Archive for the ‘Hezkuntza’ Category


Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak berriki idatzi duen eskuliburu baten berri eman du, gaur. Aizpuruk eta Felix Luengok —EHUko Historia irakasleak biak— ondu dute titulu berria: La Segunda República y la Guerra Civil. Esku-liburua da, 1930eko gertakari  horiei buruz. Alianza Editorial argitaletxeak atera du, ‘El libro universitario’ saileko Manuales-170 zenbakiarekin. 240 orrialdeko liburua da.

.

Mikel Aizpururen 'La segunda Republica y la Guerra Civil' eskuliburuaren azala.

Mikel Aizpururen ‘La segunda Republica y la Guerra Civil’ eskuliburuaren azala.


Balentzategi herri eskolan ostegunean, ekainak 20, bukatu zuten 2012-13 ikasturtea. Goizean gelak txukundu eta azken materialak jaso zituzten, talde bakoitzak bere tutorearekin. 10:00etatik 11:00etara, adin guztietako ikasleek, hiru taldetan banatuta, jolas kooperatiboak egin zituzten. 11:00etan atsedena eta azken urtebetetze ospakizunak, eta jarraian Haur Hezkuntzakoak alde batetik eta Lehen Hezkuntzakoak bestetik, jolas bat eta futbol partida. 12:00etan, ikasturtean zehar egindako ekintzekin ostatutako muntaia eta eskola txikietarako egindako grabaketa ikusi zuten, denek elkarrekin. Bukatzeko, betiko ohiturari jarraituz, ikasle eta irakasle guztiek Ostatuan bazkaldu zuten. Bertan egin zuten 6. mailakoek agurra bertsotan, eta jarraian beste ikasleek eta irakasleek beraiei. Azkenik, 6. mailako bakoitzari oroigarri bana eman zieten, herriko eskola utzi dutelako.

Atzodanik herriko udaleku irekietan dabiltza haurrak. 31 umek eman dute izena. Hiru begiralerekin ariko dira jolasak eta jarduerak egiten, uztailaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:30era.


Balentzategi herri eskolako haur, irakasle eta gurasoek Olaberrian igaro zuten atzo eguna. Gipuzkoako Eskola Txikien 26. festa ospatu zen, egun osoan. Ohiturari jarraituz, eskolako komunitateak bertan parte hartu zuen. Aurrez eskolan prestatutako mezu bat eraman zuten; oholtzan hura irakurri, gainerako 24 eskoletako mezuekin bateratu, puxika bati itsatsi, eta aireratu egin zuten.

Hainbat guraso, Olaberrian atzo./AMM

Hainbat guraso, Olaberrian atzo./AMM

Maiatzaren 25ean ere Olaberrian izan ziren gabiriarrak, arratsalde partean. Goierri mailako festa izan zen orduan.

 


Gabiriako Haur Eskolan, Haurreskolak partzuergo publikoko gainerakoetan bezalaxe, astelehenean bukatuko da haurrak matrikulatzeko epea. Maiatzaren 2tik 13ra bitarte, bi egunak barne, mugatu dute epea. Informazio gehiago, Haurreskolak partzuergoaren webgunean.

Haur eskola, Etxeberri eraikinaren eskuin aldean dago./AMM

Haur eskola, Etxeberri eraikinaren eskuin aldean dago./AMM


KZgunea Interneten erabilpen eta hedapen sare publikoak ikastaro sorta zabala jarri du, Gabirian egin daitezkeenak. Prestakuntza ikastaroak dira, gai ugariri buruzkoak. Udalak maiatzaren hasieran bidalitako bandoarekin batera igorri zuen programazioa. Interesatuek datorren asteazkena (maiatzak 15) baino lehen apuntatu behar dute, orria bete eta udaletxera eramanda. Doan dira.

Bandoa. Informatika ikastaro eskaintza (PDF, 2-3 orrialdeak)


Santa Ageda bezpera ospatuko da bihar, astelehena, otsailak 4. Ohiturari jarraituz, kopla kantari eskean irtengo dira herriko bi talde.

Goizean, eguraldiak baimentzen badu behintzat, Balentzategi herri eskolako haurrak eta irakasleak ibiliko dira. Lehen Hezkuntzako ikasleak irtengo dira eskera; 09:00etan abiatuko dira. Alegia eta Orbeldi auzoetako etxeetan izango dira. Herritik Alegia aldera jaitsiko dira, eta gero zentraletik gora (Altolagirretik) igoko dira gorantz.

Arratsaldean, Osinalde elkartekoak herrigunean ariko dira kopla kantari. 17:00etan hasiko dira errondan. Euxebio, Endika eta Aratz Igartzabal, eta Gorka Maiz bertsolariak ibiliko dira koplari; soinu jotzen, Asier Bidegain eta Joseba Iztueta.

 


Herriko haur eskolan umea hasi nahi duenak urtarrilaren 14tik 18ra, datorren astelehenetik ostiralera, dauka eskariak entregatzeko epea. Haurreskolak Partzuergoak orain zabalduko du urtarrileko izen-emate epea. Martxoaren lehenean hasiko dira orain izena emandako haurrak.

Etxeberri eraikinean dago haur eskola, 2010era arte ‘abarkalekua’ zen tokian. Gela bakarra du, 0, 1 eta 2 urtekoak elkarrekin egotekoa. Goizean 07:45etik arratsaldean 14:45era arte ematen du zerbitzua. Hamar haurrentzat tokia du, eta gaur egun lau dabiltza.

KONTAKTUAK: