Posts Tagged ‘ruben lantz’


Euripean baina korrikarako tenperatura egokian jokatu zen atzo Aztiriko VII. Mendi Lasterketa, 11,5 kilometroko zirkuituan. 35 partaideen artetik azkarrena Ruben Lantz legazpiarra izan zen, eta bigarren aldiz proba hori irabaztea lortu du. 46:04 minutuko denboran itxi zuen bi itzuliko lasterkaldia. Zuhaitz Ezpeleta, Legazpin bizi den arrasatearra, oso gertu izan zuen une oro, eta helmugan atzetik 6 segundora bakarrik sartu zen (46:10). Gizonezkoen podiuma Juanjo Igartzabal aztiriarrak osatu zuen, hura ere berehala baitzen bukaeran aurreko biengandik (46:37).

Korrikalariak irteeran.

Gizonezkoen lehen hiru sailkatuek lehendik ere irabazia zuten proba hori. Txapeldunen arteko lehia izan zen, beraz. Hasieratik hirurek jo zuten aurrera. Lehen itzuliaren ondoren Igartzabalek tartetxoa utzi behar izan zuen; Lantzen eta Ezpeletaren buruz burukoa izan zen azkenerako. Zabaleta baserritik Santa Marina gainerako azken igoeran Lantzek indar gehiagoz jo zuen aurrera. Aldea oso-oso txikia izan, hala ere.

Ruben Lantz, helmugaratzen.

Emakumezkoetan Nerea Amilibiak irabazi du, 56:40 minuturekin. Bigarren Elena Calvillo beasaindarra (57:21) eta hirugarren Rakel Aperribai legazpiarra (1:01:51) izan ziren.

Nerea Amilibia, lehen emakumezkoa.

Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko eremua hartzen duen Goierri Garaia Atletismo Taldeak antolatu du aurten ere lasterketa. Gune horretako “lehen herritarra” ere saritu dute, bai gizonezkoen artean, bai emakumezkoetan. Cipri Burciok eta Antxine Kerejetak jaso dute zegokien saria. Bestetik, janari eta opari sortak ere zozketatu zituzten partaideen artean.

Aztiriko VII. Mendi Lasterketako saritu guztiak, kioskoan.

SAILKAPENAK

Gizonezkoetan:

  1. Ruben Lantz, 46:04.
  2. Zuhaitz Ezpeleta, 46:10.
  3. Juanjo Igartzabal, 46:37.

Emakumezkoetan:

  1. Nerea Amilibia, 56:40.
  2. Elena Calvillo, 57:21.
  3. Rakel Aperribai, 1:01:51.