Archive for the ‘Ondarea’ Category


Donostiako San Telmo museoak antzinako gaztagintzako tresna zaharrekin gazta egin du. Non eta Gabiriako Baztarrika gaztandegian. Herenegun aurkeztu zuten egitasmoa, eta hortik atera den fruitua: Gaztagintza argazki erakusketa.

Ondare etnografikoa balioan jarri nahian, museoan gordeta zeuden gaztagintzako tresna zaharrak eta gaur egungo teknikak parez pare erakusten ditu erakusketak. La tradición pervive izeneko erakusketa iraunkorretik hartu ditu hainbat tresna Museoak, eta Baztarrikara eraman zituen, gazta garai batean bezala egin zezaten. Amelia Jauregi artzainak esan du gazta egiteko modu zaharra eta gaur egungoa ez direla aldatu; aldatu direnak tresnak direla, gizarteak horretara bultzatu dituelako, kalitate kontrolengatik eta.

Herenegun aurkeztu zuten erakusketa, San Telmon. Han ziren Baztarrikako Amelia eta Asier Osinalde, Xabier Amoros museoko teknikaria, Ricardo Iriarte eta Susana Soto. Argazkilari batek iruditan jaso du gazta egiteko prozesua. Erakusketan 25 bat jarriko dituzte. Txurkak (gazta ebakitzeko oholak), kaikuak, prentsatzeko makinak, iragazkiak, burruntziak… ere ikus daitezke.

Advertisements

Gabirian, Mutiloan eta Zerainen goi tentsioko lineei buruzko herri galdeketa edo kontsulta egingo da, ekainaren 16an. Aurreko ostiralean herri batzarrean aurkeztutako ideia gaur goizean jakinarazi dute hiru herrietako eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkariek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Denera hiru herrietako 19 lagun —horietatik bost gabiriarrak— agertu dira gaur prentsaurrekoan, bost eserita eta atzean zutik beste hamalau. “Pauso bat aurrera emateko garaia” dela azaldu dute, Red Eléctrica de España SAk Itsaso eta Deikaztelu artean 400.000 volteko goi tentsioko linearen tramitazioarekin aurrera jarraitzea erabaki ondoren (apirilaren 8an REEko bi ordezkarik Gabiriako udaletxean aurkeztu zuten asmoa).

Gabiriako, Mutiloako eta Zeraingo bizilagunak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozemailea, gaur, Donostiako KM Kulturunean./Asier Zaldua–Hitza

Gabiriako, Mutiloako eta Zeraingo bizilagunak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozemailea, gaur, Donostiako KM Kulturunean./Asier Zaldua–Hitza

2011ko abuztuan iritsi zen, lehen aldiz, REEren Itsaso-Deikaztelu linearen proiektuaren informazioa udaletxera. Lehenago, urte bereko martxoan, Gueñestik Itsasora ezaugarri berbereko beste linea bat egiteko asmoa plazaratu zuen. Orduz geroztik, Bizkaiko hiru herrik biltzarra osatu zuten, egitasmoaren aurka; eta Nafarroako eta Gipuzkoako 216 udal eta kontzejutan mozioa onartu dute, aurkakotasuna adierazteko. 2012ko abenduaren 16an, iaz, Altsasuko Aldarrikapenaren bidez, hainbat arlotako 500 pertsona agertu ziren proiektuaren aurka.

“Erreleboa hartzeko garaia dela uste dugu, baita herriaren ahotsa entzunaraztekoa ere, jokoan gure osasuna, gure ingurumena, gure paisaia edota gure garapena bakarrik ez daudelako, hurrengo belaunaldiei utziko diegun etorkizuna ere bai”, esan du Asier Agirre gabiriarrak gaur goizean. Proiektu hori ez dela beharrezkoa gaineratu dute, “ez bada enpresa sustatzailearen eta multinazionalen etekinak, dagoeneko oparoak, ugaritzeko”.

