XIX. mendea


1800. Gabirian 9 etxe eta 130 baserri zeuden; Alegian 9 etxe eta ostatu bat.

 

1800. Eliz atariko arkuak (hiru), ur bedeinkatuaren ontziak ate nagusian alde banatara, zorua harlauzaz estaltzea eta beste zenbait zurgintza lan egitea beharrezko ikusi zuen Joseph de Armendariz Iruñeko elizbarrutiko arkitektoak. 1804an eman ziren bukatutzat lanak. Gaur egungo itxura eman zitzaion horrela elizari, XVII. mendean oraindik osatu gabeko egitura baitzuen. 

1801. Francisco de Irizar donostiar hiritarrak auzia sartu zien Gregorio de Alustiza eta bere semeari, Gabirian bizi zirenak, zentsu ordainketengatik eta Aunditegi etxean egindako hobekuntzengatik.

 

1802. Hezurtoki berria egin zuten elizan.

 

1802. Eztanda errekaren inguruetan balio hidromineral garrantzitsuko bi iturri zeudela aipatzen du Diccionario delakoak. Eztanda errekatik gertu putzu txiki bat ikusten zela adierazten du, ura altuera askora jaurtitzen zuena. Irin-errotak mugitzeko erabiltzen zen haren indarra.

 

1802. Urte honetako Diccionario-ren arabera zortzi irin-errota zeuden Gabirian. Geroxeago Madozek zazpi daudela dio, eta azkenik Serapio Mujikak lau.

 

1802-6-19: Eztanda erreka hazi eta uholdeak kalteak eragin zituen. Hala dio 1802-07-16ko agiriaren laburpenak: “Reconocimiento y declaración, por el perito D. Agustín Alzola, de los daños que causó el río de San Esteban en jurisdicción de Gabiria, por la crecida del día 19 de junio, en las heredades de la casería de Izaitegui y la casa molino de Gabirondo”.

 

1803. Legazpiko eliz-kabildoko kolektoreak 535 errealeko zorra ordainarazteko auzia sartu zien Gabiriako Madariagagoena baserriko eta Legazpiko Araiztegiko errentei.

 

1804. Elizako organoa egiten amaitu zen. Pedro Pablo de Albisua Belastegi organo maisu gasteiztarrak egin zuen. 19.700 errealetan eskrituratu zuten. 1808an egin ziren organoaren azken ordainketak. Barroko estilokoa da, eta horren barruan organo iberiko motakoa. Pentsatzen da Gipuzkoan egin zen mota horretako azken organoa izan zela. Berehala izendatu zuten parrokiako organo jotzailea: Juan Domingo de Zarralugi.

 

1804-7-7. Pedro Pablo de Albisua organo egileari 5.000 erreal ordaindu zitzaizkion. Urte berean beste 2.000 erreal ordaindu zizkioten. Organoaren hauspoak babesteko koruan arotz lanak egin ziren.

 

1804. Kanpandorrean erlojua ipini zen, Juan de Zugasti erlojugile arrasatearrak egin eta muntatu zuen.

 

1804. Errepideak eta bide publikoak mugarritu zituzten, arauek zehazten zuten beharrezko zabalera emateko helburuarekin. Jose Joaquin Urquiola gabiriar maisu peritoak egin zuen lana, Zumarragako hiribilduaren eskariz. (baliteke bideak ez izatea Gabiriakoak, Urretxukoak baizik, ez baitu zehazten non egin zuen lana agiriak; Urretxuko udal artxiboa).

 

1804. Manuel de Azarola zen Gabiriako alkaide-kartzelazaina. Alkatearen aginduari men ez egiteagatik espedientea zabaldu zioten.

 

1805. Pedro Pablo de Albisua organo egileari 320 erreal ordaindu zizkioten, eta Legazpiko Miguel Antonio de Galarzari beste 405 erreal, 81 alditan organoa jotzeagatik.

 

1806. Jose Domingo de Mendizabal gabiriarraren eta Jose de Oyarbide legazpiarraren kontra auzia ireki zuen Justiziak ofizioz. Manuel de Aramburu legazpiarrari emandako kolpeengatik.

 

1806. Juan Ignacio de Aranburu organistari (Andre Mari elizakoa) urteko 960 errealeko soldata ezarri zioten.

 

1807-1810. Juan Lorenzo de Camposek (Gabiriako presbiteroa eta benefiziatua) auzia sartu zuen Beasaingo alkate Juan Domingo de Aldasororen eta Beasaingo Udaleko kontsorteen kontra. Abandonatu gisa erretenituta zeukaten mastin txakur bat itzultzeko eskatzen zuen. Txakurra eduki zuten bitartean sortutako gastuak ordainarazterakoan gehiegizkoak zirela ere salatu zuen.

 

1808. Andre Mari elizako organo berriarengatik (1804an bukatua) azken ordainketak egin zizkioten Pedro Pablo de Albisua egileari.

 

1812: Frantsesen kontrako gerraren ondoren, epaitegiak eta epai-barrutiak ezartzen hasi zirenean, Gabiria Bergarakoaren barruan geratu zen, beste 21 herrirekin batera (guztira 37.583 hiritar).

 

1812. Gabirian 130 idi, 84 behi eta zaldi 1 zeuden.

 

1813-10-12. Zenbait herritako ordezkariak Urretxun elkartu ziren, gudarosteko ofizialei eman beharreko janari-arrazioak eta hornigaiak zehazteko eta erabakitzeko. Buruzagi politikoak esan zuen ez emateko janik ez hornigairik. Honako herri hauek bidali zuten ordezkaria Urretxuko biltzarrera: Urretxu, Zumarraga, Segura, Zerain, Mutiloa, Legazpi, Antzuola, Zegama, Gabiria, Ormaiztegi, Astigarreta, Itxaso eta Ezkiogak.

 

1814. Justiziak ofizioz auzia sartu zuen Joaquin Iurreta eta Felipe de Balerdiren kontra, bien artean borrokan eta kolpeka aritzeagatik.

 

1814-1815. Jose Ramon Oñativia gabiriarrak bertako udal eskribau izateko titulua eman ziezaioten eskatu zuen.

 

1814-1820. Herrian zeuden lau baselizak suntsitu zituzten frantsesek, gerran (San Esteban, San Miguel, San Lorenzo eta Santa Marina). Haietako irudiak eraiki berria zen hilerriko kaperara eraman zituzten.

 

1815. Bidaurretako errotaren inguruan burdin-ura zuen iturria aurkitu zen. Errota Oñatiko Santa Ana komentuarena zen, eta gaur egun Edersal lantegia dagoen kokapenean zegoen. Eztanda errekaren ezkerreko ertzean zegoen iturburua. Bidaurretako errotaren errentaria Jose Gurrutxaga zen.

 

1816-1-9. Gabiriako errektore Juan Ygnacio Azturia izan zedin bere botua eman zuen Marina Margarita de Moya y Jaureguik, bere seme Joaquin de Yrizarren tutore gisa.

 

1816-11-14. Gabiriako parroki-elizako errektore izan zelako zegokion ordain-saria ordaintzeko ahalmean eman zion Jose Antonio de Ariztik Francisco Antonio de Ariztiri.

 

1817. Jose Ramon Michelenak (sortzez Ezkiogakoa eta Gabiriako bizilaguna), Urrutia baserria bereganatzea eskatzen du, hango “produktuekin” Aeta eta Eriz konpontzeko.

