Posts Tagged ‘prentsaurrekoak’


Autopista Elektrikorik Ez plataformak prentsaurrekoa egin zuen, larunbat eguerdian, Donostian. Deikaztelu-Itsaso goi tentsioko argindar linearen proiektuaren prozedura administratiboa aurrera doala gaitzetsi, eta jarrera hori Espainiako Gobernuaren partetik “inposizioa” dela salatu du. Nafarroako eta Gipuzkoako 173 alkatek maiatzaren 15ean Espainiako Gobernuaren ordezkaritzan aurkeztutako eskariari ez diola kasurik egin salatu du. Proiektuaren tramitazioa gerarazteko, eta erakusketa publikoan ez jartzeko eskatu zuten alkateek, harik eta 2014-2022 plangintza elektrikoa onartzen ez den bitartean, behintzat. REE Red Electrica de España SA enpresak —proiektuaren egilea eta sustatzailea— maiatzaren 31n argitaratu zuen proiektuaren erakusketa publikoa eta baimen eskaera Gipuzkoako eta Nafarroako aldizkari ofizialetan. Proiektua udaletara ere iritsi da.

Agerraldian izan ziren Ibon Elkarresta Gabiriako alkatea eta  Iñaki Ugalde Mutiloakoa ere. Udalburuek proiektuaren aurka dauden 216 udal eta kontzejuen izenean esan dutenez, kaltetuak izango diren ia herri guztietako erakunde lokalen ordezkariekiko errespetu falta da tramitazioarekin segitzea. Neurri horretako proiektu erraldoi bat horrenbesteko azkartasunarekin tramitatu nahi izatea harrigarritzat jo dute, eta gogorarazi dute REEk berak aitortua duela inolako urgentziarik ez daukala linea horrek. “Herrien etorkizuneko garapena baldintzatuko du lineak. Gainera, bere beharraren justifikaziorik ez dago ez hornikuntza aldetik, ez energia eskaera aldetik”.

Plataformaren bozeramaile Alberto Friasek gaineratu du autopista elektriko horrek 127 kilometro luze izango dituela, Deikaztelu (Nafarroa) eta Itsaso (Ezkio-Itsaso, Goierri) artean. Berez Gabirian amaituko da linea, Katarain baserriaren inguruan, hor Gasteiz-Itsaso lineari batuko bailitzaioke. Zabalean 50 metroko pasabidea soilduko lukete, azpian. 248 dorre eraikiko dituzte, 85 metroko altuera ere hartuko dutenak. “Natura 2000 Sarean babestuta dauden eremuei zuzenean eragingo die lineak, Urbasa-Andia edo Oria Garaia Zaintza Bereziko Zonaldeei adibidez, Galzorian dauden espezieen Euskal Katalogoko 57 espezieri ere bai, eta hiru mila zuhaitz (623 haritz, 613 pago eta 268 arte) moztea ekarriko luke berehalako ondoriotzat.

Prentsaurrekoa Donostiako Atotxa dorrearen oinean egin dute, hain justu. Hiriko etxebizitza garaiena da, 70 metro altukoa. Alderaketa egin dute, eraiki nahi dituzten dorreen altuera 85 metrokoa dela nabarmenduz.

Agerraldia Donostian. Linearen matxoiek Atotxa dorreak (70 metro ditu) baino 15 metro gehiagoko altuera izango lukete.

Agerraldia Donostian. Linearen matxoiek Atotxa dorreak (70 metro ditu) baino 15 metro gehiagoko altuera izango lukete.

Bestetik, Friasek esan du jakinazpen publian jarritako proiektuak ez duela betetzen Europako Batasunaren Prekauzio Printzipioa, eremu elektromagnetikoek osasunean izan dezaketen kalteen ingurukoa. Proiektuaren memorian dioenez, 28 herri lineatik 1.000 metrora baino gutxiagora geratuko lirateke, bost herrigune 500 metro baino gutxiagora, eta 17 etxebizitza 300 metro baino gutxiagora”. Eragina izango duten eskualdeek etorkizunean ez dutela garapen proiekturik garatzerik izango gaineratu du, eta gaur egun indarrean dagoen araudia de facto indargabetzea.

Ekainaren 16an, hurrengo igandean, Nafarroako eta Gipuzkoako 34 udalerritan —tartean da Gabiria— burutuko diren herri kontsultetan parte hartzeko eskatu du plataformak. Erakundeei, berriz, Diputazioarengandik eta gobernu atuonomikoengandik hasita, aterako diren emaitzak aintzat hartzeko eta boto-kutxetako herritarren gehiengoaren nahia errespetatzeko esan die. Herri galdeketaren xehetasunak ostegunean emango dituzte plataformakoek.

