Archive for the ‘Bilerak’ Category


Andre Mari eta San Roke jai nagusiak gorpuzteko eginahalean ari dira Festa Batzordeko kideak. Egitaraua ontzeko lehenengo bilera maiatzaren 22an egin zuten, eta han hainbat gai atera ziren mahai gainera. Aldaketa batzuk izango direla dirudi.

Festa egunak abuztuaren 13tik 17ra izango dira, biak barne. 13an, ‘Ezer ez eta festa’ izenarekin ezagutzen dena, Makila Jaitsierarekin hasiko da, arratsalde partean. Sasipilotari eta Sasierraketalari txapelketen finalak jokatuko dira ondoren, eta kuadrillen arteko afaria egingo da gauean. Skandalue elektro-txaranga azpeitiarrak girotuko du lehen parranda, iaz bezalaxe.

Abuztuaren 14ko egituran gauza batzuk kendu, eta beste batzuk orduz aldatuko dituzte. Egun honen “aurreko urteetako arrakasta eskasa” ikusita, Festa Batzordean “eraldatzea” pentsatu dute. Hala, arratsaldean, seiak aldera, haurren arteko futbol partidak jokatuko dira. Orain arte gauean egin izan den bertso jaialdia arratsera aurreratuko dute, “19:00ak edo 19:30a ingurura”. Bertso saioa plazan izango litzateke, aire librean, eta ez antzokian. Ondoren patata-tortilla lehiaketa kendu, eta haren ordez pintxo poteoa egitea proposatu dute, taberna, elkarte eta txosnaren artean. Gauean “ikuskizun bat” jarri nahi da, aurrekontuaren arabera; eta musika: Northern Praid talde beasaindarra (punk musika) eta herriko Guri5 erromeria girotzeko ondoren.

Abuztuaren 15a, Andre Mari, betiko egiturarekin eta osagaiekin etorriko da. Gaueko musika taldea ez dago zehaztuta, “baina erromeria izango da, ziur”. Bi talderen artean ari dira pentsatzen. Batek 15 gauean joko luke, eta besteak 16 gauean. Andre Mari arratsaldean Modesto musikaria ere izango da, haurrentzat dantzaldia girotzen.

Abuztuaren 16ak, San Roke eguna, ez du aldaketa nabarmenik izango, ezta ere. Arratsaldean, ume jolasekin batera, Escalextric handi bat muntatzeko asmoa dago, baita 17 goizean ere. Gauean rock musika kontzertua izango da, hiru talderekin: Mack Onak (Lekeitioko taldea, folk irlandarra lantzen du), Skakeitan (Donostiakoa, ska musika) eta erromeria luzatzeko berbena taldea.

San Roke Txiki egunean, azkenik, eguerdiko txikiteo-kalejira giroa berpiztu nahi da. Bola, toka eta tiragoma lehiaketekin batera, herriko trikitilariekin poteoa izango da.

Zazpi aste geratzen dira festetarako.


Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko linea proiektuaren inguruan “azkeneko berriak” jakinarazteko bilera izango da, gaur. 19:00etan, Etxeberri kultur etxean da batzarra, herritar guztiei irekia. “Herritarrei aurrera begira egingo diren gauzen berri emateko eta denen beharra dagoela esateko da”, aurreratu dute deitzaileek.


Zabor bilketari buruzko bilera antolatu du udalak, biharko (ostirala). Herritarrentzat zuzendutako batzar informatiboa da. Etxeberri kultur etxean da, 18:30ean hasita. Zaborra biltzeko dauden sistemak aztertu eta horien berri emango dute Sasieta Mankomunitateko teknikariek. Gaiak duen “garrantzia” kontuan hartuta, udalak herritarrei  bilerara joateko eskatu die, bando bidez.


Herriko aldizkaria, Makilari, azken aurreko fasean dago: maketazioan. Argitaratu aurretik, maketa nola geratuko den ikusteko bilera egingo da. Hasiera batean gaurko zegoen jarrita batzarra, baina atzeratu egin dute Kultura arduradunek. Asteartean, martxoak 5, 19:00etan egingo da, Etxeberri kultur etxean.


Udaberrian argia ikusiko duen ‘Makilari’ herri aldizkariaren 24. zenbakia prestatzeko hirugarren bilera gaur, asteazkena, egingo du lan-taldeak. Etxeberri kultur etxean, 19:00etan da batzarra. Azaroko lehen bileran pentsatutako eta hitzartutako artikuluak entregatzeko eguna da. Bukatu eta gaurko bileran entregatu behar dira. Zuzendu, maketatu, gainbegiratu eta inprimatzea dira geratuko diren egitekoak. Eskola-etxearen mendeurrenak pisu nabarmena izango du ‘Makilari’-ren hurrengo zenbakian, hainbat artikulurekin.


Itxura guztien arabera, Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuak egiteko, REE enpresak argi berdea jasoko du Espainiako Gobernuarengandik. Hala aurreratu du udalak, azkena banatu duen bandoan. “Egoeraren larritasuna ikusirik eta martxoaren erdi alderako proiektua aurkeztuko dutela jakinik”, dio idatziak. Linearen aurkako Goierriko plataformak bilera batera deitu ditu herritarrak, udalak jakinarazi duenez. Egitasmoa gelditzeko zer egin litekeen erabaki nahi dute. Bilera otsailaren 7an da, osteguna, Segurako kultur etxean, 18:30ean.