 

1819-1821. Jose Ramon de Oñativia gabiriarrak, Martin Garmendia ordiziarrak eta Juan Jose de Ascorga donostiarrak auzia sartu zuten Gipuzkoako Probintziaren kontra. Probintziak zor dizkien 454.878 erreal jasotzea eskatu zuten. Azkeneko gerran Pirinioak zaintzeko gudarosteentzat bagaje eta hornigaien garraiorako Gipuzkoako Probintziak jarri beharreko dirutza aurreratu zuten hirurek.

 

1820. Igaribai baserria saltzeko baimena eskatu zuen Jose Francisco Echanique donostiarrak.

 

1820. Bidaurreta inguruan aurkitutako ur mineraletan bainuak hartu zituen Gabiriako parrokiako Agustin Urkiola presbitero benefiziatuak, eta zeukan gaixotasuna asko hobetu zitzaion. Orduan Juan Francisco Zubizarreta putzu bat eraiki eta urak bildu zituzten. 1846an berritu zuen Zubizarretak berak, orduan errotaren errentari zen Pedro Ignacio Lekandaren kontura (Jose Gurrutxagaren suhia).

 

1820-5-11. Gabiriako udalak Ormaiztegikoari ofizioa bidali zion, Jose Antonio de Yurrietak bere tabernan ardoa saltzen zuela eta. Juan Gregorio de Echezarretaren errotatik gertu zegoen.

 

1821. Juan Manuel de Umerez Legazpiko medikuak dei egin zien Gabiriari, Urretxuri, Zumarragari eta Ezkiogari, mediku-eskualdea osatzeko.

 

1822. Lehortea egin zuen. Gabiriako udalak Legazpikoari dei egin zion Gurutze Santuari errogatiba egiteko.

 

1823-2-20. Frantzisko Javier Arzelus gabiriarra hil zen, Donostiako Alde Zaharreko San Bizente kalean. Alegiako eskolaren sortzailea izan zen. 3.259.941 errealeko ondarea utzi zuen, tartean Donostian, Gabirian eta Ormaiztegin zituen etxeak eta baserriak. Alegiako eskolaren eraikuntzarako eta funtzionamendurako haren ondasunak erabiltzeko agindu zuen: eraikitzeko 20.000 erreal eta hango maisuarentzat urteko 300 errealeko ordain-saria. Eskola fundazio edo patronato batez zuzentzeko agindu zuen, Gabiriako eta Itsasoko erretore-alkate bikoteak patroi zituena. Azken hitza Gabiriako bikarioak izango zuen. Armandegi etxeko nagusia eskolaren begirale izendatu zuen (gaur egun Alegiako pilotalekua dagoen tokian zegoen eskola, hura eraikitzeko bota zuten arte).

 

1823-12-9. Jose Joaquin Aztiriak Gabiriako Andre Mari elizan benefiziatu kargua hartu zuen.

 

1823. Bergarako epaiteko lehen instantziako epaileak ofizioz autoa egin zuen Jose de Gurruchagaren eta Jose Ignacio de Aguirrevengoa errotariaren (“Vidacruceta de Gabiria”-koa; ez ote Bidaurreta?) kontra, “por tener relaciones con los facciosos”.

 

1825-4-25. Alegiako eskolarako barne-arautegia aurkeztu zuten notario aurrean. Irakasleak nahitaez irakurketa, idazketa, aritmetika eta erdal gramatika irakatsi behar zuen; ahal bazuen latina, solfeoa… Euskaraz hitz egitea debekatua zegoen (eraztuna jartzeko agindupean). Apirilaren 29an irakaslea aukeratzeko epaimahaia osatu zuten, Legazpiko eta Urretxuko bi maisurekin. 9 aurkeztu ziren; Juan Bautista Beitia errenteriarra aukeratu zuten.

 

1825-1826. Gregorio de Echazarreta gabiriarrari 39.988 belloi erreal bahitu zizkioten Gasteizko eskupeteroek Ulibarri-Ganboa eta Bentabarri artean (Frantziako errepidean). Auzia sartu zioten gero.

 

1825. Ignacio de Oiarzabal gabiriarrari Legazpiko udaletxeko ostatuan egin zizkioten zauriengatik auzia ireki zuen ofizioz Legazpik.

 

1826-1-26. Julian Urquiolak Gabiriako Andre Mari elizan benefiziatu kargua hartu zuen.

 

1827. Alegiako eskolan klaseak ematen hasi ziren.

 

1827-7-21. Alegiako eskolaren eraikuntza gastuak aurkeztu zituen Juan Gregorio Etxezarretak (Frantzisko Javier Arzelusen ondarearen kudeatzailea, gabiriarra). Guztira 17.422 erreal ziren, gehiena (15.000 erreal) Lazkaoko Prudentzio Zufiria etxegilearen gastua.

 

1829. Alegiako eskolan 69 ikasle zebiltzan.

 

1830-1831. Errota eta etxea uzteagatik (“desocupo”) auzibide zibila sartu zion Juan Antonio de Soroeta tolosarrak Jose Antonio de Iñurrieta gabiriarrari.

 

1831-3-16. Gabiriako parroki-elizan Benefizio bat hutsik zegoen, eta Domingo Manuel de Goribar-ek botere-karta eman zion Pedro Nolasco Calvori.

 

1832. Oñatiko Santa Ana komentuko administratzaileak (Bidaurretako errota haiena zen) lau bainera eta hainbat logela jarri zituen, bainuetxearen oinarriak ezarriz.

 

1832-6-1. Gabiriako udal errektore Juan Ignacio de Aztiria zen, egun horretan berak egin baitzuen ziurtagiri bat.

 

1841. Gabiria Azpeitiko epaitegiaren menpera pasatu zen Bergarakotik. Gaur egun ere Azpeitiako epai-barrutian dago.

 

1841-6-19. Juan Pablo Lojendio jaio zen.

 

1844-45. Melchor Sanchez de Toca katedradunak (Madrilgo Medikuntza eta Kirurgia Fakultatekoa) Gabiriako urak aztertu zituen. Balorazio sulfhidrometrikoan 0,001336 gramo sufre eta 0,001419 gramo azido sulfhidriko zuela ondorioztatu zuen. Garai beretsuan Jose Ramon de Sagastumek sulfatoak, magnesio kloruroak, sodioa, kaltzioa eta karbonato ferrikoa ere atzeman zituen urean.

 

1845-1-3. Udalen Legeak aldarazita, herriko udaletxearen osakera aldatu zen: alkatea, alkateordea eta lau erregidore izatea behartzen zuen legeak.

 

1845-4-6. Francisco Oñativiak Andre Mari Zeruratuaren parrokiako errektore-kargua hartu zuen.

 

1846. Ormaiztegi-Legazpi tarteko errepidea eraikitzen hasi ziren. Oñatik, Gipuzkoara biltzekotan, jarritako baldintza izan omen zen errepide hori eraikitzea.

 

1846. Bidaurreta inguruan ur minerala biltzeko 1820an eraiki zuten putzua berritu zuen, egileak berak: Juan Francisco Zubizarretak. Pedro Ignacio Lekanda errotariaren kontura egin zuen obra, bera baitzen Bidaurreta errotaren errentaria (Oñatiko Santa Ana komentuko mojena zen errotaren jabetza). Sanchez de Toca doktorea ura aztertu eta “oso onak” bezala baloratu zituen.

