Archive for the ‘Azokak’ Category


Udaberria ofizialki bukaerara iristen ari den honetan eta benetan hasi denean, urteko lehenbiziko gereziak ere agertu dira. Oñatibi Txiki baserriko Miren Agirrezabalak eraman ditu aurtengo aurrenekoak plazara. Ordiziako ferian, lehengo asteazkenean (ekainak 5), saskikada dotorea aurkeztu zuen. Fruitu gorri-gorriak, kiloa 4 euroan zeukan salgai.

Miren, urteko lehen gereziekin, Ordiziako plazan ekainaren 5ean./Lierni Elortza-Hitza

Miren, urteko lehen gereziekin, Ordiziako plazan ekainaren 5ean./Lierni Elortza-Hitza

Advertisements

Errezil sagar eguna nola joan zen eta feria nola atera zen baloratzeko bilera antolatu dute, biharko, antolatzaileek. 19:00etan hasiko da. “Feriaren inguruko berri” emango dute.


Azoka eta lehiaketa non, gabiriarrak eta sariak han. Azken astebetean Gipuzkoako bi feria garrantzitsutan lortutako sariak herriko baserrietan ekoizten diren produktuen kalitatearen erakusgarri dira. Donostiako San Tomas ferian, aurreko ostiralean (abenduak 21), eta Arrasateko Santamasetakoan biharamunean (abenduak 22), gurdikada gutizia eraman, eta karretilakada sari ekarri zuten bueltan.

Donostian herriko bi nekazarik eta harakin batek jaso zituzten sariak. Bekoetxeko Antonia Murgiondok barazki lehiaketan lehen saria eta frutatan bigarrena jaso zituen; horiez gain, Jose Salaberria Memoriala sari berezia ere bai. Oñatibi Txiki baserriko Aitor Elosegik hirugarren saria jaso zuen fruta lehiaketan. Bestetik, Legorburu baserriko Jose Benito Deba Arriolak Euskal Herriko XVII. Txistor Lehiaketan hirugarren saria jaso zuen.

Hurrengo egunean, Arrasaten, beste bi sari. Eta, balioa handitzeko, Donostiatik desberdinek gainera. Debagoieneko herri horretan bi nekazarik lortu zituzten sariak, fruta lehiaketan biek. Agerreberri baserriko Maria Etxezarretak lehenengo saria jaso dzuen eta Etxeberri baserriko Pakea Galdosek bigarrena.


Krisiak krisi, jardunaldi oparoa izan da aurten ere Santa Lutzi azoka gabiriar nekazarientzat. Urretxuko eta Zumarragako feria handian, atzo, hamabi sari jaso dituzte herritarrek. Fruta sariketetan lau (Bekoetxekoek bi, Agerreberri eta Oñatibi Txikik bana), barazkiekin hiru (Bekoetxek bi, Agerreberrik bat), haragitarako zaldi-behorrekin bat (Landeta), eta errezil sagarrekin lau (Bekoetxe, Agerreberri, Urkiola, Izar Aundi). Denera 3.700 euro, zortzi plaka eta zintzarri bat; horixe feriako sariketen etekina.

Etxeka, berriz, beste behin Bekoetxe izan da sarituena, bost sarirekin (frutarekin bi, barazkiekin bi, eta errezil sagarrarekin). Ondoren Agerreberri, hiru sarirekin (fruta, barazkiak, errezil sagarra); eta Oñatibi Txiki (fruta), Landeta (zaldiak), Izar Aundi eta Urkiola (errezil sagarrarekin hirurak) banarekin.

Aipagarria da errezil sagarretako nagusitasuna. Zumarragako sariketan, lau sarietatik laurak ekarri dituzte gabiriarrek. Sarituez gain, Oñatibi Txikikoak eta Etxeberrikoak ere sagar saltzen aritu ziren, trenbide gaineko zabalgunean. Zumarragako plazan (Legorburuko Debatarrak hestebeteak saltzen, adibidez) nahiz hango arkupeetan, Urretxuko Gernikako Arbola plazan, eta Urdaneta kalean ere egon ziren herritarrak. Astiazarango Juanito Elgarresta, berriz, larruzko abarkak egiten aritu zen, Zumarragako plazan, artisau erakusketa berezian.

