosísimos comentarios”.
  • 1802-6-19: Eztanda erreka hazi eta uholdeak kalteak eragin zituen, Itzaitegi eta Gabirondo errota inguruan.
  • 1841-6-19. Juan Pablo Lojendio jaio zen.
  • 1888-6-20. Gabiriako bainuetxean erabiltzen ziren bi ur moten analisi kimiko xehetuak egin zituen Bernabe Dorronsorok (Granadako Farmazia katedraduna) iturburuan bertan. Vicente Castelló bere laguntzaileak eta orduan bainuetxeko mediku-zuzendari zen Ranz de la Rubia doktoreak lagundu zioten. Lehendik egindako analisiekin alderatuta alde oso txikiak antzematen dira emaitzetan. Soler doktoreak aurkitutako printzipio finkoak ia berak dira. Dorronsorok Iturgorriko ura ere analizatu zuen.
  • 1572-6-21. Gabiriako kontzejuak eta Alkaingo Andre Maria elizak auzia eduki zuten Oger Ochoa de Aguirre eta haren iloba Lope Ochoa de Aguirrerekin (gabiriarrak biak). Elizaren patronatoa nork eraman zen eztabaida. Epaileek herriaren alde atera zuten sententzia, eta Agirretarrek helegitea jarri zitoen. Valladolideko erret kantzileriak berretsi zuen epaia egun horretan ateratako karta batekin. Elizaren errektoretza eta ondasunen kudeaketa herritarrei dagokiela azaltzen du.
  • 1786-6-22. Jose Zubillaga gabiriarra espetxeratzeko agindua eman zuen Legazpiko alkate Miguel Guridi Zalduak. “Baserritar soila izan, irakurtzen ere jakin ez, eta edozein motatako gaixotasunak zituzten gaixoei medikamentuak emateagatik, mal de madre edo urdailekoa gaixotasuna zutela esanez”. Espetxean sartu zuten. Sendatu zituen zenbait gaixok deklaratu zuten lekuko gisa, eta Gabirian medikuntzan aritzeko lizentzia bazuela argitu zuen Zubillagak (1781ekoa). Legazpiko alkateak, presoaren txirotasuna kontuan hartuta, 8 errealeko isuna, kartzelako gastuak eta kuotak besterik ez zizkion jarri zigor gisa, eta zeregina uzteko agindua.
  • 1434-6-23. Ika-mika izan zen Ormaiztegin. Gipuzkoako alkate nagusi Pero Sarmientok Ormaiztegiko, Segurako auzotasuneko, Gabiriako eta Itsasoko sei etxe erretzeko agindu zuen (Garcia de Lecetarena, Rodrigo de Çamorarena, Lapatza, Olaverria, Jauregi eta Gabirondo etxeak). Behin baino gehiagotan eta zortzi urtez etxe haietan sartzen utzi eta babesa eman zietelako Pedro Çaarra, García Huria eta Chachu Uribarri gaizkile edo “akotatuei”. Pero Lopez de Ayala Gipuzkoako Probintziako merinoa agindua gauzatzera joan zenean, Hermandadeko alkateek uko egin zioten laguntzeari, eta eragozpenak ere jarri zizkioten, Lapatza etxeari su eman ziotenean itzaldu egin baitzuten. Ziotenez Pedro Sarmiento alkate nagusia beraiei zegokien jurisdikzioan sartu zen.
  • 1931-6-28. Korteetarako hauteskundeak egin ziren. Abertzale-estatutuzaleek irabazi zuten Gabirian. Emaitzak: Leizaola (nazionalista) 194 boto; Picavea (independentea) 194; Pildain (integrista) 194; Urquijo (tradizionalista, karlista) 194; Amilibia (Union Republicana) 10; De Francisco (sozialista) 10; Garate (Accion Nacionalista Vasca ANV) 10.
  • 1981-6-28. Goruntz dantza taldeari oroigarri-plaka eman zioten Arriaranen.
  • 1663-6-30: Argisanoko Santa Krutzeko Batasuna eratu zuen Gabiriak, Ezkiogak eta Zumarragak, Gipuzkoako Batzarretara norbere ordezkaria bidaltzeak sortzen zituen gastuak murrizteko. 24 urtero berritu zuten batasun-hitzarmena hiru herriek, 1766ra arte.
  • 1869-6-30. Bainuetxeari eta hango urari onura publikoko aitormena ematea onartu zuen Espainiako Osasun Batzordeak (beste iturri batzuen arabera 1867an eman zitzaion). “Sulfo-azidulo-salinas-frias” ziren uraren ezaugarriak. Bainuetxearen erosotasuna, garbitasuna eta luxua goraipatu ziren baimena ematerakoan. Vicente Garcia Millan doktorea zen garai hartan mediku-zuzendaria, gutxienez 1872 arte.

MAIATZA

  • 1571-5-1 – 1585-1-9. Juan Zubillaga gabiriar herritarrari ondasunak kendu zizkioten Domingo Echeverría Vizcayari 30 dukateko zorra ez ordaintzeagatik.
  • 1688-5-1. Santa Cruz de Arguisanoko batasunaren hitzarmena berritu zuten Gabiriak, Zumarragak eta Ezkiok, sortu zenetik (1663) 24 urtera, epe horretarako balioa baitzeukan. Beste 24 urterako akordioa egin zuten.
  • 1910-5-8. Diputatuen Korteetarako hauteskundeak: Manuel Senante Martinezek 162 boto; Jose Joaquin Castañedak 7 boto.
  • 1707-5-9. Gabiriako parrokiako patroiek eliza bukatzea eta sakon berritzea hitzartu zuten, eta behar ziren berrikuntzak egiten hastea. Lorenzo de Arrese eta Francisco de Chinchurreta eskribauek sinatu zuten konpromiso agiria egun honetan.