 

1847. Gabirian 138 etxe eta baserri zeuden. Herrigunea 9 etxek osatzen zuten. Alegia auzunea beste 9 etxek eta ostatu batek osatzen zuten. Andre Mari Jasokundearen eliza erretore batek, eta 3 benefiziatu osok eta erdi batek, eta sakristau batek zerbitzatzen zuten. Posta Urretxutik jasotzen zen goizero, “balijero” baten bidez, eta arratsaldero biltzen zen eramateko. Zazpi irin-errota zeuden (“de 2 muelas”). Biztanleria 1.114 lagunekoa zen (“172 vecinos, 1.114 almas). Aberastasuna: 97.964 erreal. Udal aurrekontua 5.093 errealekoa zen, eta kontsumoaren gaineko zergekin kubritzen zen. Batzar Nagusietan 35. eserlekua zuen Gabiriako ordezkariak, eta 31 foruren balioarekin bozkatzen zuen. (Iturria: MADOZ 1845).

 

1847. Juan Ignacio Iztueta idazle zaldibiarrak zera idatzi zuen, bere Gipuzkoako probintziaren kondaira liburuan: “Gabiriako mugapean badira iturri anitz ur garbi ona iori ematen dutenak; baita ugaiotarrak ere. Eztanda sakona esaten zaion tokian, sortalderontz begira dago ura jaiotzen dan putzu zulo bat, Aztiriko ibarrean; zeñak egunaren ogei ta lau orduetan bi aldiz botatzen daben ura bide luzetxoan gora; aldia oetako bakotxak irauten du bi orduan bezalatsu, eta darion bitartean ematen dau kotarri bat erabilteko laina. Iturri miraritsu onek bere denpora jakiñetan, uda ta negu urte guztietan ematen du, ez gitxitu eta ez geiagotu bage; eta oraindik ere geiagokoa dana, egunik euritsuenetan ere gordetzen dau bere neurri din diñakoa. Putzu zulo onetan sortzen dan urik ez du iñork edan nai izaten, kirats gaiztoa debalako”.

 

1848. Ormaiztegitik Legazpirako errepidea ireki zuten, handik Oñatira lotzeko.

 

1848 eta 1849. Bidaurretako ur mineralen bainuak hartzeko lehenengo bainerak egin zituen Juan Francisco Zubizarretak. 1850ean harrizkoak jarri zituzten (gaur egun lorategia apaintzen duena da bat).

 

1848-9-22. Francisco Balenzateguik Gabiriako Andre Mari elizan benefiziatu kargua hartu zuen.

 

1851. Kalbario-bidea adierazten duen gurutzeetako bat egin zuten, gaur egun Erbie elkartearen eta Apaizetxearen artean jarrita dagoena (“Año 1851” inskribatuta du gurutzearen zutoinak).

 

1853. Iturrigorri iturriari buruzko ikerketa egin zuen Rubio doktoreak. Bere kokapena eta ezaugarri fisiko-kimikoak aipatu zituen.

 

1854. Gabiriak, Ezkiok, Itsasok eta Ormaiztegik kontratua sinatu zuten Jose Maria de Zabala farmazialariarekin.

 

1854. Irazola baserriko gaztainadi bat eta pagadi bat saldu zizkion hango jabe Rafael de Barrena ormaiztegiarrak Francisco de Azkue gabiriarrari.

 

1856. Norteko Trenbidearen lehenengo proiektu ofiziala egin zuten Luis Torresek, Enrique Alan-ek eta Manuel Esttibans-ek. Otzaurte-Ormaiztegi ibilbidearen aldeko aukera egin zuten, esku artean erabili zituzten beste trazatu batzuk (Olazti-Irurtzun-Tolosa/Alegia, Baiona-Iruñea, Burgos-Bilbo-Irun…) alboratuz. Hala ere, ez da gaur egun dagoen trenbidearen trazatu bera proiektu hartakoa. Zumarragatik Oriaren arrora pasatzeko, Iruerreketa amildegian sartuko zen trenbidea. Pagoerreta mendia (Pagarre) zeharkatzeko 825 metroko tunela zulatuko zen, eta 95 metroko zubi handi baten ideia ere aipatu zen. Azken bi zati horietan zalantzaz beteta agertu ziren proiektugileak. Zandatarte-Landarregi (5 km) ibilbidea proposatu zuten jarraian, Eztanda gaineko zubia (Ormaiztegikoa) ekiditeko, Gabiriako Zantarte baserritik Mutiloan dagoen Landarregi baserrira bitartekoa, hain zuzen. Zati horretarako ingeniariek hiru tunel -Gabiria (170 metro), Katarain (370 m), eta Salinas (220 m)- eta beste hiru zubi –24, 50 eta 26’80 metrokoak, ­Igartzabal, Atxalkorta izenekoak bi- aurreikusten zituzten. Landarregitik Iturraldera (Salbatore) beste 5 km-ko zatiak jarraitzen zion ibilbideari. Ormaiztegi errekaren (Gesala erreka izango zen?) (27-49 metro artekoa) Palankategi errekan (31-50 m) eta Loenzika errekan (29 m) zubi bana eginez. Ormaiztegi herriaren parean tren-geltokia eraikitzea proposatu zuten. Gabiriako tunelen aurrekontua: Pagoerreta 3.712.500 erreal; Eizmendi 450.000 erreal; Gabiria 510.000 erreal; Katarain 1.295.000 erreal; Salinas 770.000 erreal. Hala ere, aldaketa ugari egin zituzten, puntualak batzuk, ibilbide osoari zegozkionak beste batzuk. 1858an lau plano, 1862an zortzi eta 1863an beste bat gauzatu zituzten.

 

1857-5-21. Biztanleen lehendabiziko errolda ofiziala egin zen, Isabel II.a erreginaren gobernuak Estatu guztirako aginduta, data horretan balioa hartu zuena. Gabirian 969 biztanle ziren (%50,36 emakumezkoak). Adinka: 2 urte artekoak 70 ziren; 3-11 urte artekoak 233; 12-20 urte artekoak 164; 21-40 urte artekoak 258; 41-64 urte artekoak 227; 65 urtekoak eta hortik gorakoak 50 (%5,16). Familiaka: 1-3 kide bitarteko familietan 134 gabiriar bizi ziren; 4-6 kide artekoetan 531 (%54,8); 7 kide edo gehiagoko familietan 304 lagun. Biztanleen %95etik gora nekazariak ziren. Apaizak, errotariren bat edo beste, igeltsero gutxi batzuk, errementariak eta arotzak, obretako peoiren bat, eta eskolako maisua ziren gainontzekoak.

 

1858. Norteko Trenbidea egiteko espropiazioak egiten hasi ziren. 1858tik 1869ra bitarteko eskriturak daude. Gabirian trenbideak 3,5 kilometroko luzera zuen. Sailen jabeak Gabiriakoak eta Ezkio-Itsasokoak ez ezik, Elgoibar, Bergara, Tolosa, Legazpi, Iruñea, Segura, Paris eta Eibarren bizi ziren. Espropiatutako sailak Gabirian: 48 gaztainadi (1.041 area), 24 soro (460 area), 21 zuhaizti (386 area), 7 harizti (386 area), eta 15 belardi (95 area). Trenbidearen lehenengo proiektuak Altube baserria suntsitzea aurreikusten zuen. Espropiazioek honako baserrietan eragin zuen: Urkiztegi, Etxeberri, Urkiola, Olazabal, Olalkiaga, Agerreberri, Altzibar, Zandategi, Izagirre-Aundi, Agirrezarra, Urruti, Agerre-Otsamendi, Azkartza, Altube, Olalde-Azpi (Olalkiaga-Azpi?), Ugarte. Metroko 99 erreal ordaindu zitzaien Gabiriako lurjabeei (Urretxun 136 err., Zumarragan 92 err., Ormaiztegin 62, Legazpin 61, Ezkion 58, Zegaman 39). Gabirian trenbidearen kilometro bakoitzak, beraz, 99.000 errealeko kostua zuen bataz beste.

