Posts Tagged ‘kanporaketak’


VI. Sasipilotari txapeketa finalaren zain geratuko da, gaurkoarekin. Bigarren finalaurrekoa jokatuko dute, gaur arratsaldean, Alkainburu frontoian. Iazko txapeldunek jokatuko dute, batetik, Jon Ander Larrañaga-Eñaut Asurabarrena bikoak. Haien aurkari, Jokin Murua eta Iker Arratibel izango dira. Larrañaga-Asurabarrenak aurrekanporaketa bat gainditua dute dagoeneko; bost bikote zeuden, eta finalerdiak nork jokatu ebazteko galbahean aurrera egin zuten, Joseba Iztueta eta Oier Oiarbide alboratuta.

Abuztuaren 13ko finalean ziur izango den bikote bat, dagoeneko zain daukate: Aratz Igartzabal-Beñat Maiz bikoa. Horiek Jon eta Iban Maiz kanporatu dituzte, finalaurrekoan.

Sasierraketalarin, berriz, gaur eguerdian jokatu da lehendabiziko partida. Hamar bikote daude izena emanda. Aurrekanporaketa jokatuko dute lauren artean, eta ondoren kanporaketa modura izango da lehiaketa, eta ez hasieran pentsatu bezala bi multzotan banatutako ligaxka eran. Final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatuko dira, horrenbestez, erraketan.


Aurten ere ukitu gabiriarra benetakoa izango du Urretxu-Zumarragako bertso eskolakoek antolatzen duten Martxoan Bertsoa lehiaketa herrikoiak. Gabiriarrek osatutako hiru talde izango dira partaide, XI. ekitaldian; bederatzi bertsolari-bertsogile-bertsozale-bertsogin. Horiez gain, gabiriar jatorriko beste bi ere badira, beste bi taldetan.

Martxoaren 8an hasiko da lehiaketa, eta aurten kanporaketa bat gutxiago izango du: lau denera. Bi asteburutan jokatuko dira laurak, eta martxoaren 22rako, ostirala, utzi dute finala, ohi bezala Urretxuko Gaztelekuan.

Herritarrek antolatu dituzten hiru taldeak hauexek dira:

  • Jokin Murua, Endika Igartzabal eta Aratz Igartzabal. Martxoaren 8an, ostirala, Urretxuko Motz tabernan kantatuko dute, 23:00etan.
  • Oier Oiarbide, Mikel Asurabarrena eta Gorka Maiz. Martxoaren 9an, larunbata, Ezkioko Igartubeiti baserrian, 18:30ean.
  • Iban Maiz, Eñaut Asurabarrena eta Aitzol Iturbe. Martxoaren 15ean, ostirala, Urretxuko Fox tabernan, 23:00etan.

Beste herritarrak, Aitor Lizarazu (Aretxabaletako bi lagunekin ariko da), eta Maialen Akizu (Amaia Iturriotz eta Itziar Pildain taldekide) dira. Horiek martxoaren 8an kantatuko dute.

Saio bakoitzeko bertsolariak ikusteko, agendara joan.

Martxoan Bertsoan behin baino gehiagotan irten dira gabiriarrak txapeldun. 2011n Jokin Murua, Gorka Maiz eta Oier Oiarbide izan ziren irabazle. Iaz, Endika, Gorka eta Mikel Asurabarrena txapeldunorde geratu ziren, dezima batzuengatik. 2010ean, Aitor Lizarazu eta Ander Kerejeta lehengusuen Tupis Tupau taldeak irabazi zuen, Manex Mantxolak hirukoa osatuta (2008an bigarren); 2009an Jokin, Oier eta Endika Igartzabal garaile.

Halako harrobiarekin, herrian bertan ere bertso-festa jartzen ez legoke zaila. Martxoan Bertsoko txapeldun sorta, behean (argazkiak: Zumarraga-Urretxuko Bertso Eskola).

This slideshow requires JavaScript.