  • 1933-5-10. Udala osatu zen, apirileko hauteskundeetan hautatutakoek karguak hartuz. Fernando Larrea Iturbe jarri zen alkate (1934ko azarora arte). Udalbatzako kideak: Fernando Larrea (abertzalea; alkatea), Francisco Urteaga (agrarioa, alkateordea), Basilio Mendiola (abertzalea, sindiko-zinegotzia), Francisco Goia (abertzalea, 1. zinegotzia), Calixto Aristimuño (agrarioa, 2. zinegotzia), Juan Izagirre (abertzalea, 3. zinegotzia), Fernando Agirre (abertzalea, 4. zinegotzia), Jose Ramon Lopez (abertzalea, 5. zinegotzia).
  • 1970-5-10. Valentin Larrea Iturbe musikari gabiriarra hil zen, Iruñean.
  • 1820-5-11. Gabiriako udalak Ormaiztegikoari ofizioa bidali zion, Jose Antonio de Yurrietak bere tabernan ardoa saltzen zuela eta. Juan Gregorio de Echezarretaren errotatik gertu zegoen.
  • 1859-5-11. Juan Dumas kontratista Norteko Trenbideko Gabiriako zatia egiten ari zen: 572-575 kilometro artea, eta Araundia (Tunelaundi) eta Arrazabal (Otxobix) tunelak. 26 langile zituen; Itsasoko Alegian bizi zen, Graziandegi etxean. Obra horiek, ordea, Pedro eta Isidro Vidal anaien esku zeuden (Ormaiztegiko bainuetxean bizi ziren). Dumasen langileei dirurik ez zieten ordaindu Vidaldarrek uztailaren 20tik, eta lan egiteari utzi zioten. Irailaren 1ean Itsasoko epaitegian auzitan zebiltzan. Ekainaren 26an Dumasen bi langilek, Federico Charmeuf eta Luis Monte frantsesek, Azpeitiko epaitegira jo zuten, 1.226 m3 lur kenduak zituztela aitortuz. Urriaren 7an ere beste salaketa bat jarri zuten Ormaiztegi-Zumarraga artean lanean ari ziren langileek kontratisten kontra, iraileko azken ordainketa ez zietelako egin.
  • 1985-5-12. Elizako organo berritua berrestreinatzeko kontzertua jo zuten, tartean Esteban Elizondok.
  • 1931-5-14. Gabiriako Udalak bat egin zuen Euskal Udalerrien Biltzar Nagusiarekin, Mundaka, Getxo, Elorrio eta Bermeoko alkateek egindako idatziari babesa emanez.
  • 1932-5-15, igandea. San Isidro eguna ospatu zuten. 07:00etan meza isilera jende asko joan zen, eta 10:00etan meza nagusian Blas Abak goratu zuen hitzaldi batekin San Isidro nekazarien zaindaria. Abeslariek ere kantatu zuten mezan, Sindikato baserritarren elkarteak “Isidor Donea ospatutzeko zuzendua”. 13:00etan Etxeberri jatetxean bazkaria. 16:30ean korrika apustu txiki bat egin zuten bi bikotek: talde batean Dionisio Antia eta Tomas Irizar, bestean Antonio eta Benito Etxeberria. Lehenengoek irabazi zuten 25 metroko aldearekin. Gero aizkora saioa: Jose Irizarren eta Markos Zabaletaren artean. Zabaletak irabazi zuen. 18:00etan Euzko Etxean hitzaldia, jeltzaleek antolatuta: Clemente Garin eta Karlos Linazasoro Altzeta.
  • 1781-5-19. Jose Zubillaga petrikillo gabiriarri medikuntzan aritzeko lizentzia eman zion Gabiriako alkate Joaquin de Camposek, Zumarragako Miguel de Echeberria eskribauak ziurtatu zuena.
  • 1901-5-19. Hauteskunde orokorrak: Aldamak (liberala) 146 boto atera zituen.
  • 1857-5-21. Biztanleen lehendabiziko errolda ofiziala egin zen, Isabel II.a erreginaren gobernuak Estatu guztirako aginduta, data horretan balioa hartu zuena. Gabirian 969 biztanle ziren (%50,36 emakumezkoak). Adinka: 2 urte artekoak 70 ziren; 3-11 urte artekoak 233; 12-20 urte artekoak 164; 21-40 urte artekoak 258; 41-64 urte artekoak 227; 65 urtekoak eta hortik gorakoak 50 (%5,16). Familiaka: 1-3 kide bitarteko familietan 134 gabiriar bizi ziren; 4-6 kide artekoetan 531 (%54,8); 7 kide edo gehiagoko familietan 304 lagun. Biztanleen %95etik gora nekazariak ziren. Apaizak, errotariren bat edo beste, igeltsero gutxi batzuk, errementariak eta arotzak, obretako peoiren bat, eta eskolako maisua ziren gainontzekoak.
  • 1630-5-22. Lorenzo de Errasti gabiriarrak bere aita zenaren hondasunak erabiltzeko “curaduria” egin zuen. Domingo de Errasti zen aita, Maria de Gaztañaga ama.
  • 1994-5-23. Exminesa enpresak Troiko meategiak ustiatzeari uzteko eskaria egin zuen.
  • 1462-5-24. Ezkio, Itsaso eta Gabiriaren partetik batetik, eta Lazkao eta San Juan de Zebaren (Olaberria) partetik bestetik arazoak sortu ziren, Enrike erregeak Itxaso, Ezkio eta Gabiriako kontzejuei eman zien pribilejio bat tarteko. Areriako Alkatetza (audientzia, auditorioa eta sedea) non jarri erabakitzeari, eta kontzeju bakoitzari pribilejio hori jasotzeagatik zenbat ordaintzea dagokion erabakitzeari buruzko pribilejioa zen. Areriako alkatetzaren barruan zeuden unibertsitateen artean botere banaketak eta eskaerek arazoak sortu zituzten. Martin Fernandez de Paternina (Aguraingoa) eta Juan Perez de Vicuña (Salvatierra de Iraurgikoa) lege-batxillerrak izendatu zituzten epailetarako auzian.
