Posts Tagged ‘feria’


Udaberria ofizialki bukaerara iristen ari den honetan eta benetan hasi denean, urteko lehenbiziko gereziak ere agertu dira. Oñatibi Txiki baserriko Miren Agirrezabalak eraman ditu aurtengo aurrenekoak plazara. Ordiziako ferian, lehengo asteazkenean (ekainak 5), saskikada dotorea aurkeztu zuen. Fruitu gorri-gorriak, kiloa 4 euroan zeukan salgai.

Miren, urteko lehen gereziekin, Ordiziako plazan ekainaren 5ean./Lierni Elortza-Hitza

Miren, urteko lehen gereziekin, Ordiziako plazan ekainaren 5ean./Lierni Elortza-Hitza


Errezil sagarraren 11. festa-eguna ederki joan zen, atzo. Partaidetza oso oparoa izan zuten bi lehiaketek: sagarretan 18 baserrik aurkeztu zituzten bi saskikada, azkenean (izena emanda 16 zeuden asteazkenean), eta sagar-goxo edo menbrilutara 17 lagunek eraman zuten ontzikada (14 zeuden izena emanda). Baserriko produktuen azokan aurreikusi baino bi mahai gehiago zeuden, 14 denera: Bekoetxe, Eguzkitza, Noare-Etxeberri, Baztarrika, Agerre, Zuazola Garakoa, Elizazpi, Sagaspe, Agerreberri, Izar Aundi, Etxeberritxo-Irubide, Urkiola, Katarain eta Oñatibi Txiki.

Goiza umeletik hasi zen. Euria, eta haizexka gordina plazan. Karparen babesean, lehiaketako produktuak ilaran zuzen jarrita, 1etik 18rako zenbakiak saskietan, eta 17 menbrilu beste mahaitxo batean. Nekazarien salmahaiak udaletxeko arkupeetan eta eliz atarian kokatu zituzten. 10:00etarako prest zeuden.

Egunak aurrera egin ahala, eta eguerdia inguratuz zihoan eran, eguraldiak atertzera egin zuen; eguzki printza batzuk agertzeraino. Horren indarrez edo, jendearen etorria ere ugaritzen joan zen.

Josu Osak txertatze ikastarotxoa eman zuen, Dantzalekuko atetik. Gero, inausketakoa eskola barrenean jarritako sagar arbolan egin zuen, Ostatu aurreko plazan. Jendeak arretaz jarraitu zituen adituaren esanak.

Epaimahaietan, sagarretan bi historikok errepikatu dute aurten: Jose Antonio Iparragirre ‘Otatza’-k eta Ramon Aseginolaza ‘Kalbario’-k. Hirukotea osatzeko, lehen aldiz Xabier Mujika beasaindarra, Arrate Irratiko komertziala, aritu da baloratze lanetan. Menbriluak dastatzen Lontxo Ormazabal Kortako sukaldaria, eta Josema Azpeitia Zum Edizioetako kazetaria eta burua aritu ziren.

Omenaldiaren atalean, Aseginolaza, Iparragirre eta iaz hil zen Martin Irazustabarrena herriko ostalari izana omendu zituen Erbie elkarte antolatzaileak, Itsasoko Pott zeramika tailerreko irudi banarekin. Martinen hiru semeek jaso zuten aita zenari izendatutako oroigarria.

Sarien arloan, azkenik, maila bereko hiru eman zituzten, 2010ean bezala, sailkapenak baztertuta: Maria Isabel Zumalakarregik (Izar Aundi), Pedro Iztuetak (Katarain) eta Miren Agirrezabalak (Oñatibi Txiki) aurkeztutako saski sagarrak nabarmendu dituzte. Sagar goxo onena, Oñatibi Aundiko Maria Jesus Garciak egindakoa, herriko ostalari izana hori ere.

Bestetik, Gabirian lehen aldiz jokatu den Goierri Beheko Ezti Lehiaketan, Pedro Aizpuruak (Ordizia) jaso du lehen saria, bigarrena Patxi Telleriak (Idiazabal) eta hirugarrena Bittor Murgiondok (Mutiloa).

Azokaren eta lehiaketaren argazki batzuk (joango gara osatzen):

This slideshow requires JavaScript.


Igandean ospatuko da, hamaikagarren aldiz, Gabirian errezil sagarraren lehiaketa eta baserriko produktuen azoka. 10:00etatik 14:00etara, lehiaketak, erakustaldiak eta feria izango dira plazan, inguruko estalpe guztiak hartuta. Enparantzan karpa jarriko dute, gaur.

Errezil sagar lehiaketa egingo dute, batetik. 16 baserritako frutak aurkeztuko direla azaldu du Erbie elkarte antolatzaileak, errezil sagarraren blogean. Sagar-goxo edo menbrilutan 14 lehiakide izango dira. Horiez gain, bertako barazki, ogi, gazta, jaki eta hamaika produkturekin 12 salmahai izango dira. Denera 23-25 baserritar inguruk jarriko dute aletxoa, batean, besteak ala hiru jardueretan; “inoizko parte-hartze handiena”, antolatzaileen esanetan. Parte-hartzaileek goizeko bederatzietarako Erbie elkartera azaldu behar dute, izena eman eta aurkeztu dituzten produktuei zenbakia ipintzeko.

