Posts Tagged ‘osinalde saria’


Hamar irabazle emakumezkoak baditu jada Osinalde sariketak. Larunbatean, 42. Osinalde Sarian, azken urteetako joera gailendu zen: kantatzen gehienak mutilak (lau), baina garailea neska bat: Nerea Ibartzabal markinarra. Bizkaira bosgarren garaikurra joan da,  hala.

Ibartzabalek jaso zuen entzuleen saria ere, epaileenaz gain. Sari nagusia, Itsasoko Pott zeramika tailerrak egindako irudia, Osinalde elkarteko batzordeko kide Eli Olariagak eman zion Nereari.

Nerea Ibartzabal, irabazlea./Eneritz Gorrotxategi –Osinalde elkartea

Nerea Ibartzabal, irabazlea./Eneritz Gorrotxategi –Osinalde elkartea

Bertsolari bati bi sari ez emateko ohitura dagoenez, bigarrena ere izendatu dute aurten: Imanol Uria algortarra. Herriko hiru jatetxek (Ostatua, Aztiri erretegia eta Korta) ipintzen duen garaikurra Juanlu Eskudero ostalariak eman zion.

Sariketako hirugarren sari tradizionala, bertsorik onenaren egilearena, Iñaki Alemane iruritarrak jaso zuen, hamarreko txikian ofiziotan hirugarren bertsoagatik. Altzibar lorazaintza enpresak eskainia, Edorta Atinek eman zion ikurra.

Sariak jaso zituzten bertsolariak: Aleman, Ibartzabal eta Uria. /Eneritz Gorrotxategi–Osinalde elkartea

Sariak jaso zituzten bertsolariak: Aleman, Ibartzabal eta Uria. /Eneritz Gorrotxategi–Osinalde elkartea

Beste hiru kantukideak Josu Oiartzabal azpeitiarra, Nekane Zinkunegi errezildarra eta Peio Ormazabal arrigorriagarra ziren. Baztarrika gaztandegiko gazta bana oparitu zieten sei bertsolariei. Eñaut Asurabarrenak aurkeztu zuen.

Sei bertsolariak eta gai-jartzailea./Eneritz Gorrotxategi–Osinalde Elkartea

Sei bertsolariak eta gai-jartzailea./Eneritz Gorrotxategi–Osinalde Elkartea

Elkartea bete egin zen, beste behin. Afaltzen 115 lagun ziren, eta jende gehiago sartu zen gero saioa entzuteko. Errifako zenbaki saridunak atera zituzten, hauek:

  • Gabiriako Ostatuan bi lagunentzat afaria: 1054 zenbakia.
  • Korta jatetxean bi lagunentzat afaria: 538 zenbakia.
  • Aztiri Erretegian bi lagunentzat afaria: 317 zenbakia.

Lehenbiziko txartelaren eroslea soziedadean bertan zegoen. Beste bi sarien jabeek hilabeteko epea daukate jakinarazteko. Errifaz gain, porra ere egin zuten, sariak nork jasoko zituen aurrez esanda. Eli Olariagak asmatu zuen ‘kiniela’.

Elkartea, larunbat gauean./Eneritz Gorrotxategi–Osinalde Elkartea

Elkartea, larunbat gauean./Eneritz Gorrotxategi–Osinalde Elkartea


Osinalde bertso sariketaren 42. ekitaldirako osagai guztiak eltzean daude. Bihar, larunbata, jokatuko da sariketa, sei bertsolari gazterekin. Afaria 20:30ean hasiko da, eta ondoren izango da bertso saioa, 22:30-23:00ak aldera. Afaritarako txartel guztiak salduta daude. Saioa entzuteko, sarrera libre da.

Aurrez jokatu diren hiru sarieketetan bina lagunek jaso zuten Gabirian aritzeko txartela. Argi-Berritik (martxoak 9) Josu Oiartzabal azpeitiarra eta Nekane Zinkunegi errezildarra etorriko dira; Osinberdetik (martxoak 16) Iñaki Aleman iruritarra eta Nerea Ibartzabal markinarra; eta Aztiritik (martxoak 23) Peio Ormazabal arrigorriagarra eta Imanol Uria algortarra.