  • 1982-5-25. Eusko Jaurlaritzak Exminesa enpresari Troiko meategiak ustiatzeko baimena eman zion, 30 urterako, gehienez 90 urtera luza zitekeena. Zinka, beruna, kobrea eta burdina ateratzeko ustiapen-baimena zen.
  • 1462-5-26. Areriako alkatetza barruko herrien arteko ika-mikak konpontzeko Carta Partida epai arbitrala atera zuten Martin Fernandez de Paternina eta Juan Perez de Vicuña zuzenbide-batxillerrek, sei herriek aukeratuak. Egun berean Areriako alkatetza nagusiko udal ordenantzak idatzi ziren, gobernuaren ildoak eta kontzeju bakoitzari zegozkion gaiak arautzen zituena. Urtero, ezarritako hurrenkeraren arabera, irailaren 29an izendatuko zituzten alkate nagusia eta bi alkate arruntak. Lazkaok eta Olaberriak partidu bat osatzen zuten (beren alkatea sei urtetik bostetan izenda zezaketen), Gabiriak, Itsasok, Ezkiok eta Arriaranek beste partidu bat, eta Zumarragak hirugarrena (Arerian sartzeko ahaleginetan zebilen).
  • 1991-5-26. Udal hauteskundeak burutu ziren.
  • 1998-5-27. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren ingurumen arduradunek Troiko meategietako presak segurtasun eta eraikitze baimen aldetik “berme guztiak” dituela esan zuten. Egun batzuk lehenago Aznalcollarren gisa bereko hondakindegi-urtegi bat lehertu eta hondamendi naturala eragin izanak kezka sortu zuen Gabiriako presarekin ere.
  • 1995-5-28. Udal hauteskundeak egin ziren.
  • 1582-apirila-maiatza. Azpeitian bildutako Batzar Nagusietan Gipuzkoako Probintziaren proiektua eztabaidatu zuten, eta probintziaren Ordenantzak bilduko zituen batzorde bat eratu. Testua Cristobal Lopez de Zandategui gabiriarrak eta Luis Cruzatek prestatu zuten: Recopilación de leyes y ordenanzas de la M. N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. Azaroan Zarautzen egin zen Batzarrean probintziako letraduei bidaltzea erabaki zen testua, eta Esteban de Çamalloa Garibay-k errebisa zezala. Obra ikusi eta ez zuen onetsi.
  • 1706-maiatza. Azpeitian bildutako Batzar Nagusiek Gabiriako San Esteban ermitaren inguruan abuztuaren 3an (San Esteban eguna) egiten zen ospakizunean tabernak jartzea eta txistua jotzea debekatu zuten. Ormaiztegiko, Mutiloako eta Gabiriako jende asko biltzen zen erromeriara, eta istilu handiak gertatzen ziren. Debekuaren ondoren pixkanaka galtzen joan zen festa.

APIRILA

 
  •  1766-4-1. Elizako aldare edo erretaula berria egiteko hitzarmena sinatu zuten Tomas eta Antonio Miguel Jauregi aita-seme urretxuarrek Pedro Osinalde notarioaren aurrean. Erretaula nagusia, bi albokoak, irudi guztiak barne egitea zen asmoa, sei urtetan. Aurrekoaren (1686an berritua) sagrarioa eta tabernakuloa erabili zituzten, eta berria estilo txurrigereskoan burutu zuten Tomas aita obra amaitzerako hil zen; Antonio Miguel semeari, adinez heldutasunik ez zuelako, Joan Elias Intxaurrandiaga osaba alkizarrak lagundu zion Gabiriako erretaulak burutzen. 1769an sinatu zuten osaba-ilobek kontratu berria. 1774an bukatu zituzten erretaulak,  eta 1775ean eman zien oniritzia Francisco Iberok. Errosarioko Amabirjinaren alboko altarea erabat aldatu zuen Tomas de Jaureguik, 1742an Francisco Ignacio de Azpiazuk egin zuena.
  •  1932-4-3, igandea. Korrika apustua egin zuen Benito Etxeberria gazteak aurreko igandean, aizkora apustuaren egunean (Pazko igandez). Ostatu aurretik bost metroren aldearekin irten, eta Kamiño-Kurutzera joan-etorria 12 minutuan egingo zuela bota zuen erronka. 20 errealeko txanpon bat bota zuen seinale. Baina igande honetan ez zen agertu, eta nahiz eta jendea ikustera hurbildu zen, ez zen gauzatu apusturik. Kronistak apirilaren 6an (asteazkena) dioenez, probaketan ibili zenean 13 minutu eta segundoetan egin zuen, eta apustua ez zuela irabaziko ikusitakoan ez zen agertu Etxeberria delakoa.
  • 1979-4-3. Udal hauteskundeak, udaletxeko zazpi zinegotziak aukeratzeko. Hiru talde aurkeztu ziren: PNV, PTE eta Hauzo Artea hautes-elkartea. Emaitzak: PNV 201 boto, bost zinegotzi: Andres Goia, Santiago Agorreta, Jose Mari Antia, Miguel Agirre eta Juan Apaolaza. Hauzo Artea 113 boto, bi zinegotzi: Eusebio Igartzabal eta Felix Maiz. Alkate: Andres Goia (PNV). Hautesle errolda: 353. Andres Goia Telleria (Itzaitegi baserrikoa, dentista) jarri zen alkate; demokraziako lehen alkatea izan zen Errepublika garaitik, hauteskundeen ondoren herriak aukeratua.