Errezil sagarraren eguna aurkezteko prentsaurrekoa egin zuten, asteazken iluntzean. Lontxo Ormazabal, Gabino Murua eta Ibon Elgarresta alkatea./AMM

Erreziletan hiru sari emango dituzte (duela bi urte baino bat gutxiago), sailkapenik gabe oraingoan ere. Menbrilutan, bakarra. Itsasoko Pott zeramika tailerrekoek egindako ikur bana jasoko dute. Sariak 13:30a aldera banatuko dituzte.

Berritasunen aldetik, Josu Osak fruta arbolak inausteko eta txertatzeko erakustaldi praktikoa egingo du, hartarako propio ekarritako sagarrondo batzuetan, 11:00ak aldera. Bestetik, bi herritarrek menbrilua egingo dute, jendearen zalantzak argitzearekin batera. Kortako sukaldari Lontxo Ormazabalek, bestetik, sagar konpota prestatuko du zuzenean.

Saltzaileek paperezko poltsa bereziak izango dituzte aurten, lehenengo aldiz. Erosketak bezeroei ematerakoan, errezil egunaren logotipoa duen poltsa emango dute. 500 ale atera dituzte. Eliza atarian, aurreko ekitaldietako argazkien emanaldia izango da proiektatzailearekin, bien bitartean, goizean zehar.

Epaimahaian azken ekitaldietan lanean aritutako hiru lagun omenduko dituzte antolatzaileek: Ramon Aseginolaza idiazabaldarra, Jose Antonio Iparragirre ‘Otatza’ zeraindarra, eta iaz hil zen Martin Irazustabarrena zena, herriko ostalari izana. Haren seme batek jasoko du oroigarria.

Gaur, ostirala, 14:45ean eta 15:45ean, ETB1eko eta ETB2ko ‘Eguraldia’ programetan, Gabiriako festari buruzko bideotxoa emango dute, iganderako zer eguraldi iragarpen dagoen galdetuz.


Errezil sagarrari eskaintzen zaion feria, lehiaketa eta herriko nekazaritza azoka azaroaren 18an ospatuko dira, igandearekin. Urriaren 4an erabaki zuten egun hori ezartzea, orain arte bezala azaroaren hirugarren jaian. Lehiaketa, salmenta, sagar-goxo lehiaketa eta azokaz gain, bileran izan ziren hainbat ekoizlek proposatuta, eta ahalaren arabera, “nobedadeak” izango dira aurtengoan.

Gabiriako Errezil Sagarra izendapenarekin webgunea badute lehenagotik ere, baina azken albisteekin jarioa berritzen ari da orain, Berriak atalean. Webaz gain, sare sozialetan ere lekua izango du ekimenak. Twitterren (@GabiriakoErrezila) eta Facebooken (Gabiriako errezil sagarra). Bestetik, irudi berria ere erakutsi dute:

Gabiriako Errezil Sagarraren logotipoa.


Bederatzi sari. Nekazaritzaren egoera aipamenek eta azoketan ematen dituzten sariek neur baldin balezakete, horixe eman du atzoko Santa Lutzia feriak, Zumarragan eta Urretxun ospatuak. Herriko lau baserritakoek jaso dute sariren bat. Ugarien, aurreko urteetan bezala, Bekoetxekoek: lau sari. Ondoren, Agerreberrikoek hiru lortu dituzte, eta Landetakoek eta Izar Aundikoek bana.

Hauek dira sariak, atalka:

Urretxuko Barazki eta Fruta Sariketa

  • Barazki sariketan: Antonia Murgiondo (Bekoetxe baserria): 300 euro eta 100 euro Eskualdeko Saria.
  • Fruta sariketan: Antonia Murgiondo (Bekoetxe): 300 euro eta 100 euro Eskualdeko Saria.

Bekoetxekoak lau sarietako bat jasotzen. Arg.: http://www.santalutzi.com

Zumarragako Barazki, Fruta eta Errezil Sariketa

  • Barazki sariketan: Maria Etxezarreta Garmendia (Agerreberri): 300 euro eta plaka eta 100 euro eskualdeko saria;  Antonia Murgiondo Alustiza (Bekoetxe): 300 euro eta plaka eta 100 euro eskualdeko saria.

Agerreberrikoak, saria jasotzen. Arg.: http://www.santalutzi.com

  • Fruta sariketan: Antonia Murgiondo (Bekoetxe): 300 euro eta plaka eta 100 euro eskualdeko saria; Maria Etxezarreta Garmendia (Agerreberri): 300 euro eta plaka eta 100 euro eskualdeko saria.
  • Errezil sagar sariketan (lau sarituetako bi): Maria Isabel Zumalakarregi Altzueta (Izar Aundi): 200 euro eta plaka eta 100 euro eskualdeko saria; Maria Etxezarreta Garmendia (Agerreberri): 200 euro eta plaka eta 100 euro eskualdeko saria.

Agerreberriko Tomas, errezil sagarrekin. Arg.: http://www.santalutzi.com

Zaldi Abere Sariketa

  • Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako abere talde onena: Jose Ramon Peñagarikano Alustiza (Landeta): 250 euro eta zintzarria.

Landetakoak saria jasotzen. Arg.: http://www.santalutzi.com