Posts Tagged ‘marian bidegain’


Beraien artean oso bestelako jakintza-gaiak ezagutzeko eta ikasteko modua izango da herrian, aste honetan zehar. Batetik, udalaren Euskara eta Kultura Batzordeak ideiatutako ‘hartu-eman ikastaroak’ hasiko dira. Estreinaldia hitano ikastaroak emango dio, asteazkenean (otsailak 13, 19:00etan kultur etxean). Marian Bidegain euskara irakasleak hikako formak zuzen eta egoki nola erabili behar diren azalduko du. Beste hiru saio izango ditu ikastaro horrek, jarraiko hurrengo asteazkenetan: otsailak 20, 27 eta martxoak 6. Ordubete iraungo du bakoitzak.

Bestetik, eta hartu-eman  saioen barruan, xaboi kozkorrak etxean nola egin daitezkeen erakutsiko du Pake Galdosek. Larunbatean 16:00etan da, Osinalde elkartean.

Eskaintza borobiltzeko, Josu Osak fruta-arbolak inausten eta kimatzen erakutsiko du, ostegunean, 16:00etatik 20:00etara. Erbie elkarteak eta Goimen agentziak antolatu dute ikastaroa, bi egunekoa; ostegunean teorikoa, eta beste egun batean (ostegunean zehaztuko dute), praktikoa, sagasti batean. “Oraintxe  da garaia, neguan, gure sagarrondoak lo daudenean behar bezalako kimatze eta inausketa lanak egiteko”, diote antolatzaileek. Egitasmoak egundoko oihartzuna izan du, eta berrogei bat lagunek emandute izena.

Josu Osa, azaroko Errezil Sagar Egunean, txertaketak nola egin erakusten./AMM

Josu Osa, azaroko Errezil Sagar Egunean, txertaketak nola egin erakusten./AMM


Marian Bidegain herrikideak Lazkaoko Maizpide euskaltegiaren zuzendaritza utziko du bi hilabete barru, abuztuaren azkenean. Atzo jakinarazi zigun erabakiaren berri. Euskal Herriko euskaltegi-barnetegi entzutetsuenen artean dagoen ikastegiaren arduradun nagusi azkeneko 15 urteotan izan da Bidegain. Maizpidek datorren urtean 25 urte beteko ditu; beraz, Marianen zuzendari lanak historia horren zati oso handi bat gidatu du.

Zuzendari kargua albo batera utziko du, bai, baina ez hala euskalgintza eta euskalduntze-alfabetatze zeregina. Lehenago bezalaxe, irailetik aurrera irakasle izango da, erdaldunak euskalduntzeko eta euskaldunberriak ‘zahartzeko’ zeregin beti ezinbestekoan eta garrantzitsuan.

Ibilbide luze bezain oparoan, euskalgintzaren esparru anitzeko erreferenteetako bat izan da gabiriarra. Herriaren izena toki askotara barreiatu du, bien bitartean.

Hemendik, eta gure partetik, Marian, zorionak eta eskerrik asko bihotzez! Eta, hori bai, jarraitu horrela lanean aurrerantzean ere, bai herrian, bai Euskararen Herrian.

Marian, Maizpide euskaltegiko sarreran. AMM