Archive for the ‘Antzerkia’ Category


Juanlu Escudero aktoreak eta herriko ostalariak antzerkia egingo du, gaur gauean, Ostatuan bertan. Trainspotting lana antzeztuko du herritarren aurrean. Helduentzako modukoa da, gaztelaniaz. 23:00etan hasiko da. Gisa horretako lehenbiziko jarduera da Ostatuan. “Ondo” ateratzen bada, urtean zehar euskaraz “bizpahiru” antzezlan antolatzeko asmoa du Escuderok. Zumarragan jaio 1965ean, hainbat telesailetan parte hartu du Escuderok. Ekainean, ‘Aguila roja’ telefilmean parte hartuko du, esate baterako. Gabiriako Ostatuan 2012ko apirilean hasi zen lanean.


Herriko gazte talde batek aurtengo neguan grabatu duen Benemeritoak filma emango dute, gaur 22:00etan, Etxeberri kultur etxean. Udaberri Kulturala egitarauaren barruko ekitaldia da. Gattiken ekoiztetxeak egin zuen pelikula, herriko gazteak aktore dituena. Euskal Herriak independentzia lortu ondoren, guardia zibil batzuk bertsolaritzaren bidetik saiatuko dira gizartean txertatzen. Beasaingo Bertsomovieda film lehiaketara aurkeztu zuten lana. Abenduaren 31n antzerkia egin zuten, istorio berean oinarrituta.

'Benemeritoak' filmaren irudi bat./Gattiken

‘Benemeritoak’ filmaren irudi bat./Gattiken

Pelikula emateaz gain, gaizki ateratako eszenen bideoa ere botako dute.

Udaberri Kulturalak bihar jarraituko du. Balentzategi herri eskolako ikasleek ikuskizuna egingo dute, 17:00etan, eliza ondoko antzokian. Antzerkia, dantza eta bertsoa uztartuta osatu dute urteroko emanaldia.


Inauteri festa ospatzeko euskal folklorean eta tradizioan oinarritutako pertsonaiak landu dituzte, aurten, Balentzategi herri eskolako neska-mutikoek. Otsailaren 8an, ostiralarekin, eliz atarian aurkeztu zituzten Euskal Herriaren luze-zabaleko inaute izakiak, eta haiekin lotutako dantzak. Mielotxin, Lesakako Zakuzahar, Zuberoako zamaltzainak, Nafarroa Behereko bolantak… Galdaragile hungariarrak ere han izan ziren. Herri eskolaren blogean bideoak jarri dituzte, inaute arratsalde euritsua nola alaitu zuten erakusteko.

Haurrak mozorrotuta, otsailaren 8an./Balentzategi herri eskola

Haurrak mozorrotuta, otsailaren 8an./Balentzategi herri eskola


Inauteriak gaur hasi dira, ‘ostegun gizenarekin’. Herrian bihar ospatuko dira, ostiral meharrarekin. Balentzategi herri eskolako haurrek eta irakasleek emanaldia prestatu dute, gurasoentzat eta herritarrentzat. 14:45ean hasiko dira.


Hauxe da herriko bertsolari taldekoek Zarautzen aurkeztu zuten antzerkiaren bideoa. Bertso eskolen topaketaren barruan, azaroaren 24an egin zuten, Putzuzulo gaztetxean. Gattiken etxeak ekoitzi du.


Euskal Herriko Bertso-eskolen Topaketak izan dira Zarautzen, eta Gabiriako bertsolari gazteen taldeak bertan parte hartu du. Larunbatean, Euskal Herriko bertso-eskoletatik etorritako 140 lagun elkartu ziren egun osoko egitarauan parte hartzeko. Iaz Lesakan egin zuten estreinako Beee festa, helduen bertso eskoletako eta taldeetako kideak elkartzeko. Eguerdiko bertso-poteoarekin hasi zen eguna; bazkaldu, eta ondoren bertso jarriak kantatu zituzten. “Gauez gaztetxean esketxek jarri zuten ginda, eta erromeriak eman zion hasiera gaueko parrandari”, dio Bertsozale elkartearen kronikak.

Gabiriar gazteek egin zuten antzezlanetako bat, txalo zaparrada eta barre algara ugari aterarazi zituena. Astean zehar eliza ondoko antzokian hiru-bat entsegu orokor eginda joan ziren, koreografia, jantzitegi eta gidoia ondo prestatuta. Bertsolarien arteko jaian, bat-batekotasunak ere leku nabarmena eta umoretsua izan zuen, ordea, benetako orduan.

Hamahiru lagunek parte hartu zuten antzezlanean, eta bost taldetatik azkenekoak izan ziren agertokira igotzen. Bertsolarien arteko festari puntu borobila eta arrazoi alaia jarri zieten hala. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean egin zuten ikuskizuna.

Independentzia lortu berri duen Euskal Herriko guardia zibil koartel bat irudikatu zuten. Bertan integratzea erabakiko dute, bertsolaritzaren bitartez. Bertsotan ikasteko ahaleginek, irristadek eta aurrejuzkuek barre-algara ozenak eta txalo zaparrada luzeak eragin zituzten, zenbait unetan antzezlana eten behar izateraino. Herrian bertan saio bat egiteko eskaria badute dagoeneko…

Gehiago: Goierriko Hitzako kronika.

Zarauzko antzerkiaren une bat./Alex Areizaga


Gabiriako gainera etorri eta egunpasa ederra egin dute gaur, ostirala, Goierriko lau ikastetxetako haurrek. Balentzategi herri eskolako ikaskideek antzerkia prestatua zuten, eta goizean beste herrietatik etorritakoen aurrean egin dute, eliza ondoko antzokian. Itsasondo, Olaberria, Zaldibia eta Zeraingo eskoletatik talde bana izan dira ikusle. Antzerkiaren estreinaldian ohorezko aukeratuak ziren; izan ere, antzerki hori bera bihar, larunbata, herritarren aurrean egingo dute Gabiriako eskola-umeek, kultura egitarauaren barruan (17:00etan, antzokian).

Baina antzerkia bukatutakoan ez da amaitu txangoa. Goierriko lau eskola txikiek -Gabiria, Itsasondo, Olaberria eta Zerain- elkarren artean duten harremana tarteko, bazkaltzen bertan geratu dira hiru herrietako haurrak, euren irakasleekin. Arratsaldean plazan eta kirol pistan ibili dira, jokoetan eta jolasean. Giro bikaina izan dute ostirala eskolako pareten artetik kanpora igarotzeko. 

Haurrak, gabiriarrak eta beste herri batzuetatik gonbidatuak, plazan jolasean, gaur eguerdian.