Posts Tagged ‘mikel aizpuru’


Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak berriki idatzi duen eskuliburu baten berri eman du, gaur. Aizpuruk eta Felix Luengok —EHUko Historia irakasleak biak— ondu dute titulu berria: La Segunda República y la Guerra Civil. Esku-liburua da, 1930eko gertakari  horiei buruz. Alianza Editorial argitaletxeak atera du, ‘El libro universitario’ saileko Manuales-170 zenbakiarekin. 240 orrialdeko liburua da.

.

Mikel Aizpururen 'La segunda Republica y la Guerra Civil' eskuliburuaren azala.

Mikel Aizpururen ‘La segunda Republica y la Guerra Civil’ eskuliburuaren azala.


Mikel Aizpuru Murua historialariak ‘Amets baten oinordeko gara. Heredamos un sueño. Euskal Unibertsitatea. Unibersidad Vasca’ liburua argitaratu du, eta Durangoko Liburu Azokan erosi ahal izan da lehenbizikoz. EHU/UPVk argitaratu du. 1936an sortu zuten Euskal Unibertsitatea, gerra piztuta zela, eta 2011n sorrerako 75. urteurrena ospatu zuten. Mikel Aizpuruk koordinatu zuen gaiari buruzko erakusketa ibiltaria ere, iazko udazkenean.

Liburuaren azala.

Liburuaren azala.


Madril-Hendaia trenbideak, Norteko ferrokarrila bezala ezagutua, ia 150 urteko historia du, 1864ko Andre Mari egunean inauguratu zutenetik. Aldaketa nabarmena ekarri zuen XIX. mendeko gizartera, ordura arteko garraio sistema sustraitik irauli zuelako, espazio eta abiada kontzeptuekin batera. Halako azpiegitura eraikitzeak berak bakarrik, aztoramendua ere suposatu zuen inguruotan.

Mikel Aizpuru historialariak eta EHUko irakasleak komunikazio edo azterlan bat egin du aurten, Norteko ferrokarrilaren eraikuntzaren inguruan. Hain justu, orduko bertsolariek gizarte eta teknologia aldaketa haiek nola ikusi zituzten landu du, zorrotzago. ‘Norteko Ferrokarrila. La red ferroviaria en la literatura oral vasca’ komunikazioa Gasteizen aurkeztu zuen, irailaren 5ean, Trenbidearen Historiaren VI. Batzarrean.

Urriaren 10ean ere beste hitzaldi batean plazaratu zuen ikerketa, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. ‘Norteko Ferrokarrila. Trena bertsolarien begitan’ konferentzia egin zuen orduan, Trenaren Euskal Museoak antolatutako trenari eta kulturari buruzko zikloaren barruan.

Komunikazioa osorik (PDFan, gaztelaniaz):

Norteko Ferrokarrila. La red ferroviaria en la literatura oral vasca


Mikel Aizpuru Murua historialari gabiriarrak eta EHUko lankide Fernando Martinez Rueda bilbotarrak argitaratu dute Gaur egungo munduaren historia 1945-2009 liburua. Bigarren Mundu Gerratik orainaldira arteko errepasoa egin dute dibulgazio lanean, batez ere Historia ikasleengan pentsatuta, baina baita “irakurle euskaldun orori denbora-epe interesgarri hori ezagutzeko aukera” emateko ere. Berria egunkariaren Igandea asteroko gehigarrian atzo elkarrizketa argitaratu zuten, bi egileekin egina. Otsailean aipatzu zen blog honetan liburuaren berri.

'Gaur egungo munduaren historia 1945-2009' liburuaren azala.

Liburuan jorratu duten 64 urteko historia tartean bi garai bereiz daitezkeela aurreratu du elkarrizketan Aizpuruk: Gerra Hotza (1991n Sobiet Batasuna desegin zen arte), eta globalizazioarena. 2009an jarri dute historia azalpenaren azken muga, baina 2008an ezar zitekeela argitu du Aizpuruk, krisi ekonomikoa azaleratu zen urtean. “Zenbait ustezko adituk fenomeno labur moduan aurkeztu baziguten ere, bere amaiera urruti egon daiteke”, dio Aizpuruk.

Azken aldiko bigarren fenomeno nabarmenena, mundu mailan, herrialde arabiarretako matxinadak dira. “Bi prozesu horiek nondik nora joko duten baieztatzeko goizegi da, baina ziur aski bihurgunetzat hartuko ditugu etorkizunean”.

Elkarrizketa irakurtzeko, hemen orrialdea:

Igandea-Berria 2011-6-5 Mikel Aizpururi eta Fernando Martinezi elkarrizketa

Liburua  UEU Udako Euskal Unibertsitatearen zigilupean argitaratu dute. 348 orrialde ditu, eta 28 euroan dago salgai. Lehen kapitulua Internetetik jaisteko eta irakurtzeko aukera ere badago, Pdf-an:

Gaur egungo munduaren historia kapitulu bat


Apirilaren 14a, osteguna. 80 urte bete dira eibartarrek lehendabiziko II. Errepublika aldarrikatu zutenetik. 1931n izan zen. 860 biztanle pasatxoko herria zen Gabiria orduan. Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak lan interesgarri bat badu Errepublika garaiari eta Gabiriari buruz: Gabiria, un municipio rural en la Guipúzcoa republicana.

Gabiriar gazte talde bat, 1935ean, Errepublika garaian. Arg.: Ander Iurritaren artxiboa.

Halako efemeride batean herria zer nolakoa izan zen gogoratzeko modukoa. Bide batez, aurten beste efemeride borobil bat gehiago ere beteko da, beltzagoa tamalez. 75 urte beteko dira uztailaren 18an, hiru hilabete barru, gerra piztu zela (eta Errepublikaren amaiera ekarri zuena).

Mikel Aizpururen lana (PDF)

Errepublika garaiko beste argazki bat: Gabiriako eskola-ume taldea, 1933-34 kurtsoan.

Gabiriako mutiko taldea, eskola garaian Foto Sicart-ek ateratako argazkian. Arg.: Ander Iurritaren artxiboa.


Mikel Aizpuru Murua historialariak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak liburua argitaratuko du martxoan. “Hamabost egun edo hiru aste barru” lan berria kalean izateko asmoa agertu du. Gaur egungo munduaren historia izenburupean moldatu du Aizpuruk lana, Fernando Martinez historialari lankidearekin batera. Aizpuruk EHUren Leioako campusean (Bizkaia) ematen ditu eskolak, Martinezek Gasteizen.

Mikel Aizpuru Murua historialaria, 2006an.

Asteazken goizean elkarrizketa egin zioten Mikel Aizpururi Euskadi Irratiko Albiste Faktoria programan. Han jakinarazi zuten azken argitalpenaren berri. Elkarrizketa hartan Afrika iparraldeko herri iraultzen inguruan aritu zen batik bat.

Mikel Aizpuru Euskadi Irratian –2011-2-23– elkarrizketaren transkripzioa