Posts Tagged ‘lehiaketak’


Aztiri Bat elkarteak eta Goierri Garaia Atletismo Taldeak antolatzen duten Aztiriko Mendi Lasterketak zortzigarren ekitaldia izango du igandean, uztailak 15. Santa Marina jaien barruan, igande goizean da korrika-proba, 11:00etan hasita Aztiria gainetik.

Ibilbideari dagokionez ez da aldaketarik izango, aurreko urteetatik. 11,5 kilometro luze izango ditu zirkuituak. Aztiri Bat soziedadearen paretik abiatu, honako ibilia egin beharko dute kroslariek: Lizardi – Gaintzabal – Legorburu – Zabaleta – Makatzaga – Biurrain Behekoa – Biurrain Goikoa – Aztiria. Zirkuituari bi buelta ematea da zeregina.

Planoa

Perfila

Sariak ere finkatuta daude. Gizonezkoek eta emakumeek jasoko dute hauetako sari bana:

Sailkapen orokorra:

  1. 90 euro eta garaikurra.
  2. 50 euro eta garaikurra.
  3. 30 euro eta garaikurra.

Lehen herritarra (Gabiriako nahiz Legazpiko bizilaguna):garaikurra.

Partaideen artean lau saski zotz egingo dituzte. Parte-hartzaileei hamarretakoa emango diete, baita ura ere. 16 urtetik gorakoek irten ahalko dute.

Aztiriko 8. Mendi Lasterketa 2012-7-15 esku-orria

Gipuzkoako Atletismo Federazioko aipamenera lotura.

Palmaresa:

Aztiriko Mendi Lasterketak
Urtea Aldia Garaileak
Gizonak Denbora Emakumeak Denbora
2005 1.a* Zuhaitz Ezpeleta 35:21 Elena Huarte 50:19
2006 2.a Mikel Nabarro 49:26 Lurdes Intxausti 1:10:12
2007 3.a Juanjo Igartzabal 47:22 Romy Mey 58:16
2008 4.a Juanjo Igartzabal 47:36 Lurdes Intxausti 1:05:50
2009 5.a Ruben Lantz 47:12 Pilar Arriola 1:07:54
2010 6.a Juanjo Igartzabal 46:41 Rakel Aperribai
2011 7.a Ruben Lantz 46:04 Nerea Amilibia 56:40

*2005eko lehen edizioan ibilbidea 9,5 kilometrokoa zen. Beste guztietan, 11,5 km-koa.

Advertisements

Auzo herrian abenduaren 13an ospatuko den Santa Lutzi ferian mota askotako lehiaketak izango dira, urteroko legez, bai Zumarragan, bai Urretxun. Horietan parte hartu nahi duten nekazariei eta abeltzainei etzi, asteazkena, bukatuko zaie izena emateko epea, azaroaren 30ean.

Ganadu lehiaketan atal berezia izango da “eskualdeko” sail onenarentzat. Gabiriako abereak hor sartzen dituzte, Ormaiztegi, Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragakoekin batera.

Gainontzean, fruta, barazki eta errezil sagar lehiaketak ere izango dira. Ekoizleek ere izen-emate epe berbera dute, etzi artekoa. Fruta edo barazki arloetan, gutxienez zortzi produktu aurkeztu beharko dira, bakoitzetik bina kilorekin. Errezil sagarretan, hamar kilo eraman behar da.

 

Bekoetxekoen postua, Urretxuko Gernikako Arbola plazan, 2006an. AMM

Lehiaketa horietan izena emateko Zumarragako Udalaren Kultura sailera hots egin behar da, Zelai Arizti kultur etxera, azaroaren 30eko 14:00ak baino lehen. Telefonoa: 943 72 35 10.

