Archive for the ‘Euskara’ Category


Aurreko ostiralean, ekainak 21, bukatu zen euskara ikasteko herrian antolatutako azken urteotako bigarren ikastaroa, udalak sustatutakoa. Ikasturte osokoa izan da aurten, lehen aldiz, urrian hasita. Aurreko kurtsoan, 2012. urtearen hasieratik ekainera izan zen, lau hilabete.

Sei ikasle aritu dira euskaran sakontzen, Nerea Iztueta irakaslearekin. Asteazkenetan eta ostiraletan ordu eta erdiko saioak egin dituzte.

Advertisements

Gipuzkoako Foru Ogasunak 2012ko ekitaldiko errenta aitorpena egin eta aurkezteko epea ireki du, gaurtik ekainaren 25era arte. Ogasunaren bulegoetan egin liteke (mekanizatua), edo ogasunak berak bidalitako autolikidazio proposamena onartuta (batzuei soilik bidaltzen die), edo Internet bidez. Hizkuntza ere aukeratu liteke. Gabirian, oraindik, gehiengoak gaztelaniaz aurkezten du aitorpena.

Iaz, 2011ko errenta aitorpenaren kanpainan, Gabirian 81 aitorpen egin ziren euskaraz, guztizkoaren %30,68. 2010eko aitorpena (2011. urtean aurkeztekoa) 55ek egin zuten euskaraz (%20,75). 2012an, Goierri behean laugarren herria izan zen Gabiria, aitorpena euskaraz egin zutenen portzentaje altuenetan. Ataun (%40,78 euskaraz), Gaintza (%38,46) eta Zerainen (%30,82) soilik izan ziren euskaraz gehiago egin zutenak. 2011n 10. herria izan zen. Goierri behean (18 udalerri), 2012an %17,80 aitorpen egin ziren euskaraz, eta 2011n %15,30.


Korrikaren 18. ekitaldia gaur hasiko da, eta herria bera zapalduko ez badu ere, ingurutik pasatuko da, jada lehen egunean. Ormaiztegitik Liernira joango da euskararen aldeko lasterketa entzutetsua, Eman euskara elkarri oihukatuz. Ormaiztegin 23:49an du ordua, eta Mutiloan 00:07an.

Korrikaren pasaera girotzeko, egunean zehar nabarituko da jai usaina herrian. Goizean Korrika Txikia egingo dute, eskola-umeek. Arratsaldean, 19:00etan pintxo-potea egingo da Ostatuan, eta 21:00etan afaria dago Osinalde elkartean. Joan nahi dutenek Gorkari edo Jokini jakinarazi behar diote. Afaltzetik, lagun artean joango dira herritarrak Ormaiztegira.


Osinalde bertso sariketaren 42. ekitaldia gorpuztu dute antolatzaileek. Ohi bezala, Errege egunaren hurrengo egunean (urtarrilaren 7a astelehena zen aurten) elkartu ziren. Azken urteetako egitura bera edukiko du lehiaketak: aurrez hiru saio jokatuko dira, seina bertsolari ariko dira bakoitzean, bertsolari gazteak dira, eta afaria izango da aurretik. Tokiei dagokienez, aldaketa garrantzitsu bat badago, hala ere: Idiazabalgo Axari sariketa desagertu egingo da, eta haren lekua Zaldibiako Osinberde sariak hartuko du. Ordiziako Argi-Berri eta Aztiri dira gainontzeko bi sariak.

Bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira, epaimahaiak puntuz izendatuak, Osinaldeko finala jokatzeko. Saio bakoitzean, entzuleek sarituko dute gaueko bertsolari gustukoena, lekuan lekuko garaikurra emanez: Ordizian Txikia saria, Aztiri saria herriko auzoan, eta berdin Osinberden. Aurretiazko saioak martxoan zehar jokatuko dira. Argi-Berrikoa hasiko da, martxoaren 9an; Osinberde hurrengoa, hilaren 16an, eta Aztirikoa azkena, martxoaren 23an. Osinalde sariketa apirilaren 6an da. Guztiak larunbatak dira.

Sarean dagoeneko ari da sariketa girotzen. Rufino Iraolak Twitterren antolatzaileak goraipatu ditu: “Badute meritua Eusebio Igarzabalek, Iñaki Muruak eta abarrek, eurak pentsatzen duten baino gehiago estimatzen ditut”.

Saioz saio, bertsolari hauexek ariko dira kantuan. Aurten ez dago gabiriarrik. Goierritarra ere bakarra. Antolatzaileek asko begiratzen diote lurraldetasunari, eta aipagarria da aurten sei euskal herrialdetako bertsolariak ariko direla: gipuzkoarrak 8; bizktaitarrak 3; nafarrak, arabarrak eta lapurtarrak bina; eta zuberotarra bat.

