Posts Tagged ‘sasipilotari’


VI. Sasipilotari txapeketa finalaren zain geratuko da, gaurkoarekin. Bigarren finalaurrekoa jokatuko dute, gaur arratsaldean, Alkainburu frontoian. Iazko txapeldunek jokatuko dute, batetik, Jon Ander Larrañaga-Eñaut Asurabarrena bikoak. Haien aurkari, Jokin Murua eta Iker Arratibel izango dira. Larrañaga-Asurabarrenak aurrekanporaketa bat gainditua dute dagoeneko; bost bikote zeuden, eta finalerdiak nork jokatu ebazteko galbahean aurrera egin zuten, Joseba Iztueta eta Oier Oiarbide alboratuta.

Abuztuaren 13ko finalean ziur izango den bikote bat, dagoeneko zain daukate: Aratz Igartzabal-Beñat Maiz bikoa. Horiek Jon eta Iban Maiz kanporatu dituzte, finalaurrekoan.

Sasierraketalarin, berriz, gaur eguerdian jokatu da lehendabiziko partida. Hamar bikote daude izena emanda. Aurrekanporaketa jokatuko dute lauren artean, eta ondoren kanporaketa modura izango da lehiaketa, eta ez hasieran pentsatu bezala bi multzotan banatutako ligaxka eran. Final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatuko dira, horrenbestez, erraketan.


Sasierraketalari lehiaketa herrikoiak esku huskako Sasipilotarik baino partaide gehiago izango ditu, aurtengo udan. Erraketan 20 lagunek eman dute izena, eta antolakuntzak 10 bikote osatu ditu. Sasipilotarin, berriz, hamar lagun apuntatu dira, eta bost bikote osatu dituzte. Datorren astean hasiko dira partidak jokatzen, Alkain-Buru pilotalekuan. Finalak, bi arloetan, abuztuaren 13ko ‘Ezer ez eta festa’ egunean izango dira, arratsaldean.

Erraketako lehiaketan, hasieran bikoteak mistoak izango zirela aurreratu zuten antolatzaileek. Bost neska bakarrik apuntatu dira, ordea, eta beste bikoak mutilek osatuak izango dira. Hamar bikoteak bi multzotan bereizi dituzte, bosna bakoitzean; ligaxka eran jokatuko dute, denek denen aurka. Partidak 35 tantora izango dira, sakea 4tik 4ra; pasa 7an, baina ez da faltatzat hartuko.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

I. Sasierraketalari txapelketako jokalariak, 2011n. Txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Multzo bakoitzeko sailkapeneko lehenengo bi bikoteek euren artean finalaurrekoak jokatuko dituzte; eta horietako irabazleek (A eta B multzoetako onenak, azken batean) finala abuztuaren 13an izango dute. Ligaxkako partida guztiak abuzturako jokatuta egon beharko dira. Ligaxkako aurreneko partidak jokatutakoan, antolakuntzak zehaztuko ditu hurrengo neurketak nork noren aurka egingo dituzten.

VI. Sasipilotari lehiaketan, berriz, hamar lagun bakarrik apuntatu dira, eta bost bikote osatu ditu antolakuntzak. Lehenbizi, bi bikotek aurrekanporaketa bat jokatuko dute euren artean, eta irabazleak jarraituko du aurrera. Geratzen diren lau bikoteek finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta horko irabazleek finala. Iaz Jon Ander Larrañaga-Eñaut Asurabarrena bikoteak irabazi zuen pilota txapelketa, eta, horregatik, aurten ere biek elkarrekin jokatuko dute. Hain justu, aurrekanporaketa jokatzea egokitu zaie.