 


Osinalde bertso sariketaren 42. ekitaldia gorpuztu dute antolatzaileek. Ohi bezala, Errege egunaren hurrengo egunean (urtarrilaren 7a astelehena zen aurten) elkartu ziren. Azken urteetako egitura bera edukiko du lehiaketak: aurrez hiru saio jokatuko dira, seina bertsolari ariko dira bakoitzean, bertsolari gazteak dira, eta afaria izango da aurretik. Tokiei dagokienez, aldaketa garrantzitsu bat badago, hala ere: Idiazabalgo Axari sariketa desagertu egingo da, eta haren lekua Zaldibiako Osinberde sariak hartuko du. Ordiziako Argi-Berri eta Aztiri dira gainontzeko bi sariak.

Bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira, epaimahaiak puntuz izendatuak, Osinaldeko finala jokatzeko. Saio bakoitzean, entzuleek sarituko dute gaueko bertsolari gustukoena, lekuan lekuko garaikurra emanez: Ordizian Txikia saria, Aztiri saria herriko auzoan, eta berdin Osinberden. Aurretiazko saioak martxoan zehar jokatuko dira. Argi-Berrikoa hasiko da, martxoaren 9an; Osinberde hurrengoa, hilaren 16an, eta Aztirikoa azkena, martxoaren 23an. Osinalde sariketa apirilaren 6an da. Guztiak larunbatak dira.

Sarean dagoeneko ari da sariketa girotzen. Rufino Iraolak Twitterren antolatzaileak goraipatu ditu: “Badute meritua Eusebio Igarzabalek, Iñaki Muruak eta abarrek, eurak pentsatzen duten baino gehiago estimatzen ditut”.

Saioz saio, bertsolari hauexek ariko dira kantuan. Aurten ez dago gabiriarrik. Goierritarra ere bakarra. Antolatzaileek asko begiratzen diote lurraldetasunari, eta aipagarria da aurten sei euskal herrialdetako bertsolariak ariko direla: gipuzkoarrak 8; bizktaitarrak 3; nafarrak, arabarrak eta lapurtarrak bina; eta zuberotarra bat.

1. Argi-Berri Saria (martxoak 9, Argi-Berri elkartea, Ordizia. 20:30ean afaria)

  • Aitzol Iturbe (Antzuola, Gi).
  • Josu Oiartzabal (Azpeitia, Gi).
  • Ainhoa Comas (Amurrio, A).
  • Paula Amilburu (Aramaio, A).
  • Aitor Salegi (Zestoa, Gi).
  • Jokin Bergara (Eibar, Gi).

2. Osinberde Saria (martxoak 16, Osinberde elkartea, Zaldibia. 20:30ean afaria)

  • Iñaki Aleman (Irurita, Na).
  • Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, Bi).
  • Josu Sanjurjo (Lesaka, Na).
  • Nekane Zinkunegi (Errezil, Gi).
  • Maindi Murua (Azkaine, La).
  • Joanes Etxaide (Zegama, Gi).

3. Aztiri Saria (martxoak 23, Aztiri-Bat elkartea, Aztiria. 20:30ean afaria)

  • Maddi Ane Txoperena (Hendaia, La).
  • Imanol Uria (Algorta, Bi).
  • Eneritz Artetxe (Azkoitia, Gi).
  • Peio Ormazabal (Arrigorriaga, Bi).
  • Imanol Irazustabarrena (Alegia, Gi).
  • Joanes Etxeberria (Barkoxe, Zu).

4. Osinalde Saria: apirilak 6, Osinalde elkartea, Gabiria. 20:30ean afaria. Aurreko hiru saioetan sailkatutako bina bertsolarirekin.

Bien bitartean, iazko Osinalde sariko (2012-4-14) bideoa gozagarri, Gotzon Aranburu kazetariak egina:


Aurreko ostiral gauean Ostatuan jokatu zen Korrika-18ren harira Gipuzkoako II. Mus Txapelketa. Herriko kanporaketa zen. Asier Agirre eta Jon Ugalde izan ziren irabazle, eta horiek ordezkatuko dute herria Goierriko kanporaketan, martxoaren 2an Legorretan. Bigarren Mikel Asurabarrena eta Joseba Iztueta izan ziren. Denera sei bikotek parte hartu zuten.