  •  1642-4-4: Pedro Cortaberriak Areriako Alkatetza Nagusiko eskribau izateari uko egin zion, eta Vicente Gorosabel jarri zen, Gabiriako eskribaua berau. Urte horretan Gabiriari zegokion Areriako alkate nagusia edukitzea.
  • 1470-4-5. Segurako hiribilduaren eta bere jurisdikzioaren pean zeuden unibertsitate eta kolazioen (Idiazabal, Zegama, Zerain, Mutiloa, Ezkioga, Ormaiztegi, Gabiria, Astigarreta eta Gudugarreta) artean auzia izan zen. Segurak eskatu zien beste herriei berarekin batera gastu hauek ordaintzen parte hartzeko: Segurako itxiturak, harresiak, dorreak, ateak, luebakiak eta kartzelak konpontzeko gastuetan; alkatearen soldata, fidelena, eskribau fidelarena, erregidoreena, herriko pregoilariarena, prokuratzaileen diru-saria eta kostuak, morroiena, kontzejuko mezulariena, negozio, probintziako batzar nagusi, berezi, partikularretara bidaliena; Seguran gauero zaintza egiten zuten  lau zaintzaileen eta ofizialena, ekaitz handiak egiten dituen gauetako zaintzaren kostua. Horietan denetan ordaintzeko betebeharra dutela agintzen die Segurak. Unibertsitateek esan zuten  inoiz ez dituztela ordaindu, eta ez dituztela ordainduko ere. Salvatierra de Yraurguiko (Azpeitia) Juan Perez de Vicuña batxillerra jarri zuten epaile-arbitro. Sententzia: ordaindu beharra zeukatela herriek, urrezko 1.000 doblako isunaren mehatxupean (zenbat eta nola ordaindu hiru egun geroago ­­–1470-4-8an-zehaztu zuen). Auzi honetan berean beste agiri batean sei “kolazio” aipatzen dira: Idiazabalgo San Miguel, Zegamako San Martin, Gabiriako Santa Maria, Ormaiztegiko San Andres, Arriarango San Pedro eta Ezkiogako San Migel; eta eguna ere hilabete geroago (1470-5-5). 
  • 1845-4-6. Francisco Oñativiak Andre Mari Zeruratuaren parrokiako errektore-kargua hartu zuen.
  • 1881-4-6. Jose Mari Iparragirre koblakari urretxuarra hil zen. Azken urteak amaren sortetxe Txapartegi baserrian igaro zituen, Gabirian, bakarrik eta txiro. Bi aste lehenago Ezkioko Zozabarro baserrian lagun batzuekin afaldu, eta etxerantz zihoala eurite handiak Txapartegiko zubia eramana zeukan; ezin gurutzatu. Estalpe batean lo egitetik sortu zitzaion bronko-pneumonia, garai hartako Gabiriako medikuak ziurtagirian idatzi zuenez. 
  • 1860-4-7. Norteko Trenbideko Pradines anaia kontratistek hitzarmena sinatu zuten Olazabal baserrian, Martin Gerrarekin. Koskoleta izeneko sailean gurdibidea irekitzen uzteagatik 28 duro ordaindu zioten. 
  • 1470-4-8. Seguraren eta beste zortzi kolazioren (tartean Gabiria) arteko auziaren epaia atera zuten Azpeitian, gastuak eta ekarpen arruntak batzar-hiriari (Segurari) nola egin behar zizkioten zehaztuz. 
  • 1927-4-9, larunbata. Madrilgo El Sol egunkariak argitaratu zuen informazioaren arabera, Gabiriako udal idazkaritza hutsik zegoen. Albiste horretan dei egiten zitzaien Espainia osoko herrietan idazkari postuak bete nahi zituztenei. 
  •  1766-4-10: Argisanoko Santa Krutz batasuna utzi zuen Gabiriak, elkargoan sartu nahi ez izateagatik, eta Gipuzkoako Batzarretara bere ordezkaria bidali zuen, independenteki. Batasunean Zumarragak eta Ezkiok jarraitu zuten, 1790ean eten zuten arte. Baina 1806an bi herri horiek berriz elkartu ziren elkargoan.
  • 1896-4-12. Karlistek irabazi zituzten hauteskunde orokorrak Gabirian: Arana (karlista) 151 boto; Nocedal (integrista) 50 boto. 
  • 1741-4-13. Santa Cruz de Arguisanoko batasunaren hitzarmena berritu zuten Gabiriak, Zumarragak eta Ezkiok bigarren aldiz, beste 24 urterako.
  • 1868-4-13. Francisco de Castro y Perez doktore madrildarrak Gabiriako ur sulfurosoen eragin fisiologiko-terapeutikoei buruzko mediku-txosten osotua egin zuen, Saez, Utor eta Soler medikuek eskatuta. Gutxiago edo gehiago, honako gaitz hauek tratatu zitezkeen ur harekin: herpetismoa, eskrofulismoa, erreumatismoa, sifilia, anemia, klorosisa, neurosi funtzionalak, neuralgiak, legenarra edo lepra, dermatosi arrunta, arnas-aparatuko afekzioak, liseri-aparatuko afekzioak, genito-urinario aparatuko afekzioak, profilaxia. 
  • 1899-4-16. Hauteskunde orokorrak: Olazabalek (integrista) 153 boto atera zituen. 
  • 1933-4-17. Herriko EAJ alderdiak 42 afiliatu zituen. 
  • 1962-4-19. Luis Goiak istripu latza izan zuen Bordeleko (Frantzia) txirrindulari lasterketan, garaipena disputatuz esprintean zihoala erori eta buruan kolpe txarra hartuz. Handik hilabete eskasera hil zen. 