Saltzaileak eta nekazariak ez ezik, ikusleak ere asko joan ziren. Horietako bisitari batek atzo Zumarragan zioen moduan, “Gabirikok falta balie, kitto Santa Lutzi ferie”.

Gabiriarrak, saltzen eta feria ikusten, atzo./AMM

Gabiriarrak, saltzen eta feria ikusten, atzo./AMM


Herriko nekazariek eta odolkigileek, lau sari jaso zituzten aurreko astean. Jesus Mari Deba Gipuzkoako txapeldunorde geratu zen, asteazkenean, herrialdeko XV. Odolki Lehiaketan, Ordizian. Hestebete horrekin jarraituta, igandean Ormaiztegin jokatu zen 26. lehiaketan gabiriar jatorrikoen Murua Harategia ere bigarren gelditu zen.

Nekazaritza arloan, Ormaiztegin bertan, odolki osagaien XV. lehiaketan, Agerreberrikoek lehen saria eskuratu zuten tipula eta porru onenen atalean. Etxe berekoek irabazi zuten, ostiralean, Eibarren, San Andres eguneko feria bereziko fruta lehiaketa.


Errezil sagarraren 11. festa-eguna ederki joan zen, atzo. Partaidetza oso oparoa izan zuten bi lehiaketek: sagarretan 18 baserrik aurkeztu zituzten bi saskikada, azkenean (izena emanda 16 zeuden asteazkenean), eta sagar-goxo edo menbrilutara 17 lagunek eraman zuten ontzikada (14 zeuden izena emanda). Baserriko produktuen azokan aurreikusi baino bi mahai gehiago zeuden, 14 denera: Bekoetxe, Eguzkitza, Noare-Etxeberri, Baztarrika, Agerre, Zuazola Garakoa, Elizazpi, Sagaspe, Agerreberri, Izar Aundi, Etxeberritxo-Irubide, Urkiola, Katarain eta Oñatibi Txiki.

Goiza umeletik hasi zen. Euria, eta haizexka gordina plazan. Karparen babesean, lehiaketako produktuak ilaran zuzen jarrita, 1etik 18rako zenbakiak saskietan, eta 17 menbrilu beste mahaitxo batean. Nekazarien salmahaiak udaletxeko arkupeetan eta eliz atarian kokatu zituzten. 10:00etarako prest zeuden.

Egunak aurrera egin ahala, eta eguerdia inguratuz zihoan eran, eguraldiak atertzera egin zuen; eguzki printza batzuk agertzeraino. Horren indarrez edo, jendearen etorria ere ugaritzen joan zen.

Josu Osak txertatze ikastarotxoa eman zuen, Dantzalekuko atetik. Gero, inausketakoa eskola barrenean jarritako sagar arbolan egin zuen, Ostatu aurreko plazan. Jendeak arretaz jarraitu zituen adituaren esanak.

Epaimahaietan, sagarretan bi historikok errepikatu dute aurten: Jose Antonio Iparragirre ‘Otatza’-k eta Ramon Aseginolaza ‘Kalbario’-k. Hirukotea osatzeko, lehen aldiz Xabier Mujika beasaindarra, Arrate Irratiko komertziala, aritu da baloratze lanetan. Menbriluak dastatzen Lontxo Ormazabal Kortako sukaldaria, eta Josema Azpeitia Zum Edizioetako kazetaria eta burua aritu ziren.

Omenaldiaren atalean, Aseginolaza, Iparragirre eta iaz hil zen Martin Irazustabarrena herriko ostalari izana omendu zituen Erbie elkarte antolatzaileak, Itsasoko Pott zeramika tailerreko irudi banarekin. Martinen hiru semeek jaso zuten aita zenari izendatutako oroigarria.