Galdeketan parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak, “zuzenean herritarren iritzia ezagutu dezagun eta erakundeei eskatzeko kontuan har dezaten galdeketaren emaitza”. Proiektuak eragindako beste herriei ere bilera irekiak egiteko deia egin diete, herri galdeketak egiteko aukera azter dezaten. “Eremuan prestigioa duten eta erreferente diren pertsonez osatutako jarraipen batzordea” eratuko da, prozesuaren “gardentasuna eta garbitasuna” erakusteko. Autopista Elektrikorik Ez plataformako Alberto Friasek hiru herrietako bizilagunek hartutako erabakia txalotu du: “Polita da. Gonbidapena egingo diegu beste herriei, herri batzarren bidez gauza bera egiteko”.

Goi tentsioko lineei buruz blog honetan ateratako albisteen bilduma, HEMEN.

Kontsulta deiak hedabide digitaletan izan duen oihartzuna, gaur:

  • Berria.info: “Goi tentsioko linearen inguruko herri galdeketak egingo dituzte. Ekainaren 16an, Gipuzkoako Gabiria, Mutiloa eta Zerain herrietan izango dira bozketak, herri batzarren ekimenez”.
  • Goierri.hitza.info: “Goi tentsioko linearen aurka herri galdeketa egingo dute hiru herritan”
  • Naiz.info: “Gabiria, Mutiloa y Zerain celebran el 16 de junio una consulta popular sobre la línea de alta tensión”
  • Europa Press: “Gabiria, Mutiloa y Zerain celebran el 16 de junio una consulta popular sobre la línea de alta tensión Itsaso-Dicastillo”.
  • Diario Vasco: “Vecinos de Gabiria, Mutiloa y Zerain convocan una consulta popular contra una línea de alta tensión”. Eta bideoa.

Joan den larunbatean Igeribar errota zaharra bertatik bertara ikusteko aukera izan zen. Udaberri Kulturala egitarauaren barruan, arratsaldean 25 bat lagun joan ziren errotara. Joxe Kruz Baztarrika errotariak harrera egin, eta etxean dauzkaten bi errotak erakutsi zizkien: bat artoarena, eta bestea iaz konpondutako gariarena. Biak martxan jarri, eta artoa nahiz garia eho zituen. Ordubete inguru iraun zuen bisitak.

Ondoren, Osinalde elkartean, talo jana egin zen, eta jende “pila bat” joan zen. Ehun-bat talo egin, erre eta atera zituzten.

This slideshow requires JavaScript.


Herriko ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan. Bide batez, etnografiazko atal garrantzitsu bat sakonagotik ezagutzeko modua: errotena. Udaberri Kulturala egitarauaren barruan, errotarekin lotutako hiru ekitaldi antolatu ditu Kultura Batzordeak. Lehena, bihar (ostirala), 22:00etan Etxeberri kultur etxean. Urretxuko Lekaio elkarteak irailean estreinatu zuen dokumentala emango dute, Garia, lurra, ogia. Baina baita beste bat ere: Igeribarreko bigarren errota berritzeko prozesu osoa, 2012an garatua, grabatu zuten Lekaiokoek, eta harekin egindako dokumentala ere estreinatuko dute.

Alea, kolpeka, errotarrira erortzen, ehotzeko./Lekaio

Alea, kolpeka, errotarrira erortzen, ehotzeko./Lekaio

Grabaketan, garia ereitetik labean ogia erretzerainoko prozesu guztia jaso zuten Lekaiokoek. Tartean, errota lanak ere Igeribar errotan grabatu zituzten. Hain zuzen, errotako nagusi Jose Kruz Baztarrika bideo emanaldian izango da, azalpenak ematen.

