Posts Tagged ‘korrika’


Korrikaren 18. ekitaldia gaur hasiko da, eta herria bera zapalduko ez badu ere, ingurutik pasatuko da, jada lehen egunean. Ormaiztegitik Liernira joango da euskararen aldeko lasterketa entzutetsua, Eman euskara elkarri oihukatuz. Ormaiztegin 23:49an du ordua, eta Mutiloan 00:07an.

Korrikaren pasaera girotzeko, egunean zehar nabarituko da jai usaina herrian. Goizean Korrika Txikia egingo dute, eskola-umeek. Arratsaldean, 19:00etan pintxo-potea egingo da Ostatuan, eta 21:00etan afaria dago Osinalde elkartean. Joan nahi dutenek Gorkari edo Jokini jakinarazi behar diote. Afaltzetik, lagun artean joango dira herritarrak Ormaiztegira.


Datorren urtean ere Korrikak ez du udalerria zapalduko. Baina ondo-ondotik igaroko da Korrika 18, martxoaren 14tik 15erako gauean. Egun horretan bertan hasiko da, gainera, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean. Beterritik Goierrira zuzenean etortzea izango da egingo duen lehen ibilia. Ormaiztegitik Mutiloara bidean, Liernin gora joango da euskararen aldeko lasterketa.


Behobia-Donostia korrika probaren 48. ekitaldian, igandean, sei gabiriarrek parte hartu zuten. Herriko onena Iñigo Murua  izan zen, promesa mutiletan. 1:22:09 denbora egin zuen. Sailkapen orokorrean 1.681. postuan geratu zen, eta bere kategorian 33. postu bikainean.

Beste herritarren lanak —jakiterik lortu dugunenak—: Andoni Aizpuru (26. aldiz egin du Behobia) 1:25:03; Jon Ander Elgarresta (1:40:03); Ibon Elgarresta (1:40:04); Josu Elgarresta (1:44:08); eta Pilar Maritxalar (2:02:12). Lasterketa 21.472 lagunek bukatu dute. 25.581ek emana zuten izena. Jaume Leivak irabazi du lasterketa, 1.01.33ko denborarekin. Emakumezkoetako garailea Oihana Kortazar izan da (1.14.42). Eguraldi negargarria eduki zuten: euria zaparradaka, ia etenik gabe. Eta hotza.

Bestetik, ETB1eko Kontuz atsuak umore programaren gaueko emanaldia eguerdiko Behobia-Donostiari eskaini zioten, eta lehenagotik grabatutako pasarteen artean Andoni Aizpururekin egin zuten erreportajea, Bilbon zehar entrenatzen, Eguraldia-ren grabaketa-platoan, R12 gorriari bultzaka… beti ere umore ukituan.

Bideoa ikusteko, klikatu hemen.


Aztiri Bat elkarteak eta Goierri Garaia Atletismo Taldeak antolatzen duten Aztiriko Mendi Lasterketak zortzigarren ekitaldia izango du igandean, uztailak 15. Santa Marina jaien barruan, igande goizean da korrika-proba, 11:00etan hasita Aztiria gainetik.

Ibilbideari dagokionez ez da aldaketarik izango, aurreko urteetatik. 11,5 kilometro luze izango ditu zirkuituak. Aztiri Bat soziedadearen paretik abiatu, honako ibilia egin beharko dute kroslariek: Lizardi – Gaintzabal – Legorburu – Zabaleta – Makatzaga – Biurrain Behekoa – Biurrain Goikoa – Aztiria. Zirkuituari bi buelta ematea da zeregina.

Planoa

Perfila

Sariak ere finkatuta daude. Gizonezkoek eta emakumeek jasoko dute hauetako sari bana:

Sailkapen orokorra:

  1. 90 euro eta garaikurra.
  2. 50 euro eta garaikurra.
  3. 30 euro eta garaikurra.

Lehen herritarra (Gabiriako nahiz Legazpiko bizilaguna):garaikurra.