Nekazari gabiriarrek parte hartu ohi duten beste lehiaketa bat euskal arrazako eta arraza arrunteko oilo eta kapoiena da. Oilaskoen kasuan, sei hilabete baino gutxiagoko bi eraman behar dira lehiaketarako. Kapoietan, hamabi hilabete baino gutxiagoko bi. Lehiaketa horretan parte hartzeko Zumarragako edo Urretxuko kultur etxera hots egin behar da (943 72 35 10 edo 943 03 80 88).


Festak hasi eta berehala, gaur arratsaldean jokatu da IV. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoiaren finala, Alkain-Buru pilotalekuan. Frontoiko eserlekuak jendez bete dira. Jaialdian hiru partida jokatu dituzte. Lehenbizi I. Sasierraketalari txapelketa (partida bakarra izan da, gaurkoa); ondoren, esku huskako eta binakako Sasipilotarirena, eta hirugarren lau jubenilek egin duten erakustaldia.

Sasipilotari lehiaketako irabazleak Iñaki Oiarbide eta Jon Agirre (gorriz) dira. 22 eta 14 menderatu dituzte Josu Elgarresta eta Anartz Agirre. Partida gogorra izan da, fisikoa atzelarientzat, eta tanto zirraragarriak tartekatutakoa. Gorriek hasieran hartu duten abantaila nahikoa izan dute markagailuaren presiorik gabe eroso jokatzeko. Banako berdinketaren ondotik, 10 eta 2 aurreratu dira Oiarbide eta Agirre.  Alderik handiena hamar tantokoa eduki dute (13-3). Susperraldia iritsi zaie urdinei, eta 13-7raino hurbildu dira.

Finalistak, partida bukatutakoan. Txapeldunordeak (urdinez) eta garaileak (gorriz). AMM

Parekotasunez joan dira makina bat tanto jarraian, bat alde batera, bestea bestera eroriz. 14 eta 9koan, 15-10ean, 16-11n, 17-12an bost tantoko aldea mantendu da. Bukaerako txanpan gorriek gehiago asmatu dute, 20-12raino joateko. Azken emaitza 22 eta 14koa izan da. Estreinako aldiz aztiriarrek jokatu dute finalean; ez batek, bik baizik.

Erraketalari txapelketa aurten iragarri dute lehenbiziko aldiz antolatzaileek, neskentzat. Bakarra apuntatu zen, eta partida bat bederen jokatzeko lau pilotari elkartu dira gaurko. Maialen Akizu eta Ainhoa Arratibel aritu dira bikote batean, eta Eresti Oiarbide eta Lierni Asurabarrena bestean. 22 eta 15, lehen bikoteak irabazi du I. Sasierraketalari lehiaketa.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Hirugarren partidan Gabiriako bikotea Lazkaoko beste bikote baten kontra aritu da. Aratz Igartzabal eta Julen Murua batetik, Manex eta Beñat Garmendia lehengusu lazkaotarrak bestetik. Denak Lazkaoko Lapke pilota eskolan aritzen dira, eta erakustaldi polita eskaini dute. Lazkaotarrek irabazi dute, 18 eta 11.

Lazkaoko pilota eskolan dabiltzan mutikoak, bi lazkaotar eta bi gabiriar. AMM

Sasipilotari lehiaketaren lau urteotako palmaresa:

  • 2008. Irabazleak: Josetxo Sagarna-Beñat Maiz. Txapeldunordeak: Felix Maiz-Iñigo Igartzabal.
  • 2009. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Iñaki Arratibel-Jokin Murua.
  • 2010. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Aimar Maiz (Josetxo Sagarnaren ordez, min hartua)-Gorka Maiz.
  • 2011. Irabazleak: Iñaki Oiarbide-Jon Agirre. Txapeldunordeak: Josu Elgarresta-Anartz Agirre.

 

 


Honezkero lau bikote besterik ez dira geratzen IV. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoian. Izena eman zuten 36 partaideekin 18 bikote osatu zituzten antolatzaileek; bi aurrekanporaketa, zortzi final zortziren eta lau final-laurden jokatu dira uztailaren erdialdetik. Azken txanpan sartua da lehiaketa.