 

1858-8-17. Arraseta harrobia ustiatzeko lehen hitzarmena sinatu zuten jabeak eta kontratistak Migel Antonio Otaegiren notaritzan, 5.500 erreal ordainduz. Hitzarmen hark luzapen handiak izango zituen gerora. Norteko Trenbidea eraikitzeko obretarako harria ateratzeko ustiatu zuten Arraseta, eta inguruko herrietan harrobi asko bazeuden ere, hura izan zen oparoena. Harrobi jabeekin hitzarmenak egin zituzten kontratistek, trenbidearen eraikuntza bukatu artekoa. Harginak gehienak bertakoak ziren, baina harria garraiatzen ibili ziren itzainak ere. Arraseta izeneko lekua hartu zion Juan Dessand enpresa-gizonak (Jon Grave-ren bitartez) Velez Elorriaga jabeari. Lau urtean guztira 5.500 erreal ordainduko zion, hiruhilabeteka. Harria bost hargin hauek landuko zuten: Eibarko Manuel Arostegi eta Pedro eta Domingo Zumaran anaiek batetik, eta Manuel eta Andres Goikoetxea anaia mutrikuarrek bestetik.

 

1858-9-1. Norteko Trenbidea eraikitzeko xehetasunak erabaki ziren Parisen, Ordizia-Nafarroako muga zatiari zegozkionak. Gabiriako tunelak (Zumarraga-Ormaiztegi norabideari jarraituz): Altube edo Eizmendi tunela (570. km-an, 542 metro luze); Olazabal (571. km-an, 144 metro luze), Araundia (572. km-an, 234 metro), Arrazabal (573. km-an, 417 metro). Egileak hauek izango ziren: Olazábal Vidal anaiek egin zuten; Araundia eta Arrazabal Vidal anaiek eta J. Dumas-ek.

 

1858-9-7. Norteko Trenbidearen ibilbidea eraikitzeko obra-kontratuak emanak zeuden jada. Otzaurte-Igartza (Zegama-Beasain) zatia hirutan banatu zuten; Gabiria Igartza-Zumarraga zatiari zegokion (besteak Zumarraga-Oazurtza eta Oazurtza-Otzaurte ziren). 1858an hasi ziren hiru zatiak obretan, eta bukatu ere bateratsu egin ziren, 1864an.

 

1858-10-7. Pedro eta Isidro Vidal kontratista anaiek Gabiriako Murgilgo harrobi batetik Norteko trenbideko obrarako harria garraiatzeko hitzarmena egin zuten itzain hauekin: Joakin Irazusta, Frantzisko Mendia, Jose F. Zumalakarregi, Jose A. Txintxurreta, Antonio Lizarazu, Frantzisko Bergaretxe eta Manuel Elgarresta (denak gabiriarrak). Jose Joakin Otaño itzain ormaiztegiarra ere taldean zen. Urriaren 18ko beste agiri batean zehazten da zein zen Murgil mendiko harrobi hura: Gurutzebakar izena zuen harrobiak, eta Segurako Santiago Sasianbarrena zen jabea. Hango harria Kortzutik Lezeta bitarteko hormak eraikitzeko erabiliko zuten. Zumaran eta Goikoetxea harginek aterako zuten harria, metro kuboa 5 errealean.

 

1858-11-24. Urkiztegi baserriko sailak espropiatu zizkioten Bergaran bizi zen Joakin Irizar Moyari, trenbidea egiteko proiektuagatik. Gorabehera garrantzitsuak eragingo zituen erabaki hark. (ikus 1863-7-10).

 

1858-12-19. Arraseta harrobiko harria ateratzeko hitzarmena egin zuen Pedro Cabarrep frantsesak Zumaran eta Goikoetxea harginekin (Murgilgo Gurutzebakar izeneko harrobian ere haiek ateratzen zuten). 600 metro kubo mugarrietarako neurri jakinekoak, eta beste 600 metro kubo harlandu estolderietarako luzean metro bat eta lodian 18-20 zentimetrokoak. Lanak urtebetean amaitu behar zituzten. Mugarriengatik metro kuboa 90 erreal eta harlanduengatik 13 erreal kobratuko zuten. Gabiriako Etxabe hariztitik barrena harria pasatzen uzteagatik Joakin Maria Mugertzari 480 erreal oraindu zioten.

 

1859-5-11. Juan Dumas kontratista ari zen Norteko Trenbideko Gabiriako zatia egiten: 572-575 kilometro artea, eta Araundia (Tunelaundi) eta Arrazabal (Otxobix) tunelak. 26 langile zituen kontratistak; Itsasoko Alegian bizi zen, Graziandegi etxean. Obra horiek, ordea, Pedro eta Isidro Vidal anaien esku zeuden (Ormaiztegiko bainuetxean bizi ziren). Dumasen langileei dirurik ez zieten ordaindu Vidaldarrek uztailaren 20tik, eta lan egiteari utzi zioten. Irailaren 1ean Itsasoko epaitegian auzitan zebiltzan. Ekainaren 26an Dumasen bi langilek, Federico Charmeuf eta Luis Monte frantsesek, Azpeitiko epaitegira jo zuten, 1.226 m3 lur kenduak zituztela aitortuz. Urriaren 7an ere beste salaketa bat jarri zuten Ormaiztegi-Zumarraga artean lanean ari ziren langileek kontratisten  kontra, iraileko azken ordainketa ez zietelako egin.

 

1859-11-17. Norteko Trenbideko obran kontratista ziren Pradines anaiek Arraseta harrobitik harria garraiatzeko bide berria Etxubi sailean irekitzeko hitzarmena sinatu zuten Gabiriako itzainekin. Tasatze lanak Fidel A. Gerak ordiziarrak egin zituen, eta 480 erreal emango zitzaion Etxubi sailaren jabeari.

 

1860. Madariaga Erdikoa baserria (Maerdi) erre zen.

 

1860. Jose Francisco de Salsamendi zen Gabiriako alkate. Sumario bat egin zuen urte honetan, Francisco de Osinalde hilotz agertu zela eta.

 

1860. Gabiriako errolda 1.057 biztanlekoa zen (Pablo Gorosabelen Cosas memorables de Guipúzcoa liburuko datua). (Iturri batzuen arabera 1.153, beste batzuen arabera 1.074).

 

1860-3-9. Arraseta harrobia erabiltzeko beste hitzarmen bat sinatu zen, Norteko Trenbidearen obrarako. Capgras eta Bergés kontratistek Legazpiko harginekin egin zuten tratua (Prudentzio Urzelai, Jose Migel Guridi eta Simon Berasategi). Zumarraga-Ormaiztegi arteko tuneletan erabiltzeko harria atera behar zuten, neurri jakineko 1.500 m3 harlandu (120 errealean metro kubo bakoitza), eta tamainara iristen ez zirenak 93 erreal metro kuboa.

 

1860-4-7. Norteko Trenbideko Pradines anaia kontratistek hitzarmena sinatu zuten Olazabal baserrian, Martin Gerrarekin. Koskoleta izeneko sailean gurdibidea irekitzen uzteagatik 28 duro ordaindu zioten.

 

1861-6-6. Norteko Trenbideko Olazabal tunelera materiala eramateko bidea egiteko Sagastizabal baserriko (Ezkio) bi sail errentan hartu zituzten Pradines anaiek, 1.600 errealean.