  • 1907-4-21. Hauteskunde orokorrak. Senantek (integrista) 136 boto atera zituen. 
  • 1933-4-24. Madrilgo La Voz egunkariak udal hauteskundeei buruzko errepasoa egin zuen herriz herri. “Gabiria, seis nacionalistas y dos agrarios” dio 5. orrialdeko aipamen laburrak. 
  • 1707-4-25. Elizako eraberritze lanak egiteko hirugarren enkantean Martin de Garro hargin maisu zegamarrak hartu zuen obra bere gain, 20.774 errealetan (teilatua eta kapera nagusiko gurutze-ganga alturan jaitsi, pilastroiak eraiki buruan, kanpo alde osoan erlaitz zaharra kendu eta berritu, saeterak itxi, alboko atea berregin, aldareak eta harmailak berdindu,… lau urtetan). 
  • 1825-4-25. Alegiako eskolarako barne-arautegia aurkeztu zuten notario aurrean. Irakasleak nahitaez irakurketa, idazketa, aritmetika eta erdal gramatika irakatsi behar zuen; ahal bazuen latina, solfeoa… Euskaraz hitz egitea debekatua zegoen (eraztuna jartzeko agindupean). Apirilaren 29an irakaslea aukeratzeko epaimahaia osatu zuten, Legazpiko eta Urretxuko bi maisurekin. 9 aurkeztu ziren; Juan Bautista Beitia errenteriarra aukeratu zuten. 
  • 1513-4-26. Miguel de Ibarreta batxillerrak eta bere emazte Maria Ruizek (Gabiriako bizilagunak), beste oinordeko batzuekin batera Pedro de Sarasaren ondasunak itzultzeko eskatu zioten Lanzarote de Arrayari (Ametzagako bizilaguna), hark zeuzkalako. Epai exekutatzailea atera zuen Valladolideko Chancilleriak. 
  • 1903-4-26. Hauteskunde orokorrak: Ramon Nocedal y Romeak 134 boto; Aranak (karlista) 49.
  • 1926-4-27. Luis Goia jaio zen, txirrindularia izango zena, San Esteban baserrian. 1962ko maiatzaren 26an hil zen, Bordelen (Frantzia). 
  • 1650-4-28. Gabiriaren eta Legazpiren arteko mugan mugarriak sartu zituzten. 
  • 1935-4-30. Kaskora ura eramateko obraren subasta egin zen. Pablo Irizar alegiarrak bereganatu zuen obra, 60.997 pezetako gastua aurkeztuta. Udalak bi diru-iturri zituen: Gobernuak emandako 19.336 pezeta; eta Jose Maria Osinalde herriko semearen ondorengoek emandako 40.970 pezeta. Aparteko gastuak ere izan ziren: plazako iturria 5.040 pta.; eskola txikiaren atzeko komuna 1.075,85 pta; Baltsalekuko garbitokia eta aska 2.639,02 pta.; soldatak eta materialak 5.352,16 pta. (guztira 14.107,03 pta). Kaskoko biztanleek ur metro kubikoko 0,30 pezeta ordaindu behar zuten. 
  • 1582-apirila-maiatza. Azpeitian bildutako Batzar Nagusiak Gipuzkoako Probintziaren proiektua eztabaidatu zuen, eta probintziaren Ordenantzak bilduko zituen batzorde bat eratu. Testua Cristobal Lopez de Zandategui gabiriarrak eta Luis Cruzat-ek prestatu zuten: Recopilación de leyes y ordenanzas de la M. N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. Azaroan Zarautzen egin zen Batzarrean probintziako letraduei bidaltzea erabaki zen testua, eta Esteban de Çamalloa Garibay-k errebisa zezala. Obra ikusi eta ez zuen onetsi.
  • 1931-apirila. Udal hauteskundeak egin ziren. Udaletxean egindako bilera batean Gabiriari zegozkion 8 zinegotziak zerrendatu zituzten, “katoliko independenteak” izenpean adostuta aurkeztu zirenak. Fernando Larrea Iturbe jarri zen alkate. 1933eko urtarrilera arte egon zen. Ondoren beste bi alditan ere jarri zen (1933ko maiatzean eta 1936ko otsailean). Hautatuak: Fernando Larrea (alkatea), Francisco Urteaga (alkateordea), Basilio Mandiola (sindiko-zinegotzia), Francisco Goia (1. zinegotzia), Calixto Aristimuño (2. zinegotzia), Eusebio Igarzabal (3. zinegotzia), Fernando Agirre (4. zinegotzia), Jose Etxeberria (5. zinegotzia). Fernando Larrea alkatea (1929-30 artean alkateorde izan zen) indianoa zen, eta errentetatik bizi zen. Ormaiztegin pintura tailer bat zeukan. Errepublika garai ia osoan (kargugabetuta egon zen urte izan ezik) egon zen alkate. 
  • 1932-apirila. Udalak Eztandako iturria erosi zuen, 400 pezetan. 
  • 1933-apirila. Udal hauteskundeak egin ziren. Maiatzaren 10ean eratu zen udalbatza. Badirudi udalbatza osatuko zuten 8 hautagaiak zerrenda bakarrean aurkeztu zirela; abertzaleek (6 zinegotzi: Fernando Larrea, Basilio Mendiola, Francisco Goia, Juan Izagirre, Fernando Agirre, Jose Ramon Lopez) 118 boto jaso zituzten, eta agrarioek (2 zinegotzi: Francisco Urteaga, Calixto Aristimuño) 111. Urteaga karlista zen (1936an karguan hil zen), eta Aristimuño eusko abertzale gisa agertzen da 1936ko otsaileko akta batean.

 

MARTXOA

  • 1936-3-1. Diputatuen Korteetarako hauteskundeak egin ziren. Emaitzak: Irujo 289; Irazusta 288; Lasarte 288; Picavea 287; Ansó 22; Apraiz 22; Amilibia 15; Larrañaga 13.