Bihar, asteartea, finalaurrekoak jokatuko dituzte Alkain-Buru pilotalekuan. Bi finalerdiak bata bestearen atzetik izango dira, 18:30ean hasita.

Hauexek dira finalaurreko bi partidak:

  1. Josu Elgarresta – Anartz Agirre / Iker Etxezarreta – Eñaut Asurabarrena.
  2. Jon Agirre – Iñaki Oiarbide / Nikolas Igartzabal – Iñigo Igartzabal.

Finala larunbatean , abuztuak 13, izango da, Andre Mari eta San Roke jaien egitarauaren barruan, “ezer ez eta festa” egunean. Orduan 18:00etan hasiko da finaleko pilota jaialdia. Ziur esan daitekeena da txapeldun berriak izango direla aurten, aurreko bi urteetako bikote garailea kanporatua izan baitzen final zortzirenetan.


Iritsi da herriko pilota txapelketaren ordua. Sasipelotari lehiaketaren laugarren ekitaldiari irteera eman diote gazte antolatzaileek, izena emateko orriak jarrita. Larunbatean ipini zituzten zerrendak herriko lau tabernatan, eta ekainaren 30era arte dago aukera apuntatzeko. Aurten emakumezkoentzako erraketa txapelketa da nobedadea.

Toki hauetan idatzi behar da izena: Ostatuan, Osinalde elkartean, Kortan eta Aztiri erretegian. Bi telefono zenbaki ere jarri dituzte eskuerara, erosoago zaionarentzat: 685 76 58 57 (Beñat) eta 679 04 45 72 (Eñaut).

Ohi bezala, eta aurreko hiru edizioen egiturari eutsita, izena emandako norbanakoen artean zozketa egingo dute, pilotari bikoteak osatzeko. Salbuespen bakarra iazko irabazleekin egingo dute, Eñaut Igartzabal eta Iñigo Murua txapeldunek elkarrekin jokatuko dutelako aurten ere.

Uztailaren 2an, larunbata, hasi nahi dute lehenbiziko kanporaketak jokatzen. Finala Andre Mari jaien atarian jokatuko da.

Haurrentzat beste sail bat antolatu dute herriko gazteek. 14 urtetik beherakoek euren txapelketa izango dute. Berrikuntza bezala, lehen aldiz emakumezkoentzat erraketa lehiaketa sortu dute, I. Sasierraketalari Txapelketa. “Batzuek esaten zuten esku pilotan egitera ez zirela animatuko, baina erraketa txapelketa izanez gero bai. Horregatik antolatu dugu. Ea animatzen zareten neskak ere, bai erraketan, bai eskuz”, esan dute antolatzaileek.


Lazkaoko Maizpide euskaltegiak astean behin antolatzen duen kultura-ekitaldia egin da astearte honetan, otsailak 15. Gorka Maiz eta Endika Igartzabal gonbidatu dituzte afaltzera, eta ondoren bertsotan aritu dira euskaltegiko jangelan. Bertako ikasleez gain edonorentzat irekiak izan ohi dira halako ekitaldiak. 20:00etan zen afaria, eta ondoren bertso saioa.

Aurreko ostiralean, otsailak 11, Lasarten kantatu zuten Igartzabalek eta Maizek, Mikel Asurabarrenarekin batera. Gipuzkoako bertso txapelketarako prestatzen ari den Lasarteko taldekoekin bertso-desafioa egin zuten. Saio bizia egin zutela adierazi dute saioa entzun zutenek.

Gabiriako bertsolariek hurrengo hitzordua Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoia izango dute, Urretxu-Zumarragako bertso eskolak antolatua. Otsailaren 26an, ostirala, hasiko da txapelketa, Legazpin lehen kanporaketa jokatuta. Gabiriatik bi talde ateratzekotan dira, hiruna kidek osatuta.