 

1861-8-26. Norteko Trenbideko Pradines anaia kontratistek hitzarmena sinatu zuten Arraseta harrobiko jabe segurarrarekin (bigarren bat urte bereko urriaren 28an ere bai). Beste lau urterako hitzarmena berritu zuten, eta harrobiaren eremua handitu, 46,52 eta 233,30 area gehiago. Jabeari 20.000 erreal eta maizterrari 200 erreal emango zizkioten. Arraseta baserria Irazola baserriaren ondoan zegoen, baina Agerre-Imaz baserriaren lurretan. 1858tik hargin ugari zebiltzan han lanean, eta interes handiko harrobia izan zen trenbidea eraikitzeko. Irailaren 29an eta urriaren 9an Arrasetatik Olazabarren tunelera harria garraiatzeko bi hitzarmen sinatu zituen Julio Capgrais-ek bi itzain legazpiarrekin (Prudentzio Urzelai eta Jose Migel Guridi) eta urretxuar batekin (Diego Zangitu). 500 m3 harlandu 120 errealean metroa, eta 500 m3 manposteriko landu gabeko harria 4 errealean metroa zen tratua lehen bi itzainekin; urretxuarrarekin 25 errealean metroa.

 

1861-12-19. Usardi izeneko harrobia (deduzitu dut Atagoiti baserriaren hegoaldera egongo zela, toponomiagatik) ekoizpenean jarri zuten, Norteko Trenbidearen eraikuntzarako. Gabiriako Manuel Iriarte eta bere lagunak, eta Ormaiztegin bizi ziren Federico Chirmeux eta Luis Maute ariko ziren hargintzan. Harrobitik garraioa egiteko bideak irekitzeko hauek utzi zituzten sailak: Prudentzio Andueza legazpiarrak 50 postura (13 errealean bakoitza), Jose Domingo Plazaola legazpiarrak 10 (32 errealean bakoitza), eta Domingo Guridi oñatiarrak 100 postura (32 errealean bakoitza).

 

1862. Andre Maria Zeruratuaren parrokiak erretorea eta hiru benefiziatu zituen. Francisco Oñativia zen erretore (1845-4-6an hartu zuen kargua); benefiziatuak: Jose Joaquin Aztiria (1823-12-9tik), Julian Urquiola (1826-1-26tik) eta Francisco Balenzategui (1848-9-22tik).

 

1862. Gabiriak 1.153 biztanle zituen (211 “vecinos” dio gero, Las Parroquias de Guipúzcoa en 1862 liburuak). 134 baserri zeudela dio liburu berak.

 

1862-uztaila. (24 aurretik). Istripua gertatu zen Norteko Trenbidearen obretan, Gabirian. Bernad Brin Bester kapataza eta Jose Larrañaga langileak hil ziren, eta Listo Soler eta Juan Grand zauritu ziren. Paristik Ernest Gouin & Cie. enpresako (1863an hartu zuen Ormaiztegi-Zegama arteko obren ardura) buruak herriko alkateari bidalitako gutun batean egiaztatzen du, uztailaren 26an, Brin Besterren heriotza.

 

1862-8-6. Norteko Trenbidearen eraikuntzan trazatu aldaketak proposatu eta onartu ziren. Altube-Olazabal baserrien artean ordura arteko trazatua aldatu zuten. Altube baserria suntsipenetik salbatuko zuen, atzetik pasatuz; eta Azkartza baserriaren aurretik pasatu beharrean atzetik igaroko zen. Zubi eta tunelen luzerak handituko ziren: Eizmendi edo Altubekoak 530 eta Olazabalgoak 140 m izatera pasatuko ziren. Urkiztegi-Oakiaga baserrien artean ere aldatu zen trazatua: Urrutia baserria Alegia aldetik zeharkatu ordez Gabiria aldetik igaroko zuen trenbideak, Araindia tunelak 236 m eta Arrazabalek 416 m hartuz.

 

1862-12-26. Norteko Trenbidearen proiektuan aldaketa. Altube baserri inguruko betelanaren planoak onartu ziren, trenbidearen zeharkako perfilak zehatz-mehatz emanez EGC enpresa eraikitzaile berriari. 1862. urte hartan trenbidearen ibilbidea aldatzeko plano ugari gauzatu ziren, lurraren izaeragatik eta baserriak saihesteko.

 

1863-7-10. Urkiztegi baserriko Frantzisko Mendia eta Lukas Amiano maizterrek baserriaren ondoan eraiki zen trenbideak sortutako kalteak in situ aztertzeko eskatu zuten. 1864ko azaroaren 9an baserria husteko agindu zieten, etxearen egoera txarra (“ruinoso”) zelako.

 

1863-9-23. Norteko Trenbidearen obretan istripu latza gertatu zen Gabirian, Urrutiko tunela egiten ari zirela. Lau langile hil ziren egun hartan: Pedro Salespierre frantsesa, Juan Ornes arabarra, Juan M. Usabiaga Itsasokoa, eta Manuel Soles. Hiru Gabirian lurperatu zituzten, bestea Itsason. Gehiago ere zauritu ziren; haietako bat, Santiago Bufo piamontearra (Italia), ezkondua, hiru egun geroago hil zen, irailaren 26an. Gabiriako eta Zegamako obrak bat-batean gerarazi zituzten.

 

1863-10-22. Norteko Trenbideko obrak etenda zeuden irailaren 23ko istripuagatik, baina Pradines anaia kontratistek ez zuten onartu. Migel Izagirreren notaritzan beren kasetei eta tunel ondoko tresnei egindako kalteengatik protesta adierazi zuten bi anaiek, Zumarragako alkate Jose Antonio Alberdik lagunduta.

 

1863-12-20. Norteko Trenbidearen obretan Benito Morlan frantsesa (tailerreko burua) hil zen, istripuz. Araundia (Tunelaundi) tunelean lanean ari zela polborak kiskalita hil zen.

 

1864-2-26. Norteko Trenbideko obretan lanean ari zen Aquilino Cuesta langilea hil zen. Gaztelakoa zen, eta 27 urte zituen. Gabiriako ospitalean hil zen. Ez da zehazten zerk eragin zion heriotza. Trenbidea eraikitzeko garaian behi-behineko lau ospitale eratu ziren Beasain-Zegama zatian: Zegaman, Brinkolan, Zumarragan eta Gabirian zeuden. Zegaman Oazurtza tunelaren bi ahoetan, Zumarragan Egibiden eta Brinkolan zeuden; Gabirian, zehaztasunik ez dago non zegoen ospitala. Trenbidera lanera etorritako langile ugari hil edo zauritu ziren istripuetan, liskarretan, hilketetan; baina neguko hilabeteetan pulmoniaz eta antzeko gaixotasunez hildakoen kopurua bikoiztu egin zen Gabirian 1860-1864 bitartean.

 

1864-8-15. Lehendabiziko trena igaro zen Gabiriatik. Espainiako erregina Isabel II.aren senar Francisco de Asis erregea bertan zihoan, Donostian egin baitzituzten inaugurazioko ekitaldiak, Madrildik bidaia trenez eginda. Ormaiztegiko burdinezko tren-zubia ere egun horretan inauguratu zuten. Trenaren lehen bidaia fenomeno sozial entzutetsu bihurtu zen, eta herri guztietan egon zen jendea zain noiz pasatuko. Ordutegia ere aurrez jakinarazi zuten: Olaztin 08:20an, Zumarragan 09:45ean, Beasainen 10:20an, Tolosan 11:05ean, Donostian 11:40an, Irunen 15:25ean eta Hendaian 15:32an. Erret sekitoan zihoazen errege, aristokrata, politikari eta kazetarien artean Gustavo Adolfo Bécquer idazlea zegoen. Madrildik Donostiara 17 ordu pasatu zituen trenak. Ofizialki trenbidea egun horretan inauguratu bazuten ere, obrek jarraitu egin zuten beste bost-bat urtetan; presaka erdi-bukatu zen, obrek eta kexek luzaroan jarraitu zuten.

