Posts Tagged ‘tasak’


Udalak gaur argitaratu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2013. urterako ordenantza fiskal berria. Udalak kobratzen dituen zergak (trakzio mekanikodun ibilgailuena) eta tasak (zerbitzu publikoena eta jarduera administratiboena) zenbatekoak izango diren zehazten ditu txostenak.

‘Gabiri Agiri’ buletinean bezala abenduaren 28ko herri batzarrean udal arduradunek azaldu dituzte zergen igoerak. Ibilgailuen gaineko zerga, orokorrean, KPIri dagokion %3,5 igoko dira. 12-14 zaldi fiskaleko ibilgailuen kasuan, KPI + 1,5 izango da igoera, %5 inguru. Inguruko  udalerrietako zerga araudiekin parekatu du udalak aurten herriko ordenantza fiskala, iaz igoerarik gabe utzi ondoren.

Tasen arloan, zaborrarena ez dute igoko, Sasietak Gabiriari buruz egin duen hondakin bilketa eta tratamendu plana jasotzeko zain daudelako. Zerbitzu horrek aldaketa nabarmenak izango ditu. 2014tik aurrera, adibidez, Sasietak pisura kobratuko dio udalerriari bilketa zerbitzua. Hori zehaztu artean, tasa ez igotzea erabaki du. Hala ere, zerbitzu hori “erabat defizitarioa” dela azaldu zuten udalkideek herri batzarrean, eta 2013rako %5 haziko dio mankomunitateak kobrantza herriari.

Bestetik, hirigintza edo obra agiriak tramitatzeagatik tasa kobratzen hasiko da udala. Antolamenduko Arau Orokorretako aldaketa puntualak, edo plan partzialak nahiz plan bereziak egitea eskatzen duten obren kasuan 2.500 euroko tasa pagatu beharko da. Birpartzelazio proiektuak udalak egin ditzan, 1.500 euro; eta urbanizazio proiektuak, zehaztapen azterketak, nahiz exekuzio unitateen mugaketak 1.000 euro. Horiek onuradunak ordaindu beharko ditu aurrerantzean, obra egiten duenak. Orain arte udalak hartu ditu bere gain kostu horiek.

GAO 2013-1-9 zerga ordenantza

 


Gipuzkoako Urak enpresak gaur ireki du aurtengo hirugarren hiruhilabeteari (uztaila-abuztua-iraila) dagokon uraren, arazketaren eta saneamendu planaren zerga kobratzeko epea. Urriaren 31tik azaroaren 15era arte ordaindu behar da, borondatezko epean. Helbideratutako kontu korrontearen bidez egingo diete kobrantza zergadunei. Informazio gehiago: 902 30 22 22, www.gipuzkoakour.com.


Gipuzkoako Ur Kontsortzioak apirilaren 30etik maiatzaren 15era arte kobratuko die Gabiriako zergadunei ur sareari dagokion 2011ko lehen erreziboa. Aurreneko hiruhilekoari dagokion tasa da, uraren, arazketaren eta saneamendu planarena. “Jarritako borondatezko ordaintzeko epea bukatu ondoren ordaintzeke dauden kopuruak Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzen dira, eta erakunde hori arduratuko da kobrantzaren kudeaketaz”, dio iragarki ofizialak.


Aurtengo urterako Gabirian zaborraren bilketa-trataerarengatik eta ibilgailuengatik zenbateko udal tasak ordaindu behar diren zehaztu du Gabiriako Udalak. Abenduaren 20an egindako udalbatzarrean erabaki zituzten zerga berriak, eta ostiralean GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen behin betiko bihurtu diren iragarkia.

Zabor edukiontziak Simontxoene aurrean, Kurutz-Bakarreko hondakindegira eraman aurretik

Zabor bilketa, bereizketa eta tratamenduaren zergari dagokionez, etxebizitzako 106 euro ordaindu beharko da urteko tasa. Industriek 132,54 euro.

Ibilgailuen zerga honela laburbil daiteke:

  • Turismoak: 28,60 eurotik 209,86 eurora, zaldi fiskalen arabera.
  • Autobusak: 132,22 eurotik 235,38 eurora, bidaiari-toki kopuruaren arabera.
  • Kamioiak: 67,11 eurotik 235,38 eurora, eraman dezakeen kargaren arabera.
  • Traktoreak: 28,05 eurotik 132,22 eurora, zaldi fiskalen arabera.
  • Atoiak: 28,05 eurotik 132,22 eurora, erabil dezakeen kargaren arabera.
  • Motorrak: 7,01 eurotik 96,15 eurora, zilindro-neurriaren arabera.