  • 1979-3-1. Hauteskunde orokorrak. Emaitzak: 1. PNV 156 (%59,09); 2. EE 72 (%27,27); 3. HB 19 (%7,19); 4. UCD 12 (%4,54); 5. ORT 2 (%0,75); 6. EKA 2 (%0,75); 7. FE(A) 1 (%0,37). Hautesle errolda: 383.
  • 1533-3-2. Seguraren eta bere jurisdikzioko zenbait herriren artean (Idiazabal, Mutiloa, Astigarreta eta Gabiria) auzia izan zen, azken horiek hiribilduari ordaindu behar zioten diru kontuen inguruan. Aurreko urteetan probintzian eta kanpoan frantsesen aurka egin ziren altxaldi batzuetan izandako gastuengatik, “que vinieron [los franceses] a usurpar el reino de Navarra”. Data honetan Idiazabalek behintzat ordaindu zuen berari zegokion zatia, laurden bat gutxienez, Valladolideko Gorteak epaia atera ondoren.
  • 1988-3-3. Gabiriako Udalak behin betiko izaeraz onartu zion Exminesari Troiako meategiak ustiatzeko baimena, 1987-5-27an behin-behinekoz onartua izan zena aurretik.
  • 1893-3-5. Karlistek irabazi zituzten hauteskunde orokorrak Gabirian: Olazabal (karlista) 161 boto; Nocedal (integrista) 40 boto.
  • 1932-3-5, larunbata. Gabiriako plazan zuhaitzak sartzen ari ziren gazte batzuk.
  • 1971-3-6. Osinalde bertso sariketa jokatu zen aurreneko aldiz. Patxi Iraola zaldibiarrak irabazi zuen. Berekin kantatzen Florentino Goiburu, Xabier Zeberio, Joxe Mari Mujika legorretarra, Etxaluze eta Felipe Barandiaran ziren.
  • 1914-3-8. Diputatuen Gorteetarako hauteskundeak. Luis Morenes y García Alessonek 106 boto; Manuel Senante Martinezek 79 boto.
  • 1977-3-8. Guardia Zibilak Sebastian Goikoetxea eta Nikolas Mendizabal ustezko etakideak hil zituen Gabiriako bidegurutzean, Altzibar baserriaren ondoan. “Errepideko ohiko kontrolean” atzeman zituzten, eta tiroz hil zituzten biak; hirugarrena, Francisco Aldanondo Badiola Ondarru, atxilotu egin zuten; azaroaren 18an Ondarruri ukatu egin zioten amnistia, eta garai hartako azken euskal preso politikoa izan zen. Hilketaren harira, bi egunera Euskal Herrian aspaldiko lanuzte eta geldialdi handiena izan zen. “Guipúzcoa y todo el País Vasco conocieron uno de los paros más totales de los últimos años. Asi mismo, hubo manifestaciones en la casi totalidad de los pueblos” (El Pais, 1977-11-19).
  • 1860-3-9. Arraseta harrobia erabiltzeko hitzarmen bat sinatu zen, Norteko Trenbidearen obrarako. Capgras eta Bergés kontratistek Legazpiko harginekin egin zuten tratua (Prudentzio Urzelai, Jose Migel Guridi eta Simon Berasategi). Zumarraga-Ormaiztegi arteko tuneletan erabiltzeko harria atera behar zuten, neurri jakineko 1.500 m3 harlandu (120 errealean metro kubo bakoitza), eta tamainara iristen ez zirenak 93 erreal metro kuboa.
  • 1980-3-9. Eusko Legebiltzarrerako lehenengo hauteskundeak egin ziren. Hautesle errolda: 388. Emaitza: 1. PNV 195 (%68,66); 2. EE 53 (%18,66); 3. HB 31 (%10,91); 4. UCD 3 (%1,05); 5. ESEI 1 (%0,35). Abstentzioa: 104 (%26,80).
  • 1959-3-10. Jose Maria Osinalde Gorosabel hil zen, Gabiriako hilerria egiteko dirua eman zuena, 87 urterekin. Hilerriko kaperan beretzat eta haren emazte Maria Dolores Goñi Osinalderentzat hobi bereziak eman zituzten erreserbatuta, eta han ehortzi zuten Osinalde.
  • 1461-3-12. Errege Katolikoek eta Enrike IV.a Gaztelako erregeak baimena eman zuten Areriako alkatetzan bildu ziren herriei agintea eta Donostiako forua emateko, autogobernua bideratuz. Alkate-makila ere eman zien. Herri edo kontzeju bakoitzak hartuko eta erabakiko zuen txandaka alkatetza bere gain; alkatetzaren gastu arruntak ordaintzeko betebeharra ere bazuten, eta zigilu propioa izatekoa. Data bereko beste pribilegio-gutun batean, Enrike IV.ak onartzen du orduan Areriako alkate zen Martin Lopez de Lazcano (Lazkano etxeko eta Areriako alkatetzako jauna) hildakoan kargua Hortuño de Anuncibay-ri emateko. Bigarren honek uko egin zuen, eta eskumena Alkatetzako bizilagunei eta herritarrei eman zitzaien. Honako kolazio edo unibertsitateak bildu ziren hasierako hastapen honetan Areriako alkatetza nagusian: Gabiria, Lazkao, Olaberria, Arriaran, Ezkio (zati bat) eta Itsaso.
  • 1831-3-16. Gabiriako parroki-elizan Benefizio bat hutsik zegoen, eta Domingo Manuel de Goribarrek botere-karta eman zion Pedro Nolasco Calvori.
