Posts Tagged ‘buzkantzak’


Jesus Mari Debak irabazi zuen, igandean, Zumarragako 30. Buzkantza Lehiaketa. Bederatzigarren aldiz gailendu da Legorburuko harakina Jose Maria Busca Isusiren omenezkoan. Ardi odolarekin eta gantzarekin egiten den mondeju beltzaren lehiaketa izaten da Zumarragakoa. Lau harakin profesionalek parte hartu zuten. Bien bitartean, Zumarragako Euskadi enparantzan artisau azoka egon zen; tartean Astiazaran baserriko Juan Elgarresta larruzko abarkak egiten aritu zen.

Bestetik, nekazaritza arlotik etorri den sari bakarra ez da buzkantzarena izan. Asteartean, Beasainen,  udazkeneko azoka berezian Agerreberriko Maria Etxezarretak hirugarren saria jaso zuen errezil sagar lehiaketan. Beste lehiaketan, fruta eta barazkien bateratuan, gabiriarrek ez dute hiru sarietatik bakar bat ere eskuratu


Gabiriak harakin ugari eman ditu, eta azken urteotako arloko lehiaketetan nabaritu da hori. Legorburu baserrian —baita Urkiolan, San Estebanen…—, esate baterako, sortu da harakin gremio handia, eta Jesus Mari Deba izan liteke adierazgarria: odolki eta buzkantza lehiaketa ugari irabazi ditu aztiriarrak. Hurrengo lehiaketa, igande honetan, Zumarragan izango da, buzkantzena (ardi odolez egindako odolkiak). Baina Deba ez da gabiriar bakarra izango, San Estebango Jesus Mari Garmendiak ere aurkeztuko dituelako hestebeteak.

Zumarragako 29. Buzkantza Lehiaketan sei partaide izango da, harakin profesionalentzako bakarrik delako. Horietatik bi, herena, gabiriarrak dira. Garmendiak Iñaki Camposekin batera aurkeztu ditu buzkantzak, Ormaiztegiko harategitik. Camposek ere irabazia du auzo-herriko lehiaketa.

Igandean, azaroak 6, 10:00etatik 14:00ak aldera arte izango da buzkantzaren festa, Euskadi enparantzan. Epaimahaikoak 11:45ean hasiko dira sei buzkantzak probatzen. 13:15ean jakinaraziko dute irabazlearen izena. 13:30ean banatuko dituzte sariak. Herri kirol erakustaldia egingo dute, eguerdian, Urretxuko eta Zumarragako herri-kirolariek.

Aurtengo lehiaketak, gabiriarrei dagokienez, hutsune handia ere edukiko du: Alfonso Arratibel Mendizabalena. Urkiola baserriko semea, irailaren 30ean hil zen, 75 urterekin. 1994an irabazi zuen buzkantza lehiaketa hori, eta geroztik, iaz arte, epaimahaiko kide izan da. Ezkioko partean jaio zen Arratibel, 1936an.

Zumarragako buzkantza lehiaketaren orain arteko 28 ekitaldietan Debak zortzi txapela ditu: 1995, 1996, 1997, 2004, 2006, 2007, 2008 eta 2010. Campos ormaiztegiarrak beste zazpi garaipen ditu (1984, 1985, 1986, 1988, 1992, 1998 eta 1999). Lehen aipatutako Arratibelek behin irabazi zuen, 1994an.

Hona Alfonso Arratibeli prentsan egindako elkarrizketa batzuk:

  • Boteprontoan atala (Otamotz, 2009-10-29).
  • “Oraingo buzkantzak txarrak ez dira, baina geureetatik desberdinak dira; artisau lana falta zaie” (Noticias de Gipuzkoa, 2009-11-4).
  • “Busca Isusik orduak igarotzen zituen harategian, lana nola egiten nuen begira” (Diariovasco, 2010-11-7).