Linea horrek 400.000 volteko indarra garraituko luke Nafarroako herri horretatik Ezkio-Itsasoko zentralera, handik Frantziara bideratzeko. Duela gutxi, ezaugarri berdineko beste linea bat egiteko baimena eman du Espainiak, Gueñes-Itsaso. Llinea hori ere Gabiriatik pasatuko da.


Udalaren Hirigintza eta Herri-Lanen Batzordeak noizean behin burutzen dituen batzarretako bat egingo du, gaur. Bilera 19:30ean hasiko da.


Errezil sagar eguna nola joan zen eta feria nola atera zen baloratzeko bilera antolatu dute, biharko, antolatzaileek. 19:00etan hasiko da. “Feriaren inguruko berri” emango dute.


Bidean dator Makilari herri aldizkariaren aurtengo zenbakia. 24. zenbakia osatuko duten artikuluak biltzen ari dira jada Kultura Batzordekoak. Aste pare bat gehiago luzatu dute epea, lanak jasotzeko. Hurrengo bilera, artikulu guztiak esku artean eduki beharko direna, otsailaren 6an da, asteazkena, 19:00etan Etxeberri kultur etxean.


Berez abenduaren 20an egitekoa bazuten ere, Eusko Jaurlaritzak gaur arratsaldean aurkeztuko du Troiko meategietako hondakin-urtegiari buruzko larrialdi plana. Arrisku kimikoa duten enpresen eta guneen eremuetan egin du larrialdi plana jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak. Istripuren bat gertatuko balitz, bizilagunek zer jokabide izan behar duten aurrez zehaztuta edukitzea da helburua.

Informazio bilera Gabiriako eta Ormaiztegiko bizilagunentzat izango da, bi udalerriei eragingo liekeelako nagusiki balizko ezbeharrak. Ormaiztegiko kultur etxean da saioa, gaur 18:30ean.


Aurtengo udaberrian argitaratuko den ‘Makilari’ herri aldizkariaren zenbakia ateratzeko gaur, asteartea, izango da bigarren bilera. 19:00etan, kultur etxean elkartuko dira parte hartu nahi dutenak. Duela pare bat hilabete finkatutako artikuluak eginda eraman behar dira.


Bigarren aldiz, herri batzarrean esplikatuko ditu udalak herriari eta administrazioari dagozkion hainbat gai. Herri batzarra bihar da, ostirala, 19:00etan Etxeberri kultur etxean. Aurtengo urtean burututako ekimenen eta lanen berri emango dute udal ordezkariek, eta 2013rako dauden asmoak ere jakinaraziko dituzte. Bestetik, herritarren partetik ekarpenak esateko tokia ere izatea nahi dute.


Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Larrialdien eta Meteorologia Zuzendaritzak bilera informatiboa egingo du, gaur osteguna, Gabiriako eta Ormaiztegiko bizilagunei zuzenduta (Ormaiztegiko kultur etxean, 18:30ean). Arrisku kimikoa duten enpresen inguruetan bizi diren bizilagunentzat babesa “indartu” nahi du jaurlaritzak. Kasu honetan, Troia meategietako hondakin urtegia da Gabirian arrisku kimikoa eta isuri kutsagarriak eragin ditzakeen elementua, Exminesa enpresak eraikitakoa Gesaleko sakonean.

Berriki Kanpoko Larrialdi Plana onartu eta homologatu dute Troiko hondakindegian. Arrisku kimikoa duten enpresa horietan, istripu kasuetan bizilagunek hartu beharreko segurtasun neurriak eta zer jokabide izan behar duten informazioa ematea da kanpainaren helburua. EAEko 11 enpresaren eremuei eragingo die: Bizkaian 9, Araban 1 eta Gipuzkoan 1, Troikoa. Informazio kanpainan, lehenbizi denera 38.000 gutun bidaliko dizkie jaurlaritzak bizilagunei, eta ondoren bilerak antolatuko dira herrietan. Gabiriako eta Ormaiztegiko bizilagunena gaur egingo da, kanpainaren azken egunean.


Udalaren Garapen eta Komunikazio Batzordeak bilera egingo du gaur, aurrez ezarritako egutegiaren arabera. 19:00etan hasiko dira. Bestetik, datorren astelehenean, azaroak 19, Euskara eta Kultura Batzordearen txanda izango da. Ordu berean da horren bilera ere.


Balentzategi herri eskolak ehun urte beteko ditu, abenduan. Mendeurreneko ospakizunak ideiatzeko, antolatzeko eta prestatzeko, lan-talde bat sortu nahi dute herritarrekin. Gaiari buruzko lehenengo bilera asteartean, urriak 9, izango da, 19:00etan, Etxeberri kultur etxean.

Egingo diren ekimenen artean, eskolako argazki zaharrak biltzeko deia ere egin dute. 25 urte baino gehiagoko irudiak izan behar dute. Jendeak etxean dituen argazkiak udaletxera eraman ditzake, han eskaneatuko dizkiete, eta atzera itzuli.

Ander Iurrita hasita dago gaiari buruzko argazkiak biltzen. Mostra txiki bat, hemen ikusgai.

Bien bitartean, garaiak nola aldatu diren erakusten duten bi argazki, eskolakoak. Bat 1941ekoa da, bestea 2012ko maiatzekoa.

Gabiriako mutilen eskolako ikasleak, Juan Mujika maisuarekin, 1941ean. /Ander Iurritak utzitakoa

Balentzategiko ikasleak, 2012ko maiatzean./AMM