  • 1877-3-16 (ostirala). Aztiriko ermita berriko kanpaiak jo zituzten, 16:00etan, biharamuneko inaugurazio ekitaldia iragartzeko. Honela dio agiriak: “Solemnidad año 1877. Viernes diez y seis de Marzo de mil ochocientos setenta y siete, a las cuatro de la tarde, a todo escape voltearon las campanas manifestando con su sonido el respirar de la nobleza, piedad, dignidad del Barrio de Aztirias”.
  • 1877-3-17 (larunbata). Aztiriko Santa Marina ermita inauguratu behar zuten elizgizonak eta udal agintariak iritsi ziren Aztiriara, eta Bentaleorren hartu zuten ostatu. Honela dio agiriak: “Sabado diez y siete de Marzo de mil ochocientos setenta y siete, las corporaciones Eclesiásticas y civiles en unión de todas las personas visibles, seguidas de un gentío lucido, son recibidos a la entrada del barrio por los habitantes del local. Hospedaronse las corporaciones en la casa llamada Ventalegor; despidiéndose cortesmente del pueblo y pueblos que les acompañaron en todo el término del camino que se dirige al dicho local”.
  • 1877-3-18 (igandea). Aztiriko Santa Marina ermita inauguratu zuten. Honela dio agiriak: “A las nueve de la mañana el alegre y fantástico tamboril cubriendo algún tanto su sonata con el repique de las campanas, así de la Parroquial como de la Hermita anunciada la festividad de la bendición y la solemnidad del día”.
  • 1868-3-19. Jose Soler y Sanchez doktoreak (Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Farmazia katedraduna) Gabiriako bainuetxeko urak xeheki analizatu zituen. Azterketa ez zuen iturburuan bertan egin, ura 16 botilatan bere laborategira eraman baitzuen. Ikerketa analitiko oso xehetua egin zuen, urrats bakoitzean erabilitako erreaktiboak esplikatuz. Ur horiek zuten eragile mineralizatzaile garrantzitsuena kare sulfatoa zela ondorioztatu zuen. Honako beste osagai hauek ere aurkitu zituen: azido sulfhidrikoa eta karbonikoa, nitrogenoa, magnesia sulfatoa, karbonato kaltzikoa eta ferrosoa, kloruro magnesikoa eta sodikoa, alumina, silizea eta azido fosforiko zantzuak.
  • 1975-3-19. Guardia Zibilak 18 urteko mutil gabiriar bat atxilotu zuen, ETArekin zerikusia izatea leporatuta.
  • 1932-3-20. Herriko EAJ alderdiak 25 afiliatu zituen.
  • 1470-3-21. Zumarraga Areriako alkatetza nagusiko kide izatera sartu zen, 200 florin ordaintzera behartuta. Carta Partidan ezarritako herrien arteko botere-banaketa berritu behar izan zuten. 42 urterako aldia jarri zuten. Gabiria-Itsaso-Ezkio blokeak aldi horretan 18 txanda izango zituen (Gabiriak 10, Itsasok 6 eta Ezkiok 2); Lazkao-Olaberriak 9 txanda (Lazkaok 7 eta Olaberriak 2); Zumarragak 9 txanda; Arriaranek 6 txanda. 1473-1514 aldirako zehaztu zituzten alkatetzarako txandak herriek. Gero 1515-1556, 1557-1598 eta 1599-1640 ere zehaztu eta beteko zituzten, herrien arteko arazo larriak sortu ziren arte. Egoki eta fin betetzen zituzten hurrenkerak eta txandak, Cartako konpromisoei jarraiki.
  • 1471-3-21. Gabiriako Alegian (Alegria de Gaviria) Zumarragako Kontzejuak Areriako alkatetzarekin bat egiten zuela sinatu zuten bi aldeek. “Union, compañía de vecindad y unidad” izenpetu zuen, Errege Katolikoen oniritziarekin.
  • 1937-3-21. Gabino Murua abertzalea herriko Bake Epaitegiko idazkari kargutik kendu zuen udalak.
  • 1636-3-25. Arma ikuskapena egin zuen Domingo de Zubimendi y Necolalde kapitain eta sarjento nagusiak Areriako Alkatetza Nagusian. Alegria de Gabiria, Itsaso, Ezkio, Arriaran eta Ormaiztegiko herritarrak bildu ziren begizko ikuskapenerako.
  • 1884-3-24. Fausto Garagarzak (Madrilgo Unibertsitate Zentraleko katedraduna) Iturgorriko urak analizatu zituen, Pablo Fernandez Izquierdok bidalitako laginen bidez.
  • 1931-3-25. Gabiriako mutikoen eskolako irakasle Juan Mujika Iturrioz izendatu zuten.
  • 1898-3-27. Hauteskunde orokorrak. Garcia Fernandezek (liberala) 108 boto atera zituen.
  • 1932-3-27, igandea (Pazko edo Berpizkunde eguna). Festa egin zen Pazko egunean, orduan ohi zenez. Herriko lau gaztek aizkora apustua jokatu zuten: Dionisio Antia, Tomas Irizar, Frantzisko Murua, Markos Zabaleta. Arratsaldeko lauretan hasi zen erakustaldia plazan, eta oin beteko enborrak ebaki behar zituzten. Antonio Artzelusek soinua jo zuen. Zabaleta-Murua bikoteak irabazi zuen apustua, 8 minutuan justuan ebakita; Irizar eta Antia galtzaile. Alkatea egon zen mahaian, eta organista erlojuzain. Jende asko izan zela dio kronistak.
  • 1996-3-31. Ostatuaren ardura utzi zuten Nikolas Alustizak eta Maria Jesus Garciak, 20 urteren ondoren.

