Posts Tagged ‘kurtso bukaera’


Balentzategi herri eskolan ostegunean, ekainak 20, bukatu zuten 2012-13 ikasturtea. Goizean gelak txukundu eta azken materialak jaso zituzten, talde bakoitzak bere tutorearekin. 10:00etatik 11:00etara, adin guztietako ikasleek, hiru taldetan banatuta, jolas kooperatiboak egin zituzten. 11:00etan atsedena eta azken urtebetetze ospakizunak, eta jarraian Haur Hezkuntzakoak alde batetik eta Lehen Hezkuntzakoak bestetik, jolas bat eta futbol partida. 12:00etan, ikasturtean zehar egindako ekintzekin ostatutako muntaia eta eskola txikietarako egindako grabaketa ikusi zuten, denek elkarrekin. Bukatzeko, betiko ohiturari jarraituz, ikasle eta irakasle guztiek Ostatuan bazkaldu zuten. Bertan egin zuten 6. mailakoek agurra bertsotan, eta jarraian beste ikasleek eta irakasleek beraiei. Azkenik, 6. mailako bakoitzari oroigarri bana eman zieten, herriko eskola utzi dutelako.

Atzodanik herriko udaleku irekietan dabiltza haurrak. 31 umek eman dute izena. Hiru begiralerekin ariko dira jolasak eta jarduerak egiten, uztailaren 19ra arte, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:30era.


Udaren atarian, ordutegi murriztuarekin hasi dira aste honetan Balentzategi herri eskolan. Atzo, astelehena, ekin zioten goizeko ordutegiari, 09:00etatik 13:00etara. Arratsaldea, jai.

2010-2011 ikasturteari bi aste geratzen zaizkio agortzeko, ikasleentzako behintzat. Balentzategin ekainaren 22an, ostegunarekin, bukatuko da kurtsoa. Egun hori festarako eta agurreko ekitaldietarako hartuko dute, ohikoa denez. Jolasak, aisia jarduerak eta tradizio den irakasle-ikasle arteko futbol partida egingo dituzte egun horretan. Eguna eta ikasturtea bukatzeko, den-denek bazkaria egingo dute.

Kurtso bukaera ospatzen, ordea, hasita daude. Ekainaren lehenengo bi egunetan Zarautzen egonaldia egin zuten eskolako ikasle guzti-guztiek eta irakasleek. Hango aterpetxean hartu zuten ostatu. Ekainaren lehenean, asteazkena, helduenek surf ikastaroa egin zuten, txikiagoak hondartzan ibili ziren bitartean. Osteguna lainotsuago egin zien.

Eskolako ikasle guztiak joan dira, 48ak. Urtero hutsegiteren bat izaten da, arrazoi asko tarteko; aurten, baina, kuriositate moduan esanda, den-denek joan ahal izan dute bi eguneko txangora.

Gabiriako haurrekin batera Olaberriko eta Zeraingo eskoletakoak ere egon dira, denak elkarrekin.