Archive for the ‘Gastronomia’ Category


Donostiako San Telmo museoak antzinako gaztagintzako tresna zaharrekin gazta egin du. Non eta Gabiriako Baztarrika gaztandegian. Herenegun aurkeztu zuten egitasmoa, eta hortik atera den fruitua: Gaztagintza argazki erakusketa.

Ondare etnografikoa balioan jarri nahian, museoan gordeta zeuden gaztagintzako tresna zaharrak eta gaur egungo teknikak parez pare erakusten ditu erakusketak. La tradición pervive izeneko erakusketa iraunkorretik hartu ditu hainbat tresna Museoak, eta Baztarrikara eraman zituen, gazta garai batean bezala egin zezaten. Amelia Jauregi artzainak esan du gazta egiteko modu zaharra eta gaur egungoa ez direla aldatu; aldatu direnak tresnak direla, gizarteak horretara bultzatu dituelako, kalitate kontrolengatik eta.

Herenegun aurkeztu zuten erakusketa, San Telmon. Han ziren Baztarrikako Amelia eta Asier Osinalde, Xabier Amoros museoko teknikaria, Ricardo Iriarte eta Susana Soto. Argazkilari batek iruditan jaso du gazta egiteko prozesua. Erakusketan 25 bat jarriko dituzte. Txurkak (gazta ebakitzeko oholak), kaikuak, prentsatzeko makinak, iragazkiak, burruntziak… ere ikus daitezke.


Ostiralero ateratzen den Goiberri astekariak gabiriar bat elkarrizketatu du, eta gaurko zenbakian argitaratu. Korta jatetxeko sukaldari Lontxo Ormazabalek bere zaletasunei eta beste hainbat gauzari buruzko galderei erantzun die, Kate motzean atalean.

Lontxok 21 urte darama lanean Kortan. Jatetxeak, gainera, aurten bete ditu 25 urte zerbitzua ematen hasi zenetik. 1988ko otsailaren 6an zabaldu zuen Korta jatetxea Jesus Mari Soraluze Zelaiak, Zuazola Azpikoa jaiotetxean. Jose Maria Iturbe apaizak bedeinkatu zuen. Egundoko elurtea ari omen zuen egun hartan. San Lorentzo ermita 1996ko abuztuaren 10ean inauguratu zuten. Lontxo sukaldaria 1992an hasi zen han lanean, lehenengo astebukaeretan soilik, gero jarraian.

Lontxo Ormazabal, 'Goiberri'-ko gaurko zenbakian.

Lontxo Ormazabal, ‘Goiberri’-ko gaurko zenbakian.


Baztarrika gaztandegiak sari bat jaso zuen, herenegun, Idiazabalen. Gazta Eguna ospatu zen, 17. aldiz, eta gazta lehiaketan laugarren postua eskuratu zuten gabiriarrek. Bozketa herrikoiarekin izendatu zituzten sariak. Lehena Idiazabalgo Goiburu izan zen, bigarrena Albi, hirugarrena Antsonea, laugarrena Baztarrika eta bosgarrena Beizama.

Idiazabalgo festan gazta lehiaketan saritutakoak, agintariekin. Zutik, eskuinetik bigarrena, Baztarrikako Asier Osinalde./Asier Zaldua

Idiazabalgo festan gazta lehiaketan saritutakoak, agintariekin. Zutik, eskuinetik bigarrena, Baztarrikako Asier Osinalde./Asier Zaldua


Osinalde elkarteak sagardo dastaketa antolatu du, bazkideentzat. Gaur, ostirala, 19:30ean hasiko da. Hainbat sagardotegitatik ekarritako edariak probatuko dituzte. Ondoren afaria egin dute, hileko azken ostiraletako afariarekin batera.


Benetan gertatu ez diren albisteak, baina egiatik asko dutenak aldi berean, kontatzen ditu Izparringia agerkariak. Satira, ironia eta gehiegikeria erabilita, gizartean arruntzat ditugun kontu txoroak, azalekoak eta ezgauzak ‘albiste’ kategoriara igotzen ditu. Martxoaren 24an, adibidez, gabiriarrak jarri zituen balizko notiziaren subjektutzat.