 

1864-11-9. Zumarragatik Urkiztegi baserria husteko agindua eman zitzaien maizterrei, trenbidearen eraikuntzak kaltetu ondoren; “en vista del estado ruinoso del edificio citado [Urkiztegi] sobre el desmonte ruinoso del piquete 57 a que hace V. referencia su oficio del 25 del corriente”. Agindua herriko alkatearen bidez bete zen, medikuaren lankidetzarekin. Eztabaida argitzeko alkateak parte hartzea eskatu zuten, baina arazoa SGCME enpresarekin konpontzeko esan zien hark jabeari eta maizterrei.

 

1865. Esteban Leste madrildarrak bainuetxea Estatuari erosi zion subasta publikoan (Desamortizazio Legearen ondorioz eskuratua zuen Gobernuak, lehenago Oñatiko Bidaurretako mojena zena), eta eraikin berria egin zuen lehengoaren alboan, errota funtzioa zuenaren ondoan. Lau solairu zituen. Beheko oinean 12 bainugela, eta gainean hiru solairutan banatuta 33 logela, 50 lagunentzat tokia jarriz. 8 bainera zeuzkan, bost marmol beltzezkoak eta lau zinkezkoak. Baita estufa, txorrotada eta inhalazio gelak ere. Eraikinaren aurrean zuhaizti batekin pasealekua eraiki zuen, eta bainuetxetik Ormaiztegi-Oñati errepiderako bide-adarra ireki ere bai. Bostehun langile eta garraiolari aritu ziren lanean, eta trukean hango urak doan erabiltzeko eskubidea eta bainuak erdi-prezioan hartzeko eskubidea irabazi zuten. Lesteren eraikina oso ona zen bere garairako.

 

1866. Diputazioak bere arduratik kanpora utzi zuen Motxorroko errepidea (Kamiño zaharra).

 

1866. Emakume agure bat hil zen, ferrokarrilean tren-bagoi batetik eroritako harriak jota.

 

1867. Urtean berrehun pertsonatik gora pasatzen ziren bainuetxetik. 50 egoiliar hartzeko tokia zuen egoitzak. Ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean bukatzen zen bainu denboraldia. Bainuetxeak hango uren onura publikoko baimena eskatu zuen.

 

1868-3-19. Jose Soler y Sanchez doktoreak (Madrilgo Unibertsitate Zentraleko Farmazia katedraduna) Gabiriaiko bainuetxeko urak xeheki analizatu zituen. Azterketa ez zuen iturburuan bertan egin, ura 16 botilatan bere laborategira eraman baitzuen. Ikerketa analitiko oso xehetua egin zuen, urrats bakoitzean erabilitako erreaktiboak esplikatuz. Ur horiek zuten eragile mineralizatzaile garrantzitsuena kare sulfatoa zela ondorioztatu zuen. Honako beste osagai hauek ere aurkitu zituen: azido sulfhidrikoa eta karbonikoa, nitrogenoa, magnesia sulfatoa, karbonato kaltzikoa eta ferrosoa, kloruro magnesikoa eta sodikoa, alumina, silizea eta azido fosforiko zantzuak.

 

1868-4-13. Francisco de Castro y Perez doktore madrildarrak Gabiriako ur sulfurosoen eragin fisiologiko-terapeutikoei buruzko mediku-txosten osotua egin zuen, Saez, Utor eta Soler medikuek eskatuta. Gutxiago edo gehiago, honako gaitz hauek tratatu zitezkeen ur harekin: herpetismoa, eskrofulismoa, erreumatismoa, sifilia, anemia, klorosisa, neurosi funtzionalak, neuralgiak, legenarra edo lepra, dermatosi arrunta, arnas-aparatuko afekzioak, liseri-aparatuko afekzioak, genito-urinario aparatuko afekzioak, profilaxia.

 

1869-6-30. Bainuetxeari eta hango urari onura publikoko aitormena ematea onartu zuen Espainiako Osasun Batzordeak (beste iturri batzuen arabera 1867an eman zitzaion). Sulfo-azidulo-salinas-frias ziren uraren ezaugarriak. Bainuetxearen erosotasuna, garbitasuna eta luxua goraipatu ziren baimena ematerakoan. Vicente Garcia Millan doktorea zen garai hartan mediku-zuzendaria, gutxienez 1872 arte.

 

1869. Luis Luziano Bonaparte printzeak Gabiriako euskara gipuzkeraren barnean sailkatu zuen, hegoaldeko azpieuskalkian eta Zegamako aldaeran.

 

1870. Jose Ramon de Telleria zen Gabiriako elizako organista eta sakristau.

 

1871-3-31. Se manda satisfacer á favor del Cabildo eclesiástico de Gaviria, una inscripción de la renta consolidada del 3 por 100. (In Gaceta de Madrid, núm 136, 16 de mayo 1871) –ez da oso garbi irakurtzen-: Por acuerdo de la Junta de la Deuda pública, fecha 15 de Febrero de 1870, se mandó satisfacer a xxx del Cabildo eclesiástico de Gaviria, por sí y como administrador de la obra pía fundada por Cristóbal de Aguirre en la misma, escudos xxxx  es una inscripción de la renta consolidada del 3 por 100 por equivalencia a  un capital procedente de xxxx, y escudos xxx  en xxx de dicha renta  por xxxx hasta 30 de Setiembre de 18xx y 30 de Junio de xxx del indicado capital; cuyos valores han quedado pendientes de entrega por término de un año, a contar desde 13 de Julio último, en que judicialmente se declaró el extravió de la carpeta de resguardo, número xxx xxx que D. Juan Ignacio de Aztiria presentó en Vitoria a 1º de Noviembre de 1880 los documentos primordiales, xxxx xxxx. Lo que se anuncia al público para que el alguna persona se creyera con mejor derecho a estos créditos se presente en estas oficinas dentro del plazo marcado, que finaliza en 15 de Julio del presente año. Madrid 31 de Marzo de 1871 –Eduardo León – Vº Bº- Heredia.

 

1871-12-15. Elizako sakristia eta tenpluaren hegoaldeko fatxada konpontzeko lanak sinatu ziren Madrilen: sakristia erortzeko zorian omen zegoen, eta hegoaldeko horman pitzadura handiak zeuden. Bide batez, elizaren inguruan pasealeku bat egitea planteatzen zuen Joaquin de Garinen proiektuak: 100 urte itxaron behar izan zuen asmo horrek, ordea.

 

1872. Bigarren Karlisten Gerra hasi zen, eta Gabiriako bainuetxeak bezero gehienak galdu zituen. Zorrak pilatuta, Esteban Leste jabeak eraikina saldu egin behar izan zuen, Gobernuari ezin zizkiolako erosketako zor puskak garaiz ordaindu. Gerra garaian ospitale izan zen bainuetxea. Estatua 1878an egin zen berriz bainuetxearen jabe

 

1873. Gabiriako errolda 1.074 bizntalekoa zen.

 

1875. Pedro Jose Salsamendi alkateak eskutitza bidali zion Diputazioari, bainuetxetik Legazpi-Oñatirako errepidea egoera onean jarri eta mantentzeko asmoa agertuz.

 

1876. Genaro Acosta Contreras zen bainuetxeko mediku-zuzendaria.

 

1877. Cipriano Alonso y Diaz zen bainuetxeko mediku-zuzendaria.

 

1877-3-16 (ostirala). Aztiriko ermita berriko kanpaiak jo zituzten, 16:00etan, biharamuneko inaugurazio ekitaldia iragartzeko. Honela dio agiriak: “Solemnidad año 1877. Viernes diez y seis de Marzo de mil ochocientos setenta y siete, a las cuatro de la tarde, a todo escape voltearon las campanas manifestando con su sonido el respirar de la nobleza, piedad, dignidad del Barrio de Aztirias”.