Herriko pilota txapelketa herrikoiaren deialdia egin dute antolatzaileek. Sasipilotari lehiaketaren VI. edizioa jokatuko da, uztailean eta abuztuan. Finala, ohi bezala, abuztuaren 13an jokatuko da, Andre Mari jai nagusien atarian, lehenengo ekialdi bezala.
Izena emateko epea ireki dute. Datorren astelehenean, uztailak 1, bukatuko da. Ostatuan eta Aztiri erretegian utzi dituzte orriak, eta horietan idatzi behar da norberaren izena. Bikoteak antolatzaileek osatuko dituzte, gero.
Sasipilotari esku huskako arloarekin batera, aurten Sasierraketalari frontenis txapelketa ere izango da, aldi berean. Aurreko urteetan ez bezala, erraketakoa mistoa izango da aurten, ez neskena soilik. Neska-mutil bikoteek jokatuko dute.
Bikoteak egiteko zozketa izena emateko epea bukatu bezain laster egingo dituztela esan dute antolatzaileek. “Jokatu beharreko partidak noiz jokatuko diren ere antolakuntzak ezarriko du aurten, eta egun horiek estuki bete beharko dira”, azaldu dute.
Izena emateko erritmoa motel samar doala, eta jendeari animatzeko eskatu diote.


Sasipilotari pilota txapelketa herrikoiaren bosgarren ekitaldirako izen-emate epea beste astebete gehiago izango da. Berez atzo, astelehena, jaso behar zituzten orriak jatetxe eta elkarteetatik, baina oraindik “jende gutxi samar” dagoenez apuntatuta —”hogeitik behera”—, egun batzuk gehiago utzi dituzte. Datorren astelehenera arte, uztailak 2, izango da izena emateko modua, hala.

Aztirian, Korta jatetxean eta herriguneko tabernan edo elkarteetan daude inskripzio-orriak. Banaka apuntatu behar da, eta gero antolatzaileek egingo dituzte bikoteak, zotz eginda. Bestetik, aurreratu dutenez, binakako lehiaketa osatzeko lain jende ez bada biltzen, aurtengo Sasipilotari buruz burukoa eta 16 tantora izatea aztertzen ari dira.


Pilota txapelketa herrikoiak, Sasipilotarik, bosgarren ekitaldia izango du, uda honetan. Izena emateko epea zabalik dago, astelehenera (ekainak 25) arte. Herriko hainbat tabernatan jarri dituzte antolatzaileek orriak, eta han idatzi behar da norberaren izena. Aztiriko jatetxeetan, Kortan eta herriguneko elkarte eta ostatuan daude inskripzio orriak.

Esku huskako pilota lehiaketa binaka bada ere, izena banaka eman behar da. Astelehen arratsaldean bertan egingo dute zozketa, bikoteak izendatzeko. Mantenduko duten biko bakarra iazko irabazleena da: Iñaki Oiarbide-Jon Agirre. Gainontzeko partaide guztiak zozketa-ontzian sartuko dira.

Izaera herrikoikoa denez, pilotan federatutakoek ezingo dute parte hartu. Partidak uztailean hasiko dira –antolatzaileek abisatuko dute—, eta finala, ohi bezala, Andre Mari jaien atarian.

Sarierraketalari lehiaketa ere izango den itxura guztia dago aurten ere. Iaz izan zen nesken arteko erraketako lehen txapelketa. Lau lagunek parte hartu zuten, bi bikotetan banatuta; partida bakarra jokatu zuten, Sasipilotariko finalaren aurretik.


Festak hasi eta berehala, gaur arratsaldean jokatu da IV. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoiaren finala, Alkain-Buru pilotalekuan. Frontoiko eserlekuak jendez bete dira. Jaialdian hiru partida jokatu dituzte. Lehenbizi I. Sasierraketalari txapelketa (partida bakarra izan da, gaurkoa); ondoren, esku huskako eta binakako Sasipilotarirena, eta hirugarren lau jubenilek egin duten erakustaldia.

Sasipilotari lehiaketako irabazleak Iñaki Oiarbide eta Jon Agirre (gorriz) dira. 22 eta 14 menderatu dituzte Josu Elgarresta eta Anartz Agirre. Partida gogorra izan da, fisikoa atzelarientzat, eta tanto zirraragarriak tartekatutakoa. Gorriek hasieran hartu duten abantaila nahikoa izan dute markagailuaren presiorik gabe eroso jokatzeko. Banako berdinketaren ondotik, 10 eta 2 aurreratu dira Oiarbide eta Agirre.  Alderik handiena hamar tantokoa eduki dute (13-3). Susperraldia iritsi zaie urdinei, eta 13-7raino hurbildu dira.