Partaideen artean lau saski zotz egingo dituzte. Parte-hartzaileei hamarretakoa emango diete, baita ura ere. 16 urtetik gorakoek irten ahalko dute.

Aztiriko 8. Mendi Lasterketa 2012-7-15 esku-orria

Gipuzkoako Atletismo Federazioko aipamenera lotura.

Palmaresa:

Aztiriko Mendi Lasterketak
Urtea Aldia Garaileak
Gizonak Denbora Emakumeak Denbora
2005 1.a* Zuhaitz Ezpeleta 35:21 Elena Huarte 50:19
2006 2.a Mikel Nabarro 49:26 Lurdes Intxausti 1:10:12
2007 3.a Juanjo Igartzabal 47:22 Romy Mey 58:16
2008 4.a Juanjo Igartzabal 47:36 Lurdes Intxausti 1:05:50
2009 5.a Ruben Lantz 47:12 Pilar Arriola 1:07:54
2010 6.a Juanjo Igartzabal 46:41 Rakel Aperribai
2011 7.a Ruben Lantz 46:04 Nerea Amilibia 56:40

*2005eko lehen edizioan ibilbidea 9,5 kilometrokoa zen. Beste guztietan, 11,5 km-koa.


Urteko atletismo proba jendetsuena gaur goizean jokatu da, Behobia eta Donostia artean. 47. lasterketan ere gabiriarren partaidetza izan da, ia urtero bezala. Sailkapen ofizialaren arabera, herrian erroldatutako lau korrikalarik bukatu dute 20 kilometroko lasterkaldia: Jon Ander Elgarrestak (1:46:28), Ibon Elgarrestak (1:53:59),  Pilar Maritxalarrek (2:17:33) eta Jose Luis Garmendiak (2:20:18).

Bestetik, kanpoan bizi diren gabiriar gehiago ere irten dira Behobia-Donostian. Andoni Aizpuru da klasikoetako bat, eta 1:27:07 denbora egin du. Gabiriar jatorriko gehiago: Egoitz Asurabarrena (1:39:55), Aitor Lizarazu (2:16:50), Arantxa Gorostidi (1:48:57)…

Behobia-Donostia 2011-11-13 sailkapena


Euripean baina korrikarako tenperatura egokian jokatu zen atzo Aztiriko VII. Mendi Lasterketa, 11,5 kilometroko zirkuituan. 35 partaideen artetik azkarrena Ruben Lantz legazpiarra izan zen, eta bigarren aldiz proba hori irabaztea lortu du. 46:04 minutuko denboran itxi zuen bi itzuliko lasterkaldia. Zuhaitz Ezpeleta, Legazpin bizi den arrasatearra, oso gertu izan zuen une oro, eta helmugan atzetik 6 segundora bakarrik sartu zen (46:10). Gizonezkoen podiuma Juanjo Igartzabal aztiriarrak osatu zuen, hura ere berehala baitzen bukaeran aurreko biengandik (46:37).

Korrikalariak irteeran.

Gizonezkoen lehen hiru sailkatuek lehendik ere irabazia zuten proba hori. Txapeldunen arteko lehia izan zen, beraz. Hasieratik hirurek jo zuten aurrera. Lehen itzuliaren ondoren Igartzabalek tartetxoa utzi behar izan zuen; Lantzen eta Ezpeletaren buruz burukoa izan zen azkenerako. Zabaleta baserritik Santa Marina gainerako azken igoeran Lantzek indar gehiagoz jo zuen aurrera. Aldea oso-oso txikia izan, hala ere.

Ruben Lantz, helmugaratzen.

Emakumezkoetan Nerea Amilibiak irabazi du, 56:40 minuturekin. Bigarren Elena Calvillo beasaindarra (57:21) eta hirugarren Rakel Aperribai legazpiarra (1:01:51) izan ziren.

Nerea Amilibia, lehen emakumezkoa.