 

1877-3-17 (larunbata). Aztiriko Santa Marina ermita inauguratu behar zuten elizgizonak eta udal agintariak iritsi ziren Aztiriara, eta Bentaleorren hartu zuten ostatu. Honela dio agiriak: “Sabado diez y siete de Marzo de mil ochocientos setenta y siete, las corporaciones Eclesiásticas y civiles en unión de todas las personas visibles, seguidas de un gentío lucido, son recibidos a la entrada del barrio por los habitantes del local. Hospedaronse las corporaciones en la casa llamada Ventalegor; despidiéndose cortesmente del pueblo y pueblos que les acompañaron en todo el término del camino que se dirige al dicho local”.

 

1877-3-18 (igandea). Aztiriko Santa Marina ermita inauguratu zuten. Honela dio agiriak: “A las nueve de la mañana el alegre y fantástico tamboril cubriendo algún tanto su sonata con el repique de las campanas, así de la Parroquial como de la Hermita anunciada la festividad de la bendición y la solemnidad del día”.

 

1877-12-27. Valentín Larrea Iturbe jaio zen Gabirian. Musikaria.

 

1878. Bainuetxea Pablo Fernández Izquierdo farmazialari madrildarrak erosi zuen, subasta publikoan 36.250 pezeta ordainduta etxearengatik eta lurrengatik. Estatua zen une hartan jabe, aurreko jabe Lestek gerragatik ordaindu ezinda berreskuratu ondoren. Orduko bainuetxeak lau eraikin zituen: ostatua eta bainuak; sukaldea, jangelak eta logela batzuk; kapera; eta ikuiluak; eta etxola txiki bat. Egoera oso txarrean zegoen, gerragatik: altzaririk ez zegoen, bainuetarako ontziak soilik zeuden. Fernandezek berrikuntza ugari egin zituen, eta urrezko garaia hasi zen bainuetxearentzat: gaur egun dagoen eraikin nagusia altxatu, bainuetarako pabilioi berria egin eta Iturgorriko iturria erosi. 500 lagun joaten ziren urtero bainuetxera, Espainia osoan ospea lortuz. 1879an ireki zuen publikoarentzako. 1880-1885 tartean obra handiak egin zituen, luxu handiz jarriz. Fortunato Escribano y Antonak irabazi zituen bainuetxeko mendiku-zuzendari izateko oposaketak, eta 1885 arte eduki zuen kargua.

 

1878. Kanpandorreko hegoaldeko kanpai txikia egin zen, Jose Joaquin Aztiriaren omenez eta bidez. Esteban Echebasterrek egina da, Gasteizen. Inskripzio hau du, goian: Soi Laboz de el Angel que Enalto Suena Año de 1878. Behean: Contruida por la memoria de Don Jose Joaquin Aztiria.

 

1879. Bainuetxea publikoarentzako ireki zuen Pablo Fernandez Izquierdo jabeak.

 

1880. Bainuetxean berrikuntza garrantzitsuak egin zituzten bainu denboraldiari aurre egiteko. Santanderko Corcho e Hijos-ek egin zituzten balneoterapia instalazioetako lanak. Obra horren inauguraziora Probintziako Gobernadore Zibila joan zen, Laureano Casado Mata; eta beste hirurogei-bat gonbidatu, tartean mediku ugari. Urte hartako denboraldiak bainulari kopurua ugaldu egin zen, eta erosotasun gutxi zegoenez Fernandez Izquierdo jabeak eraikin berria altxatzea erabaki zuen

 

1880. Kamino Zaharraren egoera txarragatik aztiriarrek kexa sartu zuten. Bainuetxeko obrak egiteko harrobitik harria garraiatzean kalte handiak eragin zituzten errepidean, eta ez zuten konpondu. Udalak Diputaziora jo baina ez zuen aurrera egin hobekuntzak.

 

1881. Bainuetxean pabiloi berria inauguratu zuten, aurreko urtean bainulari kopuruak gora egin eta beharrak handituta. Zortzi hilabetan eraiki eta hornitu zuten, 1881eko bainu denboraldian irekitzeko. Lesték egindako eraikinetik 10 bat metrora altxatu zuten, beiraz eta zinkez estalitako galeria batekin lotuta. Pabiloi berriak 36 gela zituen, jangela, aisialdi-gela hiru solairutan banatua, eta behean sukaldea. Urte berean jarraiko eraikin txiki bat ere berritu zen, batetik ermita hartzen zuena eta bestetik kafe eta billar bezala erabiltzen zena.  // (Gaceta de Madrid, núm 319, pág. 393, del 15 de noviembre de 1881: Real orden modificando la temporada oficial de los baños de Gaviria, en la provincia de Guipúzcoa”. Tiff referencia 1881/07844).

 

1881-4-6. Jose Mari Iparragirre koblakari urretxuarra hil zen. Azken urteak amaren sortetxe Txapartegi baserrian igaro zituen, Gabirian, bakarrik eta txiro. Bi aste lehenago Ezkioko Zozabarro baserrian lagun batzuekin afaldu, eta etxerantz zihoala eurite handiak Txapartegiko zubia eramana zeukan; ezin gurutzatu. Estalpe batean lo egitetik sortu zitzaion bronko-pneumonia, garai hartako Gabiriako medikuak ziurtagirian idatzi zuenez.

 

1882. Bainuetxeko jabe Pablo Fernandez Izquierdok Iturrigorriko iturburua sortzen zen lurra erosi zuen.

 

1883. Jose Joakin Aztiriak kanpai berria oparitu zuen, elizako dorrean jartzeko.

 

1883. Aztirian Santa Marinaren ermita edo baseliza berria eraiki zuten, gaur egun dagoena. Lehenagokoa Eztanda baserritik beherago zegoen, basoaren erdian.

 

1883. Iturrigorriko (Iturgorri) urak bildu eta bainuetxera bideratu zen. Harrizko arketa batean bildu zen, eta burinezko hodi baten bidez eraman zen bainuetxera. Hodiak 15 atmosferako presioa jasan zezakeen, eta 2.746 metro luze zen. Bainuetarako, igerilekurako, lorategiko apaindurazko txorroterako… erabili zen ura.

 

1883-9-1. Bidaurretako jatorrizko errota-baserri zaharra eraisteko lanak hasi ziren. Toki hartan ur-biltegi handi bat eraiki zen, ur sulfurosoa pilatzeko, urtez urte beharrak handitzen ari baitziren. Biltegiaren gainean eraikuntza itzela altxatu zen, gela gehiagorekin eta balneoterapia zerbitzu moderno eta osotu batekin.

 

1884. Bidaurretako errota zaharra zegoen orubean luxuzko bainuetxe berria handikiro inauguratu zuen Pablo Fernandez Izquierdo jabeak, marmol eta azulejo ederrekin hornituta. Eraikin berria egin zuen. Entzute handia izan zuen irekierak Espainian eta Europan. Prentsan 45 artikulu argitaratu zituzten. Europako bainuetxe onenekin alderatzen zuten, eta Espainiako lehenengoetariko postuan kokatu. Madrilgo eta Donostiako 120 pertsonatik gora joan ziren inaugurazio ekitaldira. Bainuetxearen eraikina eta kapera, kafea eta billarra zeuden eraikina lotzeko burdinezko markesina polit bat jarri zen, Belgikatik ekarria. Bainuetxerako sarrera funtzioa egiten zuen markesinak, bi esferako ordulari batekin, ferrokarriletako estilokoa.

