Posts Tagged ‘taldeak’


Dhuba musika taldearen azkeneko emanaldia telebistan izan da. Goierri Telebistako Ikusi irratia saioan elkarrizketatu zituen Mikel Alvarez kaztetariak taldeko hiru kideak, Nerea Iztueta gabiriarra, Ane Arrieta segurarra eta Irati Badiola zegamarra.


Aizpurutxon (Urretxu eta Azkoitia bitarteko auzoan), auzoko hirugarren bertso sariketa jokatuko da, ostiralean. Herri arteko bertso desafio gisa planteatu dute aurten, hiru talderen artean. Tartean, gabiriarrak izango dira. Azkoitiko taldea, Gabiriakoa eta Zumarraga-Urretxuko ariko dira kantuan. Bertso afaria izango da, Itziar jatetxean, 20:30ean hasita. Izena emateko: Itziar jatetxea (943 85 26 30) eta Gorka (652 77 80 36).

Sariketa horren lehendabiziko edizioa, 2011n, Maialen Akizuk irabazi zuen.

Aizpurutxoko III. Saria bertso lehiaketaren kartela.

Aizpurutxoko III. Saria bertso lehiaketaren kartela.

 


Dhuna talde goierritarrak ostiralean herrian eman zuen kontzertuaren pasarte bat da hau. Goierri Telebistak grabatu zuen. Nerea Iztueta gabiriarra, Ane Arrieta segurarra eta Irati Badiola zegamarra, kantuan. Harrera ona izan zuen entzuleen partetik. Ordubete pasatxoko saioa osatu zuten hiru goierritarrek, jendearen gozamenerako.

Dhunako kideak ere pozik geratu dira, bai ostiraleko Gabiriako kontzertuarekin, bai biharamunean Idiazabalen egin zutenarekin. Honakoa idatzi zuten Facebooken, igandean: “Asteburu bikaina izan da! Eskerrik asko bai gabiriarrei bai izaldarrei guztiagatik! Primerako harrera egin diguzue, eta gozatu egin dugu bi kontzertuetan! milesker gonbidatzeagatik, eta eskerrik asko gerturatutako guztioi!”.


Goierriko hiru neskak —tartean gabiriar bat— osatutako Dhuna musika taldeak kontzertua egingo du, gaur gauean, Gabirian. Eliza ondoko antzokian da, 22:00etan. Udaberri Kulturala egitarauko ekitaldia da.

Nerea Iztueta gabiriarrak abesten du, taldean. Ane Arrieta segurarra eta Irati Badiola zegamarra dira beste bi musikariak. Beraiek sortutako abestiak kantatzen eta jotzen dituzte, tresna batzuk lagun. Badiolak konposatu ditu. Kontzertuan hamar-bat pieza entzun ahalko dira.

Musika “lasaia eta goxoa” egiten dute. Otsailaren 2an jo zuten lehen kontzertua, Urretxuko KKinZona irratian. Jendaurreko lehenbiziko ekinaldia Seguran izan zuten, martxoaren 8an, Botikaxar kultur gunean. Biharamunean, martxoak 9, Urretxu-Zumarragako Gaztelekuan jo zuten.

Gabiriakoa jendaurreko hirugarren kontzertua da. Bihar, larunbata, Idiazabalen joko dute, 19:30ean, Gaztelekuan. Gozatzeko kontzertua, galdu ezinekoa!

Hau KKinZona irratian jo zuteneko bideoa da:

 


Aurten ere ukitu gabiriarra benetakoa izango du Urretxu-Zumarragako bertso eskolakoek antolatzen duten Martxoan Bertsoa lehiaketa herrikoiak. Gabiriarrek osatutako hiru talde izango dira partaide, XI. ekitaldian; bederatzi bertsolari-bertsogile-bertsozale-bertsogin. Horiez gain, gabiriar jatorriko beste bi ere badira, beste bi taldetan.

Martxoaren 8an hasiko da lehiaketa, eta aurten kanporaketa bat gutxiago izango du: lau denera. Bi asteburutan jokatuko dira laurak, eta martxoaren 22rako, ostirala, utzi dute finala, ohi bezala Urretxuko Gaztelekuan.