Zumarraga, Urretxu eta Legazpiko eremua hartzen duen Goierri Garaia Atletismo Taldeak antolatu du aurten ere lasterketa. Gune horretako “lehen herritarra” ere saritu dute, bai gizonezkoen artean, bai emakumezkoetan. Cipri Burciok eta Antxine Kerejetak jaso dute zegokien saria. Bestetik, janari eta opari sortak ere zozketatu zituzten partaideen artean.

Aztiriko VII. Mendi Lasterketako saritu guztiak, kioskoan.

SAILKAPENAK

Gizonezkoetan:

  1. Ruben Lantz, 46:04.
  2. Zuhaitz Ezpeleta, 46:10.
  3. Juanjo Igartzabal, 46:37.

Emakumezkoetan:

  1. Nerea Amilibia, 56:40.
  2. Elena Calvillo, 57:21.
  3. Rakel Aperribai, 1:01:51.

Igandean, uztailak 17, jokatuko da Aztirian VII. Mendi Lasterketa. Zazpigarren edizioa izango du, 2005ean hasi eta orduz geroztik urtero antolatu den korrika proba ikusgarriak. Legazpiko Goierri Garaia Atletismo Taldea da antolatzailea.

Aurreneko urtean ez beste guztietan bezala 11,5 kilometro luzeko ibilbidea izango dute korrikalariek -2005ean 9,5 kilometro izan ziren-. Santa Marina baselizaren gainaldetik abiatu, Lizardi baserriraino jaitsi, Gaintzabalen gerritik barrena Etxeaundira iritsi, handik Legorburura, zuzenean beherantz Zabaletara iritsi, eta atzera goranzko bidean Biurrain bietatik pasatuta Santa Marina gainera. Horixe izango da zirkuitua, eta bi itzuli egin beharko dizkiote korrikalariek.

Korrikalariak irteera noiz emango adi, 2008ko uztailaren 20an, IV. Mendi Lasterketan. Arg.: AMM

Igandean 11:00etan abiatuko da lasterketa. 16 urte beteta izan behar dira parte hartu ahal izateko. Beste urteetako kopuruak mantentzen badira, 30 bat partaideren bueltan ariko dira korrika. Partaidetza handiena 2008an izan zen, 37 korrikalarirekin (33 gizonezko eta lau emakumezko); gutxienekoa, 2006an (23).

Zalantzarik gabe, eta parte hartzen badu, Juanjo Igartzabal izango da adi jarraitu beharreko atleta, aurreko zazpi aldietatik hiru berak irabaziak baititu (2007, 2008 eta 2010). Beste behin bigarren izana da (2009an).

Bestetik, Aztiriko mendi lasterketaren denbora marka ere Legorburuko jatorria duen Igartzabalek dauka,gizonezkoetan. Iaz jarria da errekorra, 46 minutu eta 41 segundorekin (11,5 kilometroko ibilbidean jokatu diren edizioak aintzat hartuta). Emakumezkoetan, berriz, Lazkaon bizi zen Romy Mey alemaniarrak ezarri zuen gutxieneko denboraren sabaia: 58:16.

Juanjo Igartzabal, iaz, lasterketa irabazi eta marka jarriko zuen proban, Legorburu baserriaren aurretik pasatzen. Arg.: AMM

Aztiriko Mendi Lasterketaren irabazle zerrenda eta haien denborak:

  • 2005. Zuhaitz Ezpeleta, 35:21 (ibilbidea 9,5 km-koa zen).
  •     ”      . Elena Huarte, 50:19.
  • 2006. Mikel Nabarro, 49:26 (ibilbidea 11,5 km-koa, urte honetatik aurrera).
  •     ”      . Lurdes Intxausti, 1:10:12.
  • 2007. Juanjo Igartzabal, 47:22.
  •     ”      . Romy Mey, 58:16.
  • 2008. Juanjo Igartzabal, 47:36.
  •     ”      . Lurdes Intxausti, 1:05:50.
  • 2009. Ruben Lanz, 47:12.
  •     ”      . Pilar Arriola, 1:07:54.
  • 2010. Juanjo Igartzabal, 46:41.
  •     ”      . Rakel Aperribai.