Saioa 42.a den arren, irabazlea 41.a izango da, 1996an ez zelako sariketa izan, 25. urteurreneko saio berezia baizik. Garaile guztiak, hemen.


Lehengoan bit hauen artean ipini genuen Rufino Iraolak Osinalde bertso sariketari buruz esandakoa. Sariketaren antolatzaileei buruz, hobeto esan. Hauxe idatzi zuen Twitter-en: “Badute meritua Eusebio Igarzabalek, Iñaki Muruak eta abarrek, eurak pentsatzen duten baino gehiago estimatzen ditut”.

Gaur, Goiberri astekarian, eskualdeko beste bi bertsolarik loretan blaitu dute herriko lehiaketa entzutetsua. Nerea Elustondo legazpiarrak: “Lehiak lehia, bada ordea nola Martxoan Bertsoan hala Osinalde sariketan errepikatzen den beste faktore bat: giroa. Prestigio eta tradizio handiko sariketa da Osinalde. Ziur, aurten ere, gogoratzeko moduko une bat baino gehiago utziko dizkigutela bertsolari gazteek”.

Gorka Azkarate urretxuarrak, erantzunean: “Zer esan Osinalde sariketaz. Hamarkadak daramatzate Gabiria aldean bertsolari gazteentzat Euskal Herri mailan erreferentzia den sariketa hau antolatzen”.

Bide batez, Elustondok eta Azkaratek hizpide dituzten martxoko bertso lehiaketetean (Goierri garaiko ‘Martxoan Bertsoa’, Beasaingo ‘Bertsomovieda’ film lehiaketa, eta Gabiriako Osinalde, aurreko saio guztiekin), guzti-guztietan gabiriarrak ariko dira. Lehen bietan parte-hartzaile; herriko sariketan, kuriosoki, antolatzaile gisa bakarrik aurten.


Osinalde sariketaren palmaresa, urtez urte.

Abizenean klikatuta, Bertsozale Elkartearen datu basera irispidea, bakoitzaren biografia, bertso-lanak eta bertsolari-ibilbidea ikusteko.

IRABAZLEEN ZERRENDA

  1. 1971, Patxi Iraola (Zaldibia).
  2. 1973, Luis Otamendi (Aia).
  3. 1974, Xabier Zeberio (Itsasondo).
  4. 1975, Joxe Izagirre Attola (Azkoitia).
  5. 1976, Mikel Mendizabal (Itsasondo).
  6. 1977, Juan Inazio Begiristain (Ataun).
  7. 1978, Jose Luis Mugartza Elgetzu (Mallabia).
  8. 1979, Xabier Arrizabalaga Ziarda (Elgoibar).
  9. 1980, Millan Telleria (Albiztur).
  10. 1981, Xalbador Laka (Ondarroa).
  11. 1982, Jon Sarasua (Aretxabaleta).
  12. 1983, Xabier Perez Euzkitze (Azpeitia).
  13. 1984, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II.a (Errezil).
  14. 1985, Pablo Joxe Aristorena (Hernani).
  15. 1986, Joxe Mari Izeta (Usurbil).
  16. 1987, Xabier Narbarte (Lazkao).
  17. 1988, Joxe Ramon Elortza (Ormaiztegi).
  18. 1989, Joxe Munduate (Ataun).
  19. 1990, Bernardo Azpillaga (Errezil).
  20. 1991, Igor Elortza (Durango).
  21. 1992, Maialen Lujanbio (Hernani).
  22. 1993, Aitor Sarriegi (Beasain).
  23. 1994, Pablo Suberbiola (Lasarte).
  24. 1995, Bixente Gorostidi (Amezketa).
  25. *1996, 25. urteurreneko saioa (lehiaketarik ez).
  26. 1997, Jexux Mari Irazu (Larraul).
  27. 1998, Nahikari Gabilondo (Zarautz).
  28. 1999, Arkaitz Goikoetxea (Oiartzun).
  29. 2000, Nerea Elustondo (Legazpi).
  30. 2001, Ainhoa Agirreazaldegi (Bergara).
  31. 2002, Iker Zubeldia (Zegama).
  32. 2003, Iñaki Apalategi (Beasain).
  33. 2004, Oihana Bartra (Bilbo).
  34. 2005, Aritz Aranburu (Zarautz).
  35. 2006, Iban Urdangarin (Ataun).
  36. 2007, Aitzol Barandiaran (Ataun).
  37. 2008, Uxue Alberdi (Elgoibar).
  38. 2009, Maddalen Artzallus (Hendaia).
  39. 2010, Mikel Artola (Alegia).
  40. 2011, Ane Labaka (Lasarte).
  41. 2012, Amaia Iturriotz (Urretxu).

