Archive for the ‘Herria’ Category


Gabiriako Udalak udalerriko argiteria publikoa aldatzeko lehiaketa atera du. Sistema hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko helburua izan behar du aldaketak. Hartarako, lehendik plazako farola batzuetan jarrita dauden “inteligentziazko sistema integrala” erabili beharko da herriko gainontzeko kale-argietan ere.

Energia aurrezteko sistema duen farola bat, Gabiriako plazan. Led motako lanpara eta hurreratze-sentsoreak ditu./AMM

Energia aurrezteko sistema duen farola bat, Gabiriako plazan. Led motako lanpara eta hurreratze-sentsoreak ditu./AMM

Hornitzeko eta instalatzeko deialdia gabiria.net webgune ofizialean egin zuen, ekainaren 20an, iragarkia eta baldintza pleguak argitaratuta. Lehiaketaren oinarrizko aurrekontua 67.094,64 euro gehi BEZa (14.089,87 euro) da, denera 81.184,51 euro. Eskaintza egiten dutenek kopuru hori beherantz hobetu ahalko dute.

Herriko plazan argiteria “adimenduna” probatzen 2010eko azaroan hasi zen Luix Iluminacion Inteligente enpresa. Euskal Herriko lehenengo esperimentua izan zen, teknologia hori kale-argietan aplikatu zuena. Ondoren, 2011ko azaroan aurkeztu zuten sistema.


Etxean autokonposta egiteko ikastaroak emango ditu Sasieta Mankomunitateak aste honetan Gabirian. Asteartean (ekainak 18) eta ostegunean (ekainak 20) 19:00etan da, Etxeberri kultur etxean. Ontziak jasotzeko modua ere orduan izango dute herritarrek.

Udalak eta Sasietak etxe guztietan konposta egin dezaten lortzea nahi dute. Izena emateko epe bat ireki zuten maiatzean, eta orduan 60 bat etxe apuntatu ziren. Izena eman ez zutenei zuzenean telefonoz hots egin die udalak, asmoa azalduz eta zer egin behar duten esplikatuz. “Gehien-gehienek baiezkoa eman dute, jarrera ona agertu dute”, esan du Jokin Murua zinegotziak.Ikastaroan, konposta nola egin behar den azaldu, eta ontziak nola muntatu eta nola funtzionatzen duten azalduko dute. Sasietako teknikari batek emango du.

Herrian hondakinen funtzionamendu berria abiaraziko dute aurki udalak eta Sasietak. Berez, kurtsoa emandakoan hasteko moduan izango da jendea. Konposta etxean egingo dute, eta gainerako hondakinak uzteko hiru (edo lau) gune egongo dira udalerrian barrena: kaskoan (eskonbrera edo hondakindegi zaharrean, gau egun dagoen leku berean); Zuazolan eta Itzaitegi-Astiazaran bitartean. Laugarren bat Aztirian jarriko lukete, oraindik zehatz ez baldin badakite ere. Bestetik, Alegia, Orbeldi eta Santa Luzia ibarreko gabiriarrek Santa Luzia-Anduaga auzora joan beharko dute hondakinak botatzera, Ezkio-Itsaso Udalak han egokituko duen gunera.

Edukiontzi guztiak egongo dira gune horietan, birzikla ezin litezkeen hondakinena barne. Giltzarekin jarri ala ez, oraindik erabakitzeko daukate. Aurrerantzean, udalerri bakoitzak sortzen duen hondakin kopuruaren arabera ordaindu beharko du bilketa eta tratamendu zerbitzua.


Horixe izango da galdera, herritarrek asteburuan erantzun ahalko dutena. Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko argindar linearen proiektua gauzatu nahiko luketen, bai ala ez. Horiexek erantzunak. Herritarrek antolatutako galdeketa egingo da bihar eta etzi (larunbat-igandeak, ekainak 15 eta 16), Gabirian, Mutiloan, Zerainen eta Nafarroako 33 herri eta kontzejutan.