Sarien arloan, azkenik, maila bereko hiru eman zituzten, 2010ean bezala, sailkapenak baztertuta: Maria Isabel Zumalakarregik (Izar Aundi), Pedro Iztuetak (Katarain) eta Miren Agirrezabalak (Oñatibi Txiki) aurkeztutako saski sagarrak nabarmendu dituzte. Sagar goxo onena, Oñatibi Aundiko Maria Jesus Garciak egindakoa, herriko ostalari izana hori ere.

Bestetik, Gabirian lehen aldiz jokatu den Goierri Beheko Ezti Lehiaketan, Pedro Aizpuruak (Ordizia) jaso du lehen saria, bigarrena Patxi Telleriak (Idiazabal) eta hirugarrena Bittor Murgiondok (Mutiloa).

Azokaren eta lehiaketaren argazki batzuk (joango gara osatzen):

This slideshow requires JavaScript.


Igandean ospatuko da, hamaikagarren aldiz, Gabirian errezil sagarraren lehiaketa eta baserriko produktuen azoka. 10:00etatik 14:00etara, lehiaketak, erakustaldiak eta feria izango dira plazan, inguruko estalpe guztiak hartuta. Enparantzan karpa jarriko dute, gaur.

Errezil sagar lehiaketa egingo dute, batetik. 16 baserritako frutak aurkeztuko direla azaldu du Erbie elkarte antolatzaileak, errezil sagarraren blogean. Sagar-goxo edo menbrilutan 14 lehiakide izango dira. Horiez gain, bertako barazki, ogi, gazta, jaki eta hamaika produkturekin 12 salmahai izango dira. Denera 23-25 baserritar inguruk jarriko dute aletxoa, batean, besteak ala hiru jardueretan; “inoizko parte-hartze handiena”, antolatzaileen esanetan. Parte-hartzaileek goizeko bederatzietarako Erbie elkartera azaldu behar dute, izena eman eta aurkeztu dituzten produktuei zenbakia ipintzeko.

Errezil sagarraren eguna aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten, asteazken iluntzean. Lontxo Ormazabal, Gabino Murua eta Ibon Elgarresta alkatea./AMM

Erreziletan hiru sari emango dituzte (duela bi urte baino bat gutxiago), sailkapenik gabe oraingoan ere. Menbrilutan, bakarra. Itsasoko Pott zeramika tailerrekoek egindako ikur bana jasoko dute. Sariak 13:30a aldera banatuko dituzte.

Berritasunen aldetik, Josu Osak fruta arbolak inausteko eta txertatzeko erakustaldi praktikoa egingo du, hartarako propio ekarritako sagarrondo batzuetan, 11:00ak aldera. Bestetik, bi herritarrek menbrilua egingo dute, jendearen zalantzak argitzearekin batera. Kortako sukaldari Lontxo Ormazabalek, bestetik, sagar konpota prestatuko du zuzenean.

Saltzaileek paperezko poltsa bereziak izango dituzte aurten, lehenengo aldiz. Erosketak bezeroei ematerakoan, errezil egunaren logotipoa duen poltsa emango dute. 500 ale atera dituzte. Eliza atarian, aurreko ekitaldietako argazkien emanaldia izango da proiektatzailearekin, bien bitartean, goizean zehar.

Epaimahaian azken ekitaldietan lanean aritutako hiru lagun omenduko dituzte antolatzaileek: Ramon Aseginolaza idiazabaldarra, Jose Antonio Iparragirre ‘Otatza’ zeraindarra, eta iaz hil zen Martin Irazustabarrena zena, herriko ostalari izana. Haren seme batek jasoko du oroigarria.

Gaur, ostirala, 14:45ean eta 15:45ean, ETB1eko eta ETB2ko ‘Eguraldia’ programetan, Gabiriako festari buruzko bideotxoa emango dute, iganderako zer eguraldi iragarpen dagoen galdetuz.