*1972an ez zen antolatu, eta 1996an mende laurdena ospatzeko saioa egin zen (ez lehiaketa), ordura arteko partaide batzuekin.


Osinalde bertso sariketaren 42. ekitaldia gorpuztu dute antolatzaileek. Ohi bezala, Errege egunaren hurrengo egunean (urtarrilaren 7a astelehena zen aurten) elkartu ziren. Azken urteetako egitura bera edukiko du lehiaketak: aurrez hiru saio jokatuko dira, seina bertsolari ariko dira bakoitzean, bertsolari gazteak dira, eta afaria izango da aurretik. Tokiei dagokienez, aldaketa garrantzitsu bat badago, hala ere: Idiazabalgo Axari sariketa desagertu egingo da, eta haren lekua Zaldibiako Osinberde sariak hartuko du. Ordiziako Argi-Berri eta Aztiri dira gainontzeko bi sariak.

Bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira, epaimahaiak puntuz izendatuak, Osinaldeko finala jokatzeko. Saio bakoitzean, entzuleek sarituko dute gaueko bertsolari gustukoena, lekuan lekuko garaikurra emanez: Ordizian Txikia saria, Aztiri saria herriko auzoan, eta berdin Osinberden. Aurretiazko saioak martxoan zehar jokatuko dira. Argi-Berrikoa hasiko da, martxoaren 9an; Osinberde hurrengoa, hilaren 16an, eta Aztirikoa azkena, martxoaren 23an. Osinalde sariketa apirilaren 6an da. Guztiak larunbatak dira.

Sarean dagoeneko ari da sariketa girotzen. Rufino Iraolak Twitterren antolatzaileak goraipatu ditu: “Badute meritua Eusebio Igarzabalek, Iñaki Muruak eta abarrek, eurak pentsatzen duten baino gehiago estimatzen ditut”.

Saioz saio, bertsolari hauexek ariko dira kantuan. Aurten ez dago gabiriarrik. Goierritarra ere bakarra. Antolatzaileek asko begiratzen diote lurraldetasunari, eta aipagarria da aurten sei euskal herrialdetako bertsolariak ariko direla: gipuzkoarrak 8; bizktaitarrak 3; nafarrak, arabarrak eta lapurtarrak bina; eta zuberotarra bat.

1. Argi-Berri Saria (martxoak 9, Argi-Berri elkartea, Ordizia. 20:30ean afaria)

  • Aitzol Iturbe (Antzuola, Gi).
  • Josu Oiartzabal (Azpeitia, Gi).
  • Ainhoa Comas (Amurrio, A).
  • Paula Amilburu (Aramaio, A).
  • Aitor Salegi (Zestoa, Gi).
  • Jokin Bergara (Eibar, Gi).

2. Osinberde Saria (martxoak 16, Osinberde elkartea, Zaldibia. 20:30ean afaria)

  • Iñaki Aleman (Irurita, Na).
  • Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, Bi).
  • Josu Sanjurjo (Lesaka, Na).
  • Nekane Zinkunegi (Errezil, Gi).
  • Maindi Murua (Azkaine, La).
  • Joanes Etxaide (Zegama, Gi).

3. Aztiri Saria (martxoak 23, Aztiri-Bat elkartea, Aztiria. 20:30ean afaria)

  • Maddi Ane Txoperena (Hendaia, La).
  • Imanol Uria (Algorta, Bi).
  • Eneritz Artetxe (Azkoitia, Gi).
  • Peio Ormazabal (Arrigorriaga, Bi).
  • Imanol Irazustabarrena (Alegia, Gi).
  • Joanes Etxeberria (Barkoxe, Zu).