REE Red Eléctrica de España SA enpresak aurrera daraman proiektuaren aurrean herritarrek zer iritzi duten jakin nahi du Autopista Elektrikorik Ez mugimenduak, eta herri galdeketan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Galdeketa bi egunetan egingo da. Bihar, larunbata, 19:00etatik 21:00etara egongo da iritzia emateko aukera. Igandean, egun osoan (09:00etatik 19:00etara). Herrian erroldatuta egon behar da parte hartzeko, eta 18 urtetik gorakoa izan adinez. Plataformako kideak gaur arratsaldean ibili dira etxez etxe informazioa eta bozketarako papertxoak banatzen.

Berez kontsulta ofiziala ez denez, ezingo dute ez erroldako zerrendarik, ez eraikin publikorik erabili galdeketa egiteko. Ostatu aurrean jarriko dituzte hautesontziak. Han sartu beharko da papertxoa, “Ados al zaude Deikaztelu-Itsaso linearekin?” galderari erantzunda, ‘Bai’ ala ‘Ez’ dioen laukitxoetako bat X batekin markatuta.

Bide batez esan, Autopista Elektrikorik Ez plataformak Deikaztelu-Itsaso linearen gainean zentratu du aurkako kanpaina, eta kontsultan ere horri buruz zuzendu dute galdera. Beste proiektu bat ere bada abian, ordea, nahiz eta aipamenik ia apenas egin zaion: Gueñestik (Bizkaia) Ezkio-Itsasoko zentralera bitartekoa, bestea bezalaxe 400.000 volteko indarra garraitzeko. Prozedura hori ere martxan du REEk, eta Gabiriako udal barrutik igaroko litzateke.

Goi tentsioko azpiegituren aurkako pankarta, Euskal Herriko Itzulia Gabiriatik pasatu zenean, apirilaren 5ean./AMM

Goi tentsioko azpiegituren aurkako pankarta, Euskal Herriko Itzulia Gabiriatik pasatu zenean, apirilaren 5ean./AMM

Ofizialtasunetik aparte, zilegitasuna aldarrikatu dute herritar taldeek galdeketak egiteko. “Helburua jendearen iritzia nolabait islatzea da, portzentaje baten bidez”, adierazi dute gaur plataformako kideek.

Herri kontsultaren garapen egokia behatzeko, lau goierritar ospetsu gonbidatu ditu plataformak: Iñaki Mendiguren idazle eta itzultzaile ezkiotarra, Elixabete Garmendia kazetari ormaiztegiarra, Inaxio Usarralde euskaltzale lazkaotar-usurbildarra, eta Iñaki Murua bertsolari gabiriarra.

Gipuzkoan eta Nafarroan galdeketa egingo dute 37 herrietako emaitzak Arazurin (Nafarroa) batuko dituzte, igande iluntzean. Ondoren, REE enpresari eta Espainiako Gobernuaren Industria eta Energia Ministerioari igorri diete emaitza. Goierriko hiru herrietako herritarrek atzo arratsaldean eman zituzten galdeketaren xehetasunak, Mutiloako Gurruntzain frontoian.

Galdera, erraza eta argia da: “Ados al zaude Deikaztelu-Itsaso linearekin?”. Erantzuna, baita ere.


Laugarren egunez, elurra egin du gaur. Bart ere dezente bota du. Larunbat goizean hasi zuen, eta negualdiko bigarren elurte serioak aurrekoaren markak gainditu ditu. 30-40 zentimetro pilatu dira, herrigunean. Aztiria aldean gehiago. Horren froga, Facebooken aztiriarrek jarri dituzten argazki ikusgarri hauek.

Aizaleku barreneko artzain txabola bat. Teilatuan, elur geruza lodia./Miren Deba

Aizaleku barreneko artzain txabola bat. Teilatuan, elur geruza lodia./Miren Deba

Legorburu aldetik, Aztiriko plaza eta kaskoa./Miren Deba

Legorburu aldetik, Aztiriko plaza eta kaskoa./Miren Deba

Argazki gehiago, Facebookeko gune honetan.

Iaz, 2012 hasieran, urtarrilaren 26an zuritu zuen, 400 bat metroan. Handik hiru egunera, 3 bat zentimetroko geruza utzi zuen herrigunean, teilatu gainetan eta belardietan. Hura izan zen negu hartako lehen elurtea eta zuritualdia. Otsailaren aurrenean jarraitu zuen. Kandelaria egunean, hilaren 2an, mara-mara aritu zuen, goizean hasi eta egun osoan segi. Iluntzerako 15 bat zentimetro baziren. Otsailaren 7an ere zerbait egin zuen, teilatuak xuritzeko lain. Atzera apirilaren 15ean bisitatu zuen, baina orduan 800 metroan bota zuen soilik (Aizalekuk 812 ditu).

