Archive for the ‘Zinema’ Category


Udalaren Kultura Batzordeak prestatutako film emanaldi sorta bihar, larunbata, agortuko da. Abenduan hasita, negu parteko asteburuetarako bederatzi pelikula jarri zituzten, hileko pare bat, adin desberdinetako ikusleentzat. Sasoiko azken emanaldia, bihar 17:00etan da, haurrentzat. Vicky bikingoa filma emango dute, Etxeberri kultur etxeko ikus-entzunezkoen aretoan.


Herriko gazteek eta Gattiken ekoiztetxeak prestatu duten film laburrak ezin izan du iazko saria errepikatu, aurten. Beasaingo Bertsomovieda lehiaketan, atzo bukatu zen Internet bidez botoa emateko epea, astebeteren ondoren. Gabiriarren lana bigarren geratu da, bozkatuenen zerrendan. Boto gehien Oñatiko Badator munizipala ikus-entzunezkoak jaso ditu, 950 inguru. Benemeritoak 900en azpitik geratu dira. Ostiralera arte zerrendan buru zeuden gabiriarrak, baina asteburuan irauli dute oñatiar internautek emaitza. Saria, 15 lagunentzat sagardotegian otordua da.

Oraindik, ordea, sari nagusia izendatzea geratzen da. Hori antolatzaileek egingo dute, epaimahaiko baten bidez. Hautagai nagusia Benemeritoak da, iaz bezala sari nagusia eramateko. Lehengo urtean, erdibanatu egin behar izan zuten sari hori. Aurten, bi sari eramateko arriskurik ez dutenez dagoeneko, ea.

Youtube-n dago film laburra. Dagoeneko 2.800 lagunek baino gehiagok ikusi dute.


Kultura batzordeak antolatutako zinema emanaldien egitarauaren barruan, gaur gauean ‘Gartxot. Konkista aitzineko konkista’ filma ikusi ahalko da, 22:00etan, Etxeberri kultur etxean. Animaziozko filma da, helduentzat egina. Juanjo Elordi eta Asisko Urmeneta izan zituen zuzendari. Benito Lertxundiren musika, eta Zuberoako abeslarien eta aktoreen ahotsak ditu. Euskara hutsean da.
Gartxot

XII. mendeko bardo baten bizitza kontatzen du ‘Gartxot’-ek. Zaraitzu ibarreko (Nafarroa) erakundeek finantzatuta ekoitzi zuten, 2008tik 2012ra bitartean. “‘Bardo’ deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak desafiotzat hartuko du kantaldi bakoitza eta soldaduak aita-semeen ehizan arituko dira, harik eta inguratu eta irtenbide bakarra utzi arte: tragedia. XII. mendean gaude, eta hasi da konkista aurreko konkista”, azaltzen du sinopsiak.
Arturo Campionek 1917an idatzitako ‘Gartxot, Itzaltzuko bardoa’ istorioan dago oinarrituta. Hura, aldi berean, Zaraitzuko ibaxeko kondaira batean.
Pelikularen trailera ikusteko, Gartxot filmaren webgunean: www.gartxotfilma.com


Udalaren Kultura eta Euskara Batzordeak antolatutako pelikula-emanaldien egitarauan bigarren saioa gaur izango da, negu garai honetan. Gaur, osteguna, ‘Olentzero eta oparien ordua’ animaziozko filma ikusi ahalko da. Haurrentzat zuzendutakoa da. Emanaldia 17:30ean da, kultur etxeko ikus-entzunezko aretoan.

Abendua-apirila bitarteko pelikula emanaldiak abenduaren 14an hasi zen, Eskola Txikiei buruzko dokumentalarekin. Gaurkoaren ondoren, hurrena urtarrilaren 18an izango da (22:00etan, helduentzat): ‘Gartxot’.


Udalaren Kultura Batzordeak izendatu ditu abendutik apirilera arteko filmak. Neguko sasoia ostiralean, abenduak 14, hasiko da. Hilean bi pelikula eskainiko dira, bat haurrentzat eta bestea helduentzat. Emanaldi guztiak Etxeberri kultur etxeko proiekzio aretoan dira.

Lehen saioa berezia izango da. Balentzategi herri eskolaren mendeurrena ospatzeko asteburua denez, Eskola bizia, herri bizia dokumentala emango dute. Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeak aurten bete ditu 25 urte, eta udaberrian estreinatu zuten. Lanaren ekoizle Iñaki Alkalde kultur etxean bertan izango da, ikus-entzunezkoaren ondoren azalpenak emateko.