4. Osinalde Saria: apirilak 6, Osinalde elkartea, Gabiria. 20:30ean afaria. Aurreko hiru saioetan sailkatutako bina bertsolarirekin.

Bien bitartean, iazko Osinalde sariko (2012-4-14) bideoa gozagarri, Gotzon Aranburu kazetariak egina:


ETB1eko Hitzetik Hortzera bertsolaritza programako gai nagusia Osinalde sariketa izango dute, gaur (ETB1, 21:00etan). Jon Artanok aurkezten duen saioan gonbidatu berezia ere Gabiriako bertso sariketa ondo ezagutzen duena da: Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editore beasaindarra Hitzetik Hortzera-ren platoan izango da.

Jon Artano, Hitzetik Hortzeraren aurkezlea. Arg.: eitb.com

“Mendiguren bertsozalea da eta kariño handia dio Osinalde sariari. Urte dezente daramatza hutsik egin gabe Gabiriako zitara agertzen. Beti afalostean, baina beti bertso jarduna aditzeko garaiz. Aurten ere han izan da, eta berak hitz egingo du elkarte hartan batzen diren bertsozaleek sortu ohi duten giro bereziaz batetik”, dio eitb.com-en gaur gaueko saioaren aurkezpenak.

Aurreko larunbatean jokatu zen 40. Osinalde sariketa, eta Ane Labaka lasartearrak irabazi zuen. Entzuleen bertsolari gustukoena Endika Igartzabal izan zen eta bertsorik onenaren saria Odei Barroso urruñarrak eraman zuen. Haiekin batera Nekane Zinkunegi, Adur Gorostidi eta Arrate Illaro ziren kantuan.


Larunbat gauean Osinalde elkartean jokatu zen izen bereko XL. Bertso Sariketa Ane Labaka lasartearrak irabazi du. Lehenbiziko partaidetza zuen Labakak, bai Osinaldeko finalean, bai aurreko sailkatze fasean, eta maila dotorea duela erakutsi du aurten Goierrin parte hartu duen bi sariketetan: Axari saria irabazi zuen Gabiriara iritsi aurretik, eta larunbatean Osinalden garaile atera den 39. bertsolaria izan zen.

Ane Labaka lasartearra, XL. Osinalde Bertso Sariketaren irabazlea, larunbat gauean, garaikurrarekin. Arg.: Eneritz Gorrotxategi - Osinalde Elkartea.

Adin askotako entzuleak bildu ziren, beste behin, Osinalde elkartean. Aurretik, ohiko legez, afaria izan zen, 112 lagunekin. Gero, saioa entzuteko 50 bat gehiago sartu ziren, antolatzaileen arabera.

Sari nagusia epaimahaikoak izendatu zuen, puntuaketaren arabera. Horrez gain, saioan zehar entzuleen aburuz txukunen aritu zenaren garaikurra Endika Igartzabal gabiriarrak bereganatu zuen. Iaz, Osinaldeko bere debutean, bigarren egin zuen Aranburukoak.

Endika Igartzabal gabiriarra, entzuleen gustukoenaren saria jaso zuen. Arg.: Eneritz Gorrotxategi - Osinalde Elkartea.

Bertsorik onenaren garaikurra Odei Barroso urruñarrak jaso zuen. Aurtengoarekin hirugarren aldiz jardun da Barroso Osinalde sariketan kantuan (2009, 2010 eta 2011); arauen arabera, hiru aukera dituzte gazteek final horretan jarduteko. Azkena zukeen, beraz.

Odei Barroso urruñarra. Bere hirugarren -eta ondorioz azken- partaidetzan bertsorik onenaren saria etxeratu zuen. Arg.: Eneritz Gorrotxategi - Osinalde Elkartea.

Bertsolari gazteen seikoa hiru hauek gehiagok osatu zuten: Nekane Zinkunegi (Errezil), Arrate Illaro (Getxo) eta Adur Gorostidi (Larraitz).

Osinaldeko XL. Bertso Sariketan kantatu duten sei bertsolariak, Jokin Murua gai-jartzailearekin. Arg.: Eneritz Gorrotxategi - Osinalde Elkartea.