Posts Tagged ‘kontsulta’


Herriak argi eta garbi hitz egin du, gaur. Goi tentsioko linearik ez du nahi. Deikaztelu-Itsaso arteko 400.000 volteko ‘autopista elektrikoa’-rekin “bat” al dauden galdetu die herritarrek osatutako talde batek gainerakoei. Eta bozketan parte hartu duten guzti-guztiek -eta ez dira gutxi izan-  ezetz esan dute. 274 lagun joan dira atzo eta gaur beren iritzia agertzera, herriko ostatuaren aurrean jarritako mahaira. Den-denek errefusatu dute argindar linearen proiektu hori.

Partaidetza altua izan du herri galdeketak (Goierriko beste bi herritan -Mutiloan eta Zerainen- eta Nafarroako 37 herritan edo kontzejutan ere egin da). Galdeketaren antolatzaileek ezin izan dute hautesle erroldarik erabili, kontsultak ez zuelako izaera ofizialik. Hala eta guztiz, azkeneko hauteskundeetan (Eusko Legebiltzarrerakoak, 2012ko urrian) errolda 383 lagunekoa zela kontuan izanda, gaurko herri galdeketaren parte-hartze maila %71,5 ingurukoa izan da Gabirian.

Herritarrek bi modutara agertu ahal izan dute iritzia. Batetik, “Itsaso eta Deikaztelu arteko goi tentsioko linearen proiektuarekin bat nator?” galderari ‘bai’ ala ‘ez’ erantzun behar zieten, herrian erroldatutakoek soilik. Bestetik, REE Red Electrica de España enpresa sustatzaileari eta Espainiako Industria eta Energia Ministerioari helegite bana igortzeko modua izan dute, hala nahi zuten pertsona guztiek (denera 295 bat alegazio jaso dira, sinatuta).

Emaitza garbi geratu da: herriak ez du goi tentsioko línea gehiago eraikitzerik nahi. Galdeketaren emaitzen berri ematen duen agiria Arazuri herrira (Nafarroa) eraman dute, han bildu baitituzte Nafarroako eta Gipuzkoako galdeketa guztien emaitzak.

This slideshow requires JavaScript.

Advertisements

Horixe izango da galdera, herritarrek asteburuan erantzun ahalko dutena. Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko argindar linearen proiektua gauzatu nahiko luketen, bai ala ez. Horiexek erantzunak. Herritarrek antolatutako galdeketa egingo da bihar eta etzi (larunbat-igandeak, ekainak 15 eta 16), Gabirian, Mutiloan, Zerainen eta Nafarroako 33 herri eta kontzejutan.

REE Red Eléctrica de España SA enpresak aurrera daraman proiektuaren aurrean herritarrek zer iritzi duten jakin nahi du Autopista Elektrikorik Ez mugimenduak, eta herri galdeketan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Galdeketa bi egunetan egingo da. Bihar, larunbata, 19:00etatik 21:00etara egongo da iritzia emateko aukera. Igandean, egun osoan (09:00etatik 19:00etara). Herrian erroldatuta egon behar da parte hartzeko, eta 18 urtetik gorakoa izan adinez. Plataformako kideak gaur arratsaldean ibili dira etxez etxe informazioa eta bozketarako papertxoak banatzen.

Berez kontsulta ofiziala ez denez, ezingo dute ez erroldako zerrendarik, ez eraikin publikorik erabili galdeketa egiteko. Ostatu aurrean jarriko dituzte hautesontziak. Han sartu beharko da papertxoa, “Ados al zaude Deikaztelu-Itsaso linearekin?” galderari erantzunda, ‘Bai’ ala ‘Ez’ dioen laukitxoetako bat X batekin markatuta.

Bide batez esan, Autopista Elektrikorik Ez plataformak Deikaztelu-Itsaso linearen gainean zentratu du aurkako kanpaina, eta kontsultan ere horri buruz zuzendu dute galdera. Beste proiektu bat ere bada abian, ordea, nahiz eta aipamenik ia apenas egin zaion: Gueñestik (Bizkaia) Ezkio-Itsasoko zentralera bitartekoa, bestea bezalaxe 400.000 volteko indarra garraitzeko. Prozedura hori ere martxan du REEk, eta Gabiriako udal barrutik igaroko litzateke.

Goi tentsioko azpiegituren aurkako pankarta, Euskal Herriko Itzulia Gabiriatik pasatu zenean, apirilaren 5ean./AMM

Goi tentsioko azpiegituren aurkako pankarta, Euskal Herriko Itzulia Gabiriatik pasatu zenean, apirilaren 5ean./AMM

Ofizialtasunetik aparte, zilegitasuna aldarrikatu dute herritar taldeek galdeketak egiteko. “Helburua jendearen iritzia nolabait islatzea da, portzentaje baten bidez”, adierazi dute gaur plataformako kideek.

Herri kontsultaren garapen egokia behatzeko, lau goierritar ospetsu gonbidatu ditu plataformak: Iñaki Mendiguren idazle eta itzultzaile ezkiotarra, Elixabete Garmendia kazetari ormaiztegiarra, Inaxio Usarralde euskaltzale lazkaotar-usurbildarra, eta Iñaki Murua bertsolari gabiriarra.