 

OTSAILA

  • 1514-2-8. Maria de Altolaguirre gabiriarrak Miguel de Olquiaga gabiriarrari (Juan Lopez de Abendañoren fidatzailea zen bigarrena) auzia sartu zion, eta exekuzioa publikatu zuen egun honetan Valladolideko Chancilleriak. Juan Lopez de Abendañok etxe eta lur batzuen salmentaren ebikzioa eta saneamentua egin zuen Maria de Altolaguirrerentzat.
  • 1516-2-14. Gabiriak Segurako armen alardera aurkeztu behar izan zuen, hango alkateak aginduta. Gabiriarekin batera, Zegama, Idiazabal, Ezkio, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain, Astigarreta, Gudugarreta eta Legazpi deitu zituen; Legazpik uko egin zion, Segurako alkateak Legazpira joan behar zuela argudiatuz, eta Segurako Kontzejuak auzia sartu zion Legazpiko Kontzejuari.
  • 1640-2-14. Andres Aramburu Pérez de Arana gabiriarra, funtzionarioa, Mexikora joan zen, Nueva Veracruzeko erret kutxaren diruzain izendatuta gero.
  • 1708-2-8. Elizako obran zurgin lanak Joseph de Amiama zurgin maisu segurarrak hartu zituen, 300 dukat kuartotan.
  • 1823-2-20. Frantzisko Javier Arzelus gabiriarra hil zen, Donostiako Alde Zaharreko San Bizente kalean. Alegiako eskolaren sortzailea izan zen. 3.259.941 errealeko ondarea utzi zuen, tartean Donostian, Gabirian eta Ormaiztegin zituen etxeak eta baserriak. Alegiako eskolaren eraikuntzarako eta funtzionamendurako haren ondasunak erabiltzeko agindu zuen: eraikitzeko 20.000 erreal eta hango maisuarentzat urteko 300 errealeko ordain-saria. Eskola fundazio edo patronato batez zuzentzeko agindu zuen, Gabiriako eta Itsasoko erretore-alkate bikoteak patroi zituena. Azken hitza Gabiriako bikarioak izango zuen. Armandegi etxeko nagusia eskolaren begirale izendatu zuen (gaur egun Alegiako pilotalekua dagoen tokian zegoen eskola, hura eraikitzeko bota zuten arte).

URTARRILA

  • 1934-1-1. Altzeta hizlari abertzaleak hitzaldia eman zuen Gabirian, EAB Emakume Abertzale Batzak antolatuta. 16:30ean hasi zen hitzaldia. Dionisio Antiak hitzaurrea egin, eta Gabino Muruak 12-13 urte lehenago abertzaletasuna Gabirian hasi zenetik ordura arteko errepasoa egin zuen. Azkenik Altzetak hitz egin zuen. 
  • 1994-1-1. Gabiriak 448 biztanlde zituen.
  • 1995-1-1. Gabiriak 433 biztanlde zituen.
  • 1996-1-1. Gabiriako errolda 428 biztanlekoa zen.
  • 1997-1-1. Gabiriak 430 biztanlde zituen.
  • 1998-1-1. Gabiriak 436 biztanlde zituen.
  • 1999-1-1. Gabiriak 434 biztanlde zituen.
  • 1900-1-2. Baserritarren arteko Su-garoa edo aseguru-elkartea sortu zen. “Hermandad de socorros mutuos para casos de incendios de las caserías que habitan, con trigo y maíz” zen ermandadearen izen ofiziala, baserrietan bizi ziren maizterrek osatua (etxe-jabeek beste elkarte bat zuten, Sociedad de Seguros Contra Incendios de Caserías de Gabiria izenekoa). Ermandadea Juan Bautista Maiz alkateak bultzatu eta sortu zuten. 2007ko urriaren 27an desegin zen. Sorreran 88 bazkide edo baserri-maizter bildu ziren, lau zozkeratan banatuta: 20 Ugaranan, 19 Aztirian, 20 Madariagan eta 29 Orbeldin.
  • 1845-1-3. Udalen Legeak aldarazita, herriko udalbatzaren osakera aldatu zen: alkatea, alkateordea eta lau erregidore izatera behartu zuen lege berriak.
  • 1742-1-6. Francisco Ignacio de Aspiazu arkitekto-maisu gipuzkoarra kontratatu zuten Gabiriako elizan Errosarioko Amabirjinaren laterala egiteko (1766an erabat aldatu zuen Tomas de Jaureguik).
  • 1935-1-6. Gabiriako EAJren junta munizipala berritu zuten, azkeneko aldiz. Lehendakari Hilario Goiburu aukeratu zuten ohiko batzar orokorrean, Lucas Irastorza lehendakariorde, Lorenzo Oñatibia bokal, eta gainontzeko karguak mantendu egin ziren. 
  • 1816-1-9. Gabiriako errektore Juan Ygnacio Aztiria izan zedin bere botua eman zuen Marina Margarita de Moya y Jaureguik, bere seme Joaquin de Yrizarren tutore gisa. 
  • 1924-1-17. Juan Pablo Lojendio hil zen, Donostian.
  • 1399-1-24. Gabiriaren izena errege-zedula batean agertu zen. Zerga kobraketan izandako gehiegikeria batzuen ondorioz, Gabiriak eta beste zenbait herrik tributua ez ordaintzeko eskaria egin zuten.
  • 1932-1-24. Gabiriako alkate Fernando Larreak Euskal Estatutuaren aldeko biltzarrean parte hartu zuen.
  • 1826-1-26. Julian Urquiolak Gabiriako Andre Mari elizan benefiziatu kargua hartu zuen.
  • 1933ko urtarrila. Juan Mugica Iturrioz jarri zen alkate. Urte hartako maiatzera arte soilik egon zen. 
  • 1934ko urtarrila. Herri Lanen Ministerioak Gabiriako kaskora ura eramateko lanak hasteko baimena eman zuen. Udalak eskatuta, Manuel Irujo parlamentari jeltzalea arduratu zen gaiaz.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s