Finalistak, partida bukatutakoan. Txapeldunordeak (urdinez) eta garaileak (gorriz). AMM

Parekotasunez joan dira makina bat tanto jarraian, bat alde batera, bestea bestera eroriz. 14 eta 9koan, 15-10ean, 16-11n, 17-12an bost tantoko aldea mantendu da. Bukaerako txanpan gorriek gehiago asmatu dute, 20-12raino joateko. Azken emaitza 22 eta 14koa izan da. Estreinako aldiz aztiriarrek jokatu dute finalean; ez batek, bik baizik.

Erraketalari txapelketa aurten iragarri dute lehenbiziko aldiz antolatzaileek, neskentzat. Bakarra apuntatu zen, eta partida bat bederen jokatzeko lau pilotari elkartu dira gaurko. Maialen Akizu eta Ainhoa Arratibel aritu dira bikote batean, eta Eresti Oiarbide eta Lierni Asurabarrena bestean. 22 eta 15, lehen bikoteak irabazi du I. Sasierraketalari lehiaketa.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Hirugarren partidan Gabiriako bikotea Lazkaoko beste bikote baten kontra aritu da. Aratz Igartzabal eta Julen Murua batetik, Manex eta Beñat Garmendia lehengusu lazkaotarrak bestetik. Denak Lazkaoko Lapke pilota eskolan aritzen dira, eta erakustaldi polita eskaini dute. Lazkaotarrek irabazi dute, 18 eta 11.

Lazkaoko pilota eskolan dabiltzan mutikoak, bi lazkaotar eta bi gabiriar. AMM

Sasipilotari lehiaketaren lau urteotako palmaresa:

  • 2008. Irabazleak: Josetxo Sagarna-Beñat Maiz. Txapeldunordeak: Felix Maiz-Iñigo Igartzabal.
  • 2009. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Iñaki Arratibel-Jokin Murua.
  • 2010. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Aimar Maiz (Josetxo Sagarnaren ordez, min hartua)-Gorka Maiz.
  • 2011. Irabazleak: Iñaki Oiarbide-Jon Agirre. Txapeldunordeak: Josu Elgarresta-Anartz Agirre.

 

 


Honezkero lau bikote besterik ez dira geratzen IV. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoian. Izena eman zuten 36 partaideekin 18 bikote osatu zituzten antolatzaileek; bi aurrekanporaketa, zortzi final zortziren eta lau final-laurden jokatu dira uztailaren erdialdetik. Azken txanpan sartua da lehiaketa.

Bihar, asteartea, finalaurrekoak jokatuko dituzte Alkain-Buru pilotalekuan. Bi finalerdiak bata bestearen atzetik izango dira, 18:30ean hasita.

Hauexek dira finalaurreko bi partidak:

  1. Josu Elgarresta – Anartz Agirre / Iker Etxezarreta – Eñaut Asurabarrena.
  2. Jon Agirre – Iñaki Oiarbide / Nikolas Igartzabal – Iñigo Igartzabal.

Finala larunbatean , abuztuak 13, izango da, Andre Mari eta San Roke jaien egitarauaren barruan, “ezer ez eta festa” egunean. Orduan 18:00etan hasiko da finaleko pilota jaialdia. Ziur esan daitekeena da txapeldun berriak izango direla aurten, aurreko bi urteetako bikote garailea kanporatua izan baitzen final zortzirenetan.


Izen-emate epea itxita, pilotariak apuntatuta, bikoteak zozketaz zehaztuta, eta kanporaketen organigrama osatuta dauka Gabiriako IV. Sasipilotari txapelketa herrikoiak. Uztailaren lehen asteburuan hastekoa bazen ere, zertxobait atzeratu egingo da. Aurreko hiru urteetan bezala, bikoteka eta eskuz jokatuko da pilota txapelketa, Alkain-Buru pilotalekuan.

Partaidetza aldetik markak gainditu ditu aurtengoak: 36 pilotarik jokatuko dute azkenean, iaz baino lauk gehiagok, eta duela bi urte baino bi gehiagok. 2010etik eta 2009tik bere horretan mantendu den bikote bakarra txapeldunena da, Iñigo Muruak eta Eñaut Igartzabalek elkarrekin jokatuko dutelako aurten ere, azken bi urteetako garaile direnez.