Advertisements

Gabirian, Mutiloan eta Zerainen goi tentsioko lineei buruzko herri galdeketa edo kontsulta egingo da, ekainaren 16an. Aurreko ostiralean herri batzarrean aurkeztutako ideia gaur goizean jakinarazi dute hiru herrietako eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkariek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Denera hiru herrietako 19 lagun —horietatik bost gabiriarrak— agertu dira gaur prentsaurrekoan, bost eserita eta atzean zutik beste hamalau. “Pauso bat aurrera emateko garaia” dela azaldu dute, Red Eléctrica de España SAk Itsaso eta Deikaztelu artean 400.000 volteko goi tentsioko linearen tramitazioarekin aurrera jarraitzea erabaki ondoren (apirilaren 8an REEko bi ordezkarik Gabiriako udaletxean aurkeztu zuten asmoa).

Gabiriako, Mutiloako eta Zeraingo bizilagunak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozemailea, gaur, Donostiako KM Kulturunean./Asier Zaldua–Hitza

Gabiriako, Mutiloako eta Zeraingo bizilagunak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozemailea, gaur, Donostiako KM Kulturunean./Asier Zaldua–Hitza

2011ko abuztuan iritsi zen, lehen aldiz, REEren Itsaso-Deikaztelu linearen proiektuaren informazioa udaletxera. Lehenago, urte bereko martxoan, Gueñestik Itsasora ezaugarri berbereko beste linea bat egiteko asmoa plazaratu zuen. Orduz geroztik, Bizkaiko hiru herrik biltzarra osatu zuten, egitasmoaren aurka; eta Nafarroako eta Gipuzkoako 216 udal eta kontzejutan mozioa onartu dute, aurkakotasuna adierazteko. 2012ko abenduaren 16an, iaz, Altsasuko Aldarrikapenaren bidez, hainbat arlotako 500 pertsona agertu ziren proiektuaren aurka.

“Erreleboa hartzeko garaia dela uste dugu, baita herriaren ahotsa entzunaraztekoa ere, jokoan gure osasuna, gure ingurumena, gure paisaia edota gure garapena bakarrik ez daudelako, hurrengo belaunaldiei utziko diegun etorkizuna ere bai”, esan du Asier Agirre gabiriarrak gaur goizean. Proiektu hori ez dela beharrezkoa gaineratu dute, “ez bada enpresa sustatzailearen eta multinazionalen etekinak, dagoeneko oparoak, ugaritzeko”.

Galdeketan parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak, “zuzenean herritarren iritzia ezagutu dezagun eta erakundeei eskatzeko kontuan har dezaten galdeketaren emaitza”. Proiektuak eragindako beste herriei ere bilera irekiak egiteko deia egin diete, herri galdeketak egiteko aukera azter dezaten. “Eremuan prestigioa duten eta erreferente diren pertsonez osatutako jarraipen batzordea” eratuko da, prozesuaren “gardentasuna eta garbitasuna” erakusteko. Autopista Elektrikorik Ez plataformako Alberto Friasek hiru herrietako bizilagunek hartutako erabakia txalotu du: “Polita da. Gonbidapena egingo diegu beste herriei, herri batzarren bidez gauza bera egiteko”.

Goi tentsioko lineei buruz blog honetan ateratako albisteen bilduma, HEMEN.

Kontsulta deiak hedabide digitaletan izan duen oihartzuna, gaur:

  • Berria.info: “Goi tentsioko linearen inguruko herri galdeketak egingo dituzte. Ekainaren 16an, Gipuzkoako Gabiria, Mutiloa eta Zerain herrietan izango dira bozketak, herri batzarren ekimenez”.
  • Goierri.hitza.info: “Goi tentsioko linearen aurka herri galdeketa egingo dute hiru herritan”
  • Naiz.info: “Gabiria, Mutiloa y Zerain celebran el 16 de junio una consulta popular sobre la línea de alta tensión”
  • Europa Press: “Gabiria, Mutiloa y Zerain celebran el 16 de junio una consulta popular sobre la línea de alta tensión Itsaso-Dicastillo”.
  • Diario Vasco: “Vecinos de Gabiria, Mutiloa y Zerain convocan una consulta popular contra una línea de alta tensión”. Eta bideoa.