Posts Tagged ‘probak’


Aztiri Bat elkarteak eta Goierri Garaia Atletismo Taldeak antolatzen duten Aztiriko Mendi Lasterketak zortzigarren ekitaldia izango du igandean, uztailak 15. Santa Marina jaien barruan, igande goizean da korrika-proba, 11:00etan hasita Aztiria gainetik.

Ibilbideari dagokionez ez da aldaketarik izango, aurreko urteetatik. 11,5 kilometro luze izango ditu zirkuituak. Aztiri Bat soziedadearen paretik abiatu, honako ibilia egin beharko dute kroslariek: Lizardi – Gaintzabal – Legorburu – Zabaleta – Makatzaga – Biurrain Behekoa – Biurrain Goikoa – Aztiria. Zirkuituari bi buelta ematea da zeregina.

Planoa

Perfila

Sariak ere finkatuta daude. Gizonezkoek eta emakumeek jasoko dute hauetako sari bana:

Sailkapen orokorra:

  1. 90 euro eta garaikurra.
  2. 50 euro eta garaikurra.
  3. 30 euro eta garaikurra.

Lehen herritarra (Gabiriako nahiz Legazpiko bizilaguna):garaikurra.

Partaideen artean lau saski zotz egingo dituzte. Parte-hartzaileei hamarretakoa emango diete, baita ura ere. 16 urtetik gorakoek irten ahalko dute.

Aztiriko 8. Mendi Lasterketa 2012-7-15 esku-orria

Gipuzkoako Atletismo Federazioko aipamenera lotura.

Palmaresa:

Aztiriko Mendi Lasterketak
Urtea Aldia Garaileak
Gizonak Denbora Emakumeak Denbora
2005 1.a* Zuhaitz Ezpeleta 35:21 Elena Huarte 50:19
2006 2.a Mikel Nabarro 49:26 Lurdes Intxausti 1:10:12
2007 3.a Juanjo Igartzabal 47:22 Romy Mey 58:16
2008 4.a Juanjo Igartzabal 47:36 Lurdes Intxausti 1:05:50
2009 5.a Ruben Lantz 47:12 Pilar Arriola 1:07:54
2010 6.a Juanjo Igartzabal 46:41 Rakel Aperribai
2011 7.a Ruben Lantz 46:04 Nerea Amilibia 56:40

*2005eko lehen edizioan ibilbidea 9,5 kilometrokoa zen. Beste guztietan, 11,5 km-koa.


Gabiriako errepideetan eta mendateetan adin, kolore eta lehiaketa askotako txirrindulariak igaroko dira datozen hiruzpalau egunetan. Txirrindulari karrerak sartzeko aparteko lekua dela dirudi herriak; zirkulazio txikia, ingurune lasaia, sare nagusitik aparteko errepide egokiak, eta aldapa. Osagai bikainak ziklismorako. Bada, asteburu honetan –eta hurrengoan– nabarituko da, lau lasterketa igaroko direlako.

Lehenbiziko presentzia juniorrena izango da. Gipuzkoako 23. Itzuliko lehen etapa, Olaberria-Olaberria (75 km), larunbat goizean pasatuko da Gabiriako herrigunetik. Alegia aldetik igoko dute, eta gainean 11:27rako izatea aurreikusten dute. Gabiriatik behera, Ugaranean, Lierniko bidegurutzeraino joango dira, han eskuinera hartu eta Lierniri ekiteko (11:37). Lehenago ere Liernitik pasatuko dira, 10:45ean, Ormaiztegitik gora.

Larunbatean bertan, baina arratsaldean, udalerriaren mugetan sartuko ez badira ere, herritarrei eragin diezaiekeen beste lasterketa bat igaroko da ingurutik: Segurako San Joan Saria lasterketakoak, eliteko eta 23 urtepeko afizionatuak (Euskaldun torneoa). Segura-Ormaiztegi-Lierni-Mutiloa-Segura zirkuitua bost aldiz egingo dute, 113,4 kilometro denera. Ormaiztegitik Liernirantz joango dira pasaera guztietan, honako orduetan (Ormaiztegin): 16:36an, 17:04an, 17:32an, 18:03an eta 18:31n.

Igandean atsedena, eta atzera astelehenean itzuliko dira Gipuzkoako Itzuliko juniorrak herriko bideetara. Segura-Segura hirugarren eta azken etapa (89 km) dute. Lierni bi aldiz igaroko dute lehenik, Ormaiztegitik gora (17:11n eta 17:42an, Ormaiztegin). Gero, Mutiloatik gora Ergoenera igoko dira, meategi alderantz. Bekoetxe-Argindegiko bidegurutzeraino iritsi (17:58), eta handik behera jarraituko dute, Etxeberribengoko zubira (18:01), eta Lierniko kruzera (18:04), Lierni gainditu, eta Mutiloatik Segurako helmuga lehiatzeko.

Azkenik, datorren larunbatean, ekainak 30, Ezkio-Itsasoko Santa Luzia Saria jokatuko da, juniorrena. Ezkioko Santa Luzia auzotik abiatu (16:00), eta Igartubeiti baserriaren parean bukatuko da (18:01), 81,2 kilometro egin ondoren. Bidean, Atagoitiko mendatea (17:16an gainean, Ormaiztegitik igota) eta Gabiriako herrigunea (17:42an, Alegiatik) igoko dituzte.

Hona lasterketa hauen guztien ibilbideak eta ordutegiak:

Gipuzkoako Itzulia. Lehen etapa: Olaberria-Olaberria. Ekainak 23, larunbata

Gipuzkoako Itzulia. Hirugarren etapa: Segura-Segura. Ekainak 25, astelehena

San Joan Saria (Segura). Ekainak 23, larunbata

Santa Luzia Saria (Ezkio-Itsaso). Ekainak 30, larunbata