Partaide batzuk, kanporaketen kartelari begira, gaur. Arg.: AMM

Bikote kopuruak eraginda, lehenbizi aurrekanporaketako bi partida jokatuko dira. Bikote irabazleak final zortzirenetara sartuko dira, gainontzeko 14 bikoteak bezalaxe. Bikote garaileak egingo du aurrera, eta galtzaileak kanpora geratuko dira. Partida bakarrean dena eman beharko da, beraz. Final zortzirenak, laurdenak, finalaurrekoak eta finala (abuztuaren 13an) dira faseak. Iazko txapeldunak ere final zortzirenetan hasiko dira jokoan.

(gehiago…)


Larunbatean da hastekoa V. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoia. Gazteek antolatuta, kanporaketa eran jokatuko da, uztailean eta abuztuaren lehen hamarraldian. Finalak Andre Mari jaien atarian izango dira, ohi bezala.

Aurrez, ordea, izena emateko epea dago. Bihar, ekainak 30, itxiko dute. Ostatuan, Osinalde elkartean, Kortan eta Aztiri erretegian jarri dituzte orriak. Horietan idatzi behar da izena; antolatzaileek zozketa egingo dute horien artean, bikoteak zehazteko. Telefonoz hots eginda ere apunta liteke: 685 76 58 57 (Beñat) edo 679 04 45 72 (Eñaut).

Esku huskako sailaz gain, 14 urtetik beherakoen arteko lehiaketa ere antolatu da. Bestetik, estreinako aldiz, neskentzat fronteniseko txapelketa jarri dute.


Iritsi da herriko pilota txapelketaren ordua. Sasipelotari lehiaketaren laugarren ekitaldiari irteera eman diote gazte antolatzaileek, izena emateko orriak jarrita. Larunbatean ipini zituzten zerrendak herriko lau tabernatan, eta ekainaren 30era arte dago aukera apuntatzeko. Aurten emakumezkoentzako erraketa txapelketa da nobedadea.

Toki hauetan idatzi behar da izena: Ostatuan, Osinalde elkartean, Kortan eta Aztiri erretegian. Bi telefono zenbaki ere jarri dituzte eskuerara, erosoago zaionarentzat: 685 76 58 57 (Beñat) eta 679 04 45 72 (Eñaut).

Ohi bezala, eta aurreko hiru edizioen egiturari eutsita, izena emandako norbanakoen artean zozketa egingo dute, pilotari bikoteak osatzeko. Salbuespen bakarra iazko irabazleekin egingo dute, Eñaut Igartzabal eta Iñigo Murua txapeldunek elkarrekin jokatuko dutelako aurten ere.

Uztailaren 2an, larunbata, hasi nahi dute lehenbiziko kanporaketak jokatzen. Finala Andre Mari jaien atarian jokatuko da.

Haurrentzat beste sail bat antolatu dute herriko gazteek. 14 urtetik beherakoek euren txapelketa izango dute. Berrikuntza bezala, lehen aldiz emakumezkoentzat erraketa lehiaketa sortu dute, I. Sasierraketalari Txapelketa. “Batzuek esaten zuten esku pilotan egitera ez zirela animatuko, baina erraketa txapelketa izanez gero bai. Horregatik antolatu dugu. Ea animatzen zareten neskak ere, bai erraketan, bai eskuz”, esan dute antolatzaileek.


Abuztuan ospatuko diren Andre Mari festetako egitaraua atontzen hasteko, lehenengo bilera egingo da asteazkenean, ekainak 8, 19:00etan Etxeberri kultur etxean. Kultura Batzordeak gidatuta, jai egunetako ekitaldiak zein izan litezkeen pentsatu eta horiek antolatzen hasiko dira.

Aurreratu litekeena da aurten ere Sasipilotari txapelketa izango dela. Antolatzaile diren gazteek aurki egingo dute parte hartzeko eta izena emateko deialdia. Laugarren edizioa izango du pilota txapelketa herrikoiak. Aurrez kanporaketak jokatuko dira, eta Andre Mari jaietan finala.