“Elikagai sin, o,o, free eta dietetikorik gabe biziraun duen gabiriar batek komunitate zientifikoa aho bete hortz utzi du” da titulua. Gregorio Goikoetxea Balerdi, “67 urteko gabiriarra”, pertsonaia fiktizioa asmatu, eta Beasaingo anbulatoriora joanda jarri du Izparringiak: “Osasun azterketa bat burutzera joan zen bertara nahiz eta emazteak derrigortu behar izan zuen hogeita bost urte medikura joan gabe zeramatzala eta. ‘Burugor jartzen denean, ez dago Maritxuri ezetzik esango dionik…’ adierazi zuen kazetarien aurrean”. Euskal matriarkatua ere presente.

Eta jarraitzen du: “Ez omen zuen sekula elikagai dietetikorik probatu, are gutxiago azukre, koipe edo alkoholez libre zegoenik. “Azukrea kendu?” galdetu zuen harriturik. “Madalenak azukrerik gabe?! Zuek ez zaudete burutik sano!”.

aitona

Gregorio, burutik egin beharrean medikuekin. Hala ere… ikusi al duzue edade horretako gizon gabiriarrik ezkontzako eraztunarekin?/Izparringia

Kontua larriagotzen ari da, medikuen iritziz. “Donostiako Poliklinikara anbulantzia medikalizatu batean garraiatu zuten N-1 errepidean barrena bidetik zer gertatzen zen ulertu ezin zuen bitartean. ‘Mijoa? Kinoa? Tofua?? Kontuz esaten dekenarekin eh! Kazkarreko bat emango diat eta!’

“Gabirira itzultzeko Maritxuren R5an sartu aurretik Poliklinika aurrean pilatzen ziren ehundaka kazetarien azken galderei erantzun zien. “Ea postrerik jan behar dugun? Noski, Maritxuk egindako letxe-fritak! Eta gero… Jainkoak agintzen duen bezala, kafea, kopa eta purua! Ez dakit badakizuen baina… kaxkarretik junda zarete gero…”.

Famak fama, gezur handirik ez du esaten delako gabiriarrak.

Irakurgai osoa, hemen.


Joan den larunbatean Igeribar errota zaharra bertatik bertara ikusteko aukera izan zen. Udaberri Kulturala egitarauaren barruan, arratsaldean 25 bat lagun joan ziren errotara. Joxe Kruz Baztarrika errotariak harrera egin, eta etxean dauzkaten bi errotak erakutsi zizkien: bat artoarena, eta bestea iaz konpondutako gariarena. Biak martxan jarri, eta artoa nahiz garia eho zituen. Ordubete inguru iraun zuen bisitak.

Ondoren, Osinalde elkartean, talo jana egin zen, eta jende “pila bat” joan zen. Ehun-bat talo egin, erre eta atera zituzten.

This slideshow requires JavaScript.


Herriko ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan. Bide batez, etnografiazko atal garrantzitsu bat sakonagotik ezagutzeko modua: errotena. Udaberri Kulturala egitarauaren barruan, errotarekin lotutako hiru ekitaldi antolatu ditu Kultura Batzordeak. Lehena, bihar (ostirala), 22:00etan Etxeberri kultur etxean. Urretxuko Lekaio elkarteak irailean estreinatu zuen dokumentala emango dute, Garia, lurra, ogia. Baina baita beste bat ere: Igeribarreko bigarren errota berritzeko prozesu osoa, 2012an garatua, grabatu zuten Lekaiokoek, eta harekin egindako dokumentala ere estreinatuko dute.

Alea, kolpeka, errotarrira erortzen, ehotzeko./Lekaio

Alea, kolpeka, errotarrira erortzen, ehotzeko./Lekaio

Grabaketan, garia ereitetik labean ogia erretzerainoko prozesu guztia jaso zuten Lekaiokoek. Tartean, errota lanak ere Igeribar errotan grabatu zituzten. Hain zuzen, errotako nagusi Jose Kruz Baztarrika bideo emanaldian izango da, azalpenak ematen.

Pantailan ikusitakoa errealitatean sumatzeko aukera larunbatean da. 16:30ean, bisita gidatua egingo da Igeribarrera. Jose Kruzek hango bi errotak erakutsiko dizkie bisitariei, martxan jarrita. Iaz arte errotarri bakarra zeukan funtzionamenduan Igeribarrek, baina “40 urtean baino gehiagoan geldirik” egondako beste harri bat konpondu zuen, dokumentala grabatzeko.

Igeribarreko bi errotak./Lekaio

Igeribarreko bi errotak./Lekaio

Angel Izagirre, Gabiriako azken errotariaren pisaketa sistema berezia ere ikasi ahalko da.

Ikusi eta ikasitakoa sabeleratzeko izango da hirugarren saioa. Larunbatean, 19:00etan, talo jana izango da Osinalde elkartean.