Gipuzkoan eta Nafarroan galdeketa egingo dute 37 herrietako emaitzak Arazurin (Nafarroa) batuko dituzte, igande iluntzean. Ondoren, REE enpresari eta Espainiako Gobernuaren Industria eta Energia Ministerioari igorri diete emaitza. Goierriko hiru herrietako herritarrek atzo arratsaldean eman zituzten galdeketaren xehetasunak, Mutiloako Gurruntzain frontoian.

Galdera, erraza eta argia da: “Ados al zaude Deikaztelu-Itsaso linearekin?”. Erantzuna, baita ere.


Gabirian, Mutiloan eta Zerainen goi tentsioko lineei buruzko herri galdeketa edo kontsulta egingo da, ekainaren 16an. Aurreko ostiralean herri batzarrean aurkeztutako ideia gaur goizean jakinarazi dute hiru herrietako eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako ordezkariek, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Denera hiru herrietako 19 lagun —horietatik bost gabiriarrak— agertu dira gaur prentsaurrekoan, bost eserita eta atzean zutik beste hamalau. “Pauso bat aurrera emateko garaia” dela azaldu dute, Red Eléctrica de España SAk Itsaso eta Deikaztelu artean 400.000 volteko goi tentsioko linearen tramitazioarekin aurrera jarraitzea erabaki ondoren (apirilaren 8an REEko bi ordezkarik Gabiriako udaletxean aurkeztu zuten asmoa).

Gabiriako, Mutiloako eta Zeraingo bizilagunak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozemailea, gaur, Donostiako KM Kulturunean./Asier Zaldua–Hitza

Gabiriako, Mutiloako eta Zeraingo bizilagunak, eta Autopista Elektrikorik Ez plataformako bozemailea, gaur, Donostiako KM Kulturunean./Asier Zaldua–Hitza

2011ko abuztuan iritsi zen, lehen aldiz, REEren Itsaso-Deikaztelu linearen proiektuaren informazioa udaletxera. Lehenago, urte bereko martxoan, Gueñestik Itsasora ezaugarri berbereko beste linea bat egiteko asmoa plazaratu zuen. Orduz geroztik, Bizkaiko hiru herrik biltzarra osatu zuten, egitasmoaren aurka; eta Nafarroako eta Gipuzkoako 216 udal eta kontzejutan mozioa onartu dute, aurkakotasuna adierazteko. 2012ko abenduaren 16an, iaz, Altsasuko Aldarrikapenaren bidez, hainbat arlotako 500 pertsona agertu ziren proiektuaren aurka.

“Erreleboa hartzeko garaia dela uste dugu, baita herriaren ahotsa entzunaraztekoa ere, jokoan gure osasuna, gure ingurumena, gure paisaia edota gure garapena bakarrik ez daudelako, hurrengo belaunaldiei utziko diegun etorkizuna ere bai”, esan du Asier Agirre gabiriarrak gaur goizean. Proiektu hori ez dela beharrezkoa gaineratu dute, “ez bada enpresa sustatzailearen eta multinazionalen etekinak, dagoeneko oparoak, ugaritzeko”.

Galdeketan parte hartzera animatu dituzte herritar guztiak, “zuzenean herritarren iritzia ezagutu dezagun eta erakundeei eskatzeko kontuan har dezaten galdeketaren emaitza”. Proiektuak eragindako beste herriei ere bilera irekiak egiteko deia egin diete, herri galdeketak egiteko aukera azter dezaten. “Eremuan prestigioa duten eta erreferente diren pertsonez osatutako jarraipen batzordea” eratuko da, prozesuaren “gardentasuna eta garbitasuna” erakusteko. Autopista Elektrikorik Ez plataformako Alberto Friasek hiru herrietako bizilagunek hartutako erabakia txalotu du: “Polita da. Gonbidapena egingo diegu beste herriei, herri batzarren bidez gauza bera egiteko”.

Goi tentsioko lineei buruz blog honetan ateratako albisteen bilduma, HEMEN.

Kontsulta deiak hedabide digitaletan izan duen oihartzuna, gaur:

  • Berria.info: “Goi tentsioko linearen inguruko herri galdeketak egingo dituzte. Ekainaren 16an, Gipuzkoako Gabiria, Mutiloa eta Zerain herrietan izango dira bozketak, herri batzarren ekimenez”.
  • Goierri.hitza.info: “Goi tentsioko linearen aurka herri galdeketa egingo dute hiru herritan”
  • Naiz.info: “Gabiria, Mutiloa y Zerain celebran el 16 de junio una consulta popular sobre la línea de alta tensión”
  • Europa Press: “Gabiria, Mutiloa y Zerain celebran el 16 de junio una consulta popular sobre la línea de alta tensión Itsaso-Dicastillo”.
  • Diario Vasco: “Vecinos de Gabiria, Mutiloa y Zerain convocan una consulta popular contra una línea de alta tensión”. Eta bideoa.

Aste honetan Gabiriako mediku kontsultan zerbitzu eguna aldatu egingo dute. Ohi bezala asteartean izan beharren asteazkenean egongo da medikua anbulatorioan; uztailaren 12an ordez 13an. Betiko ordutegia mantenduko du asteazkenean.


Gabiriako mediku kontsultan ez dute zerbitzurik emango datorren astelehenean, uztailak 4. Beharra dutenek Zumarragako anbulatoriora joan behar dutela zehaztu dute arduradunek, edo hara deitu behar dute (943 03 52 20).