Pantailan ikusitakoa errealitatean sumatzeko aukera larunbatean da. 16:30ean, bisita gidatua egingo da Igeribarrera. Jose Kruzek hango bi errotak erakutsiko dizkie bisitariei, martxan jarrita. Iaz arte errotarri bakarra zeukan funtzionamenduan Igeribarrek, baina “40 urtean baino gehiagoan geldirik” egondako beste harri bat konpondu zuen, dokumentala grabatzeko.

Igeribarreko bi errotak./Lekaio

Igeribarreko bi errotak./Lekaio

Angel Izagirre, Gabiriako azken errotariaren pisaketa sistema berezia ere ikasi ahalko da.

Ikusi eta ikasitakoa sabeleratzeko izango da hirugarren saioa. Larunbatean, 19:00etan, talo jana izango da Osinalde elkartean.


Aurreko asteburuan irekita egon ondoren, beste astebete luzatu dute eskola-etxearen mendeurrenaren harira antolatutako argazki eta material erakusketa. Aste honetan guztian ere zabalduko dute, jendearen eskariz. Arratsaldeetan 16:00etatik 18:00etara ikus daiteke, larunbatera (abenduak 22) arte. Ondoren, Eguberri egunean (abenduak 25) eta Urteberrian (urtarrilak 1) ere irekiko dute, meza ondoren.


‘Euskal Herria’ aldizkariak 9 orrialdeko erreportajea eman die Gipuzkoako pikotei edo urkabeei, 60. zenbakian (2012ko urria-azaroa). Tartean, jakina, Alegiako Armagindegi baserri ondoko pikota aipatzen da, orrialde batean, argazki eta guzti. Testuan esaten denez, baserriko gaur egungo bizilagunek zaharragoei jasota, Armagindegin ukuilua dagoen tokian kartzela zegoen antzina. Bestetik, etxaurrean uztai bat ere badago, teilatupean, presoak zintzilikatu eta hiltzeko erabiltzen omen zutena. Armagindegi etxe-izenak ere arreta eman dio artikulugileari, ‘armada+degi’-tik letorkeela iradokiz; armekin zerikusia duela, alegia.

‘Euskal Herria’ aldizkariaren 60. zenbakiaren azala, 2012ko urri-azarokoa.


Larunbatean, eguraldi eguzkitsua lagun, Atagoititik Aztiriara bitarteko mugarriak ikusi zituzten hainbat herritarrek, Legazpirekiko mugan ibiliz beti. Herriaren buelta osoko mugarriak aurkitzen bizpahiru urte igaro dituzte udalkide eta herritar batzuek, eta orain emaitza denek ikusteko ordua da. Larunbat goizean 24 lagunek egin zuten proiektuko lehen ibilaldia. Bidean, Gabiriako puntu garaienetik ere pasatu ziren, Aizalekun (812 m) hamaiketakoa egin baitzuten.

Aizalekuko gurutzean. Gabiria eta Legazpi arteko muga-lerroaren —eta udalerriaren— toki garaiena. J. Murua.

Aztiriko plazara iritsitakoan, 11:30a aldera, hiru udalerriren muga markatzen duen harria kokatu zuten, falta zen eta. Iturri-askaren eskuin aldean, Biurrain baserrietara joateko bidea abiatzen den lekuan, langaren alboan, sartu zuten Gabiria, Legazpi eta Mutiloa arteko mugarria. Hiru aldeko harlanduan, G, L eta M hizkiak zizelkatuak ditu mugarri horrek, aurpegia begira dagoen herriaren izenaren inizial gisa.

Gabiria, Legazpi eta Mutiloa arteko mugarria kokatzen. J. Murua

Azpian teila pusketak sartu zituzten. Antzina, mugarriak (bai herriarenak, bai etxeenak) bereizteko teila zen adierazlea (etxearen jarraipentzat irudikatzen zen antzina teila, jabetza jakina zuena). Hala, “edozein harri” ez dela adierazten du seinale horrek.

Mugarriak ikusteko lehen irteeran izan zirenak, Aztirian, behin ibilaldia eta lanak bukatutakoan. J. Murua