1. Argi-Berri Saria (martxoak 9, Argi-Berri elkartea, Ordizia. 20:30ean afaria)

  • Aitzol Iturbe (Antzuola, Gi).
  • Josu Oiartzabal (Azpeitia, Gi).
  • Ainhoa Comas (Amurrio, A).
  • Paula Amilburu (Aramaio, A).
  • Aitor Salegi (Zestoa, Gi).
  • Jokin Bergara (Eibar, Gi).

2. Osinberde Saria (martxoak 16, Osinberde elkartea, Zaldibia. 20:30ean afaria)

  • Iñaki Aleman (Irurita, Na).
  • Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, Bi).
  • Josu Sanjurjo (Lesaka, Na).
  • Nekane Zinkunegi (Errezil, Gi).
  • Maindi Murua (Azkaine, La).
  • Joanes Etxaide (Zegama, Gi).

3. Aztiri Saria (martxoak 23, Aztiri-Bat elkartea, Aztiria. 20:30ean afaria)

  • Maddi Ane Txoperena (Hendaia, La).
  • Imanol Uria (Algorta, Bi).
  • Eneritz Artetxe (Azkoitia, Gi).
  • Peio Ormazabal (Arrigorriaga, Bi).
  • Imanol Irazustabarrena (Alegia, Gi).
  • Joanes Etxeberria (Barkoxe, Zu).

4. Osinalde Saria: apirilak 6, Osinalde elkartea, Gabiria. 20:30ean afaria. Aurreko hiru saioetan sailkatutako bina bertsolarirekin.

Bien bitartean, iazko Osinalde sariko (2012-4-14) bideoa gozagarri, Gotzon Aranburu kazetariak egina:


Hilabete falta da Korrika 18 ekimena herri ingurutik igaro dadin, martxoaren 14ko gauerdian. Aurrez, eta euskararen aldeko azpiegiturak hobetzen laguntzeko, mus txapelketa antolatu dute. Herrian ere jokatuko da, bertako kanporaketa. Ostiralean (otsailak 15), 21:30ean da, Ostatuan. Bikoteko sarrera-prezioa 20 12 euro izango da. Aurreneko bikoteek Gipuzkoako finalean aritzeko txartela lortuko dute, sariez gain.

Duela bi urte ere jokatu zen Korrikaren aldeko mus txapelketa. Mila eta Aritz aztiriarrek irabazi zuten.


Beraien artean oso bestelako jakintza-gaiak ezagutzeko eta ikasteko modua izango da herrian, aste honetan zehar. Batetik, udalaren Euskara eta Kultura Batzordeak ideiatutako ‘hartu-eman ikastaroak’ hasiko dira. Estreinaldia hitano ikastaroak emango dio, asteazkenean (otsailak 13, 19:00etan kultur etxean). Marian Bidegain euskara irakasleak hikako formak zuzen eta egoki nola erabili behar diren azalduko du. Beste hiru saio izango ditu ikastaro horrek, jarraiko hurrengo asteazkenetan: otsailak 20, 27 eta martxoak 6. Ordubete iraungo du bakoitzak.

Bestetik, eta hartu-eman  saioen barruan, xaboi kozkorrak etxean nola egin daitezkeen erakutsiko du Pake Galdosek. Larunbatean 16:00etan da, Osinalde elkartean.

Eskaintza borobiltzeko, Josu Osak fruta-arbolak inausten eta kimatzen erakutsiko du, ostegunean, 16:00etatik 20:00etara. Erbie elkarteak eta Goimen agentziak antolatu dute ikastaroa, bi egunekoa; ostegunean teorikoa, eta beste egun batean (ostegunean zehaztuko dute), praktikoa, sagasti batean. “Oraintxe  da garaia, neguan, gure sagarrondoak lo daudenean behar bezalako kimatze eta inausketa lanak egiteko”, diote antolatzaileek. Egitasmoak egundoko oihartzuna izan du, eta berrogei bat lagunek emandute izena.

Josu Osa, azaroko Errezil Sagar Egunean, txertaketak nola egin erakusten./AMM

Josu Osa, azaroko Errezil Sagar Egunean, txertaketak nola egin erakusten./AMM


Mintzalaguna egitasmoa jarri nahi du udalak herrian. Euskara ikasten ari direnentzat lagungarri izatea da asmoa, hizketako soltura har dezaten, beti ere euskaldun zahar baten konpainian. “Denbora pixka bat badaramagu euskara klaseak antolatzen Gabirian. Bertako ikasleei laguntza moduan, mintzalagun talde bat osatzea pentsatu dugu”, dio udalak urtarrilaren azken egunean banatutako bandoan. Astean ordubetez euskaldun zaharra eta euskara ikasten ari dena elkartuko lirateke, hitz egiteko. Eskaintza hori ez da soilik Gabirian ikasle direnentzat, edonork parte har dezake. Parte hartzeko edo laguntzeko interesa dutenek udaletxean eman behar dute izena, martxoaren 1a baino lehen.