Herritarrek antolatu dituzten hiru taldeak hauexek dira:

  • Jokin Murua, Endika Igartzabal eta Aratz Igartzabal. Martxoaren 8an, ostirala, Urretxuko Motz tabernan kantatuko dute, 23:00etan.
  • Oier Oiarbide, Mikel Asurabarrena eta Gorka Maiz. Martxoaren 9an, larunbata, Ezkioko Igartubeiti baserrian, 18:30ean.
  • Iban Maiz, Eñaut Asurabarrena eta Aitzol Iturbe. Martxoaren 15ean, ostirala, Urretxuko Fox tabernan, 23:00etan.

Beste herritarrak, Aitor Lizarazu (Aretxabaletako bi lagunekin ariko da), eta Maialen Akizu (Amaia Iturriotz eta Itziar Pildain taldekide) dira. Horiek martxoaren 8an kantatuko dute.

Saio bakoitzeko bertsolariak ikusteko, agendara joan.

Martxoan Bertsoan behin baino gehiagotan irten dira gabiriarrak txapeldun. 2011n Jokin Murua, Gorka Maiz eta Oier Oiarbide izan ziren irabazle. Iaz, Endika, Gorka eta Mikel Asurabarrena txapeldunorde geratu ziren, dezima batzuengatik. 2010ean, Aitor Lizarazu eta Ander Kerejeta lehengusuen Tupis Tupau taldeak irabazi zuen, Manex Mantxolak hirukoa osatuta (2008an bigarren); 2009an Jokin, Oier eta Endika Igartzabal garaile.

Halako harrobiarekin, herrian bertan ere bertso-festa jartzen ez legoke zaila. Martxoan Bertsoko txapeldun sorta, behean (argazkiak: Zumarraga-Urretxuko Bertso Eskola).

This slideshow requires JavaScript.

 


Ekainaren 27an hasi ziren herriko udalekuak etzi, ostirala, bukatuko dira. Ia hilabetean jardun dira 33 haur gabiriar goizero-goizero elkartu eta denborapasako ekimenak egiten, lau begiraleren zaintzapean. Bukaera iritsi zaie, baina aurretik beste bi egun dituzte lagunartean ondo pasatzeko.

Haurrak eta begiraleak. AMM

 

Adina kontuan hartuta hiru taldetan banatuta aritu dira, bakoitzak bere edaderako egokienak zituen jolasak, eskulanak, jokoak eta beste egiten. Denak batera ere bai, noski. Egun batean Garaioko urtegira (Araba) txangoa egin zuten. Sanferminak, ur jokoak, txangoak, mozorroak… denetarik egin dute. Gaur, adibidez, talde bat Murgilen izan da, herriko parajeak ezagutu eta bien bitartean ‘bandera jokoan’ jolasteko.

Haurrak eskola aurrean, gaur, udalekuetako argazkia ateratzeko. AMM

 


Gabiria Aurrera hautes taldea osatzen duten zazpi hautagaiak eta hiru ordezkoak.

 

Gabirian osatu den bi hautagaitzetako bat den Gabiria Aurrera taldeak asteburuan zabaldu du herrian zehar udal hauteskundeetarako programa. Diptiko baten barrualdeko bi orritxoetan aurkeztu ditu proposamenak, hautagaiak bezainbeste ardatz emanez.

Ainhoa Aizpuru Murua da Gabiria Aurreraren alkategaia. Bukatzear den legealdian alkate da, eta 2003-2007 legealdian zinegotzi izan zen, bi aldietan GHE Gabiria Hautesle Elkartearen izenean. Zazpi hautagaietatik lau gizonezkoak dira, eta hiru emakumezkoak. Gaur egungo udalbatzan dauden lau zinegotzi aurkeztu dira berraukeraketara. Beste hirurak berriak dira. Ordezkoetan, bi gizonezkoak dira eta bat emakumezkoa. Lehenbiziko erreserba Xabier Murua da, bi hamarkada pasatxoan alkate izandakoa.

Gabiria Aurrera taldearen zazpi hautagaietatik lau zinegotzi izan diren arren, hautes elkarteak berak estreinako parte-hartzea du udal hauteskundeetan. 1979an eta 1983an EAJ aurkeztu zen, eta 1987an, 1991n eta 1995ean EA. Aurreko hiru hauteskundeetan herriko hautagaitza-zerrenda bateratua babestu izan du eragile politiko horrek, bi zutabeetako bat izanez.

Hauteskunde programan, hautagai bakoitzaren argazkiaren alboan ardatz edo ildo bana zehazten ditu Gabiria Aurrerak: kudeaketa, elkarlana, kultura, auzolana, hezkuntza, adinekoak eta azpiegiturak. 

Gabiria Aurreraren programaren ildoak.

(gehiago…)