Hauxe da pelikula emanaldien egutegia eta karteldegia:

  • Abenduak 14, ostirala. ‘Eskola bizia, herri bizia’. 19:00etan.
  • Abenduak 27, osteguna. ‘Olentzero eta oparien ordua’. 17:30ean, haurrentzat.
  • Urtarrilak 18, ostirala. ‘Gartxot’. 22:00etan, helduentzat.
  • Urtarrilak 26, larunbata. ‘Horton’. 17:00etan, 4-7 urte artekoentzat.
  • Otsailak 15, ostirala. ‘Asfaltoa’. 22:00etan, 12 urtetik gorakoentzat.
  • Otsailak 23, larunbata. ‘Iratxoen erregea’. 17:00etan, 9-12 urte artekoentzat.
  • Martxoak 16, larunbata. ‘Igelak eta zapoak’. 17:00etan, 6-9 urte artekoentzat.
  • Apirilak 12, ostirala. ‘Izarren argia’. 22:00etan, 13 urtetik gorakoentzat.
  • Apirilak 27, larunbata. ‘Vicky bikingoa’. 17:00etan, publiko guztiarentzat.

 


Kultura eta Euskara Batzordeak  uda honetarako zinema-emanaldi sorta bat prestatu du. Ekainaren 28an hasi zen zikloa, eta oraingoz uztailerako emanaldien egitaraua finkatu dute.

Urtean zehar bezala, pelikulak adinaren arabera sailkatu dituzte: haurrentzakoak, 13 urtetik gorako gaztetxoentzakoak, eta helduentzakoak.

Film emanaldiak (Etxeberri kultur etxeko ikus-entzunezko aretoan dira denak):

  • Ekainak 28, osteguna: ‘Bazen behin baso bat’. Haurrak. 18:00etan.
  • Ekainak 30, larunbata. ‘Ander’. 13 urtetik gorakoak. 18:30ean.
  • Uztailak 12, osteguna. ‘Hiru mosketariak’. Haurrak. 18:00etan.
  • Uztailak 14, larunbata. ‘Izarren argia’. 13 urtetik gorakoak. 18:30ean.
  • Uztailak 15, igandea. ‘Sagarren denbora’ edo ‘Euskararen jatorria’. 18:00etan.
  • Uztailak 26, osteguna. ‘Franklin eta lekuko altxorra’. Haurrak. 18:00etan.
  • Uztailak 28, larunbata. ‘Miss Sunshine txikia’. 13 urtetik gorakoak. 18:30ean.

Udalaren Kultura Batzordeak antolatuta, ‘Bidaia intimoak’ film dokumentalaren emanaldia izango da Gabirian ostiralean, abenduak 9. Etxeberri kultur etxeko ikus-entzunezkoen aretoan da saioa, 22:00etan. Jon Maia bertsolariak 2009an zuzendua da lana, eta euskara berriz ikasi zuten lau euskal herritarren testigantzak bildu zituen. Urte hartako Korrika 16 ekimenaren baitan ekoitzi zuen Orio Produkzioak ekoizetxeak, eta orain Argia Emanaldiak eskaintzaren bitartez iritsiko da herrira.

Bidaia Intimoak kartela

Lau euskaldunberrien artean Gabiriako jatorria duen Jesus Mari Soraluzeren istorioa ikus liteke Bidaia intimoak pelikulan. Aita Zuzula Behekoa baserrikoa, Ermuan (Bizkaia) jaio zen Soraluze, eta haurretan Gasteizera joan ziren bizitzera. Txikitan barneratutako euskara lausotu zitzaion, inguru erdaldunean disolbatu arte. Euskarari berriz heldu zion, ordea, eta euskaltegietan jardunda ikasi zuen atzera.

Dokumentaleko testigantzen emaileak eta Jon Maia zuzendaria. Ezkerretik bigarrena da Jesus Mari Soraluze gabiriar jatorriko ermuar-gasteiztarra. Arg.: Santurtziko Bai Esan Euskara Elkartea.

‘Berria’ egunkarian 2009ko apirilaren 2an egindako elkarrizketan gogoratu zituen Soraluzek euskararekiko gora-beherak. Familiarekin etxean euskaraz egiten zuen, txikitan: “Bai, egiten genuen. Baina gaztelania gehiago, nik behintzat. Nire gurasoak Goierrikoak ziren, baina erdara nagusi zen toki guztietan. Gurasoak saiatzen ziren euskaraz egiten, baina nire lagun guztiak eta nire ingurua erdaldunak ziren”, dio Soraluzek ‘Berria’-rekin egindako elkarrizketan.

Ermuan jaio, eta 8-9 urterekin Gasteizera aldatu ziren. Soldadutzan sartu zitzaion euskara ikasteko “kontzientzia”. “Euskalduna euskara egin gabe, inkoherentzia hutsa da. Soldadutzatik etorrin nintzenean hasi nintzen ikasten, ilusioz beterik. Burmuinean euskara banuen. Prozesu polita izan zen”.

Azalpen guztiak, beraz, ostiralean ikusi eta entzun ahalko dira, protagonisten ahotik, ‘Bidaia intimoak’ ikus-entzunezkoan.