Oraingo negualdian, berriz, Gabiriatik ikusi ahal izan zen lehen zuritualdia urriaren 28an egin zuen. Aizkorri eta Aralar beheraino elurtu ziren, 800 bat metrora arte. Aizaleku ere busti zuen. Azaroaren 29an, berdin. 2013. urte honetan sartuta jada, herri kaskoa aurreneko aldiz urtarrilaren 23an xuritu zuen elurrak. otsailaren 12an mardul egin zuen, eta 15-20 zentimetro geratu ziren herrigunean. Basoetan eta zuhaitzetan txikizio handiak eragin zituen; batetik, elurraren pisuagatik arbola asko puskatu zirelako; bestetik, azken egunetako euriteen ondorioz luizi eta lerradura asko izan zirelako. Ordura arte, aurretik bi aldiz zurituta zeukan, doi-doi.

Larunbatetik bisitari izan den elurtea bukatu dela dirudi, ordea. Biharko eguraldi epelagoa iragarri du Euskalmetek.


Kalte eta txikizio handiak gertatu ziren azken egunetan euriteengatik. Atzo, errepide askotan eroritako zuhaitzek oztopoa bata bestearen atzetik sorrarazi zuten. Azken egunetako eurite mardulez gain, eta atzo bota zuen elurragatik, arbola asko erori ziren bideetara. Udaletik jakinarazi dutenez, Urruti aldean pinu “dezente” erori ziren, eta bidea moztuta egon zen zirkulazioarentzat hainbat momentutan. Udalak kontratatutako langileek zabaldu zuten bide hori, makinariarekin.

Etxeberri Bizkaiko bihurgunean makal bat erori zen, bazterreko egurrezko babes-hesiaren gainera; bidearen erdi-erdira jausita geratu zen. Meategietarako bidean, Errotaetxetik Aranburuko bidegurutzeraino ere, pinu mordoa erori zen. Handik gora, meategietatik Aztirirako bidean, Bekoetxeko sagasti barreneko bihurgunean, pinu bat erori eta argindar linea kaltetu zuen, hormigoizko zutoina kable eta guzti botata.

Atzo goizean, bestetik, Beasain-Brinkola tren zerbitzua moztuta egon zen, Gabiria parean trenbidera zuhaitz batzuk erori zirelako. Arratsaldean oraindik tren zerbitzua erabat bere onera etorri gabe zegoen, Renfeko iturrien arabera “arazo teknikoak” zeudelako. Gi-632 autobidean ere oztopatu zuen elurrak zirkulazioa. Istripu ugari gertatu ziren goizean, eta zenbait unetan geratuta egon ziren ibilgailuak.

Negualdiko lehen elurte ‘serioaren’ aurpegi alaia –paraje ikusgarriak— iruditan jarri dute, bestetik, Facebookeko zenbait erabiltzailek. Hemen batzuk:

This slideshow requires JavaScript.


Udalak gabon astean banatu zuen etxerik etxe Gabiri Agiri udal informazio buletina, 2012ko abenduko datarekin. Bigarren zenbakia da, ekainean kaleratutako estreinakoaren ondotik. Lau orrialdetan, urtearen bigarren erdian landutako, erabakitako eta garatutako gaiak xehetu ditu udalak. Bost batzordeen eginkizunak zein izan diren laburtuta datoz, arlo bakoitzeko gai nagusiak azaltzeko.

Gabiri Agiri 2 buletina

Azala


Bigarren aldiz, herri batzarrean esplikatuko ditu udalak herriari eta administrazioari dagozkion hainbat gai. Herri batzarra bihar da, ostirala, 19:00etan Etxeberri kultur etxean. Aurtengo urtean burututako ekimenen eta lanen berri emango dute udal ordezkariek, eta 2013rako dauden asmoak ere jakinaraziko dituzte. Bestetik, herritarren partetik ekarpenak esateko tokia ere izatea nahi dute.