 

1884-3-24. Fausto Garagarzak (Madrilgo Unibertsitate Zentraleko katedraduna) Iturgorriko urak analizatu zituen, Pablo Fernandez Izquierdok bidalitako laginen bidez.

 

1884. Trenbidea eraiki zutenean Urkiztegi inguruan (567,47. kilometroan) jarri zuten paso-nibela kendu zuten, eta haren ordez subí bat eraiki zuten.

 

1885. Enrique Ranz de la Rubia zen bainuetxeko mediku-zuzendaria. 1895 arte, gutxi gorabehera, egon zen karguan.

 

1887. Gabiriako errolda 924 biztanlekoa zen.

 

1887-7-27, asteazkena. Madrilgo Diario Oficial de Avisos egunkariak honako albistea argitaratu zuen: “En Gabiría. El día de la Patrona del Balneario, hubo fiesta costeada por los bañistas, cantándose en la misa de un modo admirable el Ave-María de Gounod, por la bella diva prima donna señorita Oliva, la cual obtuvo un señalado triunfo. La colonia madrileña rogó a la señorita Oliva, que estuviese en Madrid durante la próxima temporada de ópera, con objeto de oírla en el teatro Real á lo que contestó la simpática cantante, que estaba escriturada para cantar en el teatro de Lisboa”.

 

1888-2-28. Gauean, elurraren zamagatik, eliz atariko teilatuaren zati handiena erori egin zen. Hurrengo egunean Udalak jarritako langileek (27 herritar) egun osoan lanean aritu behar izan zuten hondakinak kentzen, elizarako sarbidea libre uzteko. Garai hartan bi eliz-atari zeuden: bat fatxada nagusian (25,20 metro luzean x 9,6 m zabalean), eta bestea hegoaldean (27,83 metro luzean x 6,5 m zabalean). Fatxada nagusiko eliz-atariaren hegoaldera horma bat altxa zen berrikuntza lanetan. Urte horretako abenduan bukatu ziren obrak.

 

1888. Bainuetxetik kaskorako errepidea ireki zuten, lehen gurdibide soil zena. Bainuetxeko jabe Pablo Fernandez Izquierdok egin zuen Diputazio Probintzialean indarra, dirua jarriz.

 

1888-6-20. Gabiriako bainuetxean erabiltzen ziren bi ur moten analisi kimiko xehetuak egin ziren. Bernabe Dorronsorok egin zuen (Granadako Farmazia katedraduna) iturburuan bertan. Vicente Castelló bere laguntzaileak eta orduan bainuetxeko mediku-zuzendari zen Ranz de la Rubia doktoreak lagundu zioten. Memoria analítica de las aguas minero-medicinales de Gaviria izenburupeko lana 1889an Ranz de la Rubiak idatzitako Reseña-n argitaratu zen. Lehendik egin ziren analisiekin alderatuta alde oso txikiak antzematen dira emaitzetan. Soler doktoreak aurkitutako printzipio finkoak ia berak dira. Dorronsorok Iturgorriko ura ere analizatu zuen.

 

1889. Ortiz de Zarate y Apraizek ur minerala aztertu zuen. Sulfuratu kaltziko, sulfhidriko, ferruginosa barietatekoak eta bikarbonatatu kaltziko, ferruginoso-manganifera barietateko bezala sailkatu zuen. Ranz de la Rubia doktoreak urte berean egindako ikerlan monografikoan dio hiru gune ferruginoso zeudela: bat establezimenduaren hormetan; bestea kilometro batera, Ormaiztegirako bidearen ondoan; eta hirugarrena, emari txikikoa, bi kilometro hegoekialdera.

 

1891-2-1. Hauteskunde orokorretan karlisten irabazi zuten Gabirian: Olazabal (karlista) 105 boto; Nocedal (integrista) 43 boto; Aciona (liberala) 24 boto.

 

1893-3-5. Karlistek irabazi zituzten hauteskunde orokorrak Gabirian: Olazabal (karlista) 161 boto; Nocedal (integrista) 40 boto.

 

1893. Santiago Iturbe udal arbitrioen zaindari urretxuarrak auzibidea ireki zuen Doroteo Azcue gabiriarren kontra (kamineroen kaboa berau), 12 litroko zahagi-ardo bat kontrabandoan atzeman ondoren.

 

1894. Elizaldeko bihurgunea baino lehentxeago burdinezko txapa bat kokatu zuten (oinarrian 1894 data dago harrian zizelkatuta). Bi aingeru zutik, plataforma antzeko baten gainean, elkarri bizkarra emanez, ageri dira, alboz.

 

1895. Arturo Daza de Campos zen bainuetxeko mediku-zuzendaria.

 

1896-4-12. Karlistek irabazi zituzten hauteskunde orokorrak Gabirian: Arana (karlista) 151 boto; Nocedal (integrista) 50 boto.

 

1897. Gabiriako errolda 853 biztanlekoa zen.

 

1897. Elizako kanpandorreko ordularia egin zuen Albizturgo Ignacio Zubillagak.

 

1897-10-7, osteguna. Espainiako armadak maniobra militarrak egin zituen, Gabiriatik pasatuz. Madrilgo La Epoca egunkariak honako informazio hau zekarren bi egun geroago (1897-10-9, larunbata, 2. orrialdean): “Maniobras militares. El día 7 las compañías segunda y cuarta del regimiento de Valencia alojándose respectivamente en Vilarreal y Zumárraga. Constan dichas compañías de 90 hombres cada una, con el personal sanitario, y están mandadas por sus correspondientes capitanes. Una de ellas fué desde Azcoitia flanqueando la orilla derecha del río Urola, y la otra de Ormaistegui, pasando por Gabiria. No tienen itinerario fijo, aunque sí una zona que deben recorrer por monte practicando evoluciones propias de campaña. El estado de los jefes, oficiales y tropa es muy satisfactorio, apesar de los 30 kilómetros que vienen recorriendo diariamente por puntos escabrosos. Ración de libra y media de pan mas 80 céntimos de peseta constituye el haber del soldado, y entre ellos condimentan, por grupos, sus comidas. Los capitanes y oficiales disfrutan de una gratificación en metálico. El general González Tablas, cuya actividad es notoria, se propone revistar las fuerzas que maniobran en la región Norte acompañado de sus ayudantes y de una escolta de Arlabán. Las fuerzas del regimiento de Valencia han salido ayer de Vitoria, unas con dirección a Oñate y otras para Vergara. La salud de las tropas es excelente”.

 

1898-3-27. Hauteskunde orokorrak. Garcia Fernandezek (liberala) 108 boto atera zituen.

 

1899-4-16. Hauteskunde orokorrak: Olazabalek (integrista) 153 boto atera zituen.

 

XIX. mendea. Aztiriko Lizardi baserria XIX. mendearen azken aldian eraiki zuten. Herriko bertako Fernando de Aguirre zen hargin maisua.

 

XIX. mendearen amaiera. Aztiriko Lizardi-Azpi baserriko Miel Inazio Agirre hil zuen otsoak, San Pedro (ekainak 29) egun batez. Eguna Mutiloako festetan igaro eta gauean etxera zihoala bidera atera zitzaion otsoa, etxetik oso gertu zela. Gertakari haren oroigarri harrizko gurutzea jarri zuten heriotza izan zen lekuan. (Iñaki Linazasorok 1987ko urtarrilaren 11ko Diario Vasco egunkarian argitaratutako artikuluan zehatzago).

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s